20. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAITZ

Udal ordenantza, Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen duena. Behin betiko onespena

Araizko Udalak, 2020ko irailaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen duen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 2020ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11n, eta Udaleko iragarki-taulan. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Araitzen, 2021eko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Jose Manuel Zubillaga Muguerza.

UDAL ORDENANTZA, HIZKERA EZ-SEXISTAREN
ERABILERA ETA KOMUNIKAZIO BARNERATZAILEAREN SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazotzat hartu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeei buruzko lehenengo mundu-konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egin dira.

Espainiar Estatu mailan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatu zuen hizkera ez-sexista ezartzea administrazio eremuan, botere publikoen jarduketarako irizpide nagusi gisa, eta hura sustatzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezarri zuen beharrezkoa dela administrazioan sortutako dokumentuak errebisatzea, haietan sexista ez den hizkera erabiltzen dela bermatzeko.

Beraz, borondate politiko eta legegile horien ondorioz ordenantza aurkezten da:

–Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea demokraziaz jokatzea da,

–Emakumeek pentsamenduan lekua izateko, hizkuntzan beraien tokia izan behar dute,

–Orokorren ez da uste nahita erabiltzen denik hizkera modu sexistan, baina egitearen ondorioak berdinak dira: emakumeak ikusezin bihurtzea.

–Aipatzen ez dena, ez da existitzen.

Laburbilduz, Ordenantza honen xedea da estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudien erabilera bultzatzea, eta horrela, bidezkoagoa eta berdinzalegoa izanen den gizartea sortzeko aurrerapausoa ematea.

ORDENANTZAREN APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Araizko Udalean eta haren mendeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza hau aplikatuko da, haiei dagokien neurrian.

Aholkularitza eta kontrola

3. artikulua. Udalerrian hizkera modu ez-sexistan erabiltzea edo komunikazio barneratzailea sustatzea zer den erabakitzeari dagokionez, Araizko Udaleko Berdintasun atala edo hori lantzen duen lan taldea izanen da horri buruz aholkatzeko arduraduna. Horretarako behar diren baliabideak jarriz.

4. artikulua. Kontrol eginkizunei dagokienez, atal bera izanen da hizkeraren eta irudien erabilera sexista detektatzeko arduraduna, baita edozein udal jardueran komunikazio barneratzailea sustatzeko arduraduna ere. Esparru honetan dituen eginkizunak honako hauek dira:

a) Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak sustatzea, hizkera ez-sexistaren erabilerari dagokionez herritarren eguneroko esparru guztietan, eta bereziki, udal administrazioaren zerbitzu eta departamentuetan. Prestakuntza honek lehentasuna izanen du, berdintasunari buruzko Udaleko Barne Planean ezarritakoarekin bat.

b) Beharrezkoa denean, laguntza teknikoa eta hizkuntza aholkularitza ematea, gaian adituak diren profesionalen eskutik.

c) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea, Araizko Udalaren web-orri, atari edo jarduketen agiri, inprimaki, eskutitz, akta, hitzarmen, eduki eta irudi orotan, herritarrendako berdintasunezko hizkeraren eredu izateko.

d) Urtero jarraipen-txosten bat egitea honako hauei buruz: erregelamendu, erabaki, ordenantza, udal administrazioko agiri (formulario, eskabide eta inprimaki orokor), udal eraikinen seinalizazio, udal plan, bando eta abar, baita ordenantza honen aplikaziorako garrantzitsuak diren alderdi guztiei buruzkoa ere.

Harreman administratiboak

5. artikulua. Hizkera ez-sexistan eta ez-baztertzailean idatziko dira Araizko Udalak eta bere erakundeek eta udal enpresek oro har sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak eta abar, baita Udaleko langileen hitzarmen eta akordio kolektiboa ere.

6. artikulua. Orokorrean, Araizko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliz idatziko dira.

Herritarraren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Araizko Udalari eskatzeko hizkera eta irudi ez-sexistak erabil ditzan, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

8. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emango die langileei hizkera ez-sexista eta komunikazio barneratzailearen erabilera bermatzeko.

Udalaren irudia

9. artikulua. Araizko Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudia erabiliko ditu, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:

–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

–Eraikin, higiezin, bulego eta udal zerbitzuen errotulazioa, baita kale eta espazio publikoena ere, emakumeendako baztertzailea ez den hizkera eta irudiak erabiliz eginen da, piktograma bezalako elementuak barne (komunak, igogailuak, sarbidea debekatua), horietan emakumeak ikusezinak edo gutxituak gelditzen ez direlarik. Neurri hau pixkanaka ezarriko da.

–Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

–Festetako programak.

–Iragarkiak.

–Dibulgazioko idazkiak eta aldizkariak.

10. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Araizko Udalak eskatuko du egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkiek eta ikus-entzunezko baliabideetako (irratia) publizitateak eta sare sozialetako mezuek hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezaten.

Kontratazioa eta dirulaguntza publikoak

11. artikulua. Araizko Udalak egiten dituen zerbitzu publikoen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa jasoko duena.

12. artikulua. Dirulaguntza ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudia sexistak ez izatea.

Komunikazio barneratzailearen sustapena

13. artikulua. Araizko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta beste udal entitate batzuekin batera lan eginen du, hizkeraren eta irudien erabilera barneratzaileak sustatzeari begira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da ordenantzaren testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintzak edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Bigarrena.–Araizko Udaleko Berdintasun Batzordeak edo gai hau lantzen duen lan taldeak gaitasuna izanen du jarraipena egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, hura betetzen dela bermatzearren.

I. ERANSKINA

Hizkeraren erabilera ez-sexista egiteko gomendioak

Hizkera ez-sexistaren bitartez eta berdintasunezko hizkera erabiliz, adierazpenen ikuspegi androzentrikoa zuzendu nahi da. Hizkera horren helburua da, emakumezkoen erreferenteak sortuz, emakumeak ikusgai egitea, estereotipoak haustea, eta gizon eta emakumeei eragiten dieten aurreiritzi sexistak indargabetzea.

Hizkera ez-sexista modu eraginkorrean erabiltzeko, honako hauek kontuan izan behar dira:

–Premiazkotzat eta lehentasunezkotzat jotzea.

–Hizkuntzaren eta haren aukeren ezaguera hobetzea.

–Hori erabiltzeko hainbat gomendio barneratzea.

Hona hemen Eulalia Lledóren hitzak: “Hizkera ez da sexista berez; haren erabilera bai, ordea. Zuzen erabiliz gero, berdintasunari eta emakumeak ikusgai egiteari lagundu diezaioke”.

Jarraian, irizpide tekniko batzuk zehazten dira, gazteleraz erabiltzeko adibideekin, hizkera barneratzailearen erabilera egokia egiteko:

–Termino generiko eta multzokariak erabili: “el funcionariado”, “la ciudadanía”, “la juventud”.

–Artikuluak kendu: “optarán a la plaza los profesionales con experiencia” erabili ordez, “optarán a plaza profesionales con experiencia” erabili.

–Forma bikoitzak erabili: mezuaren hartzailearen sexua ez dakigunean, forma bikoitzak erabiliko dira. Adibidez: “trabajadoras y trabajadores”.

–Perifrasiak erabili: “muchos invitados”, “los políticos” o “los famosos” erabili ordez, “muchas personas invitadas”, “clase política” o “gente famosa” erabili.

–Agintera erabili: “el candidato debe enviar su curriculum...” erabili ordez, “envíe su curriculum...” erabili.

–Izenordainak erabili: “el que solicite...” ordez “quien solicite...”, “los que acudan...” ordez “las personas que acudan...”, “el que...” ordez “cualquiera que...” eta abar.

–“Se” izenordaina erabili: “el trabajador acudirá...” erabili ordez, “se acudirá...” erabili.

–Sexistak ez diren esaldiak erabili, esaterako:

A.–Ez erabili genero marka duten determinatzaile eta izenordainak. Adibidez: “todos los miembros” erabili ordez, “cada miembro” erabili.

B.–Izendatzerakoan berdintasuna bermatu: garrantzi berdina eman emakume zein gizonei, eta emakumea gutxitzen duten esaldi mota hauek saihetsi: “Señor Gutiérrez y su mujer” eta abar.

C.–Ez erabili @ ikurra emakumeak eta gizonak izendatzeko.

D.–Aniztasuna errespetatzen duen hizkera barneratzailea erabili.

–Sexistak ez diren irudiak erabili, estereotipoak alde batera utzita eta emakumeak modu egokian ikusgai jarrita.

Bibliografia:

–Nafarroako Gobernua. “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente. El género como prioridad”. 2008.

–Emakumearen Asturiasko Institutua. “Cuida tu lenguaje, lo dice todo” gida.

Iragarkiaren kodea: L2100487