263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2723/2021 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat eta laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onesten dituena, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko (PREE 5000 programa).

Estatuko Administrazio Orokorrak abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretua onetsi du. Dekretu horren bidez, dirulaguntza batzuk arautzen dira lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko, gauzatze aldera erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetarako birgaitze energetikoko programa (PREE 5000 programa). Programa hori sartuta dago Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programaren barnean, Hiri-birgaitze eta hiri-berroneratze planean, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barnean. Horrez gain, aipatu dekretuaren bidez, zuzenean ematen zaizkie laguntza horiek autonomia-erkidegoei.

Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak onetsitako inbertsioen artean, 2. osagaiaren barruan, «Espainiako Hiri Agendaren Ezarpena: etxebizitzen birgaitze eta hiri-berroneratzearen Plana» izenekoan, Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programak garatutako inbertsioak daude, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 2. osagaiaren inbertsioetako bat (I4) diren aldetik. Horien barruan sartzen da 5.000 biztanletik beherako udalerrietan eta guneetan dauden eraikinetarako birgaitze energetikorako programa hau (PREE 5000). Programa horren helburua da bizitegitarako eraikinetan eta bizitegitarakoak ez direnetan birgaitze energetikoa bultzatzea, efizientzia energetikoa hobetuz eta energia berriztagarriak sartuz. Erronka Demografikoaren Estrategia Nazionalaren barruan ere sartzen da gainera.

Lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri gisa ageri da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuan. Izan ere, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jasotzen da halaber, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategian. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da, eta etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat ere bada.

Ebazpen hau betez diruz lagunduko diren inbertsio-proiektu guztiek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa, ingelesezko siglengatik, «Do No Significant Harm») errespetatu behar dute, eta horrekin batera baita etiketatze klimatikoaren eta digitalaren baldintzak ere. Horrek esan nahi du 2. osagaian eta proiektu horiek kokatzen diren 4. inbertsioan ezarritako berariazko baldintzak bete behar direla, bai DNSH printzipioari dagokionez, bai etiketatze klimatikoari eta digitalari dagokionez, planaren osagaiaren dokumentuaren 3., 6. eta 8. apartatuetan jasotakoak bereziki. Jarduketa honek zehazki, klima helburuetarako laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko %100eko koefizientea aplikatzeko baldintzak betetzen ditu, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren arabera (2021eko otsailaren 12koa). Horretarako, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa gutxienez %30 murriztea lortu beharko da, batez beste.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Europako Suspertze Mekanismoarekin finantzatzen da programa honen aurrekontua. Aipatutako errege dekretuaren II. eranskinean ezarrita dago autonomia-erkidego bakoitzari eta Ceuta eta Melilla hiriei esleitutako aurrekontua; Nafarroako Foru Komunitateari, guztira, 1.707.500 euro dagozkio.

Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia izendatu zen 691/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzen unitate onuradun, eta zuzendaritza nagusi horri eskumena eman zitzaion arau hartan ezarritako laguntzak emateko prozedura tramitatzeko.

Errege dekretuaren 17. artikuluak ezartzen du diru kopuru horiek bideratu behar direla IV. eranskinean ezartzen diren jarduketa motetatik edozein finantzatzeko, eta autonomia-erkidego bakoitzak eta Ceuta eta Melilla hiriek deialdia egin behar dutela errege dekretuak indarra hartu eta hiru hilabeteko epearen barruan; errege dekretuak 2021eko abuztuaren 5ean hartu zuen indarra. Kasu honetan, proposatutako deialdia bideratzen da, bakar-bakarrik, inguratzaile termikoaren efizientzia energetikoa hobetzera, eta dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke familia bakarreko etxebizitzen jabe diren pertsona fisikoak, edo etxebizitzatarako bizitegi-eraikinen jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, baldin eta etxebizitzek 25 urtetik gorako antzinatasuna badute.

Dirulaguntzak emateko prozedura 691/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera. Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat eta laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko (PREE 5000 programa). Horien testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 1.707.500 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: 2021eko gastuen aurrekontuko “MRR: PREE 5000 programarako dirulaguntzak. Erronka demografikoa duten udalerrietako eraikinen birgaitze energetikoa” izeneko 320000-32100-7800-261403 (PEP E-21/000382-01 elementua) partida.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2021eko azaroaren 3an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

LEHENDIK DAUDEN ERAIKINETAN, 691/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ, BIRGAITZE ENERGETIKOKO JARDUKETAK EGITEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK (PREE 5000 PROGRAMA)

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola banatuko zaizkien familia bakarreko etxebizitzetan eta etxebizitzatarako bizitegi motako eraikin osoetan inguratzaile termikoaren energia efizientzia hobetzeko dirulaguntzak pertsona fisikoei, jabeen erkidegoei edo jabeen erkidegoen elkarteei, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, betiere abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, bertan arautzen baita, batetik, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko laguntzen programa (PREE 5000 programa), eta bestetik, programa horretako laguntzak zuzenean ematea autonomia erkidegoei (hemendik aurrera, 691/2021 Errege Dekretua). Programa hori sartuta dago Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean, Hiri-birgaitze eta hiri-berroneratze planaren baitako Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programan.

