171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

78E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egiteko doktoratu aurreko laguntzen 2021eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 572196.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten batean eman du aditzera ezen, ikerketa, zientzia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen modernizazio eta aurrerakuntzarako elementuak diren aldetik, Nafarroako Gobernuak horiek garatzeko egiten dituen ekintzen artean daudela Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza programen deialdiak, helburu dutenak ikertzaileak trebatzea eta Nafarroarentzat interesa duten ikerketa-proiektuak egitea. Programa horiek guztiek eratzen dituzte Prestakuntzako eta I+Gko laguntza planak izenekoak, helburu estrategiko nagusi batekin: ikertzaileen masa kritikoa trebatzea eta lortzea Nafarroan, Foru Komunitatean ezagutzan oinarritutako eredu sozioekonomikoaren garapena bultzatzeko gai izanen dena.

Txosten horretan esaten da, halaber, helburu estrategiko hori ez ezik, plana osatzen duten askotariko programak berariaz beste helburu hauek ere lortzera bideratuta daudela: a) Doktoreen prestakuntza sustatzea laguntza bidez, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egin ditzaten, Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman ikerketarako talentua sartzeko; b) Ikertzaile berriak kalitateko doktorego programa batean trebatu eta gaitu daitezen bultzatzea, ikerketa zientifikoaren esparruan; c) Unibertsitatetako ikerketa departamentu eta institutuak sendotzea, kalitateko prestakuntza jaso duten ikertzaileak hartuz interes estrategiko handieneko arloetan, d) Nafarroako ikertzaile eta unibertsitateek egiten duten ikerketa jarduna nazioartekotu dadin laguntzea, eta e) Nafarroako medikuntza pertsonalizatuaren estrategia integralaren garapena bultzatzea. Amaitzeko, txostenak dio arestian aipatutako a), b) eta c) eta e) helburuak lortu nahi badira zenbait programa abiatu behar direla 2021. urtean, horietako bat izanik Nafarroarentzat interesa duen doktorego programa bat egiteko doktoratu aurreko laguntzen programa, zeinak 3 urteko laguntzak ematen baitizkie, doktoratu aurreko kontratupean, Nafarroarentzat interesa duen doktorego tesi bat egiten duten ikertzaileei.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egiteko doktoratu aurreko laguntzen 2021. urteko deialdia, zeinaren oinarriak ebazpen honen eranskinean jaso baitira.

2. Zenbait urtetarako 687.180 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2021, 2022, 2023 eta 2024ko “Suspertu Plana - Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak” izeneko G10001-G1110-4800-322302 gastu partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Deialdirako hasieran aurreikusten den gehieneko gastuaren banaketa honako hau da:

AURREKONTUA

2023

GUZTIRA

Doktoratu aurreko laguntzak Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egiteko

0 euro

229.060 euro

229.060 euro

229.060 euro

687.180 euro

3. Ebazpen hau eta haren eranskina, onetsitako deialdiaren oinarriak dituena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpena eta haren eranskina jakinaraztea Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordeei eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Iruñeko eta Tuterako zentro elkartuetako zuzendariei.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

DOKTORATU AURREKO LAGUNTZAK NAFARROARENTZAT INTERESA DUEN DOKTOREGO PROGRAMAK EGITEKO 2021. URTEAN. DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Hizkera ez sexistaren adierazpena.

Agiri honetan pertsona, gizatalde edo kargu akademikoak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikala dela ulertzen da, eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.

1. oinarria.–Xedea edo helburua.

Deialdi honen helburua da doktoreen prestakuntza sustatzea ezagutza arlo guztietan, jatorrizko ikerlan baten proiektua (doktore tesia) xede nagusi duten doktorego programak egiteko laguntzak emanez norgehiagokako araubidean. Ikerlan horrek interesa izan behar du Nafarroarentzat, halako moduz non ikerketarako talentua sartzen lagunduko baitu Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman.

2021. urteko deialdi honetan, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak medikuntza pertsonalizatuaren garapenari bultzada eman nahi dionez, ziurtatuko da gutxienez laguntzetariko bat doktorego tesia arlo horretan egiteko proposamenetarako emanen dela.

2. oinarria.–Bete beharrekoak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten goi mailako tituludunek eskuratzen ahalko dituzte laguntza hauek:

1. Nafarroarekin lotura izatea. Deialdi honen ondorioetarako, baldintza hori beteko du, soilik, egoera hauetako batean dagoenak:

a) Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.

b) Nafarroan erroldaturik egon izana 10 urtez gutxienez.

c) Nafarroan jaioa izatea, eta Nafarroako unibertsitate batean edo unibertsitate-zentro batean onartua egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea 2021-2022 ikasturtean doktorego programa bat egiteko.

d) Doktorego programetan sartzeko bide ematen duten masterreko ikasketak Nafarroan eginak izatea, eta erkidego honetako unibertsitate batean edo unibertsitate-zentro batean onartua egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea 2021-2022 ikasturtean doktorego programa bat egiteko.

Nafarroarekin lotura izatearen baldintza betetzearen ondorioetarako, c) eta d) egoeretan, Nafarroan dauden unibertsitateetako campusetan eginiko doktorego programak bakarrik aintzat hartuko dira.

2. Ikasketa espedientearen batez besteko nota beheko taulan jakintza arlo eta maila bakoitzerako adierazten den erreferentziazko nota baino altuagoa izatea (0tik 10era bitarteko eskalan emana), eskatzailearen titulazioari Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan dagokion atxikipenaren arabera.

JAKINTZA ARLOA

DIPLOMATURA

LIZENTZIA

GRADUA

Artea eta Humanitateak

-

6,74

7,41

Zientziak

6,19

6,45

7,12

Osasun Zientziak

6,42

6,86

7,46

Gizarte eta Zuzenbideko Zientziak

6,39

6,55

7,26

Ingeniaritzak eta Arkitektura

6,28

6,58

6,83

3. 2021-2022 ikasturtean doktorego programa bat egiteko matrikulatuta egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea. Matrikulazioa egiaztatzen ez duten eskaerak kautelaz onartuko dira. Horiek baiesteko, eskatzaileak doktorego programan matrikulatu dela egiaztatu beharko du eskaera ontzat hartzeko ezarritako epearen barruan, laguntza jasotzeko proposatua izan baldin bada. (10.3 oinarria).

4. Laguntza ematearen gaineko aldeko txostena izatea, atxikipen zentroak emana.

5. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunaren aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez, antzeko laguntzarik jaso ez izana.

Deialdi honen ondorioetarako, antzeko laguntzatzat hartuko dira doktoratu aurreko prestakuntzarako, ikerketa proiektuak garatzeko edo espezializazio zientifiko edo teknikorako emandako laguntza guztiak, baldin beren helburuen artean onuradunak doktorego ikasketak egitea aurreikusi badute.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintza orokorrak betetzea eskabideak aurkezteko epean.

3. oinarria–Atxikipen zentroak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, atxikipen zentrotzat hartuko dira ikerketako erakunde publiko nahiz pribatuak, irabazi asmorik gabeak, I+Gn gaitasun eta jarduera frogatuak dituztenak, ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat doktoratu aurreko kontratuaren modalitatean kontrata dezaketenak (aipatutako legea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa da).

2. Unibertsitateak ez diren atxikipen zentroek lotura egonkor eta formalizatua izan behar dute unibertsitateekin, elkarlan hitzarmen baten bidez, hain zuzen ere laguntza eskatzaileak zer unibertsitatetan matrikulatu diren doktoregoa egiteko, unibertsitate horiekin, halako moduz non segurtatuko baita, alderdien arteko akordioen bidez, beteko direla, bai prestakuntza programaren garapen egokia, bai deialdiak onuradunei eta atxikipen zentroei eskatzen dizkien betebeharrak.

