197. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Deialdia, establezimendu/jardueretarako dirulaguntzak emateko, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren eraginagatik. Laburpena

DDBN (Identifikazioa): 579523.

Dirulaguntza orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Horren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke

(http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index/579523).

1.–Helburua.

Laguntza honen helburua da COVID-19ak ostalaritzan, jatetxeetan eta turismoan eragindako krisi ekonomikoaren ondorio ekonomikoak arintzen laguntzea, baita horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioak ere.

Neurri horien eragina bereziki negatiboa izan da ostalaritzaren, jatetxeen eta turismoaren sektoreko establezimenduetan. 2020ko martxoaz geroztik, itxi egin dira eta jarduera utzi behar izan dute hainbat denbora-tarte desberdinetan, eta oraindik ere, urtebete baino gehiago igaro ondoren, funtzionamenduan muga asko dituzte, ordutegiei, zerbitzua emateko moduari, edukierari eta antzekoei dagokienez, eta horrek bereziki horrelako jardueretan eragin du.

2.–Onuradunak.

Laguntza hau Ultzamako Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) erroldan alta emanda dauden jarduera ekonomikoen titularrei zuzenduta dago, hala nola, taberna, jatetxe, kafetegi, ostatu, hotel, landetxe, museo, ikaskuntza-zentro, bisita gidatu eta turismo aktiboko jarduerak.

3.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

Emandako laguntzak 2021erako udal-aurrekontuko “Tokiko merkataritzarako laguntzak: ostalaritza eta turismoa” 4310 48000 aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira, 11.000,00 eurokoa.

11.000,00 euro horiek hein berean banatuko dira onartutako eskabideen artean, eta publikoari irekitako establezimendu bakoitzak gehienez 600 euro jasoko ditu.

4.–Laguntza jasotzeko baldintzak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa betetzea.

–Ultzamako Udalaren Ekonomia-jardueren gaineko zergan inskribaturik egotea 2020ko martxoaren 14tik gaur arte.

–Jarduera taberna, jatetxe, kafetegi, ostatu, hotel, landetxe, museo, ikaskuntza-zentro, bisita gidatu eta turismo aktiboko jarduerekin lotuta egotea.

–Ostatuen kasuan (landetxea, hotela, apartamentu turistikoa...), Nafarroako Turismo Erregistroan alta emanda izatea.

–Egoitza sozial fisikoa Ultzamako udalerrian kokaturik duten negozioak izatea.

–Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena ematen den unean.

–Ultzamako Udalarekin ordainketak egunean izatea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena ematen den unean.

–2020ko laugarren hiruhilekoko fakturazioa gutxienez ehuneko 40 (%40) murriztu izana, 2019an hiruhileko horretan bertan fakturatutakoarekin alderatuta. BEZa erregimen orokorraren arabera aitortzen bada, 2020ko eta 2019ko laugarren hiruhilekoetako aitorpenak aurkeztuko dira; gainerakoetarako (sinplifikatuak, ez-subjektuak, salbuetsiak...), erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da.

–Jarduera 2020ko ekitaldi berean hasi bada, establezimendu fisikoa publikoari itxi behar izana, 463/2020 Errege Dekretuaren edo antzeko neurri eta legeen aginduz.

5.–Mugak.

–Eskaera bakarra egonen da Ekonomia-Jardueren gaineko zergari loturiko helbide bakoitzean.

–Establezimendu bakoitzari laguntza bakarra emanen zaio.

–Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak laguntza bakarra jaso ahal izanen du, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren zenbat epigrafetan dagoen inskribatuta alde batera utzita.

–Parte hartzeko eskaera egiteak oinarri hauek inplizituki onartzea ekarriko du.

6.–Betebeharrak.

–Dirulaguntza ematea eragin duen jarduerari gutxienez 4 hilabetez eustea eta justifikatzea, dirulaguntza honen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Jarduerari eskatutako denboran eusten ez bazaio, eskabide-orri baten bidez, Udalari jakinarazi beharko dio jardueraren amaiera-data. Kasu horretan, dirulaguntzaren zati proportzionala itzultzeko eskatuko zaio.

–Dirulaguntza eman duen organoaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea.

–Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztapen-jardueren mende jartzea, bai eta kontrol-organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen- eta finantza-kontrolen mende ere, eta aurreko jarduerak gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia ematea.