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat («Next Generation EU») abian jartzearekin. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (aurrerantzean, SEEP) Espainiako ekonomia modernizatzeko ibilbide-orria zehazten du, eta herri-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak onetsitako inbertsioen artean, 2. osagaiaren barruan, «Espainiako Hiri Agendaren Ezarpena: etxebizitzen birgaitze eta hiri-berroneratzearen Plana» izenekoan, Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programak garatzen dituen inbertsioak daude, SEEPen 2. osagaiaren inbertsioetako bat (I4) diren aldetik. Horien barruan sartzen da 5.000 biztanletik beherako udalerrietan eta guneetan dauden eraikinen birgaitze energetikorako programa hau (PREE 5000). Programa horren helburua da bizitegitarako eraikinetan eta bizitegitarakoak ez direnetan birgaitze energetikoa bultzatzea, efizientzia energetikoa hobetuz eta energia berriztagarriak sartuz; horrez gain, Erronka Demografikoaren Estrategia Nazionalaren barruan ere sartzen da.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren eragin ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoaren ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorrak 691/2021 Errege Dekretua onetsi du, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa bat ezartzeko.

PREE 5000 programaren pizgarrien zuzkiduraren hasierako zenbatekoa 50.000.000 eurokoa da; Diru hori IDAEren aurrekontutik heldu da, aurrez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hari funts-transferentzia eginik, Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoari jarraikiz. Izan ere, aurrekontu horietan, 23.50.420B.748 partidarako zuzkidura kontsignatu da «IDAErako. Energia berriztagarrien, efizientzia energetikoaren eta mugikortasun iraunkorraren sustapenerako. Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa» izenekoa. Aurrekontu hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin finantzatuko da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean sartuta baitago PREE 5000 programa. 691/2021 Errege Dekretuaren II. eranskinean Nafarroako Foru Komunitaterako aurreikusitako aurrekontua 1.707.500 eurokoa da.

691/2021 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen du diru kopuru horiek bideratu behar direla IV. eranskinean ezartzen diren jarduketa motetatik edozein finantzatzeko, eta autonomia-erkidego bakoitzak eta Ceuta eta Melilla hiriek deialdia egin behar dutela errege dekretuak indarra hartu eta hiru hilabeteko epearen barruan; errege dekretua 2021eko abuztuaren 5ean sartu zen indarrean.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Laguntzen azken hartzaileak izanen dira, familia bakarreko etxebizitzen eraikinen jabe diren pertsona fisikoak, eta etxebizitzatarako bizitegi-eraikinen jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, baldin eta egoitza fiskala Espainian badute eta etxebizitzak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan badaude, eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eratuta badaude.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko edo Suitzako estatu kideren batekoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat egikaritzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, eman litekeen laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa bete beharko da, eta, bereziki, 11.3 artikuluan ezarritakoa.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Azken hartzaileak, gainera, egunean egon beharko du bere zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan, eta egunean izan beharko ditu, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.

3. Azken hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Arau hori aplikatu beharko da halaber, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz, laguntzaren zenbatekoa eta obren kostua etxebizitzen eta lokalen jabeei ordainarazi behar zaien ala ez aintzat hartu gabe. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik legokiokeen zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

Hirugarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta kostu hautagarriak.

1. Laguntzak bideratuko dira familia bakarreko etxebizitzen eraikinetan edo etxebizitzatarako bizitegi kolektiboko eraikin osoetan inguratzaile termikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketetara. Xedeko eraikinak, betiere, Nafarroako Foru Komunitatean lehendik dauden eraikinak izanen dira.

Jarduketa diruz lagungarriak, erronka demografikoa duten udalerrietan dauden eraikinetan edo etxebizitzetan egin beharko dira nahitaez, eta halako udalerritzat hartuko dira 5.000 biztanle artekoak eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle artekoak, baldin eta 5.000 biztanle arteko biztanle-entitate bakan guztiak badituzte. Kontuan hartu beharreko biztanle-kopuru ofizialak abenduaren 15eko 1147/2020 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak izanen dira, zeinaren bidez ofizial deklaratzen baitira 2020ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren berrikusketaren ondoriozko biztanle kopuruak. Biztanle-entitate bakanen izenak eta 9 zifrako kodeak EINeko Izendegian ageri dira, eta aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, haien biztanleria hartan argitaratutakoaren arabera zehaztuko da. «Hirikoa ez den» udalerritzat hartzeko ezaugarriak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren «Hiriguneen Estatistika Atlasa» argitalpenean ezarritakoaren arabera zehaztuko dira. Hala badagokio, beste udalerri batzuk ere sartzen ahalko dira, baldin eta erronka demografikorako baldintzak betetzen badituzte bi iturri ofizialetan aurrerago argitaratzen ahalko diren berrikuspenak eta eguneratzeak egin ondoren, PREE 5000 laguntza-programaren indarraldiak irauten duen bitartean.

Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea» (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

Diruz laguntzeko eskatutako jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren abiapuntuko kontsumoa %30 murriztea lortu eta justifikatu beharko dute. Hori justifikatzeko, egun dagoen eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria eta eraberritu ondoren lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Programa honetako jarduketen bidez lortzen den azken energiaren aurrezpena kontuan hartuko da azken energiaren aurrezpenerako helburuak betetzearen ondorioetarako (2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren 7. artikulua), bat etorriz urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin. Behartutako subjektuek ezin dute aurrezpen energetiko hori bitan kontatu, 2014-2020 epean metatutako aurrezpen energetikoaren helburuak betetzearen ondorioetarako (2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren 7. artikulua). Azken energiaren aurrezpena kalkulatzeari eta hautagarri diren jarduketak zehazteari begira, Batzordearen 2019ko irailaren 25eko 2019/1658 (EB) Gomendioa aplikatuko da, energia aurrezteko betebeharren transposizioari buruzkoa, efizientzia energetikoaren gaineko Zuzentaraua betez.