3. Atxikipen zentroak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.

4. Doktoregoa atzerriko unibertsitateetan egiteko eskaeren kasuan, zentro horiek ez dira entitate laguntzaile izanen, eta laguntza onuradunari emanen dio zuzenean deialdia egin duen organoak, beka moduan.

4. oinarria.–Laguntzaren ezaugarriak.

4.1. Izaera eta iraupena.

1. Doktoregoa Espainiako unibertsitate batean egiten denean, laguntzak doktoratu aurreko kontratuak izanen dira, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean aurreikusi bezala.

2. Doktoregoa atzerriko unibertsitate batean egiten denean, aldiz, laguntza beka moduan emanen da.

3. Laguntzak 3 urtetarako emanen dira gehienez ere, eta beti egonen dira 14.3 oinarrian ezarritako prozeduraren arabera urtero egin beharreko jarraipen txostenen aldeko balorazioaren menpe. Edonola ere, doktore titulua eskuratzean desagertutzat joko da laguntzaren xedea, eta, horrenbestez, laguntzaren gaineko eskubideak amaitutzat emanen dira. Kasu horretan, ondorio administratibo eta ekonomikoetarako, laguntza amaitutzat joko da doktore tesia defendatzen den egunetik beretik.

4. Eskatzaileak doktoratu aurreko beste laguntza bat, kontratu izaerakoa, jaso badu deialdian baimendutako mugen barrenean, laguntzaren aldia murriztuko da, eskatzaileak hura jaso zuenetik Nafarroako Gobernuaren laguntza hasi bitartean iragandako denboraz.

4.2. Zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoan kontzeptu hauek izanen dira:

1. Mantenua.

a) Kontratu gisa ematen diren laguntzak.

Laguntza kontratu gisa ematen denean, doktoratu aurreko kontratu horiek finantzatzeko zenbatekoa 1.275 eurokoa izanen da hilero, laguntzak gehienez ere iraun dezakeen 3 urteetan, Prestakuntzaldian ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laguntza jasotzen den urte bakoitzean 12 hileroko eta aparteko bi paga ordainduko dira.

Halaber, Gizarte Segurantzako enpresa-kuotaren kostuak finantzatuko dira laguntzak ematen diren bitartean, Gizarte Segurantzari, langabeziari, jarduera uztearen ondoriozko babesari, soldatak bermatzeko funtsari eta lanbide heziketari dagozkien legezko kotizazio arauekin bat; kotizazio horien kuotetan izan daitezkeen bariazioek eragindako kostuak ere finantzatuko dira.

Zenbateko horiek agertu beharko dute atxikipen zentroarekin sinatzen den doktoratu aurreko kontratuan, gutxieneko ordainsari gisa, baina horrek ez du esan nahi entitate kontratugileak ezin dituenik langileen kostuetarako duen aurrekontu arrunten kontura osatu. Laguntzarako ezarritako kopurua gorabehera, kontratatutako langileak jasoko duen ordainsariak bat etorri beharko du Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin.

b) Beka gisa ematen diren laguntzak.

Laguntzaren hileko zenbatekoa honen emaitza izanen da: ezarritako modulua, 1.275 eurokoa, bider koefiziente zuzentzaile bat, IV. eranskineko taularen araberakoa. Zenbateko horiek urtero eguneratzen ahalko dira, Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

2. Matrikularen kostua eta doktore titulua.

Laguntza jasotzen den hiru urteetan izandako gastu administratiboak (matrikulak, unibertsitate tasak, titulua eskatzeko gastuak, etab.) finantzatuko dira, gehienez ere 1.500 eurorekin.

3. Bidaia-gastuak.

Doktorego programak atzerriko zentroetan egiteko laguntzek urteko osagarri bat izanen dute, zentrorako joan-etorriko bidaia bat ordaintzeko eta atzerrian laguntza aseguru bat kontratatzeko; osagarri horren zenbatekoa taula honi jarraikiz ezarriko da:

DISTANTZIA

1.000 km-raino

1.001 km - 2.500 km

2.500 km baino gehiago

Lekualdatzeko gastuak

300 euro

600 euro

1.000 euro

Asegurua

300 euro

5. oinarria.–Aurrekontuko diru kopurua.

Laguntza hauen ondoriozko gastuak honako honi egotziko zaizkio 2022an eta hurrengo urteetan, aurrekontuetan eskuragarri dagoen kredituaren arabera: “Suspertu plana - Prestakuntzako eta Ikerketa eta Garapeneko (I+G) Planerako laguntzak” izeneko G10001G11104800322302 aurrekontuko partida. Deialdi honetarako 687.180 euroko gastua eginen da gehienez.

Hasiera batean aurreikusten den urtez urteko banaketa honakoa da:

–2022. urtea: 229.060 euro.

–2023. urtea: 229.060 euro.

–2024. urtea: 229.060 euro.

6. oinarria.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Prozedura hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2. Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz ezarriko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Hala, instrukzioaren barrenean jarduketa hauek sartzen dira: beharrezkotzat jotzen dituen ebaluazio txostenak eskatzea adituei edo entitate ebaluatzaileei, beharrezkoak baitira 10.2 oinarrian azaldutako hautapen prozesuko bigarren faserako, sor litezkeen auzi guztiak ebaztea eta ebazpena garatzeko eta betetzeko jarraibideak prestatzea.

3. Eskaerak hautatzeko batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

–Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

–Unibertsitateen Ataleko burua, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, edo horrek eskuordetzen duen pertsona, idazkari arituko dena.

Batzordeak aholkua eskatzen ahal die, organo kudeatzailearen bidez, gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei.

Batzordea eraturik, laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez ere bost hilabeteko epean, 10.3 oinarrian ezarritako arauekin bat etorriz. Proposamen hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan jarriko da, dagokion fitxan (aurrerantzean, laguntzen fitxa), eta hor agertuko dira onuradunen zerrenda izenduna eta haien atxikipen zentroak.

4. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik sei hilabeteko epea izanen da gehienez ebazpena eman eta laguntzen fitxan argitaratzeko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.

7. oinarria.–Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluarekin bat, prozesu honetan parte hartzen dutenek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez deialdi honen ondoriozko administrazio prozeduraren tramite guztietarako. Jakinarazpenetarako helbide elektroniko bat eman beharko dute derrigorrean, eskaera formularioan.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioa beteta.

Formulario telematiko horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen aitorpena, eta, bestetik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari ematen dion baimena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ahal dezan. Eskabidean eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

Eskabidean adierazi beharko du I. eranskineko sailkapeneko zer talde eta arlo zientifikori atxikitzen dion eskaera. Egindako hautua ezin izanen da aldatu onartutako eskaeren behin betiko zerrenda argitaratu delarik. Era berean, berariaz adierazi beharko da egin asmo den doktorego tesia medikuntza pertsonalizatuaren arlokoa den.

8. oinarria.–Eskabideari erantsi behar zaizkion agiriak eta horien tratamendua.

Laguntzen fitxaren bitartez aurkeztuko dira prozeduraren lehen fasean, behar bezala betetako formularioarekin batera, fitxategi bereizietan eta izenarekin behar bezala identifikaturik, honako agiri hauek:

A) Aurkeztu beharreko agiriak:

1. 2.1 oinarrian loturari dagokionez ezarritako betebeharra betetzen duela frogatzen duen agiria.

