199. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2132/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kabo izateko hamasei lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Uztailaren 14ko 64/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, suhiltzaile-kabo izateko hamasei lanpostu huts betetzeko, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak. 2021eko uztailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen deialdia.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen duenez, “Nafarroako administrazio publikoen menpeko su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko arau orokorretan ezarritakoaren menpe egonen dira, baina foru lege honetan ezartzen diren zehaztapenak kontuan hartuta”.

Bestetik, foru lege horren 54.2 artikuluaren arabera, “suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaileen artean. Lehiaketan, Segurtasun Eskolak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko baldintza izanen da, suhiltzaile lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea”.

Arestian aipatutako 8/2005 Foru Legearen 54.6 artikuluan xedatutakoa betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa ebatzi aitzin, suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak lanpostu berdinak betetzen dituzten funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketara aterako dira.

Barneko zuzendari nagusiak martxoaren 17an emandako 70/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Ebazpen hori 2021eko apirilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Lekualdatze lehiaketa hori tramitazio fasean dagoenez, deialdi honetan bete beharreko hamasei lanpostuak kategoriaz igotzeko deialdi horren ondorioz hutsik gelditzen direnak izanen dira.

Aurrekoa kontuan harturik, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da onestea suhiltzaile-kabo izateko hamasei lanpostu kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Hautaprobak gainditzen dituzten pertsonak C mailan sartuko dira suhiltzaile-kabo lanpostuan, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaizkio.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kabo izateko hamasei lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Kategoriaz igotzeko lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak izanen dira ebatzi gabe dagoen lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak. Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 17ko 70/2021 Ebazpenaren bidez egin zen lekualdatze lehiaketa horretarako deia.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO SUHILTZAILE-KABO IZATEKO HAMASEI LANPOSTU

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da suhiltzaile-kabo izateko hamasei lanpostu, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Lanpostuak Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik daude.

Deialdi honen lanpostuak martxoaren 17ko 70/2021 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen direnak izanen dira. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia egin aurretik zehaztuko dira lanpostu horien plaza zenbakia eta destinoa.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura arau hauen mende egonen da: uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua (azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia); Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abuztuaren 12an emandako 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa; azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartuko duten pertsonek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotan suhiltzaile izateko lanpostu baterako izendatua izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) C maila edo taldekoa izatea.

c) Suhiltzaile lanpostuan egiazki emandako zerbitzuan 3 urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

d) Bigarren jarduerako lanpostu batean (zerbitzu osagarrietan, alegia) ez aritzea.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, deialdi honen “Langile publikoentzako informazioa: promozioak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk” aipamenean sartuta.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

4.3.1. Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek bide telematikotik aurkeztu beharko dituzte (aurreko apartatuan adierazitako helbidearen bitartez), deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoari jarraikiz alegatzen dituzten merezimenduei buruzko dokumentazio eskaneatua, eta, alegatzen dituzten merezimenduen zerrenda.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan parte hartzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

4.3.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen fitxatik abiatuta.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Pedro Zaro Loperena jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Crescencio Alaez Aller jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Prebentzio, Ikuskapen eta Zabalkunde Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Ignacio Itoiz Urdániz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Ordezko mahaikidea: Alberto Garde Sesma jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

–Epaimahaikidea: José Aurelio Andueza Izquierdo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Ordezko mahaikidea: Jesús María Méndez Sánchez jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

–Epaimahaikidea: Jesús Manuel Lostao Jauregui jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: Mikel Aingeru Gurutziaga Tejerina jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Begoña Martínez Barrado andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: María del Puy Armañanzas Pagola andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.

6.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, baldin epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badaude edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, jarraituko zaie martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluei (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Kategoriaz igotzeko lehiaketako elementuak.

7.1. Epaimahaiak ondoko elementuak baloratuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketan:

a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma berrogeita hamar (26,50) puntu.

7.2. Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.

Lehenbiziko proba izanen da, gehienez ere 25 puntu emanen ditu eta kanporatzailea izanen da.

Proba praktikoa 2021eko urritik aurrera izanen da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua.

Proba praktikoak bi ariketa izanen ditu, eta biak egun berean eginen dira:

7.2.1. Lehen ariketa:

Gehienez ere bi orduan, test motako 40 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz. Galderak ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa honetan gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

7.2.2. Bigarren ariketa:

Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko operatibo bat edo zenbait garatu eta ebatzi beharko dira idatziz. Helburua da izangaiaren gaitasuna baloratzea suhiltzaile-kaboen lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, bereziki suhiltzaileen lanpostuaren berezko eginkizunak behar bezala betetzen direla gainbegiratzekoa.

Ariketa hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez.