Jarduketaren xedeari eta jarduketa diruz lagungarriei dagokienez, 691/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskineko “1. jarduketa-tipologia: Inguratzaile termikoaren efizientzia energetikoa hobetzea” puntuan deskribatzen denera egokitu beharko dute.

2. Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Oin berriko eraikinetan egindakoak;

b) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta zabaltze bat egiten bada, azalera edo bolumen eraikia handituz;

c) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada.

3. Laguntza hauek pizgarri gisa erabili nahi direnez, laguntza-eskaera erregistratzen den egunaren ondotik hasten diren jarduketak baizik ez zaizkie onartuko laguntzen azken hartzaileei. Hortaz, ez da hautagarri izanen jarduketa egikaritzeari buruz data hori baino lehenago fakturatutako ezein kostu, deusetan galarazi gabe eskaera aurkezteko edo inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak diren prestaketa lanei dagozkien kostuak, konparazio batera: proiektua, memoria teknikoak, ziurtagiriak eta abar. Izan ere, horiek diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, nahiz eta egun hori baino lehen fakturatu, baldin eta prestaketa lan horiek 2021eko abuztuaren 5etik aurrera hasi badira.

4. Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eraikinak lehendik altxatua egon beharko du, eta 25 urtetik gorako antzinatasuna izanen du, eraikuntza bukatu zen egunetik kontatuta. Hori justifikatuko da ondasun higigarriaren katastroko datuen azalpen deskriptibo eta grafikoaren bidez.

b) Eraikinaren erabilerari buruzko laguntza aplikatzeko, etxebizitzetarako erabiltzen den edo beste erabilera bat daukan, sestraren gainean eraikitako azalera aintzat hartuko da, eta hori katastro-kontsultaren bidez justifikatuko da. Ildo horretan, eraikin baten erabilera etxebizitzetarako dela ondorioztatzeko, sestraren gainean eraikitako azaleraren ehuneko hirurogeita hamar edo gehiago erabili beharko da kontzeptu horretarako. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa jarduketaren xedeko azalera osoari aplikatuko zaio etxebizitzetarako erabilera gisa, erabilera oso-osoa etxebizitzetarako ez bada ere.

c) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako kutsadura-hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako protokoloarekin.

Operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, EBko eraikuntza- eta eraispen hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz, substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen-sistemak erabiliz.

Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan eginen da lehentasunez. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde egingo dute, eta ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute batez ere, nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

d) Birgaitze energetikoari dagokionez, neurri honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntzako materialek ez dute amiantorik izanen, ez eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasotzen den baimena behar duten substantzien zerrendatik abiaturik identifikatutako substantzia oso kezkagarririk ere (Bertan substantzia eta prestakin kimikoen (REACH) erregistroa, ebaluazioa, baimena eta murrizketa arautzen dira). Erregelamendu horren bidez Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen da, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatzen da, eta Kontseiluaren 793/93 (EEE) Erregelamendua eta Batzordearen 1488/94 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira, bai eta Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EE eta 2000/21/EE Zuzentarauak ere.

5. Oinarri honetako lehen apartatuan adierazitakoaz gain, laguntzaren xedeko jarduketek eraikinaren kalifikazio energetiko osoa hobetu behar dute, gutxienez ere letra bat, karbono dioxidoaren emisioen eskalan neurtuta (CO2 kg/ m² urtean), eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekin alderatuta.

Irizpide hori ez da aplikatuko baldin eta, eraikinak A kalifikazio energetikoa duela egiaztaturik, hobetzeko neurriak proposatzen badira; kasu horretan, aplikatuko den laguntza gehigarria, irizpide horren barruan, A letrari dagokiona izanen da.

Kalifikazio energetikoa hobetzeko, jarduketa mota bakar bat egin daiteke, edo bat baino gehiago konbinatu. Gainera, jarduketa mota bateko edo gehiagoko neurri partzialak egin daitezke, baina inguratzaile termikoaren hobekuntza baizik ez da izanen diruz lagungarria. Eraikinaren ziurtapen energetikoa egin beharko da eraikinen efizientzia energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura arautzen duen araudiarekin bat, aitortuta dauden programa informatiko ofizialetako bat erabiliz.

6. Eskaera aurkezten den unean, laguntzaren xedeko jarduketek kasuan-kasuan aplikatu behar zaien indarreko araudia bete beharko dute, baita eskatzen diren betebeharrak ere, eta behar diren lizentzia eta baimen administratiboak edukiko dituzte, horrelakorik behar izanez gero.

7. Kostu hautagarriak dira 691/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskinean azaltzen direnak. Horiez bestelako kostu guztiak ez dira hautagarritzat hartuko, ez eta laguntzaren azken hartzaileari 2021eko abuztuaren 5a baino lehen fakturatu zaizkionak ere.

8. Gastu diruz lagungarrietakoren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obra egikaritzeko kostuaren kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak eskuratzeko edo kontsulta edo aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, memoria bat aurkeztu beharko du, non hautatu duen hornitzailea bidezko arrazoiak emanez justifikatu beharko baitu, batez ere eskaintza ekonomikoena hautatu ez bada.

Laugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Hasiera batean, 1.707.500 euro bideratu dira deialdira. Diru hori 2021eko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren “MRR, PREE 5000 programako dirulaguntzak. Erronka demografikoa duten udalerrietako eraikinen birgaitze energetikoa” izeneko 320000-32100-7800-261403 partidaren kargura ordainduko da, edo dagokion ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (1.707.500 euro) bukatzen duen azken laguntza-eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 7.450.000 milioi euro bitarteko kreditu osagarria aurreikusi da, Estatuko funts gehiagorekin finantzatuko den kredituaren bidez sortuko dena, 691/2021 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatu bezala. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Diru gehigarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kasu bakoitzean aplika daitekeen oinarrizko laguntza eta laguntza osagarria batuko dira, atal honetan ezarritakoaren arabera:

1. Oinarrizko laguntza. Oinarrizko laguntzaren zenbatekoa jarduketaren kostu hautagarriaren ehuneko berrogeita hamarrekoa izanen da, eta gehieneko muga bat izanen du: 12.000 euro etxebizitza bakoitzeko.

