210. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

140/2021 FORU AGINDUA, 2021eko abuztuaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, osasun programa bat ezartzen duena Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituzten abeltegietarako.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen xedea da neurri juridiko eta administratiborik egokienak ezartzea abereen osasuna hobetzeko, eta horretarako, gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak prebenitu eta kontrolatzea, gizakiei kutsatzeko modukoak izan ala ez, Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenari eta etxe-abereei eragiten baitiete.

Legearen 33.1 artikuluaren arabera, honako hauek hartzen dira abereen gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programatzat: osasun ekintza bereziak, Nafarroako Foru Komunitatean nahitaez egin beharrekoak, baldin eta abereen prozesu patologikoak kontrolatu edo desagerrarazteko albaitaritzako epizootiologiako teknika berariazkoak erabili behar badira, prozesu patologiko horiek prebalentzia handia dutelako abereen eta gizakien populazioan, edo abeltzaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoa kolokan jar dezaketelako. Era berean, aipatu legearen 33.2 artikuluan ezartzen denez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren foru aginduaren bidez ezarriko dira gaixotasunak kontrolatu eta desagerrarazteko programak. 34. artikuluan osasun ekintzako programa bereziak aipatzen dira, eta bertan zehazten da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak osasun ekintzako programa bereziak abiarazten ahalko dituela Nafarroako eremu zehatz eta jakinetan, aurreko artikuluko lehen apartatuan aurreikusitako osasun premiak sortzen badira. Xedatzen du osasun ekintzako programa bereziak nahitaez bete beharrekoak izanen direla, zein eremutarako ezartzen diren hango abeltegietan.

Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea onesten duen abenduaren 4ko 340/2001 Foru Dekretuak, abeltzaintza erabilerarako jarraibideei dagokienez, xedatzen du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoari men eginen zaiola animalien osasunarekin zerikusia duen orotan.

Bestetik, aipatzen du, besteak beste, Nafarroako azienden osasunaren ardura duen Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuarena dela, halaber, orokortutako osasun arazoei (epizootiak) aurre egiteko neurri zuzentzaileak hartzeko ardura. Hori horrela, xedatzen da epizootiaren bat gertatu eta osasun agintariek tratamendu orokorra behar dela erabakiz gero, tratamendua nahitaezkoa izanen dela mendietan dauden abere guztientzat, aipatutako agintariek xedatzen duten moduan.

Urbasa eta Andia mendietako herri-larreek garrantzi handia dute Nafarroako abeltzaintza sektorearentzat. Bertan larratzen diren abereen kopuru handiak, eta horiek udalerri askotakoak izateak, gune kritiko bilakatzen dute eritasunen hedapena galarazteari begira; izan ere, larre horietan bazkatzen diren abereen artean patogeno bat hedatuz gero, arriskua dago abereok jatorrira itzulitakoan patogenoa herri askotara zabaltzeko, eta Nafarroako abereen zentsuaren zati handi bat arriskuan jartzeko.

Horiek horrela, premiazkoa da arau berri bat argitaratzea, abereak Urbasa eta Andiako larreetan sartzen dituzten abeltegietan prebentzioko eta biosegurtasunerako neurriak ezartzeko, gaixotasun jakin batzuek hedatzeko arriskua murrizte aldera.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Arauak onestea aziendak Urbasa eta Andiako larreetan sartzen dituzten abeltegietan nahitaez aplikatu beharreko osasun planak ezartzeko espezieen eta gaixotasunen arabera, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako moduan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 12an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Arauak, Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituzten abeltegietarako nahitaezko osasun plana arautzen dutenak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru Agindu honen xedea da neurriak ezartzea ahalik eta gehien murrizteko abeltegiek eta aziendek Urbasa eta Andiako larreak erabiltzearen ondorioz sor litezkeen osasun arriskuak.

2. Foru agindu hau aplikatuko zaio Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituen abeltegi orori.

3. Hartuko diren neurriak honako hauek dira: abereak sartzeko berrogeialdiak, biosegurtasun inkestak eta berariazko osasun programak.

4. Berariazko osasun programak Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituzten abeltegietako azienden gaixotasun hauen kontrolera bideratuko dira, espeziearen arabera:

–Behi azienda:

  • Trikomonosia.
  • Behien infekziozko errinotrakeitisa (IBR).
  • Behien beherako birala (BVD).
  • Paratuberkulosia.

–Ardi azienda.

  • Agalaxia kutsakorra:
  • Sarna.

–Ahuntz azienda:

  • Agalaxia kutsakorra.

2. artikulua. Berrogeialdia.

Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituen abeltegi batek abereak erosiz gero, iristen direnetik gutxienez berrogei egunez abeltegiko gainerako animalietatik bereizita egon beharko dute, eta ezin izanen dira abeltegiko gainerako animaliekin nahasi.

Isolamendu epeko lehen hogeita bat egunak igarotakoan, laginak hartuko zaizkie 3. artikuluan ezarritako proba diagnostikoak egiteko.

