183. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 3koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 1:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan bildu daitekeen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena duten taldeak, orain aldatzen den foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egun jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) egun jakin batzuetan (asteburuak, jaiegunak, eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunak) eta udalerri jakin batzuetan, hots, 15 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, 7 egunean metatutako intzidentzia-tasa behera doa poliki-poliki. Orain, 100.000 biztanleko, 370,56 kasu berrikoa da, baina oraindik arrisku oso handian edo muturreko arriskuan dago (125 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). 12-29 urtekoen intzidentzia-tasak hurrengo adin tarteetara hedatzen ari dira, eta Estatuko altuenen artean daude oraindik ere. Intentsitate handiko zirkulazio epidemikoko egoera dugu, arrisku handian edo muturreko arriskuan gaude, eta joera egonkortu da uztailaren hasieran bat-batean igo ondoren. Kasuen kopurua beherantz hasi da, baina egunero, batez beste, 350 kasu ditugu oraindik.

Positibotasuna beherantz doa poliki, eta %14,3koa da. Antigenoen test azkarretan, ordea, %19,5ekoa da. Horrek erakusten du nola zabaltzen ari den birusa.

Egia bada ere oraingo olatu honetan ospitaleratzen diren kasuen ehunekoa txikiagoa dela, honako arau hau berdin betetzen ari da: intzidentzia-tasak gora egiten duenetik 2-3 astera, gora egiten du ospitaleetan eta ZIUetan sartzen direnen kopuruak, eta, gero, baita heriotzen kopuruak ere. Izan ere, zenbait aste hildakorik gabe igaro ondoren, lehengo astean lau hildako izan ziren, eta aste honetan 3, momentuz.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren %67,7k dosi bat dauka jadanik, eta %56,8k bi dosi (edo dosi bakarra, Janssen hartu dutenen kasuan). 60-69 urtekoen artean, txertaketaren pauta osoa osatzen ari da (60-65 urtekoen artean %85,3k hartua dute, eta 66-69 urtekoen artean, %94,7k). Adin-tarte horrek arrisku handia du koronabirusak eragindako infekzioa dela-eta konplikazioak izateko. Dena dela, txertaketa bidezko talde-immunitateari dagokionez, garai batean, kontuan harturik koronabirusaren jatorrizko aldaerek transmititzeko zuten ahalmena, kalkulatu zen biztanleriaren %70ek hartu beharko zuela txertoaren pauta osoa talde-immunitatea lortzeko. Orain, Espainian, delta aldaera da nagusi, transmititzeko ahalmen handiagoa duena, ikertzen ari diren bi arrazoirengatik: infektatzen diren pertsonek birus-karga handiagoa izaten dute faringean, eta denbora gutxiago behar da inkubatzeko. Horregatik, ikusi da, talde-immunitatea lortzeko, jende gehiagok hartu beharko duela txerto osoa: biztanleriaren %80-90 inguruk. Bitartean, txertoen estaldura hori lortu bitartean, neurri murriztaileak beharko dira.

Gizarte-interakzio handiak eta herritarren joan-etorriek COVID-19aren transmisio maila altuak ekarri dituzte. Intzidentzia-tasa handiagoa da txertoa hartu ez duten pertsonen artean eta txertaketa osoa ez dutenen artean. Txertaturik dauden pertsonen kasuan, gehienetan, Delta aldaera da kutsatzearen erantzulea. Txertaketa murrizten ari da uhin epidemiko berri honen inpaktua, kasu larrien intzidentziari begiratzen badiogu. Hala ere, metatutako kasuen kopuruaren goranzko joera ikusita, aurreikusten da datozen asteetan ospitaleratze kasuak ugaritzea.

Horregatik, txertaketa osoak eraginkortasun eta inpaktu handia erakusten badu ere kasu larriei aurrea hartzeko, COVID-19ak zirkulatzen duen artean beharrezkoa da txertaketa beste neurri murriztaile batzuekin osatzea, birusaren transmisioa mugatzeko oreka bat lortzearren.