2. Laguntza gehigarria. Oinarrizko laguntzaz gainera, laguntza gehigarri bat ere lortzen ahalko da, baldin eta ezartzen diren baldintzak betetzen badira, irizpide soziala, efizientzia energetikoa edo jarduketa integratua dauden kasuetan. Laguntza gehigarria kalkulatzeko, hiru irizpideetako bakoitzari dagozkion ehunekoen batuketa eginen da. Laguntza gehigarriak muga bat izanen du: 500 euro etxebizitza bakoitzeko.

a) Irizpide soziala: Honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek izanen dute irizpide sozialari dagokion laguntza gehigarria jasotzeko eskubidea:

–Xedeko jarduketak babes publikoko araubideren batean behin betiko kalifikatu diren etxebizitza-eraikinetan egitea eta, horrez gainera, eskaera aurkezten den unean, gehieneko salmenta eta alokairu prezioak finkatzen dituen legezko araubide bati loturik segitzea.

–Edo onetsita dagoen esku-hartze orokorreko proiektu batean sartutako eraikin batean egitea, bat etorriz Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 81. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoarekin.

b) Efizientzia energetikoa: Efizientzia energetikoa hobetzeari dagokion laguntza gehigarria jasotzen ahalko dute eraikinaren kalifikazio energetikoa igotzen duten jarduketek, CO2 eskalan «A» edo «B» maila energetikoa lortzearren, edo bestela, abiapuntuko sailkapen energetikoa bi letratan igotzen dutenek. Horretarako, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan ezarritako prozedura erabiliko da, horren bidez onetsi baitzen eraikinen efizientzia energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura. Hiru ehuneko indize horietako bat bakarrik aplikatzen ahalko da: A kalifikazio energetikoa, B kalifikazio energetikoa, edo 2 letratan edo gehiagotan igotzea.

Laguntza gehigarrien balioak beheko taula honetan ageri dira (ehuneko horiek aplikatu behar zaizkio jarduketa mota honetako kostu hautagarrien baturari):

c) Jarduketa integratuak: laguntza gehigarria jasotzeko eskubidea izanen dute Energia berriztagarrien komunitate batean edo herritarren energia-komunitate batean honako hauen arabera sartuta dauden eraikinek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentarauaren definizioa (iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilpena sustatzeari buruzkoa); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/944 Zuzentaraua (elektrizitatearen barne-merkatuaren arau komunei buruzkoa), zeinak aldatzen baitu 2012/27/EB Zuzentaraua, eta baita ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenaren arabera ere (ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituena).

LAG. GEHIGARRIA (%): IRIZPIDE SOZIALAK

%

LAG. GEHIGARRIA: JARDUKETA INTEGRATUA

LAG. GEHIGARRIA (%): EFIZIENTZIA ENERGETIKOA

Azken kalifikazioa A bada

Azken

2 letra edo gehiago igotzen badira

%15

%25

%15

% 10

%5

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, bat etorriz 691/2021 Errege Dekretuaren 20.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, II. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, familia bakarreko etxebizitzaren eraikinaren jabe diren pertsona fisikoen kasuan izan ezik Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

5. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoko prozeduretarako harpidetza. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita sei hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

1. Laguntza eman ondoren, hemezortzi hilabeteko epea izanen da xedeko jarduketak bukatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.

2. Laguntzaren azken hartzaileek hiru hilabeteko epean justifikatu beharko dute instrukzio organoaren aurrean laguntzaren xedeko jarduketak egikaritu dituztela, jarduketak egikaritzeko emandako gehieneko epea bukatzen den egunetik hasita. Horretarako, laguntzaren azken hartzaileak Europako funtsen baterako finantzaketa justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, bat etorriz 691/2021 Errege Dekretuaren 20. artikuluan eta III. eranskinean azaldutakoarekin eta oinarri hauen III. eranskinean ezarritakoarekin. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, III. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

3. Jarduketak egikaritzeko finkatutako epeak luzatzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, behar bezala justifikatutako ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta horien ondorioz ezinezkoa izan bada jarduketak gauzatzea, nahiz eta laguntzen azken hartzaileek hartuak izan beharrezkoak ziren gutxieneko neurri teknikoak eta planifikaziokoak. Nolanahi dela ere, ez da baimenik emanen laguntzaren xedeko jarduketa egikaritzeko epeak luzatzeko baldin eta guztirako epea hogeita lau hilabetetik gorakoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta.

4. Egindako jarduketen eta lanen multzo ordezkagarri bat obra-tokian bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen %70ean, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

5. Behin egiaztaturik laguntzen azken hartzaileak jarduketa egikaritu duela eta aurreko ataletan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epeetan aurkeztu dela, dirulaguntzak ofizioz ordainduko dira, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), berariaz adieraziz funtsen jatorria, eta horretarako aipatuko dira: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programa, hala nola Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana.