2. Ikasketa espedientean eskatutako batez bestekoa lortu duela egiaztatzen duen ikasketa ziurtagiria. Ikasketak atzerrian egin badira, batez besteko notaren aitorpena aurkeztu beharko da, III. eranskineko 6. atalean ezarritakoaren arabera.

3. Eskatzailea 2.3 oinarrian adierazitako moduan doktorego programa batean onartuta dagoela (edo onartzeko eskaera egina duela) frogatzen duen agiria.

4. Atxikipen zentroak emandako aldeko txostena doktore tesia egiteko.

a) Espainiako zentroen kasuan, txostena entitatearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta entitateak laguntza jasoko duen ikertzailea kontratatzeko konpromisoa hartzen duela adierazi beharko da bertan, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 20. eta 21. artikuluetan adierazitako moduan. Horrekin batera, adierazi beharko du Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko konpromisoa, bai eta deialdi honetan araututako betebeharrak betetzekoa ere; bereziki, entitate laguntzailea izatea onartzen duela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

Atxikipen zentroa unibertsitate bat ez bada, aurrekoaz gain aurkeztu beharko da tesia egiten den unibertsitatearekin dagoen elkarlan hitzarmenaren kopia, edo agiri baliokidearena.

b) Atzerriko unibertsitateen kasuan, txostena tesiaren zuzendariak edo doktorego programaren arduradun akademikoak sinatu beharko du, eta deialdi honen 11.3 B) oinarrian ezarritako betebeharrak betetzeko konpromisoa adierazi beharko da bertan.

5. Doktoregaiaren merezimenduak, II. eranskineko ereduaren arabera eginak, eta bertan azaltzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko ziurtagiriak.

6. Nazioartekotzea eta Nafarroako I+G+b sistema sendotzeari buruz 10.1.1 oinarriaren 3. atalean ezarritako puntuazioa lortzeko, berariazko atalak bete beharko dira eskaera egiteko formulario telematikoan, eta fitxategi bereizietan erantsi tesiaren tutoretza partekatuari, tesiaren zuzendaritza partekatuari, unibertsitate arteko lankidetza proiektuetan parte hartzeari eta abarrei buruz ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak. Tesiaren tutoretza partekatuari dagokionez, tesia tutoretza partekatuko araubidean egin ahal izateko berariaz egiaztatu beharko da dagokion unibertsitateko organo eskudunaren baimena; ez da aski izanen baimen hori lortzeko eginiko eskabidea aurkezte hutsa.

B) Dokumentazioaren tratamendurako arauak.

1. Ez badira aurkezten 8.A.1, 2, 3 eta 4 oinarrian adierazitako agiriak edo horietan akatsen bat baldin badago, 9. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz zuzentzen ahalko da hori.

2. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan ezin izanen da zuzendu eskatzailearen merezimenduei buruzko 8.A.5 agiria aurkeztu ez izana, ez eta agiri horri lotutako datuak erabat edo parte batean aipatu ez izana ere, interesdunari egotz dakiokeen akatsa edo arrazoia izan bada. Halaber, epe hori iraganda ez dira onartuko azaldutako merituen gaineko datu berririk, ez eta haien egiaztagirien gainekoak ere.

3. Eskaerak aurkeztutako epea bukatu ondoren ez da onartuko datu berririk 10.1.1 oinarriaren 3. atalean ezarritako puntuazioa eskuratzeko. Egiaztagiriren bat faltan izatea zuzentzen ahalko da, bakar-bakarrik, aurkeztutako eskaera-formularioan adierazi diren baldintzak betetzeari buruzkoa baldin bada.

4. Instrukzio organoak, noiznahi, jatorrizko agiriren bat aurkeztea eska dezake, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko. Halaber, prozeduraren edozein fasetan eskatzen ahalko ditu alegaturiko merezimenduei buruzko argibide eta datu osagarriak, agiriei buruzkoak eta oro har jasotako laguntza eskatzearekin, eskuratzearekin eta, kasua bada, mantentzearekin zerikusia duten bestelako inguruabarrei buruzkoak.

5. Ez dira kontuan hartuko haien arau erregulatzaileen arabera ziurtatzeko eskumenik ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek luzatutako agiriak.

6. Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko du organo kudeatzaileak. Itzulpenik ez bada, agiriak ez dira kontuan hartuko.

7. Deialdi honetako oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskuetan baldin badago, interesdunek ez dute berriro aurkeztu beharrik, baina idazki bat aurkeztu beharko dute, adierazteko zer agiri utzi den aurkeztu gabe, zer artxibotan dagoen eta noiz aurkeztu zen. Idazki horrek ordezten duen kasuko dokumentazioa aurkeztu behar deneko epe berean aurkeztu beharko da.

C) Datu pertsonalak.

Eskatzaileek emandako datuak Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira laguntzaren gaineko ebazpena emateko, eta, ondoren, deialdi honetan azaltzen denari jarraikiz kudeatzeko helburuarekin. Kudeaketa horrek berekin ekar dezake zenbait datu lagatzea hirugarren entitate publiko nahiz pribatu batzuei, entitate horiek laguntzen kudeaketaren prozesuan esku hartzea beharrezkoa izateagatik edo lagapena lege mailako arauren batean aurreikusita egoteagatik. Zilegi izanen da, halaber, datuak ematea laguntzak kudeatzeko eskumena duten Administrazioaren beste organo batzuei.

9. oinarria.–Eskaerak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda.

Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost eguneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko.

2. Zuzenketa-tramitea egindakoan eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

10. oinarria.–Hautapen prozesua.

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondotik, betebeharrak betetzen dituztela frogatu eta horrenbestez laguntza jaso dezaketen eskaerak sailkatuko dira, deialdi honen I. eranskinean adierazitako taldeen arabera, non zientzia esparru eta gai desberdinak barne hartzen baitira.

Hautapen prozesuak fase hauek izanen ditu:

1. fasea edo aurrehautapenekoa.

2. fasea edo hautapen bukaerakoa.

10.1. Aurrehautapeneko fasea.

Fase honetan gehienez 10 eskaera hautatuko dira I. eranskineko ezagutza arloko talde bakoitzeko.

10.1.1. Puntuak emateko irizpideak.

Eskaera bakoitzak 65 puntu jasoko ditu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

1. Eskatzailearen ikasketa espedientea, gehienez ere 40 puntu. Azken puntuazioa honela kalkulatuko da: ateratako batez besteko nota bider 4.

Ingeniaritza eta Arkitekturako titulazioen ikasketa espedienteen kasuan, kalkulatutako amaierako notari 1,10 haztapen-koefizientea emanen zaio.

Espedientearen batezbestekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, bakar-bakarrik, gradu, lizentzia edo diplomaturetan erdietsitako notak. Ez dira aintzat hartuko master ikasketetako notak.

Eskatzaileak graduko titulu bat, lizentzia bat edo diplomatura bat baino gehiago baldin baditu eta horietako edozeinek bidea ematen badio doktorego programan onartua izateko, eskaera formularioan hautatuko du zein titulazio nahi duen aintzat hartzea. Titulazio horrek finkatuko du ikasketa espedientearen puntuazioa. Egindako hautua ezin izanen da aldatu eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

III. eranskinean ezarritako arauen arabera baloratuko dira ikasketa espedienteak.

2. Eskatzaileak ikerketaren arloan dituen merezimenduak, gehienez ere 10 puntu, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3. Nafarroako I+G+b sistema nazioartekotzeko eta sendotzeko bultzada, 15 puntu gehienez, honela xehatuta:

a) Nazioartekotzeko bultzada. (10 puntu gehienez).