Oso garrantzitsua da herritarrek prebentzio neurriak sendotzea: tarte fisikoa, maskara behar bezala erabiltzea, eskuen higienea, aireztapen egokia eta kontaktu mugatuak, bai eta txertaketaren eskaintzari erantzutea ere. Gainera, egoera epidemiologikoa gertutik behatuz gero, bilakaera baloratzen ahalko da, hartutako neurrien ondorioak ikusi, eta neurri berriak hartu behar diren baloratu, beharrezkoa izanez gero.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenean adierazten da, bosgarren olatuak aurrera egin ahala, gero eta ageriagoa dela txertaturik dauden pertsonak ere ospitaleratzen ari direla, bai ohe arruntetan, bai zainketa intentsiboko unitatean. Koadro klinikoak okerra egin eta ospitaleratu beharra gertatzen denean, ZIUra doazen pazienteen ehunekoa aurreko olatuetakoa bezalakoa da gutxi gorabehera.

Pazienteak erakusten ari diren profil berezitu batzuk ikertzen ari dira. Txertaturik ez dauden paziente gazteak, alde biko pneumonia larriekin; txertaturik dauden pazienteak, COVID-19ari loturiko ohiko koadro klinikoak dituztenak; eta arrisku handieneko kolektiboetan izaten ari den intzidentzia, konparazio batera, haurdun dauden emakumeen artean edo, txertaturik egonda ere, aurretik patologiak zituzten pertsonen artean. Kezka berezia eragiten dute, txertatzeko aukera izan arren, txertoa hartu ez duten pertsonen ospitaleratze kasuek.

Kezka sortu dute, orobat, zentro soziosanitarioetan gertatutako infekzio berriek, txertaturik zeuden pertsonei eragin baitiete. Horrek eraginen du berriz aktibatu behar izatea kolektibo horrentzako baliabide espezifikoak.

Gainera, COVID-19ari lotua ez dagoen jarduera asistentzialak ez du behera egin, eta horrek galarazten du baliabideak COVID-19ra bideratzea COVID-19ari lotuak ez dauden jarduerak desprogramatu gabe.

Delta aldaera nagusitu da, eta aurreko aldaerek baino gaitasun handiagoa du kutsatzeko. Ebaluatu gabe dago oraindik aldaera horrek nolako eragina duen ospitaleratu beharra eta ZIUn sartu beharra dakarten forma larrietan, bai eta heriotza-tasetan duen eragina ere. Ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan COVID-19ari loturiko jarduera aurreko bi olatuetakoa baino handiagoa izan da, nahiz eta iduri duen aste honetan beherantz doala.

Azkeneko hiru asteotan, nabarmen igo da ospitaleetan eta kritikoen unitateetan sartu direnen kopurua, batez ere azkeneko bi asteotan.

Uztailaren 29an, 128 pertsona zeuden ospitaleratuak SARS-coV-2 infekzioarekin, horietatik 21 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Testuinguru horretan, Nafarroako Ospitalegunearen txostenean adierazten da ezen, kasuen jaitsiera nabarmen bat gertatu arte eta osasun sistema jasaten ari den presioa lasaitu arte, beharrezkoa dela prebentzio komunitariorako neurriak mantentzea, batez ere arrisku handieneko kolektibo, testuinguru eta inguruneetan. Beharrezkoa da mugak jartzea kutsatzeko ahalmen handiagoa duten birus aldaerak sartu eta hedatu ez daitezen eta ospitaleetan eta ZIUetan jende gehiago sar ez dadin. Denbora irabazi behar da txertaketa-prozesua biztanleria babesteko moduko atalase batera iritsi dadin, kutsatze kasuen ugalketa mugatu dezakeen immunitate maila bermatuko duena. Beharrezkoa da, orobat, ospitaleratze kasuen eragina moteltzea eta aurreko olatuetan pazienteei arreta emateko oso erabilgarriak izan ziren beste baliabide batzuk aktibatzea, hori guztia olatu honek eraginik izan ez dezan COVID-19ari loturik ez dauden jardueren plangintzan edo osasungintzako profesionalen atsedenaldiaren plangintzan.