Behin berrogeialdia bukatuta, animaliak herri-larreetan sartu ahalko dira, baldin eta eginiko proben emaitza negatiboa bada.

3. artikulua. Larreak erabiltzen dituzten abeltegiek erositako aziendei berrogeialdian egin beharreko kontrol probak.

1. Urbasa eta Andiako larreetan bazkatzen diren behi azienden abeltegiek ugalketarako animaliak erosten badituzte, honako proba diagnostikoak egin beharko dizkiete berrogeialdiko hogeita batgarren egunetik aurrera:

–IBRaren E inmunoglobulinaren aurkako antigorputzak detektatzeko proba: sei hilabetetik gorako behi azienda ekarri berriei.

–BVDaren antigenoa detektatzeko proba: sei hilabetetik gorako behi azienda ekarri berriei.

–Paratuberkulosia detektatzeko antigorputzen proba: sei hilabetetik gorako behi azienda ekarri berriei.

–Trikomonosia eragiten duen patogenoa isolatu edo identifikatzea. Hamabost hilabetetik gorako ar ekarri berriei bi proba eginen zaizkie; prepuzioko esmegmatik hartuko zaizkie laginak, eta bi proben artean gutxienez hamabost eguneko tartea utzi beharko da. Animaliak ugaltze pausaldian egon beharko du lehen lagina hartu aurreko 21 egunetan. Abeltegiko albaitari klinikoak hartuko ditu analisi hori egiteko laginak.

Artikulu honetan aipatutako proben aurrean erreakzio positiboa duten behi aziendak beste abeltegi batera eramanen dira, baina inola ere ez, ugalketarako abeltegietara, abereak biltzeko guneetara, azienden feria, erakusketa eta azoketara, merkataritzako operadoreen instalazioetara edo herri-larreetara. Animalia horiek kentzeak ez du kalteordainerako eskubiderik sortuko, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluarekin bat.

2. Animaliak Urbasa eta Andiako larreetan sartzen dituzten abeltegiek, eta gainera, esnea ekoizpenera bideratutako ugalketarako sailkapen zooteknikoa dutenek, ugalketarako animaliak ekartzen badituzte, lehenik jatorriko abeltegian egin beharko dizkiete proba diagnostikoak, eta ondoren helmugakoan, berrogeialdiaren barruan.

–Agalaxia kutsakorra detektatzea.

  • Agente eragilea identifikatzeko proba eginen da; horretarako esne lagin bat hartuko da jatorriko ustiategiko tangatik. Laginketa hori ez da beharrezkoa izanen instalazio hori AC4 edo AC3 gisa kalifikatuta badago ardi- eta ahuntz-azienden agalaxia zaindu, kontrolatu eta desagerrarazteko borondatezko programa nazionalaren arabera.
  • Agalaxia kutsakorraren aurkako antigorputzak detektatzeko proba jomugako abeltegian: berrogeialdiaren barruan eginen da, ekarri berriak diren eta txertorik jaso ez duten azienden artetik gehienez ere 20 buru hautatu eta haien laginketa serologikoa eginda.

Agalaxia kutsakorraren fokurik detektatuz gero, kutsatutako saileko animaliak identifikatu egin beharko dira. Ardi sail hori beste abeltegi batera eramanen da, baina inola ere ez, ugalketarako abeltegietara, abereak biltzeko guneetara, azienden feria, erakusketa eta azoketara, merkataritzako operadoreen instalazioetara edo herri-larreetara. Animalia horiek kentzeak ez du kalteordainerako eskubiderik sortuko, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluarekin bat.

Abeltegiko gainerako ardiei agalaxia kutsakorraren aurkako txertoa jarriko zaie.

3. Animaliak Urbasa eta Andiako larreetan sartzen dituzten esnea ekoizteko ahuntz-abeltegiek ugalketarako animaliak ekartzen badituzte, lehenik jatorriko abeltzaintzako ustiategian egin beharko dizkiete proba diagnostikoak, eta ondoren helmugakoan, berrogeialdiaren barruan.

–Agalaxia detektatzea;

  • Isolatzeko proba eginen da, jatorriko ustiategiko tangatik hartutako esnean. Laginketa hori ez da beharrezkoa izanen instalazio hori AC4 edo AC3 gisa kalifikatuta badago ardi- eta ahuntz-azienden agalaxia zaindu, kontrolatu eta desagerrarazteko borondatezko programa nazionalaren arabera.
  • Agalaxia kutsakorraren aurkako antigorputzak detektatzea; txertatu gabeko animalietatik 20 serumeko lagina hartuko da jomugako ustiategian egin beharreko berrogeialdiaren barruan.

Agalaxia kutsakorraren fokurik detektatuz gero, kutsatutako saileko animaliak isolatu egin beharko dira. Ahuntz sail hori beste abeltegi batera eramanen da, baina inola ere ez, ugalketarako ustiategietara, abereak biltzeko guneetara, azienden feria, erakusketa eta azoketara, merkataritzako operadoreen instalazioetara edo herri-larreetara. Animalia horiek kentzeak ez du kalteordainerako eskubiderik sortuko, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluarekin bat.

