179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

71E/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita, 2021. urterako, euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei laguntza emateko COVID-19aren ondorioz. DDBN identifikazioa: 573204.

Nafarroa Suspertu 2020-2030 Planak, COVID-19ak sortu duen krisiaren ondorioak arintzeaz gain, nafar gizartea bildu nahi du eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz aurrera egiteko. Eredu horrek Europako ekonomia jasangarri, lehiakor eta kohesionatuenen artean jarri nahi du Foru Komunitatea.

Planaren helburuak lehentasun jakin batzuetan gauzatzen dira, eta horietako bat da euskara kohesio- eta aniztasun-faktoretzat hartzea. Lehentasun horrek, era berean, garatu beharreko ekintza batzuk ere jasotzen ditu, besteak beste, beharrezkoak diren neurriak abiaraztea helduentzako euskararen irakaskuntzak aurrera egin dezan, eta horretarako, beharrezkoa da inbertsioak egitea helburu hori duten ikastegiak osasunaren eta segurtasunaren aldetik egokitzeko.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoera honetan, erronka handia da euskararen irakaskuntzari eta hura ematen duten entitateen biziraupenari eustea. Helburu hori lortzea da Euskarabidearen erronketako bat krisi ekonomiko eta soziala bizi dugun une hauetan.

2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2021 Foru Legean, besteak beste partida hauek onetsi ziren: B30002 B3200 4819 334108 partida, “COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietarako laguntzak” izenekoa, eta B30002 B3200 7819 334100 partida, “COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietan inbertitzeko laguntzak” izenekoa, biak ala biak 15.000 euroko zenbatekoarekin.

Hori horrela, eta xede izanik helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei erraztasunak ematea COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren gastuak eta inbertsioak egiteko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak deialdiaren oinarriak arautuko dituen foru agindu bat onestea proposatu du.

Horrenbestez, dagozkidan ahalmenak erabiliz, ahalmenok aitortzen baitizkit Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak,

AGINTZEN DUT:

1. Laguntzen deialdia onestea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateendako, 2021ean beren instalazioetan egin beharreko gastuak eta inbertsioak finantza ditzaten, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea. Zenbateko horretatik, 15.000 euro B30002 B3200 4819 334108 partidari (“COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietarako laguntzak”) egotziko zaizkio, eta gainerakoa, 15.000 euro, B30002 B3200 7819 334100 partidari (“COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietan inbertitzeko laguntzak”).

AURREKONTUKO PARTIDA

B30002 B3200 4819 334108 COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietarako laguntzak

2021

15.000,00

B30002 B3200 7819 334100 COVID-19.-Helduak euskalduntzeko ikastegietan inbertitzeko laguntzak

2021

15.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea, bidezko ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera (Kontabilitate Zentroa), Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura, Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Argitara ematea foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Dokumentazio hori guztia interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea dirulaguntza batzuk emateko Nafarroako Foru Komunitatean finkatuta dauden eta helduen euskalduntzea sustatzea xede duten entitate pribatuei, finantza ditzaten 2021ean beren instalazioetan egin beharreko gastuak eta inbertsioak, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko.

2. Onuradunak.

Dirulaguntzen araubide honetan parte hartzen ahalko dute helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuek, baldin eta gastuak eta inbertsioak egin badituzte 2020ko abenduaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte.

Dirulaguntza eman baino lehen, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du abian den zerga-ekitaldian beste edozein laguntza jaso badu diruz lagungarriak diren gastu berberetarako, COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko neurriei buruzko araubide hau aplikatuz.

Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan oro har ezartzen diren betebeharrak, bai eta kasuan kasuko deialdiek aurreikusten ahal dituztenak ere.

3. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan halakotzat jotzen direnak, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte egiten badira, eta beharrezkoak badira eskolak emateko eta horien behar bezalako funtzionamendurako.