6. Laguntzen azken hartzaileak betetzen ez baditu aurreko atalean ezarritako justifikazio betebeharrak, dirulaguntza ez da ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Programa honen bidez ematen diren laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen diren beste laguntza batzuekin, nonahitik datozela ere, beste edozein administrazio publiko batetik edo erakunde edo entitate publiko batetik, Espainiakoa edo nazioartekoa, baldin eta bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Beste administrazioek jarduketa bererako ematen dituzten laguntzek kostu berberak ez estaltzea.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea inola ere, bakarrik edo laguntzaren xedeko jarduerarako ematen den beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Zehazki, laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezartzen direnekin, indarrean badaude edo eten ez badira betiere.

Hamaikagarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamabigarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzen xedeko jardunari buruzko erreferentzia orok (argitalpenak, zabalkunde-jarduerak, web-orriak eta, oro har, edozein hedabide) Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruko Irudi Eskuliburuan agertzen diren baldintzak bete behar ditu. Eskuliburu hori IDAEren webgunean egonen da eskuragarri; hori guztia bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Errege Dekretuaren 18. 4. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin.

2. Laguntzen azken hartzaileak Europako funtsetatik jasotako laguntzaren berri eman beharko dio jendeari, eta, horretarako, jarduketaren azalpen labur bat egin beharko du bere Internet tokian, horrelakorik badu, emandako sostenguaren mailaren araberakoa, helburuak eta emaitzak azalduz eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduz.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, oinarri hauen xedeko laguntzen publizitate-betebeharrei dagokienez.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

4. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamalaugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek adierazita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Entitate onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, goian adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Hamabosgarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

I. ERANSKINA

Eskatzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu behar du,
inprimaki hau betez

Izena: .............................................................................................. k,

IFZ zk. ..................................... duenak, honako honen izenean: ............................................................................................................................

Izena: .................................................................................................,

IFZ zk. ..................................... duenak,

dirulaguntza eskatzen du lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako PREE 5000 jarduketetarako

Harremanetarako datuak, jakinarazpenetarako:

Garrantzitsua:

Eskatzailearen sinadura:

Datuen babesari buruzko informazioa:

Beheko letretan adierazitakoa jakinarazten da honako arau hauetan xedatutakoa betetzeko asmoz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa, aurrekoari aurka egiten ez dion heinean:

a) Lurraldearen Antolamenduko, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak zilegi du behar den informazio pertsonala lortzea edozein erakunde edo administrazio publikotatik, betiere lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko laguntzak ematearren abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Informazio hori zuzenean eta/edo telematika bidez jasotzen ahalko da, datuak egiaztatzeko zerbitzua erabiliz, eta zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzkoa izanen da, baita jarduketa edo helburu bererako beste laguntzarik jaso ote den egiaztatzeko ere.

b) Etxebizitza Zerbitzua da tratamenduaren arduraduna (Alhóndiga kalea 1, 1. solairua, 31002 Iruña).

c) Datuak babesteko ordezkariaren eginkizunak Nafarroako Gobernuaren Datuak Babesteko Ordezkaritzak betetzen ditu (Karlos III.a etorbidea 2, 31200 Iruña).

d) Tratamenduaren helburuak hauek dira: dirulaguntza behar den bezala kudeatzea eta etxebizitza arloan funts publikoen erabilerari buruzko informazioa edukitzea. Tratamenduaren oinarri juridikoa da misio bat betetzea interes publikoaren alde, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak erabiliz, bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin: abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretua (horren bidez arautzen dira, batetik, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko eman beharreko dirulaguntzak, gauzatze aldera erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikorako programa, PREE 5000 programa. Programa hori sartuta dago Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Hiri-birgaitze eta hiri-berroneratze planaren Berroneratzearen eta erronka demografikoaren programan. Bestetik, errege dekretu horren bidez arautzen da dirulaguntza horiek zuzenean ematea autonomia-erkidegoei), azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa, eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, etxebizitzaren arloan babesten ahal diren jarduketak arautzen dituena.

e) Datuak lagatzen ahalko zaizkie beste administrazio publiko eskudun batzuei, beren helburuak bete ditzaten.

f) Datu pertsonalak 10 urtez gordeko dira.

g) Interesdunak datuak eskuratu, zuzendu edo ezabatzeko eskubidea erabiltzen ahal du, edo datuak tratatzeari mugak jartzekoa edo aurka egitekoa, baita datu-eramangarritasunerako eskubidea ere.

h) Interesdunak baimena edozein unetan kentzeko eskubidea du, baina horrek ez dio zilegitasunik kenduko baimena ukatu baino lehen egindako tratamenduari.

i) Interesdunak kontrol agintaritzaren aurrean erreklamatzeko eskubidea du.

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

1) Etxebizitzatarako bizitegi-eraikinen jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak badira eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eratuak badaude:

a) Lehendakaria izateagatik jabeen erkidegoaren ordezkaritza duen pertsonaren NANaren/AIZren kopia. Ez da beharrezkoa izanen NANaren kopia aurkeztea, baldin eta interesdunak berariazko baimena ematen badu instrukzio organoak bere nortasun datuak kontsulta ditzan. Hala ere, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunak salbuetsi eginen dira edozein administraziok egindako agiriak aurkeztetik, edo interesdun berak lehenago aurkeztutakoak berriz aurkeztetik, baldin eta interesdunak onartzen badu administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatzea edo eskatzea. Bestalde, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, administrazio publikoek ahalmena dute beren esku dauden datu pertsonalak aztertzeko, zehatzak diren egiaztatzearren.

b) Jabeen erkidegoaren edo jabeen erkidegoen elkartearen identifikazio fiskaleko agiriaren kopia (IFZ).

c) Higiezinaren jabeen batzarrak hartutako erabakiaren ziurtagiria, jabeen erkidegoko idazkariak edo administratzaileak egina eta sinatua, lehendakariaren oniritziarekin. Bertan, baliozkotasunez hartutako erabaki hauek jasoko dira berariaz:

1. Lehendik dagoen eraikinaren birgaitze energetikorako beharrezkoak diren obrak egitea onartzea, jarduketaren deskribapen orokorra eta egikaritzeko onartutako aurrekontua adierazita.