–10 puntu emanen zaizkie Nafarroako unibertsitate bateko eta atzerriko beste bateko ikertzaileek tutoretza partekatuko araubidean zuzendutako tesiak egiteko laguntza eskaerei.

–5 puntu emanen zaizkie Nafarroako unibertsitate bateko eta atzerriko beste bateko ikertzaileek zuzendaritza partekatuko tesiak egiteko laguntza eskaerei.

–3 puntu emanen zaizkie ikerketa proiektu bateratuen esparruan garatzen diren tesiak egiteko laguntza eskaerei, baldin proiektuok partaide badituzte Nafarroako unibertsitate bat eta atzerriko beste bat gutxienez.

–2 puntu emanen zaizkie atzerriko unibertsitateetako doktorego programetan garatutako tesiei.

b) Nafarroako i+g+b sistema sendotzea. 5 puntu gehienez.

–5 puntu emanen zaizkie Nafarroako unibertsitateen doktorego programetan egindako tesiei, baita zenbait unibertsitateren baterako doktorego programetan egindakoei ere, baldin horietan Nafarroako unibertsitateek parte hartzen badute.

–Nafarroakoak ez diren unibertsitateetako doktorego programetan egiten diren tesiei, non baterako zuzendaritza Nafarroako unibertsitate bateko ikertzaile bati dagokion, 2 puntu emanen zaizkie atal honetan.

10.1.2. Aurrehautatuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa

Behin eskaera bakoitzari puntuazioak emanda, arlo-talde bakoitzerako lehentasun ordena bat ezarriko da, eta bigarren fasera igarotzeko hautatuko dira puntu gehien lortu dituzten hamar eskaerak, betiere 35 puntu baino gehiago lortu badute.

Eskaera aurrehautatuen eta aurrehautatu ez direnen behin-behineko zerrenda laguntzaren fitxaren web-orrian argitaratuko da, eta bost eguneko epea emanen da interesdunek alegazioak jarri ahal izateko.

Behin alegazioei erantzunda, eskaera aurrehautatuen behin betiko zerrenda argitaratuko da laguntzen fitxan, eta bost eguneko epea emanen da 10.2 oinarrian hautapen bukaerako faserako ezarritako agiriak aurkezteko.

10.2. Hautapen bukaerako fasea.

10.2.1. Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta hura tratatzeko arauak.

Eskaera aurrehautatuen behin betiko zerrenda argitaratu ondotik, hautapen bukaerako fasean sartzen diren eskatzaileek modu telematikoan aurkeztu beharko dute, laguntza fitxaren web-orriaren bidez eta 10 eguneko epe luzaezinean, honako dokumentazio hau:

1. Prestakuntza proiektuaren eta egin beharreko doktorego tesiaren memoria. Zuzen puntuatzeko beharrezkoak diren elementuak beharko ditu izan, eta bereziki hauek:

a) Helburuen definizioa, gaia zertan den, hipotesia, metodo zientifikoa, erabili beharreko iturriak eta bitartekoak, eta denbora-plangintza.

b) Atal batean berariaz azaldu beharko da proiektuak duen interesa ikerketa arlo zehatzaren egoerari dagokionez.

c) Atal batean berariaz azalduko dira proiektuaren bideragarritasuna, baliabideen egokitasuna, zuzendariak eta ikerketa taldeak proiektuaren gaiarekin duten lotura, eta proiektuari lotutako prestakuntza programa.

2. Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarien curriculum vitaea.

3. Ikerketa talde hartzailearen azken 5 urteetako historia zientifikoa.

Dokumentazioa ez bada aipatu epean aurkezten, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da.

Ezin izanen da zuzendu agiri horiei lotutako datuak erabat edo parte batean aipatu ez izana, interesdunari egotz dakiokeen akatsa edo arrazoia izan bada.

10.2.2. Puntuak emateko irizpideak.

Hautapen-proposamena egiteko, Batzordeak adituen talde baten edo ebaluazio entitate baten laguntza izanen du; talde horrek I. eranskinean aipatutako arlo zientifikoen arabera antolatuko du bere lana, eta txosten bat eginen du eskaera bakoitzerako, non 35 puntu bitarte emanen baititu ondoren azaltzen diren irizpideen arabera. Bigarren fasea gainditu eta laguntza jasotzeko, 15 puntu lortu behar dira gutxienez ere.

1. Tesi proiektua, 20 puntu gehienez, honen arabera:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, helburuen formulazioa, planteamendua, metodologia, etapak eta denbora-plangintza, argitasuna eta zorroztasuna aurrekarien azalpenean eta bibliografia: 10 puntu gehienez.

b) Proiektuaren berritasuna, interesa eta inpaktua arlo zehatzeko gaiaren egoerari dagokionez: 5 puntu gehienez.

c) Proiektuaren bideragarritasuna, baliabideen egokitasuna, zuzendariak eta ikerketa taldeak proiektuaren gaiarekin duten lotura, eta proiektuari lotutako prestakuntza programa: 5 puntu gehienez.

2. Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarien curriculuma eta ikerketa egiten duen ikerketa taldearen ibilbidea, 15 puntu gehienez, honela xehatuta:

a) Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarien ikerketa esperientzia: 5 puntu gehienez.

b) Tesi proiektuaren zuzendariaren edo zuzendarien gaitasuna doktoregorako prestakuntzarako: 5 puntu gehienez.

c) Talde hartzaileak azkeneko 5 urteetan izan duen ikerketa jarduera: 5 puntu gehienez.

Eskaera bakoitzari arestian ezarritako irizpideen arabera esleitutako puntuazioaz gain, eskaera-orrian beren doktorego tesia medikuntza pertsonalizatuaren arlokoa dela adierazi duten eskaeren kasuan, batzordeak balorazio bat emanen die medikuntza pertsonalizatuaren kontzeptuarekiko egokitasunaren arabera, ondoren adierazten den moduan:

A: Egokitasun handia.

B: Egokitasun txikia.

Balorazio hori egiteko Batzordeak Nafarroako Gobernuko adituen laguntza izaten ahalko du.

10.3. Laguntzak eman eta ukatzea.

Hautapen Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko proposamen bat eginen du, honako arauekin bat:

1. Azken fase honetan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaeretarako lehentasun ordena bat ezarriko da arlo-talde bakoitzean, kontuan izanik aurrehautapeneko fasean eta hautapeneko bukaerako fasean lortutako puntuazioaren batura.

2. Guztizko puntuazioen arteko berdinketak ebazteko, hurrenez hurren erreparatuko zaie aurrehautapenaren 3.,1. eta 2. irizpideetan eta hautapeneko bukaerako fasearen 1. eta 2. irizpideetan lortutako puntuazioei.

3. Lehenik, proposatuko da I. eranskineko 5 arlo-taldeetako bakoitzean puntu gehien lortutako eskaerei ematea laguntza.

4. Ondoren, proposatuko da gainerako laguntzak ematea, eskuragarri dagoen aurrekontua agortu arte, puntu gehien lortutako eskaerei, kontuan hartu gabe zer arlo-taldetakoak diren.

5. Betiere, ziurtatuko da laguntzetako bat gutxienez medikuntza pertsonalizatuaren arloko tesi bat egiteko emanen dela, hain zuzen ere, Batzordeak arlo horren kontzeptura oso ongi egokitzen dela deritzonetako baterako.