Aurreko guztia ikusirik, bidezkoa da 2021eko abuztuaren 12ra arte luzatzea (egun hori barne) gaueko zirkulazioa murrizten duen neurria; izan ere, datu epidemiologikoen arabera, egoera aurreko astekoaren antzekoa da. Neurri hori, betiere, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren (geroago aldatu zenaren) 40. puntuko irizpideak betetzen dituzten udalerrietan aplikatuko da. Kutsatzeen kopuruak behera egin badu ere, mantso jaisten ari da oraindik, eta, uztailaren 27tik aurrera, ospitaleratzeen kopurua gora doa.

Iazko udan gertatutako gauza bera gertatzen ari da: beste urte batzuetan herriko festak egin beharko ziratekeen egunetatik astebetera edo 10 egunera, kutsatze kasuek gora egiten dute herri horietan. Hori gertatzen da egun horietan jendarteko eta familiarteko harremanak sustatzen dituzten jarduera ez-formalak ugaltzen direlako. Horixe gertatu da Donezteben (81 kasu eragin dituen agerraldi bat, harreman sozialei lotua), Lesakan (361 kasu, harreman sozialei eta harreman mistoei loturiko sei agerraldi), Elizondon (38 kasu, harreman sozialei, bizikideak ez diren ahaideen arteko harremanei eta harreman mistoei loturiko 8 agerraldi, oraindik ere aktiboak daudenak), Olaztin (19 kasu, harreman sozialei loturiko agerraldi bat, aste honetan atzeman dena eta aktibo dagoena).

Jendeari gaueko zirkulazioa murrizteko neurriaren helburua da biztanleriaren gaueko interakzio soziala murriztea, batez ere gazteena, gauez, egun eta ordu jakin batzuetan, kutsatze kasuei eusteko eta osasun publikoa babesteko asmoz.

Orain luzatzen den erabakia neurrizkoa da; izan ere, modu selektiboan aplikatzen da, hots, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuko baldintzak betetzen dituzten udalerrietan baizik ez da aplikatzen, egun eta ordutegi jakin batzuetan, behin egiaztaturik lehenago hartutako neurriak ez direla aski agerraldiei eusteko, eta zirkulazioa murrizteko neurria eraginkorra izan dela aurreko beste olatu batzuetan.

Neurria indarrean mantentzearekin, gainera, jarduera ekonomikoaren interesak eta pandemiaren kontrola uztartu nahi dira; izan ere, neurri honek jarduera ekonomikoa egunez irekita egotea ahalbidetzen du, gau berandura arte, eta horrela saihesten da gizartean eta ekonomian eragin handiagoa izanen luketen beste neurri murriztaileago batzuk hartzea.

Neurri horrek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa du arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuaren indarraldia luzatzea eta, horrenbestez, jendearen zirkulazio askatasuna mugatzea gauez eta foru agindu honen eranskinean agertzen diren udalerrietan, goian adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko abuztuaren 12ra arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia, baldintza berberetan. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den udalerrien zerrenda, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduan sartu zena. Udalerri horiek dira foru agindu honetan ezarritako irizpideak betetzen dituztenak, eta, beraz, gaueko zirkulazioa foru agindu honen 40. puntuan ezarri bezala murrizteko neurria udalerri horietan aplikatuko da.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko abuztuaren 6ko 00:00etan hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villanueva (Osasuneko kontseilariaren ordez sinatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 26ko 40/2021 Foru Dekretuarekin bat).

ERANSKINA

COVID-19ak eragindako muturreko arrisku-egoeran dauden udalerrien zerrenda, abuztuaren 3an eguneratua