Ariketa honetan gehienez ere 15 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

7.3. Txosten psikoteknikoa.

Behin lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoa eginda, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak txosten psikotekniko bat emanen du proba gainditu duen izangai bakoitzari buruz. Horretan baloratuko da izangaia deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien. Txostena egin aurretik, lanpostuaren profil profesiografikoa zehaztuko da.

Txostena ez da kanporatzailea izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

Unitate horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

7.4. Merezimenduak.

Lanpostuaren eginkizunei eta edukiei buruzko proba teoriko-praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.2 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian izangai bakoitzak guztira lortu duen puntuazioa ezartzeko, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, lehenik eta behin, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena aitorturik dutenen alde joko da. Bigarrenik, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, epaimahaiak lehiaketako elementuen gaineko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzea.

Lanpostu hutsak hautatzeko egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik izanen da, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

Barne Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak hautatzeko deia eginen du eta hautaketa egiteko epea ezarriko du. Horretarako, argitara emanen ditu hautatzeko dauden lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera antolatuta. Kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko lanpostu hutsak atxikipena non duen, horren arabera.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer suhiltzaile-kaboren lanpostu huts nahiago duten.

9.–Prestakuntza ikastaroa.

9.1. Behin lanpostu hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa. Nafarroako Gobernuaren web orrian ere argitaratuko du zerrenda hori.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari behar den komunikazioa igorriko dio, hark zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

9.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.

9.3. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da, eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da (aipatutako foru dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).

Ikastaroaren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu “ez gai” kalifikazioa lortzen dutenak.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.4. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (hautapen prozesuan ateratako guztirako puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izendapen proposamena.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko fitxan ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditzen duten izangaiak suhiltzaile-kabo izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Jabetza hartzea.

Izendatutako pertsonek izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean jabetu beharko dute dagozkien lanpostuez.

Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuez jabetzen ez direnek suhiltzaile-kabo lanpostuan aritzeko eskubidea galduko dute.

Izendapenak funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapen aplikagarrietan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak emanen dizkie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak diren lehiatzaileek parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, helbide honetan argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, “Langile publikoentzako informazioa: promozioak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk” atalean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2021eko uztailaren hogeita zortzian.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: Gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira.

1) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 1,50 puntu.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 0,37 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu 1eko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Doktore, lizentziadun edo gradudun titulua edo titulu baliokidea: 2 puntu gehienez.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak B) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko eta gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

2. Gehienez ere 25 puntu emanen dira B) apartatu honetan.

C) Hizkuntzak jakitea: 26,50 puntu gehienez.

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

Euskaraz jakiteagatik eta plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 11,50 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak C) apartatu osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila edo baliokidea izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzerakoan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako azterketak egiten ahal dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Lana eta osasuna.

1.–Oinarrizko kontzeptuak.

2.–Prebentzio ekintzaren printzipioak.

3.–Arriskuen ondorioak.

3.1. Laneko istripua.

3.2. Laneko gaixotasuna.

4.–Erreferentziako arau-esparrua laneko arriskuen prebentzioan.

4.1. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

4.2. Europar Batasunaren zuzentarauak.

4.3. Oinarrizko legedi aplikagarria.

5.–Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legea suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzuetan.

6.–Lan baldintzak hobetzeko prebentzio teknikak identifikatzea.

7.–Prebentzioaren antolaketa egitura.

7.1. Langile bat edo batzuk izendatuz.

7.2. Prebentzio zerbitzu propioa eratuz.

7.3. Kanpoko prebentzio zerbitzu bat edo batzuk kontratatuz.

7.4. Prebentzio zerbitzu mankomunatua eratuz.

8.–Auditoretza edo kanpoko ebaluazioa.

2. gaia.–Arriskuen ebaluazioa eta arrisku faktoreak.

1.–Arriskuen ebaluazio motak.

2.–Arriskuen ebaluazioaren faseak.

2.1. Laneko jardueren sailkapena.

2.2. Arriskuen azterketa.

3.–Arrisku faktoreak.

3.1. Segurtasun faktoreak edo baldintzak.

3.2. Faktore higienikoak.

3.3. Arrisku ergonomikoak eta psikosoziologikoak.

3. gaia.–Langileentzako informazioa eta prestakuntza.

1.–Informazioa.

2.–Prestakuntza.

4. gaia.–Langile publikoen parte-hartzea.

1.–Langileak.

2.–Prebentzioko ordezkariak.

3.–Segurtasun eta osasuneko batzordea.

4.–Enpresaburua.

5.–Erdi mailako kargudunak.

6.–Prebentzio baliabidea (POT 94/2013 LSHIN).

5. gaia.–Suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzuetako langile operatiboen arriskuen ebaluazioa.

1.–Eredua.

1.1. Zer ebaluatu behar da?

1.2. Arriskuen sailkapena eta identifikazioa.

1.3. Ebaluazioa eta kontrol plana.

2.–Ebaluazioa.