Hasiera batean laguntza jasotzeko proposatutako eskaeretatik bakar bat ere ez balitz izanen egokitasun handikoa medikuntza pertsonalizatuaren arlorako, bere arlo-taldeko onena ez den puntuaziorik txikieneko eskaera baztertuko da, medikuntza pertsonalizatuaren arlorako egokitasun handia eta puntuaziorik handiena duen eskaeraren alde egiteko.

6. Behin laguntzak emanik aurretik azaldutako prozeduraren arabera, gainerako eskaerei laguntza ukatzeko proposamena eginen da, aurrekontua nahikoa ez izateagatik.

7. Aurrekontu nahikoa ez izateagatik laguntza ez jasotzeko proposatzen diren eskaerekin ordezkoen zerrenda bat eginen da. Hala, zerrenda horretara joko da baldin laguntzak jasotzeko proposatutako pertsonek atzera egiten badute edo ezin badute frogatu onuradun izateko dauden betebeharren bat, edo laguntzak eman ondoren norbaitek uko egiten badio laguntzari. Zerrenda hori 2022ko urriaren 30era arte egonen da indarrean.

8. Eman edo ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzaren fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, bost eguneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

9. Epe horretan berean, laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatu diren interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: onarpen idazkia, 2021-2022 ikasturteko doktorego programan matrikulatu izanaren ziurtagiria eta erantzukizunpeko adierazpen eguneratua, lehenago eskuratutako mota bereko beka eta laguntzei eta beren lan egoerari buruzkoa.

Agiriak epe horretan aurkezten ez badira, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da, eta proposatuko da ordezkoen zerrendan lehenik dagoenari ematea laguntza, 10.4 oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

10. Interesdunek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez Batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

11. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik sei hilabeteko epea izanen da ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Ebazpena laguntzen fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.4. Ordezte mekanismoa.

1. Ordezkoen zerrenda indarrean den bitartean 10.3.7 oinarrian aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, eta betiere beste laguntza batzuk emateko nahikoa aurrekontu badago, honela emanen dira laguntzak:

a) Baldin arlo-talde batean puntu gehien lortu duen eskaera baten kasuan gertatzen bada ukoa edo atzera egitea, hori izanik talde horretan emaniko edo emateko proposaturiko laguntza bakarra, proposatuko da laguntza ematea hutsa gertatzen den arlo-taldean hurrengo dagoen eskaerari.

b) Gainerako kasuetan, proposatuko da laguntza erreserba zerrendako puntuaziorik handieneko eskaerari ematea, zeinahi izanik ere dagokion taldea.

c) Uko egitea edo atzera egitea medikuntza pertsonalizatuaren arlorako emandako laguntza bakarrean gertatzen bada, proposatuko da laguntza ematea medikuntza pertsonalizatuaren arlorako egokitasun handia duten eskaeren artetik puntuaziorik handiena duenari.

2. Organo kudeatzaileak jakinaraziko dio interesdunari laguntza emateko proposamena, 5 eguneko epe luzaezinean onar dezan, 10.3.9 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuz. Hori egin ezean, proposatuko da laguntza ematea ordezkoen zerrendan hurrengo den pertsonari, lehen adierazitako irizpideen arabera.

3. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena eman eta laguntzaren fitxaren web-orrian argitaratuko da, hura sinatu eta 5 eguneko epean.

11. oinarria.–Onuradunen eskubideak eta betebeharrak.

11.1. Prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen eskubideak.

1. Onuradunek, laguntza hau onartuz gero, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aipatzen diren eskubide orokorrak izanen dituzte; izan ere, dekretu horren bidez onetsi zen Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua.

2. Jarraipen txostenetan aldeko balorazioa lortzeari buruzko betebeharra betetzen badute, ikertzaileek eskubidea izanen dute kontratuari beste urtebetez eusteko.

Aldeko balorazio hori lortzea ez da berez helburu bat izanen deialdi honen ondorioetarako. Halere, kontuan hartuko da, erabateko betetzera hurbiltze garrantzitsua den aldetik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikuluan ezarritako konpromisoak betetzeko dudarik gabeko jardunaren froga gisa.

Aurrekoaren arabera, jarraipen txostenetan aldeko balorazioa behar den denboran eta moduan eskuratzeak ekarriko du oinarri honetako 11.7 puntuan ezartzen den laguntzaren zatia behin betiko finkatzea. Finkatze hori ez da gertatuko ebazpena eman arte. Bertan betetzeari edo ez-betetzeari buruzko adierazpena eta bidezkoa den likidazio ekonomikoa sartuko dira.

11.2. Prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen betebeharrak.

Prestakuntzaldian ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 27ko 103/2019 Errege Dekretuak, (Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten du) 13. artikuluan ikertzaileei ezartzen dizkien betebeharrez gain, laguntza hauen onuradunek arau hauek ere bete beharko dituzte:

1. Oro har, Unibertsitateko Zerbitzuak laguntzen jarraipen egokirako ematen dituen jarraibideei kasu egitea.

2. Atxikipen zentroan deialdi honetako 14.2 oinarrian ezarritako epean sartzea.

3. Atxikipen zentroko funtzionamendu arauak betetzea, dedikazioari, ordutegiei, oporrei eta aldi baterako absentziei dagokienez.

4. Laguntzak irauten duen ikasturteetan matrikula egitea doktorego programan, kasuan kasuko unibertsitatean ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Aldeko balorazioa lortzea, urtero aurkeztutako jarraipen txostenei buruz. Betebehar hori betetzea ezinbestekoa izanen da laguntzen aplikazio kontratuak urtero berritzeko.

6. Doktorego tesia amaitu eta defendatzea eta doktore titulua lortzea deialdian ezarritako epeetan.

7. Unibertsitateko Zerbitzuan frogatzea doktore titulua 14.4 oinarrian ezarritako epeetan lortu duela, egindako doktorego tesiaren ale bat erantsita.

8. Baldin doktorego tesiaren gaia, zuzendaria edo kozuzendaria, unibertsitatea edo atxikipen zentroa aldatzen bada, horren berri ematea, idatziz, Unibertsitateko Zerbitzuari.

Ondorio horietarako, kasuan kasuko unibertsitateak edo unibertsitateek aldaketa horietarako baimena eman izana behar bezala frogatuko da.

Kontuan hartuz deialdian ezarritako ordainketa egutegia eta kasuko atxikipen zentroek izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorio ekonomikoak, unibertsitate aldaketak soilik baimenduko dira, bidezkoak badira, ondorioak izanik jatorrizko atxikipen zentroari ordaindutako laguntza-aldia amaitu eta biharamunetik aurrera. Aldaketa eskatzen denetik onartzen den arte laguntza eten eginen da, 11.5 oinarrian borondatezko etenaldietarako ezarritako moduan.

Horrelako aldaketek ez dute inoiz ekarriko betebeharrak bete direla frogatzeko aurreko ataletan ezarri diren gehieneko epeak luzatzea.

9. Unibertsitateko Zerbitzuari idatziz jakinaraztea edozein lan jarduera egiten ari dela edo beste beka edo laguntzaren bat jaso duela.

10. Ikerketaren emaitza batzuk edo guztiak zabaltzen diren orotan, Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela agertzea. Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar baimena ematea doktorego tesiaren amaierako memoria Nafarroako Gobernura igortzeko, eskumen arloaren arabera horretan interesa izan dezakeen departamentura, hain zuzen, bai eta Nafarroako Gobernuak sor ditzakeen argitalpen bilduma edo funtsetan sartzeko ere, lanaren kopia, banaketa eta zabalkunde publikorako; kasu horretan, jatorrizko egilearen eta erakundearen izena aipatuko dira beti, eta ez da bestelako erabilerarik izanen helburu komertzialekin ez eta eratorritako lanaren ondorioz ere.