7.–Diruz lagunduriko jardueraren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik, eskualdekoetatik, estatukoetatik, Europar Batasunekoetatik edo nazioarteko erakundeetatik jasotako edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

8.–Eskabideak aurkeztea.

–Pertsona/erakunde interesdunen eskabideak eskatzaileak sinatutako eskabide baten bidez egin beharko dira. Eskabide hori dagokion deialdiarekin batera doan eredu normalizatuari egokitu beharko zaio (1. eranskina).

–Proposamenak Ultzamako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabiliz.

–Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

–Eskabideak egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izanen dira (https://ultzama.clmtec.es) edo aurrez aurre udaletxeko bulegoetan (bulego-ordutegia 09:30etik 14:30era).

–Interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. 1. eranskina, behar bezala beteta eta sinatuta. Honako hau jasotzen du:

–Ultzamako Udalari zuzendutako eskabide-orria.

–Pertsona/erakunde onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

–Pertsona/erakunde eskatzaileak hemen gaitutako laguntzen onuradun izateko debekurik ez duela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2. Eskatzailearen nortasuna eta, hala badagokio, haren izenean diharduenaren ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa.

Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren edo arauz hori ordezten duen dokumentuaren fotokopia. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, haren eraketa egiaztatzen duen agiria, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta, eta identifikazio fiskaleko txartela (IFZ).

3. Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, agintari eskudunek emanak.

4. 2. eranskina: transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

5. Diru-sarrerak murriztu izanaren edo itxieragatik edo murrizketengatik izaniko ondorioen aitorpena.

Kasuak:

A) BEZa erregimen arruntean/orokorrean aitortzen duten jardueretarako: 2020ko eta 2019ko 4. hiruhilekoaren BEZaren aitorpenak.

B) Gainerako jardueretarako (BEZ sinplifikatua, BEZetik salbuetsiak, BEZari lotuta ez daudenak...): erantzukizunpeko adierazpena, pandemiarekin loturiko neurriren baten ondorioz laugarren hiruhilekoan fakturazioa gutxienez %40 murriztu dela (2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta) aitortzen duena.

C) 2020. urtean berean hasitako jardueretarako. Erantzukizunpeko adierazpena, lege baten ondorioz, hala nola 463/2020 Errege Dekretuaren ondorioz, bere establezimendu fisikoa itxi behar izan duela aitortzen duena.

6. Ostatuek erregistro-orriaren kopia aurkeztu beharko dute, edo turismo-erregistroaren zenbakia jakinarazi, eta Udalak ofizioz egiaztatuko du.

Ultzamako Udalak ofizioz egiaztatuko du pertsona juridiko edo fisiko eskatzaileak egunean dituela Ultzamako Udalarekiko betebeharrak.

9.–Instrukzioa eta ebazpena.

Espedienteak banakako ebaluazio-araubidean izapidetu eta ebatziko dira, eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraituz, dagoen aurrekontu erabilgarriaren mugaraino.

Ultzamako Udalak aurkezturiko eskabideak eta dokumentazioa aztertuko ditu deialdian ezarritako betebeharren arabera; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatu ahalko ditu.

Eskaerak ez baditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen edo Udalak dokumentazioari buruzko argibideren bat behar badu, pertsona/entitate eskatzaileari eskatuko dio, 10 egun naturaleko epe luzaezinean, aurkeztutakoa zuzendu dezan. Errekerimenduaren ondoren pertsona/entitate interesdunak ez badu eskatutakoa aurkezten, eskatzaileak eskaera izapidetzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eskaera artxibatzea beste jardunbiderik gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak eskabideen ebaluazioa amaitu ondoren, ebazpen-proposamena eginen dio Alkatetzari, organo eskuduna den aldetik, eta bertan adieraziko du onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

10.–Ebazteko eta jakinarazteko epea eta laguntzaren ordainketa.

Gehienez 30 egun naturaleko epea egonen da Alkatetzak laguntzak ordaintzeko Ebazpena emateko, jakinarazteko eta ordaintzeko, pertsona/entitate onuradunak justifikatzeko dokumentazioa aurkezten duenetik hasita. Eginiko eskaerak Udaleko Alkatetzak ebatziko ditu, edo, halakorik ezean, berak eskuordetzen duen pertsonak.

Pertsona/entitate onuradunari emandako dirulaguntzaren ordainketa efektiboa bakarra izanen da, emandako zenbatekoaren %100 ordainduta.

Larraintzarren, 2021eko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2112475