UDALERRIA

14 EGUNEAN

METATUTAKO INTZIDENTZIA

7 EGUNEAN

METATUTAKO INTZIDENTZIA

Abartzuza

3903,345

1301,115

Abaurregaina

793,65

793,65

Ablitas

282,144

201,531

Allin

688,073

458,715

Altsasu

483,675

282,144

Ameskoabarrena

414,364

276,243

Antzin

1780,415

593,471

Andosilla

1020,78

546,846

Añorbe

344,234

172,117

Antsoain

793,87

369,242

Anue

622,406

622,406

Agoitz

1261,595

593,692

Arakil

1607,717

428,724

Aranguren

736,716

377,566

Arantza

1172,529

670,016

Arbizu

634,057

452,898

Artzibar

1908,396

381,679

Areso

2508,96

1075,268

Auritz

1298,701

865,8

Aiegi

1479,289

549,45

Azagra

598,49

338,277

Bakaiku

552,486

552,486

Barañain

658,448

277,241

Baztan

1517,294

1157,258

Beintza-Labaien

909,09

454,545

Bera

1258,029

481,798

Berbintzana

1984,732

763,358

Beriain

983,042

344,064

Berriobeiti

675,303

330,76

Berriozar

949,549

393,247

Bertizarana

490,196

326,797

Bidaurreta

1840,49

1226,993

Buñuel

766,11

270,392

Burlata

633,64

246,124

Cabredo

2197,802

2197,802

Cadreita

1069,246

407,331

Caparroso

325,379

180,766

Zarrakaztelu

721,442

240,48

Cascante

931,677

491,718

Kaseda

2053,388

1540,041

Castejón

576,507

336,295

Cintruénigo

797,165

354,295

Zizur

720,164

308,641

Corella

1116,547

589,637

Cortes

634,719

412,567

Donamaria

1154,734

923,787

Doneztebe

984,936

347,624

Ergoiena

2150,537

268,817

Erro

875

125

Espartza Zaraitzu

1351,351

1351,351

Lizarra

1556,842

709,63

Esteribar

999,259

592,153

Etxalar

1230,012

369,003

Etxarri Aranatz

926,298

724,929

Etxauri

1076,923

615,384

Faltzes

1036,717

431,965

Fontellas

502,008

200,803

Funes

614,754

368,852

Fustiñana

522,088

361,445

Galipentzu

2040,816

1020,408

Garinoain

601,202

601,202

Goizueta

3125

1846,59

Uharte

746,373

394,31

Igantzi

625,978

156,494

Iguzkitza

1538,461

615,384

Irañeta

1744,186

1744,186

Irurtzun

1477,832

806,09

Izaba

253,164

253,164

Iturmendi

744,416

744,416

Itza

890,688

404,858

Txulapain

1065,719

710,479

Lakuntza

625,488

469,116

Lekunberri

325,52

195,312

Lerga

1818,181

1818,181

Lerin

637,681

405,797

Lesaka

1860,634

328,347

Lezaun

413,223

413,223

Lodosa

1245,847

809,8

Longida

1006,711

671,14

Los Arcos

970,017

176,366

Martzilla

699,79

524,842

Mélida

545,702

272,851

Mendabia

902,17

422,892

Milagro

1317,33

556,206

Murchante

433,317

288,878

Murillo el Cuende

1503,759

601,503

Noain (Elortzibar)

829,326

312,5

Otsagabia

959,692

191,938

Oiz

1550,387

775,193

Olazti

2417,73

2417,73

Orkoien

542,272

221,838

Iruña

734,429

290,102

Azkoien

933,31

475,139

Gares

387,323

211,267

Puiu

854,7

569,8

Ribaforada

346,666

213,333

Erromantzatua

2285,714

1142,857

San Adrián

778,766

445,009

San Martin Unx

510,204

510,204

Zangoza

624,748

221,684

Santsol

980,392

980,392

Sartaguda

1216,73

988,593

Sesma

343,642

257,731

Sunbilla

1037,037

592,592

Tafalla

443,605

179,329

Tutera

752,937

427,491

Uharte Arakil

1490,683

745,341

Uxue

1098,901

549,45

Untzue

694,444

694,444

Urraulgoiti

751,879

751,879

Urraulbeiti

1242,236

310,559

Uterga

2614,379

653,594

Eguesibar

776,221

331,313

Deierri

1527,224

796,812

Valtierra

497,512

165,837

Viana

831,551

522,689

Alesbes

737,618

210,748

Villatuerta

1511,335

671,704

Atarrabia

793,806

401,803

Zizur Nagusia

785,551

241,708

Zubieta

1650,165

330,033

Iragarkiaren kodea: F2111987