11. Deialdiarekin lotutako ekitaldi instituzionaletara joatea eta Unibertsitateko Zerbitzuak zientzia sustatzeko antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea, hala eskatzen bazaio. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak Zientziaren Astea dela-eta antolatutako ekitaldietako batean behintzat parte hartu beharko du. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik izan gabe parte hartzen ez badu, konpromisoa ez duela bete ulertuko da, 11.7 oinarrian aurreikusitako ondorioekin.

12. Organo eskudunek egiaztapenak eta finantza-kontrolak egin ditzaten onartzea eta jarduera horietarako eskatzen dituzten agiri guztiak ematea.

13. Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

11.3. Atxikipen zentroen betebeharrak.

A.–Honako hauek dira Espainiako atxikipen zentroen betebeharrak:

1. Laguntzen onuradunei behar duten babesa ematea eta beren lanerako behar dituzten baliabideak erabiltzen uztea.

2. Tesiaren zuzendari bat eta, hala behar denean, tutore edo kozuzendari bat izendatzea, ikasketak eta ikerketa lanak koordinatu eta bideratzeko eta, bereziki, jarraipena egiteko, laguntzen onuradunen betebeharrak eta laguntzen xedea bete daitezen.

3. Urteko jarraipen txostenak egitea, deialdiaren 14.3 oinarrian ezarritakoak, eta Unibertsitateko Zerbitzuari igortzea.

4. Prestakuntza programaren garapen egokiaz arduratzea. Onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketarekin edo horretarako behar den prestakuntza berariazkoarekin zerikusirik ez duen inolako jarduerarik egiteko.

5. Unibertsitateko Zerbitzuari jakinaraztea zentroan prestakuntzan sartutako ikertzaileak doktore titulua eskuratu duela, eskuratu eta hogei egun balioduneko epean gehienez ere.

6. Atxikitzen zaizkien ikertzaileei emandako laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izaera onartzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuaren eta onuradunen atxikipen zentroen arteko lankidetza hitzarmena sinatzeak ez du eskumenaren aldaketarik ekarriko. Bertan aurrez ikusten diren eskumenaren egikaritza-elementuei soilik eraginen die, deialdiko prozeduren aplikaziorako lanen aplikazio praktikoaren ondorioz.

7. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin bat, prestakuntzaldian ari diren ikertzaile onuradunen kontratuak egitea, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

8. Emandako laguntzaren inguruan gertatzen den edozein gorabehera Unibertsitateko Zerbitzuari komunikatzea, gertatzen denetik hogei egun balioduneko epean.

9. Ikertzaileekin egindako kontratuen kopia bidaltzea, sinatzen direnetik hogei egun balioduneko epean.

10. Laguntza betetzeagatik izandako gastuen egiaztagiriak igortzea ordaindutako aldia amaitzen denetik hogeita hamar eguneko epean.

11. Zentroen eta prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen arteko kontratuetan, eta laguntzen deialdi honen babesean egindako ikerketen emaitzak osorik edo zati batean aditzera ematen direnean, Nafarroako Gobernuak kontratua finantzatu duela aipatu beharko da.

12. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate laguntzaile izateko eskatzen diren baldintzak eta entitate laguntzaileei lege horrek ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.

13. Egiaztapen eta kontrolak egiteko eskumenak erabili ahal izan daitezen, eskatzen zaien informazioa ematea eta kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, aplikatu behar den legeria sektorialean agindutako moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.

B.–Honako hauek dira atzerriko atxikipen zentroen betebeharrak:

Atzerriko zentroen kasuan, laguntzen kudeaketa ekonomikoa beteko ez dutenez, aurreko ataleko 1., 2., 3., 4. eta 5. betebeharrak baizik ez dituzte hartuko bere gain.

11.4. Sarrera geroratzea.

Unibertsitateko Zerbitzuak baimena ematen ahalko dio ikertzaileari entitate hartzailean geroago sartzeko eta, horrenbestez, laguntzaren onuradun geroago bihurtzeko, bidezko arrazoiengatik hala eskatzen badu, zentro hartzailearekin ados jarrita, bertan sartu behar zuen eguna baino lehen. Sarrera hiru hilabete geroratzen ahalko da gehienez. Emandako epea igarota zentroan sartzen ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.

11.5. Laguntzak etetea.

1. Langileen Estatutuaren 45. eta 46. artikuluetan azaltzen diren arrazoiengatik kontratua eteteak ez du ekarriko laguntzaren iraunaldia luzatzea, salbu eta kontratuak iraun bitartean aldi baterako ezintasuna, amatasuna edo haur-harrera gertatzen denean, gertaera horiek laguntzaren iraunaldia eten egiten baitute, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2002 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren azken xedapenetan hirugarrenean ezarritakoarekin bat. Halakoetan etenaldiko denbora berreskuratzen ahalko da, gutxienez 30 eguneko aldietan, eta aurrekontuetan dirurik baldin badago.

2. Kontratua eteten bada, aldeen adostasunez, hiru hilabetetik gorako aldirako, laguntza galdu eginen da.

3. Etenaldia amaitutakoan ikertzailea atxikipen zentrora itzultzen ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.

11.6. Betebehar akademikoak betetzeko epearen luzapena.

A) Luzapen arrunta doktorego tesia amaitu eta doktore titulua eskuratzeko.

Laguntzaren aldia amaituta, luzapen arrunta ematen ahalko da doktorego tesia amaitzeko eta doktore titulua eskuratzeko, Unibertsitateko Zerbitzuak horretarako berariaz baimena eman ondoren. Luzapenak aukera emanen dio doktoregaiari bere helburua lortzeko, doktorego tesia amaitu eta doktore titulua eskuratzeko, alegia.

Zerbitzuak, bere jardunbidean, honako arau hauek bete beharko ditu:

a) Luzapena emanen da soilik interesdunak hori idatziz eskatzen badu laguntza hauen kargura finantzatutako kontratua amaitu eta ondoko 30 egunetan.

b) Luzapen arruntek urtebeteko iraupena izanen dute.

c) Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

–Bere unibertsitateko doktorego programaren Batzorde Akademikoaren baimena luzapena emateko.

–Arrazoien azalpena.

–Ordu arte egindako ikerketa lanari buruzko txostena.

–Ikerketa egin bitartean gertatu diren desbideratzeak.

–Lanaren kronograma eta bete beharrekoak betetzeko aurreikusitako eguna.

–Ikerlanaren tutorearen/tesi zuzendariaren txostena, eduki hauek jasota, gutxienez: doktoregaiaren dedikazioa eta errendimendua ontzat ematen dituen adierazpena; bere adostasuna doktoregaiak egindako eta egiteko duen ikerketaz azaltzen duen deskribapenarekin, eta luzapenaren beharraren aldeko balorazioa.

–Laguntzaren iraunaldian jasotako beste laguntza batzuen gaineko aitorpena eta, behar izanez gero, justifikazioa.

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

d) Luzapenak ez du inola ere ekarriko laguntzaren zenbatekoa handitzea.

e) Zerbitzuak luzapena emateko edo ukatzeko eginen duen proposamena Unibertsitateko zuzendari nagusiari igorriko zaio horrek ebazpena eman dezan. Luzapenaren xede diren betebeharrak bete direla frogatzeko baldintzak eta epeak ezarriko dira ebazpen horretan.

B) Luzapen berezia doktorego tesia egin eta doktore titulua eskuratzeko.