2. Programa honen barruan laguntza eskatzea onartzea, eta ahalmena ematea lehendakariari, ordezkari gisa, laguntza izapidetzeko kudeaketak egin ditzan.

d) Higiezinaren jabeen batzarrak hartutako erabakiaren ziurtagiria, jabeen erkidegoko idazkari edo administratzaileak egina eta sinatua, lehendakariaren oniritziarekin, non jasoko baita jabeen erkidegoko lehendakariaren, administratzailearen eta/edo idazkariaren izendapena.

e) Ziurtagiria, jabeen erkidegoko idazkariak edo administratzaileak egina eta sinatua, lehendakariaren oniritziarekin, non jasoko baita erkide guztien zerrenda, adierazita bakoitzaren partaidetza-kuotak eta eraikina osatzen duten etxebizitzen kopuru osoa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailearen ordezkariak sinatua, non honako hauek adieraziko baitira, zehatz-mehatz, jarduketaren eskatzaileari edo eskatzaileei buruz:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera bakar batean ere, eta berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren aitorpenak edo agiriak aurkeztera behartuak ez badaude, berariaz aipatu beharko da salbuespen horren legezko oinarria. Aitzitik, aitorpen edo agiri horiek aurkezteko betebeharretik salbuetsita ez badaude, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak jaso beharko dira.

3. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

g) Jarduketak egin behar diren higiezinaren katastro-datuen kontsulta deskriptibo eta grafikoa, non egiaztatuko baita higiezina etxebizitza gisa edo beste erabilera batzuetarako erabiltzen dela, laguntzaren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, erabileraren eta eraikuntza-urtearen arabera.

h) Jabeen erkidegoko lehendakari eskatzaileak sinatutako justifikazio txostena, honako hauek adieraziko dituena: eskatutako laguntza zein jarduketa motatan kokatzen den, jarduketa diruz lagungarrien deskribapena, kostu hautagarriaren justifikazioa eta eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

i) Eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria, egungo egoera azaltzen duena, teknikari eskudun batek sinatua eta autonomia-erkidegoko organo eskudunaren erregistroan erregistratua. Ziurtagirian, eraikinen efizientzia energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren 6. artikuluan ezarritakoa jaso beharko da (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua).

j) Proiektua, edo, horrelakorik eskatzen ez bada, memoria teknikoa, teknikari eskudun batek edo, hala badagokio, instalatzaile batek sinatua, non behar bezala azalduko baitira abiapuntuko egoera eta egin beharreko jarduketak. Proiektuan edo memoria teknikoan, justifikatu beharko da betetzen direla laguntza eskatzen den tipologiari aplikatu beharreko Eraikingintzaren Kode Teknikoko Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentuaren (DB-HE) oinarrizko eskakizunak. Proiektuan edo memoria teknikoan hondakinen kudeaketaren azterlan bat erantsiko da, teknikari eskudun batek sinatua, frogatuko duena abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretuaren 17. artikuluaren 11. apartatuaren c) letra bete dela, edo bestela, erantzukizunpeko adierazpen bat, onuradunaren ordezkariak sinatua, konpromisoa hartuz 17. artikuluaren 11. apartatuaren c) letran adierazitakoa betetzeko eta bete dela justifikatzeko behar den dokumentazio guztia aurkezteko.

Frogatu beharko da aurreikusitako jarduketek ez dutela kalte nabarmenik eragingo ingurumenean, edo, hala badagokio, zer neurri zuzentzaile hartuko diren «Ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioarekin bat datozen jarduketak diseinatzeko eta garatzeko gida» delakoaren irizpideak betetzeko; Trantsiziorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argitaratu du gida hori.

k) Jarduketak egikaritu behar dituen enpresaren edo enpresen aurrekontua, behar beste xehatua, programak indarra hartu ondoren datatua.

l) Etxebizitzak babes publikoko araubide baten pean izateagatik –betiere, salmenta eta alokairu prezioak mugatuak izanda–, edo esku-hartze orokorreko proiektu baten jarduketa-eremuaren barruan dauden eraikinak izateagatik, irizpide sozialeko laguntza gehigarria jaso nahi dutenek berariaz eskatu beharko dute, eta instrukzio organoa arduratuko da hori egiaztatzeaz.

m) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo «ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

2) Familia bakarreko etxebizitzen eraikinen jabe diren pertsona fisikoen kasuan:

a) Eskatzaileen NAN, AIZ edo IFZren kopia eta, hala badagokio, ordezkatzen dituen pertsonarena. Ez da beharrezkoa izanen NANaren kopia aurkeztea, baldin eta interesdunak berariazko baimena ematen badu instrukzio organoak bere nortasun datuak kontsulta ditzan. Hala ere, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunak salbuetsi eginen dira edozein administraziok egindako agiriak aurkeztetik, edo interesdun berak lehenago aurkeztutakoak berriz aurkeztetik, baldin eta interesdunak onartzen badu administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatzea edo eskatzea. Bestalde, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, administrazio publikoek ahalmena dute beren esku dauden datu pertsonalak aztertzeko, zehatzak diren egiaztatzearren.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileek edo eskatzaileak sinatua, non honako hauek adieraziko baitira, zehatz-mehatz, jarduketaren eskatzaileari edo eskatzaileei buruz:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera bakar batean ere, eta berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren aitorpenak edo agiriak aurkeztera behartuak ez badaude, berariaz aipatu beharko da salbuespen horren legezko oinarria (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Aitzitik, aitorpen edo agiri horiek aurkezteko betebeharretik salbuetsita ez badaude, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak jaso beharko dira.

3. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

c) Jarduketak egin behar diren higiezinaren katastro-datuen kontsulta deskriptibo eta grafikoa, non egiaztatuko baita higiezina etxebizitzetarako edo beste erabilera batzuetarako erabiltzen dela, laguntzaren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, erabileraren eta eraikuntza-urtearen arabera.

d) Eskatzaileek sinatutako justifikazio txostena, honako hauek adieraziko dituena: eskatutako laguntza zer jarduketa motatan kokatzen den, jarduketa diruz lagungarrien deskribapena, kostu hautagarriaren justifikazioa eta eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

e) Eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria, egungo egoera azaltzen duena, teknikari eskudun batek sinatua eta autonomia-erkidegoko organo eskudunaren erregistroan erregistratua. Ziurtagirian, eraikinen efizientzia energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozeduraren 6. artikuluan ezarritakoa jaso beharko da (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua).

f) Proiektua, edo, horrelakorik eskatzen ez bada, memoria teknikoa, teknikari eskudun batek edo, hala badagokio, instalatzaile batek sinatua, non behar bezala azalduko baitira abiapuntuko egoera eta egin beharreko jarduketak. Proiektuan edo memoria teknikoan, justifikatu beharko da betetzen direla laguntza eskatzen den tipologiari aplikatu beharreko Eraikingintzaren Kode Teknikoko Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentuaren (DB-HE) oinarrizko eskakizunak. Proiektuan edo memoria teknikoan hondakinen kudeaketaren azterlan bat erantsiko da, teknikari eskudun batek sinatua, frogatuko duena abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretuaren 17. artikuluaren 11. apartatuaren c) letra bete dela, edo bestela, erantzukizunpeko adierazpen bat, onuradunaren ordezkariak sinatua, konpromisoa hartuz 17. artikuluaren 11. apartatuaren c) letran adierazitakoa betetzeko eta bete dela justifikatzeko behar den dokumentazio guztia aurkezteko.

Frogatu beharko da aurreikusitako jarduketek ez dutela kalte nabarmenik eragingo ingurumenean, edo, hala badagokio, zer neurri zuzentzaile hartuko diren «Ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioarekin bat datozen jarduketak diseinatzeko eta garatzeko gida» delakoaren irizpideak betetzeko; Trantsiziorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argitaratu du gida hori.

g) Jarduketak egikaritu behar dituen enpresaren edo enpresen aurrekontua, behar beste xehatua; programak indarra hartu ondorengo data eduki beharko du.

h) Etxebizitzak babes publikoko araubide baten pean izateagatik –betiere, salmenta eta alokairu prezioak mugatuak izanda–, edo esku-hartze orokorreko proiektu baten jarduketa-eremuaren barruan dauden eraikinak izateagatik, irizpide sozialeko laguntza gehigarria jaso nahi dutenek berariaz eskatu beharko dute, eta instrukzio organoa arduratuko da hori egiaztatzeaz.

i) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo «ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

III. ERANSKINA

Egindako jarduketak frogatzeko eskatzen den dokumentazioa.

Laguntzen xedeko jarduketak egikaritu direla justifikatzeko, laguntzen azken hartzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko diote instrukzio organoari, modu telematikoan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

a) Instrukzio organoari zuzendutako jakinarazpena Etxebizitza Zerbitzura igorritako dokumentazioaren berri emateko, laguntzen azken hartzaileak sinatua eta datatua.

b) Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendariak eta obrak egikaritzeko zuzendariak sinatua.

c) Jarduketak bukatu ondoren lortutako efizientzia energetikoaren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua eta autonomia-erkidegoko edo hiri autonomoko organo eskudunaren erregistroan erregistratua, non egiaztatuko baita, batetik, kalifikazio energetikoa letra batean bederen hobetu dela, karbono dioxidoen emisioen eskalaren arabera (CO2 kg /m² urtean), eta bestetik, lehen mailako energia ez-berriztatzailearen kontsumoa %30 murriztu dela abiapuntuko egoerarekin alderatuta.

d) Azken hartzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita telekomunikazio azpiegitura komunei eta instalazio digitalei buruzko araudia betetzen dela, baldin eta jarduketari martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatu behar bazaio (errege dekretu horren bidez, eraikinen barruan telekomunikazio zerbitzuetan sartzeko telekomunikazio azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua onetsi da).

e) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean eskatutakoarekin bat. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du, hots, proiektuaren egileak edo jarduketa egikaritzeko zuzendariak, eta bertan, jarduketen bukaera data ere azalduko da.

f) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txostena, laguntza-eskaeran aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Dokumentazio hori martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituen kontrol erakunde edo entitate batek egin beharko du (errege dekretu horren bidez, garatu egin ziren eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entitateei eta eraikuntzaren kalitatearen kontrolerako saiakuntza-laborategiei jardueran aritzeko eskatu beharreko baldintzak), edo, bestela, instalazio termikoen erregelamenduzko esparruan aritzeko gaikuntza duen kontrol entitate batek, jarduketaren izaerari hobekien egokitzen zaion espezialitatearen edo espezialitateen arloan aritzen denak. Kontrol erakunde horiek arautuak daude bai Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legean, bai Industriaren segurtasun eta kalitaterako azpiegituraren Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan.