4. artikulua. Abeltegietan kontrolatu beharreko gaixotasunak.

Aziendak Urbasa eta Andiako herri-larreetan sartzen dituzten abeltegiek jarraian aipatzen diren gaixotasunen kontrolerako neurriak hartuko dituzte, Foru Agindu honetan ezartzen den moduan:

–Trikomonosia.

–Behien infekziozko errinotrakeitisa (IBR).

–Agalaxia kutsakorra.

–Sarna.

Abeltegietan gaixotasun horietakoren bat agertuz gero, foru agindu honetan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira.

5. artikulua. Trikomonosia.

Trikomonosia hedatzea saiheste aldera, sei hilabetetik gorako behi-aziendako arrak ezin izanen dira Urbasa eta Andiako herri-larreetan sartu.

Halaber, ezin izanen da herri-larreetan sartu trikomonosi foku bat detektatu den abeltegi batetik heldu den behi-aziendarik. Salbuespenez, abeltegi horietatik heldu diren behi emeei sartzen utziko zaie, ugaltzeko erabiltzen den metodoa estalketa naturala ez bada. Murrizketa hori artaldean estalketa naturala alboratzen denetik urtebetera amaituko da.

6. artikulua. Behien infekziozko errinotrakeitisa (IBR).

Herri-larreetan sartzen diren behi azienden abeltegiek behien infekziozko errinotrakeitisaren aurkako txertatze programa jarraituko dute; baita Behien infekziozko errinotrakeitisa prebenitzeko, kontrolatzeko eta errotik ezabatzeko jarduketetarako oinarriak eta gaixotasun horri aurre egiteko boluntariotzako programa nazionala ezartzen dituen irailaren 27ko 554/2019 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz IBR4 gisa kalifikatutako edo halakotzat kalifikatzeko prozesuan dauden abeltegietatik heldu diren aziendek ere.

Lehen aldiz txertatutako animaliek herri-larreetan sartu baino hilabete bat lehenago, gutxienez, eta, gehienez ere hiru hilabete lehenago hartu beharko dute bigarren dosia. Gainerako animaliek larreetan sartu baino hilabete lehenago, gutxienez, eta, gehienez ere hiru hilabete lehenago hartu beharko dute oroitzapeneko dosia.

7. artikulua. Agalaxia kutsakorra.

Esnea ekoizteko ardi- eta ahuntz-azienden abeltegiek urtero egin beharko dute agalaxia kutsakorra detektatzeko kontrola. Kontrol horretan agente eragilea identifikatzeko proba eginen da ustiategiko albaitariak abeltegiko tangatik hartuko duen esne laginaren bidez.

Gaixotasun horren fokurik detektatuz gero, txertatuta dauden ardi- eta ahuntz-aziendak soilik sartu ahal izanen dira larreetara, baldin eta sintomatologiarik ez badute eta esnealdian ez badaude.

8. artikulua. Sarnaren kontrola.

Herri-larreetan sartzen diren ardi sailek urtero sarnaren aurkako tratamendu bat egin beharko dute, Andia eta Urbasa Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean ezarritakoarekin bat. Hala ere, horren ordez, tratamendua avermectinen familiako akarizida sistemikoekin egin ahal izanen da; kasu horretan, aziendak larrera sartu aurreko hilabetean aplikatuko da jatorriko abeltegian.

Sintomatologiarik agertuz gero aziendak larreetatik atera eta jatorriko abeltegian tratatu beharko dira. Gutxienez hiru urtean egin beharko zaie albaitariaren jarraipena.

9. artikulua. Biosegurtasun inkesta.

Behi- eta ahuntz-azienden abeltegi guztiei eginen zaie instalazioen biosegurtasunerako neurrien eta erabileraren balorazioa; biosegurtasun inkestak bete beharko dira horretarako.

Inkestak bost urtetik behin eginen dira aurretiaz ezarritako neurrien berrebaluazioa egin ahal izateko. Lehen inkesta albaitaritzako zerbitzu ofizialek eginen dute. Albaitari klinikoak edo ustiategiko albaitariak eginen ditu berrebaluazioak, eta Nafarroako Gobernuko Animalien Osasuneko organo eskudunari igorriko zaizkio.

10. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduan sartu berriak diren abeltegiak.

Herri-larreak inoiz erabili ez dituzten abeltegiek, edo azken hiru urteetan era jarraituan erabili ez dituztenek, foru agindu honen 3. artikuluan zehaztutako osasun kontrolak egin beharko dizkiete abeltegiko animalia guztiei.

Foru Agindu honetan ezarritako moduan, ezin izanen dira Urbasa eta Andiako larreetan sartu, behi azienden kasuan, positibo eman duten buruak, eta hausnarkari txikien kasuan, agalaxia fokuak detektatu badira, animalia-talde osoak.

Iragarkiaren kodea: F2112592