Tesia amaitzeko eta doktore titulua eskuratzeko luzapen arruntaren aldia amaituta, luzapen berezia ematen ahalko da tesia amaitzeko eta doktore titulua eskuratzeko, Unibertsitateko Zerbitzuak horretarako berariaz baimena eman ondoren.

Luzapenak aukera emanen dio doktoregaiari bere helburua lortzeko, doktorego tesia amaitu eta doktore titulua eskuratzeko, alegia.

Zerbitzuak, bere jardunbidean, honako arau hauek bete beharko ditu:

a) Interesdunak berak eskatuta bakarrik emanen da baimena. Idatziz eginen du eskaera, luzapen arrunta amaitu eta hurrengo 30 egunetan.

b) Luzapen bereziek urtebeteko iraupena izanen dute gehienez.

c) Eskaerari luzapen arrunterako eskatzen diren agiri berak erantsi beharko dizkio, salbu eta beste laguntza batzuei buruzko aitorpena eta lan-bizitzaren agiria.

d) Luzapenak ez du inola ere ekarriko laguntzaren zenbatekoa handitzea.

e) Zerbitzuak luzapena emateko edo ukatzeko eginen duen proposamena Unibertsitateko zuzendari nagusiari igorriko zaio horrek ebazpena eman dezan. Luzapenaren xede diren betebeharrak bete direla frogatzeko baldintzak eta epeak ezarriko dira ebazpen horretan.

11.7. Betebeharrak ez betetzearen ondorioak.

Onuradunak deialdi honetan azaltzen diren betebehar eta baldintzetako bat betetzen ez badu, galdu eginen du eman zaion laguntza. Aldez aurretik horretarako ebazpena emanen da.

Horrek ekarriko du jasotako kopuruak Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, alde batera utzi gabe legezko egintzak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

Ikertzaileak ez badu betetzen doktorego tesia bukatu, defendatu eta behar den denboran eta moduan doktore titulua eskuratzeko betebeharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 14.1.p) artikuluan aipatutakoaren ondorioetarako, ez-betetzea mailakatzeko irizpide gisa, kontuan hartuko da aurkeztutako urteko jarraipen txostenek aldeko balorazioa izan duten edo luzapen arrunt bat lortu duen. Kasu horretan, ikertzaile onuradunak aldeko ebaluazioa izan duen aldian jasotako laguntzaren %85 gordetzen ahalko du, eta gainerakoa itzuli beharko du.

Aurrekoa gorabehera, ez-betetzea ezinbesteko arrazoiengatik gertatzen denean, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du laguntza amaitzeko ebazpenean adieraz dadila ez-betetzea halakoa izan dela, eta interesdunak ordura arte jasotako diru kopuruak gordetzen ahalko ditu osorik edo zati batean.

12. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzen zenbatekoa 2022., 2023. eta 2024. urteetako aurrekontuen kargura ordainduko da.

Diru-funtsak entitate laguntzaileei ordainduko zaizkie doktoregoa Espainiako unibertsitate batean egiten bada, edo zuzenean onuradunei atzerriko unibertsitateetan egiten bada, betiere egutegi honekin:

–Lehen ordainketa aurrerakin gisa eginen da laguntza hasten den hilabetean, eta laguntzaren seihileko baten zenbatekoa adinakoa izanen da (soldata, enpresa-kotizazioak eta administrazio gastuen zati proportzionala).

–Ondorengo ordainketak aurrerakin moduan eginen dira, aurreko aldian izandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Ordainketa horiek laguntzaren seihileko baten zenbatekoa adinakoak izanen dira.

2. Ordainketa guztiak aurrerakintzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusiriko ondorioetarako, eta Unibertsitateko Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen dira.

13. oinarria.–Bateraezintasuna.

13.1. Bateraezintasunerako arrazoien oinarriak eta definizioa.

Bateraezintasun araubideak bi helburu ditu:

–Banatze irizpideak aplikatzea pertsona berberak baliabide gehiegi ez metatzeko eta baliabide publikoak lanean ari ez diren eta beste beka edo kontraturik ez duten doktoregaiei esleitzeko.

–Helburu irizpideak aintzat hartzea deialdiak ezartzen duen epean laguntzaren helburua lortzea oztopatuko luketen egoerak saihesteko eta onuradunari dedikazio osoa eskatzeko diruz lagundutako ikerketa lanetarako.

Irizpide horiei jarraikiz, hona hemen laguntza hauekin bateraezinak diren egoerak:

1. Espainiako edo atzerriko diru publiko zein pribatuen bidez finantzatutako beste edozein laguntza edo beka jasotzea. Deialdiko 13.1.3 oinarrian aipatzen diren laguntzak bakarrik baimenduko dira.

2. Onuradunak edozein lan jarduera, lanbide jarduera edo enpresa jarduera egitea.

3. Interesdunak aldez aurretik eskatuta, ondoko hauek baimentzen ahalko dira:

a) Irakaskuntza eta ikerketa lanak egiteagatik dirua eskuratzea, betiere egindako ikerketa lanarekin zuzenean lotuak, noizbehinkakoak eta ezohikoak badira. Diru-sarrera horiek ez dira laguntzaren urteko zenbateko gordinaren %30etik gorakoak izanen. Irakaskuntza-lana egiten bada, urtean 60 ordukoa izanen da gehienez ere. Atxikipen zentroek beren funtsekin handitzen ahalko dute kontratatuen soldata, baina igoera hori kontratuan jaso beharko da, eta zerga eta lan arloko indarreko legeei jarraikiz egin.

b) Biltzar, bilera eta jardunaldi zientifikoetan parte hartzeko laguntzak.

c) Egonaldi laburretarako laguntzak, egonaldiaren xedea ikertzaileak bere prestakuntza osatu eta ikerketa lanak hobeki egitea baldin bada. Egonaldia bitartean egiten diren jarduerak (ikerketa laborategietan jardun, liburu edo agiri funtsak kontsultatu, teknika instrumental berriak ikasi eta beste lan arlo batzuk landu) laguntza hauen xedeak betetzeko garrantzitsu eta lagungarriak izan behar dira.

Unibertsitateko Zerbitzuari laguntza horien berri eman behar zaio, eta haren baimena jaso behar da. Ez da inolaz ere erabiliko egonaldi horiek egin izana 11.6 oinarrian ezartzen den moduan luzapena eskatzeko arrazoi gisa. Berariaz baztertuta daude ikertzaileak prestakuntza programa betetzeko eta ikerlana aurrera eramateko egin behar diren jarduera arruntak.

13.2. Noiz sortzen den legezko bateraezintasuna.

Legezko bateraezintasuna gertatuko da honako hauetan:

1. Onuradun bihurtzean, baldin eta onuraduna beste laguntzaren bat hartzen ari bada edo edozein lan jardueratan ari bada.

2. Onuradun bihurtu ondoren ere gerta daiteke, onuradunak bestelako laguntza bat jasotzen badu edo beste lan jardueraren batean hasten bada.

13.3. Aplikatu beharreko arauak.

1. Lortzen diren laguntzak, indarraldi berbera izan ez arren, hiru hilabetean baino gehiagoan aldi berean hartzekoak badira, erabat bateraezintzat joko dira.

2. Lortzen diren laguntzak hiru hilabetean edo gutxiagoan aldi berean hartzekoak badira, deialdi honen xedeko laguntzaren zenbatekoa osorik ordainduko da.

3. Aldiz, lortutako laguntzak hiru hilabetean baino gehiagoan aldi berean hartzekoak badira, ikertzaileak bietako bat aukeratu beharko du. Beste laguntza bat aukeratuz gero, honako honi uko egin zaiola ulertuko da, 15. oinarrian ezarritako baldintza eta ondorioekin.