g) Egindako jarduketei dagozkien kontratuen eta/edo eskaeren kopia eta zerrenda ziurtatua.

h) Aurkeztutako aurrekontuarekin eta kontratuekin zerikusia duten faktura guztien zerrenda ziurtatua, baita faktura horien eta bankuko ordainagirien kopiak ere, egindako inbertsio hautagarriari dagozkionak.

i) Ogasunak eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak, laguntzen azken hartzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen dutenak, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), edo bestela, erantzukizunpeko adierazpena, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duena, 2020ko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluaren c) letran ezarritakoarekin bat laguntzaren zenbatekoak 10.000 euro gainditzen ez baditu onuradun edo azken hartzaile bakoitzeko, eta autonomia-erkidegoetako instrukzio-organoek ez badituzte ziurtapen horiek egiteko bitarteko elektronikoak edo beste mota bateko baliabide batzuk gaitzen. Kasu horretan espedientean jasota utziko behako da, eta, hala badagokio, interesdunak horretarako baimena eman beharko du aldez aurretik.

j) Erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzeko beste laguntza edo dirulaguntzaren bat kobratu ote den laguntza programa honen babesean eskatutako laguntzaren xedeko jarduketa edo helburu bererako, Espainiako edo atzerriko administrazio, erakunde edo entitate publikoren batetik.

k) Egindako jarduketen argazki bilduma bat, non agertuko baitira jarduketaren ondoren eraikinak duen egoeraren argazkiak eta, halakorik bada, laguntzaren xedeko azken ekipamendu eta instalazio nagusiei ateratakoak, baita publizitate-kartela edo jarduketaren seinaleztapena erakusten dutenak ere.

l) Laguntzen azken hartzaileak jarduketak kontratatzeko aurrera eramandako prozesuari buruzko egiaztagiriak, eta halakorik izanez gero, hornitzailearen hautaketa justifikatzeko memoria, hirugarren oinarriaren 8. apartatuaren arabera.

m) Jarduketarekin lotutako transakzio guztietarako kontabilitate bereizia erabili dela justifikatzeko agiriak (sarrerak eta ordainketak, eta, halakorik izan bada, laguntzen sarrera, hornitzaileei egindako ordainketak eta abar).

n) Erantzukizunpeko adierazpen bat, laguntzen azken hartzaileek justifikazioa egin aurretik, honako hauek egiaztatzeko: jarduketen kontratazio prozesua bermatu dela, jarduketarekin lotutako transakzio guztietarako kontabilitate bereizia erabili dela, honelako jarduketei aplikatzen ahal zaizkien aukera-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko Espainiako eta Europar Batasuneko arauak bete direla, ingurumenari eta garapen jasangarriari buruz Espainiak eta Europar Batasunak dituzten arauak bete direla eta, azkenik, iruzurraren aurkako neurri egoki eta proportzionalak aplikatu direla laguntzaren xedeko proiektuaren kudeaketaren eremuan (IDAEren webgunean eskura egonen den ereduaren arabera).

o) 691/2021 Errege Dekretuaren 17. artikuluko 11. apartatuko c) letran adierazitakoa betetzen dela justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterlana jasotzen duen proiektua edo memoria teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko plana ere. Plan horretan nola aplikatuko den zehaztu beharko da, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen 105/2008 Errege Dekretuan araututakoarekin bat. Aurreko hori honela frogatuko da:

I.–Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70 balorizatu dela behar bezala egiaztatzeko, sortutako hondakinen guztizko kopurua jasotzen duen laburpen-memoria aurkeztuko da, EHZ kodeen arabera sailkatuta, eta hondakinak jasotzen dituzten kudeatzaileen ziurtagiriak, instalazio bakoitzean lortutako balorizazioaren ehunekoa adierazten dutenak. Balorizatu ezin diren hondakin arriskutsuak ez dira kontuan hartuko helburu hori lortzeko.

II.–Eraispen selektiboa egiteko neurriak ezarri direla egiaztatzeko, kudeatzaileek emandako ziurtagirietan jasotako EHZ kodeak erabiliko dira, sortutako hondakinak entregatu direla justifikatzeko. Kode horiek gaika kendutako zatikiei dagozkienak izanen dira, adibidez: 170101, 170102, 170201, 170202, 170203, 170402, 170403 edo 170405.

III.–Obran bertan hondakinen bat balioztatuz gero, esleipendunak balioztatutako kopuruei buruzko informazioa sartuko du laburpen-memorian, EHZ kodearen eta erabilitako bitartekoen arabera sailkatuta (instalazio mugikorra, kudeatzailea, etab.).

IV.–Hondakinetatik heldu diren agregakin birziklatuak erabiliz gero, esleipendunak material horiek erosiak direla frogatzeko dokumentazioa erantsi beharko du laburpen-memorian, eta material kopurua eta mota adierazi beharko ditu.

V.–Amianto-hondakinak sortzen badira, tratamendu egokia jaso dutela frogatu beharko da. Horretarako, amianto-hondakinak sortu diren lekutik hondakinak kudeatzeko plantara lekualdatu aurretik jakinarazpen bat igorri beharko da, eta baita mugimendu horiei lotutako hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuak ere, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

Edonola ere, jarduera egin eta justifikatzeko epea bukatzen denean gastuen zati bat baino ez bada ordaindu, proportzionaltasun printzipioa aplikatuko da, laguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioetarako.

Aurrekoa gorabehera, instrukzio organoak jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntza oso handia izateagatik.

Iragarkiaren kodea: F2115736