20. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 28a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

540/2016 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: 227/2018 epaia eman da, 2018ko ekainaren 12an, sala honetan bideratu den 540/2016 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan; horretaz gainera, 227/2018 autoa eman da 2018ko ekainaren 28an, epaiko akatsa zuzentzeko autoa dena; bi ebazpenak irmo geratu dira eta hona hemen haien idazpurua eta epaitza, baita autoaren lehendabiziko aurrekaria eta xedapen zatia ere:

“227/2018 epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna.–María de las Mercedes Martin Olivera andrea.

Iruñean, 2018ko ekainaren hamabian.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, aztertu ditu 540/2016 errekurtsoaren autoak. Errekurtso hori irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuaren aurka jarri zen, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien erregelamendua. Hura 2016ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ekoan. Hauek dira alderdiak: errekurtsogile gisa, A, B,C, D, E, F, G, H, I, J, K,L, M,N, Ñ, O, P,Q, R, S, T eta U, Miguel González Oteiza prokuradore jaunak ordezkatuak eta Cecilia Gutiérrez Ganzarain letradu andreak zuzenduak; eta demandatu gisa, Nafarroako Gobernua, bere aholkularitza juridikoak ordezkatua eta defendatua.

EPAITZA:

Ezesten dugu administrazioarekiko auzi-errekurtso hau, jada idazpuruan aipatua, eta auzi-jartzaileari espresuki ezartzen zaizkio kostuak.” Eta 227/2018 autoa.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna.–María de las Mercedes Martin Olivera andrea.

Iruñean, 2018ko ekainaren 28an.

Aurrekariak:

Lehendabizikoa.–Xedapen zatian hitzez hitz hauxe dioen dekretua eman zen 2018ko ekainaren 12an: “Ezesten dugu administrazioarekiko auzi-errekurtso hau, jada idazpuruan aipatua, eta auzi-jartzaileari espresuki ezartzen zaizkio kostuak”, baina akatsa atzeman da, baiesteko epaitza izan behar baita.

Xedapen zatia:

Horiek horrela,

ERABAKITZEN DA:

Zuzentzen da epaiak duen akatsa, lehenago adierazi dena. Hona hemen:

“Baiesten dugu administrazioarekiko auzi-errekurtso hau, jada idazpuruan aipatua; hortaz, ordenamendu juridikoaren kontrakoa delako, baliogabe deklaratzen dugu irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretua, Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena, eta kostuak administrazio demandatuari ezartzen zaizkio”. Gainerako erabakiak beren horretan uzten dira.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.”

Eta honako hau egin eta sinatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 11n.–Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2100392