4. Ondorio guztietarako, deialdi honetan lan jardueratzat joko da edozein lan edo enplegu, besteren konturakoa edo norberaren konturakoa, lanaldia eta dedikazio denbora edozein direla, eta, azkenik, gizarte babesaren edo aseguratzearen araubidea edozein dela.

5. Edozein kasutan, onuraduna lanean hasteak laguntza galtzea ekarriko du, 15. oinarriak aurreikusten dituen ondorioekin.

6. Oro har, onuradunak goian aipatu diren kausei dagokien guztia jakinarazi behar du, 11. oinarrian xedatutakoari jarraituz.

7. Aurrekoa gorabehera, laguntzak kudeatzen dituen organoak egoera ofizioz egiaztatuko du une hauetan:

–Ikertzaileak bere eginbehar akademikoak bete dituela frogatzen duenean, etapa desberdinetan, edo haiek betetzeko epearen luzapena eskatzen denean.

–Administrazio prozedurari amaiera eman aurretik.

Halaber, noiznahi eskatzen ahalko ditu beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, eta behar diren datuak biltzen ahalko ditu, indarra duen legeriari jarraituz.

14. oinarria.–Espedientearen jarraipena eta amaiera.

14.1. Ohar orokorrak.

1. Unibertsitateko Zerbitzuari dagokio deialdi honen bitartez ikertzaileei emandako laguntzen aplikazioaren jarraipena eta kontrola egitea. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, ikertzaileen atxikipen zentroekin lankidetzan.

2. Laguntza hauen onuradunak loturik egonen dira atxikita dituzten zentroek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ahaldundutako erakundeek egiten dituzten kontrol ekintzei.

3. Atxikipen zentroak, entitate laguntzaileak diren aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ahaldundutako erakundeen kontrol ekintzei loturik egonen dira.

4. Aurreko 1. puntuan adierazitakoaren ondorioetarako, honako hauek dira jarraipen ekintza arruntak:

–Deialdi honetako 11. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar diren agiriak eskatu eta aztertzea.

Honako hauek dira jarraipen ekintza bereziak:

–Espedientean dauden agiriak ikusirik organo kudeatzaileak ofizioz hasten dituen jarduketak, zuzendariek nahiz atxikipen zentroek emandako txostenen ondorioz egiten diren jarduketak, eta deialdiaren baldintzak betetzeari begira egokitzat jotzen diren jarduketa guztiak.

5. Aurreko atalean jasotako faseetarako ezarritako epeak iraganik kasu bakoitzean aipatutako agiriak ez badira jaso, onuradunari edo hura atxikia duen zentroari errekerimendua eginen zaio bost eguneko epe luzaezinean ekar ditzan. Epe berri horretan aurkezten ez badu, 11.7 oinarrian ez-betetzeetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

14.2. Alta edo itzulera tramitatzea.

Doktoratu aurreko laguntzaren onuradunaren alta eguna edo etenaldi baten ondoko itzulera eguna izanen da ikertzailea Gizarte Segurantzan afiliatzen den eguna.

Deialdi honen ondorioetarako, alta gertatzen ahalko da laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Laguntza emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hilabetean altarik ez bada, onuradunak laguntzari uko egin diola ulertuko da.

Alta tramitatu dadin, interesdunek agiri hauek aurkeztuko dituzte aldez aurretik atxikipen zentroen bitartez:

–Atxikipen zentrora sartu edo itzultzeko eta deialdian ezarritako baldintzak onartzeko akta, unibertsitate departamentuaren edo antzekoaren zuzendariak eta entitatearen legezko ordezkariak ontzat emana.

–Lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua.

14.3. Urteko jarraipen txostena.

1. Laguntzaren lehen nahiz bigarren urteko ordainketaren hamargarren hilabetean, onuradunek urteko jarraipen txostenak aurkeztuko dituzte atxikipen zentroetan, horiek, entitate laguntzaileak diren aldetik, Unibertsitateko Zerbitzura igor ditzaten hurrengo hileko lehen hamabostaldian. Txosten horiek interesdunak sinatuak eta atxikipen zentroaren legezko ordezkariak ontzat emanak aurkeztu behar dira.

2. Txostenarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ordura arte egindako ikerketa lanari buruzko txostena, tesi zuzendariak ontzat emana, bertan adierazita doktore tesia noraino garatuko den eta hurrengo urtean egin beharrekoaren denbora-plangintza.

–Eskuratutako beste laguntza batzuei buruzko aitorpena

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

Agiri horiek ikusirik, Unibertsitateko Zerbitzuak aldeko edo kontrako txostena eginen du, betebeharren betetzeari edo ez-betetzeari eta laguntzaren jarraipenari buruzko ebazpena proposatuko du eta, hala badagokio, behar den likidazio ekonomikoa eginen du.

14.4. Espedientearen bukaera.

1. Tesia amaitzeko luzapena eskatzeko aukerari buruz 11.6 oinarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe, agiri hauek aurkeztu beharko dira tesia defendatu osteko hilabetean:

–Kontratatutako ikertzaileak lortutako doktore titulua.

–Egindako doktore tesiaren ale bat, euskarri digitalean.

–Laguntzaren iraunaldian jasotako beste laguntza batzuen gaineko aitorpena eta, behar izanez gero, justifikazioa.

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

Agiri horiek ikusirik, Unibertsitateko Zerbitzuak bidezkoa den ebazpena proposatuko du deialdi honetako betebeharren eta gainerako baldintzen betetzeari edo ez-betetzeari, likidazio ekonomikoari eta prozeduraren amaierari buruz.

15. oinarria.–Atzera jotzea eta uko egitea.

1. Eskatzaileak, deialdia ebatzi baino lehen, noiznahi uzten ahalko du bertan behera bere eskaera, baita laguntzak emateko behin-behineko proposamenari alegazioak egiteko aldian ere, Unibertsitateko Zerbitzuari jakinarazpen idatzia igorriz.

2. Eskabidean dauden akatsak zuzentzeko errekerimenduari erantzuten ez dion eskatzailearen eskaera bertan behera utzitzat joko da, 9. eta 10.2.1 oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

3. Laguntzaren iraunaldia bitartean, onuradunak noiznahi uko egiten ahalko dio jasotako laguntzari, eta horretarako nahikoa izanen da idatzizko jakinarazpena egitea Unibertsitateko Zerbitzuari.

4. Uko egitean, onuradunak izaera hori galduko du ondorio guztietarako, eta jasotako aurrerakinak gehi legezko interesak itzuli beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, 11.7. oinarriak agintzen duen moduan.

5. Salbuespenez, laguntza hauen onuradunak mota eta xede bereko beste laguntzaren bat lortu eta hura aukeratzen badu, honako honi uko egin beharko dio, bateraezinak direlako.

Kasu horretan, onuradunak kobratu dituen diru kopuruetatik, hautatu duen laguntza hasi arteko denborari proportzioan dagokion zatia gordetzen ahalko du.

16. oinarria.–Laguntzen araubide juridikoa.

Deialdia gobernatuko duten beste arau batzuk:

1. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

2. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua.

5. 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoa.

6. 1497/1987 Errege Dekretua, unibertsitate tituluen lorpenari eta homologazioari buruzkoa, abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatua I. eranskineko 5. ataleko bigarren paragrafoan.

7. 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktore ikasketa ofizialak arautzen dituena.

8. 103/2019 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

9. Zehapen prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

17. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2110434