2.1. Entitatearen identifikazioa.

2.2. Zerbitzuaren informazio orokorra.

2.3. Prebentzio sistemaren diseinua.

6. gaia.–Esku-hartzearen legezko alderdiak.

1.–Suhiltzailea ikuspuntu juridikotik.

2.–Erantzukizuneko hiru arlo.

2.1. Erantzukizun administratiboa edo diziplinakoa.

2.2. Erantzukizun zibila edo ondarekoa.

2.3. Erantzukizun penala.

3.–Jarduketa profesionalaren betebeharrak.

3.1. Ezagutzeak jardutera behartzen gaitu, ahal den guztietan.

3.2. Aginduak betetzea.

3.3. Sorospen-eginbeharra ez betetzea eta laguntza ukatzea.

3.4. Justizia Administrazioarekiko harremana.

3.5. Zerbitzua bertan behera uztea.

3.6. Salgai arriskutsuak tartean dituzten istripuen berri ematea.

3.7. Frogak eta zantzuak gordetzea eta horien gaineko txostenak egitea.

4.–Erantzukizun salbuesleak.

4.1. Bidezko defentsa.

4.2. Beharrizan egoera.

4.3. Eginbeharra betetzea.

5.–Delituzko jokabideak esku-hartzean.

5.1. Esku-hartzearen ondorioz eragindako kalteak.

5.2. Laneko istripuak.

5.3. Bizilekua bortxatzea.

5.4. Sekretuak ezagutarazi eta agerraraztea.

5.5. Segurtasuna trafikoan.

7. gaia.–Erdi mailako aginteduna.

1.–Agintearen beharra.

2.–Agintearen kontzeptua eta motak.

3.–Erdi mailako agintedunaren misioa eta eginkizunak.

4.–Agintedunaren balioak, eskumenak eta ezaugarriak.

4.1. Balioak.

4.2. Eskumenak.

4.3. Ezaugarriak.

5.–Zuzendaritza trebetasunak eta estiloak.

5.1. Lidergo autokratikoa.

5.2. Lidergo burokratikoa.

5.3. Lidergo karismatikoa.

5.4. Lidergo parte-hartzailea edo demokratikoa.

5.5. Laissez-faire lidergoa.

5.6. Pertsonengana edo harremanetara bideratutako lidergoa.

5.7. Lidergo naturala.

5.8. Zereginera bideratutako lidergoa.

5.9. Lidergo transakzionala.

5.10. Lidergo transformatzailea.

6.–Zailtasunak agintea erabiltzean.

6.1. Rol gatazkatsuak.

6.2. Rolaren anbiguotasuna.

6.3. Lan-gainkarga.

6.4. Besteek egindakoaren erantzukizuna.

7.–Eskuordetzea eta ahalduntzea.

7.1. Eskuordetzea.

7.2. Ahalduntzea.

8. gaia.–Talentuaren kudeaketa eta aldaketaren kudeaketa. Paradigma berriak larrialdi zerbitzuetan.

1.–Talentuaren kudeaketa.

2.–Aldaketaren kudeaketa.

9. gaia.–Erabakiak hartzea.

1.–Prozesuaren definizioa.

2.–Erabakien sailkapena.

2.1. Erabakiak ukitzen duen antolaketa-mailaren arabera.

2.2. Erabakiaren aplikazio-eremuaren arabera.

2.3. Antolaketan duen eraginaren arabera.

3.–Suhiltzaile kargudunek larrialdietan erabakiak hartzeko ereduak.

3.1. Intuizio metodoa.

3.2. Arrazoitze metodoa.

4.–Larrialdietan hartzen diren erabakien efizientzia - Protokoloak eta prozedurak.

5.–Erabakiak hartzea errazten duten tresnak.

5.1. AMIA analisia.

5.2. Ideia jasa (brainstorming).

5.3. Kausa-efektu diagrama (arrain-hezurra).

5.4. Erabaki-zuhaitza.

5.5. Erabakiak hartzeko prozedura lineala.

5.6. Erabakiak hartzeko arrazoizko prozedura.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA

Suhiltzaileentzako prestakuntza libreko eskuliburuak. Guadalajarako CEISen web orrian argitaratuak. (http://www.ceisguadalajara.es/category/documentacion/) Agiri guztiak Creative Commons lizentzia batekin babestuak daude, BY NC SA motakoa. Hortaz, zilegi da eskuliburu horiek kopiatzea, banatzea, komunikatzea eta eraldatzea, betiere egilea aipatzen bada (Guadalajarako CEIS eta laguntzaileak), helburu komertzialetarako erabiltzen ez badira eta testuak edo horren eraldaketak konpartitzen badira lizentzia hori bezal-bezalako baten bidez.

Iragarkiaren kodea: F2111953