Zehazki, hauek dira gastu eta inbertsio diruz lagungarriak:

a) Honako hauek sartzen dira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren gastuen kontzeptuan:

–Norbera babesteko material eta produktuetan egindako gastuak: erabili eta botatzeko maskarak, gel hidroalkoholikoak, xaboiak, banagailuak eta desinfekzio pertsonalerako bestelako soluzioak, aurpegia babesteko pantailak eta langileei eta ikasleei ematen zaizkien babes pertsonaleko beste elementu batzuk.

–Seinaletika gastuak, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz eskatzen baita honako hauei buruz informatzea: edukieraren kontrola, ibilbideak, etab.

–Garbiketarako ohiz kanpoko gastuak: garbiketako eta desinfekzioko zerbitzu bereziak, garbiketako eta desinfekzioko produktuen gastua, establezimendua garbitu eta desinfektatzeko makineria eta etxetresna txikiak alokatzea.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Ikastegietako sarbideak eta irteerak COVID-19aren osasun krisiak eskatzen duen egoerara egokitzeko inbertsioak (ate automatikoak irekitzeko sistemak, manparak ezartzea, mostradoreak).

–Inbertsioak ekipamendu informatiko edo elektronikoan eta inbertsioak COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren aplikazio informatikoak erosi eta aldatzeko. Onargarritzat joko dira, baldin eta elementu bakoitzaren kostua 1.500 eurotik beherakoa bada (zergak kenduta).

–Establezimendua garbitu eta desinfektatzeko makineria eta etxetresna txikiak erostea.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 30.000 eurokoa da. Horietatik, 15.000 euro COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren gastuak finantzatzeko bideratuko dira, eta 15.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

4. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

4.1. II. eranskinaren bidez aurkeztuko dira eskaerak. Honako agiri hauek erantsiko zaizkio eskaerari:

a) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena entitateak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

b) Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari baimena ematea kontsulta egiteko.

c) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, dioena ez duela onuradun izateko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik. II. eranskina.

d) 2020ko abenduaren 1etik 2021eko urriaren 31ra egindako gastu eta inbertsioen kontzeptua eta zenbatekoa adierazten duen zerrenda. IV. eranskina.

e) Eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, deialdi honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

Eskaera bakarra aurkeztuko da entitate bakoitzeko.

4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

4.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 15 egun naturaleko epea emanen zaio. Horretaz gain, ohartaraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Dirulaguntza jasotzeko eskaera eta hasierako dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2021eko urriaren 31ra arte aurkezten ahalko dira.

5.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-promotoras-de-la-ensenanza-de-euskera-a-personas-adultas-para-financiar-los-gastos-y-las-inversiones-a-realizar-en-dichas-instalaciones-durante-2021-necesarias-para-hacer-frente-a-la-crisis-ocasionada-por-el-covid-19.

Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

5.3. Eskaerak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak antolatu eta instruituko du laguntza hauek emateko prozedura, bera baita aurkeztutako agiriak tramitatu, baloratu eta aztertuko dituena, bat etorriz foru agindu honen I. eranskineko 2. oinarrian eta 7. oinarriko 3. apartatuan ezarritakoarekin. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak zilegi du gaian eskumenak dituzten instituzioei eta erakundeei txostenak eskatzea, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko balioko dute.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa osatzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak entitate eskatzaileei.

6.3. Honako balorazio irizpide hauen arabera ezarriko da lehentasun ordena eskatzaileei dirulaguntzak emateko (100 puntu):

a) Entitate eskatzailearen ikasle kopurua 2021-2022 ikasturtean, urriaren 31n (40 puntu gehienez):

>= 600: 40 puntu.

>= 400 < 600: 30 puntu.

>= 200 < 400: 20 puntu.

>= 100 < 200: 10 puntu.

< 100: 5 puntu.

b) 2021-2022 ikasturtean eskolak ematen dituen talde kopurua, urriaren 31n (20 puntu gehienez):

>=80: 20 puntu.

>=40 <80: 15 puntu.

>=20 <40: 10 puntu.

>=10 <20: 8 puntu.

<10: 5 puntu.

c) 2021-2022 ikasturtean okupatutako gela kopurua, urriaren 31n (10 puntu gehienez):

>=40: 10 puntu.

>=20 <40: 7 puntu.

>=10 <20: 5 puntu.

<10: 2 puntu.

d) 2020ko azaroaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte bertan behera geratutako talde kopurua (30 puntu gehienez):

>=15: 30 puntu.

>=10 <15: 15 puntu.

>=5 <10: 10 puntu.

<5: 5 puntu.

6.4. Prozedura: Eskaera bakoitza 6. oinarriaren 3. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko da.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aplikatuko da lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz, eta dagokion zenbatekoa emanen zaio eskaera bakoitzari, kontuan harturik jarraian ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak:

–Lortutako puntuazioa 80 edo gehiago bada, diruz lagungarriak diren gastuen %100 jasoko dute, gehienez ere 10.000 euro, partida bakoitzeko.

–Lortutako puntuazioa 50ekoa edo 50 eta 80 artekoa bada, diruz lagungarriak diren gastuen %70 jasoko dute, gehienez ere 7.000 euro, partida bakoitzeko.

–Lortutako puntuazioa 50 baino gutxiago bada, diruz lagungarriak diren gastuen %40 jasoko dute, gehienez ere 4.000 euro, partida bakoitzeko.

Kreditu erabilgarria aski ez bada aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, puntuaziorik handiena lortu duten entitateei emanen zaie dirulaguntza, dagoen kreditua agortu arte.

7. Dirulaguntza emateko ebazpena.

7.1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du hilabeteko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, entitateek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, onartutako gastuen zenbatekoa, dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza ordaintzeko modua.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, entitate onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

7.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, baldin eta jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, xede horretarako jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu justifikatutako gastu osoaren %100a.

8. Ordainketa.

8.1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den inbertsioa eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 10. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den laguntza ez da inbertsioaren defizita baino handiagoa izanen.

8.2. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere betebeharrak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

9. Frogagiriak.

9.1. Entitate onuradunek 2021eko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza gisa, dirulaguntza jasotzen duen entitate onuradunaren legezko ordezkariek sinatutako agiri hauek:

a) Ordaindutako gastu eta inbertsio guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna. V. eranskina.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak (edo froga balioa duten balio bereko agiriak), aipatu zerrendan duten ordena berean.

c) Ordainagiri eskaneatuak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

d) Diruz lagundu beharreko inbertsioa dela eta, edozein administrazio publikok, erakunde pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiz zenbaki eta zehaztua. Deialdi honetan emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko inbertsioaren kostua baino handiagoa. II. eranskina.

e) Egiaztagiria, frogatzeko jarduerak egin direla efizientzia eta ekonomia kontuan hartuta hornitzaileak kontratatzerakoan, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari. VI. eranskina.

9.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 7 egun naturaleko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

10. Jarraipena eta kontrola.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren bidez, zilegi izanen du nahi adina bisita tekniko egitea diruz lagundutako jarduketen garapena egiaztatzeko. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago instalazioetara sartzen uztera eta diruz lagundutako jarduketen gaineko edozein dokumentazio ematera.

11. Betebeharrak.

11.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

11.2. Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

11.4. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute beren jardueren publizitatean eta zabalkundean, COVID-19aren kanpainekin bat, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretua.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11.6. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

11.7. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12. Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek, eskaerarekin batera, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. III. eranskina.

13. Ez-betetzea.

13.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

13.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

14. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

15. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

15.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

15.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntzak eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

17. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

IV. eranskina.–Gauzatutako edo gauzatu beharreko inbertsioen eta gastuen zerrenda.

V. eranskina.–Frogagiri ekonomikoak.

VI. eranskina.–Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla justifikatzeko inprimakia, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin dituztenean (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. art.).

Deskargatu II., IV., V. eta VI. eranskinak DOC formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2110757