147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, izangaien bi zerrenda osatzeko, gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko aldi baterako (B maila/taldearekin parekatua)

Alkatetzaren ekainaren 3ko 1098/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, izangaien bi zerrenda osatzeko, hautaproben bidez (oposizio sistema), gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko (B maila/taldearekin parekatua); bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontrataziorako, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudiarekin eta oinarri hauetan ezarritakoarekin

OINARRIAK

I. ERANSKINA

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak / prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: gizarte-hezitzailea (B maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: bete beharreko udal premien arabera.

4.–Bete beharreko eginkizunak:

Bete beharreko eginkizunek honako zeregin hauek izanen dituzte xede: hezkuntzako esku-hartzeak udalaren gizarte programetan; pertsonaren, familiaren eta komunitatearen prozesuak aztertzea, baloratzea, detektatzea, programatzea eta jarraitzea; bere maila eta kategoriarekin lotuta dagoen beste edozein eginkizun.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

I.–Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioaren bidez, Tuterako Udalaren zerbitzura

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioaren bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

F) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (foru lege horren bidez aldatu zen haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2.–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea.

2.3.–Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

2.4.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak –onetsi baitziren 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkuran (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa)– bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak araututakoari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

II.–Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko prestakuntzan, Tuterako Udalaren zerbitzura

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, gizarte-hezitzaileen lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta beronen erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (foru lege horren bidez aldatu zen haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.–Oinarri honen 2.1.C) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

3.–Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, baita hautapen prozedurak iraun bitartean eta deialdiko lanpostuan aldi baterako jarduerak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei egiten ahal zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, onetsi zirenak 2004ko azaroaren 29ko Osoko Bilkuran (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, jarraikiz Osoko Bilkurak hartutako erabaki horri, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

III.–Bi deialdietarako arau amankomunak.

1.–Eskabideak.

1.1.–Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2.–Eskabideek bat etorri behar dute egoki diren ereduekin; eredu horiek daude Udalaren web-orrian, “Lan Publikoaren Eskaintza” atalean, deialdiaren aipamenean: behar den eredua, segun eta zer txanda dagokien izangaiei, aldi baterako kontratazioa edo prestakuntza, zerbitzu berezietako egoeran.

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

1.3.–Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.4.–Baldin izangaiek desgaitasun aitortua badute (%33koa edo handiagoa), eta behar baldin badute ariketak egiteko denbora edo baliabideetan egokitzapenik, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.5.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6.–Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1.–Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen dira akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.2.–Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1.–Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Ana María Jesús Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Erika Navarro Ruiz, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Concepción Tanco Lanas, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Silvia Enrique Modrego, Castejongo Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzailea.

Epaimahaikidea: José Antonio Aragón Celigüeta, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Sara Apastegui Herrero, Buñuel aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

Epaimahaikidea: Xabier Soto Bermejo, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: María Purificación Zabalza López, Corellako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Rosa María Domínguez Bergues, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Ana Gárate Martínez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Elena Zubieta Mozaz, Tuterako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

3.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3.–Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak hasteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu. Datu horiek argitaratuko dira onartuen behin betiko zerrendarekin batera. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

3.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

3.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: Oposizioa.

4.1.–Oposizioa izanen da Alkatetzaren ebazpen honen bitartez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozesua, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa, teoriko-praktikoa. Idatziz erantzutea deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galderari. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposaturiko kasu bat edo batzuk ebaztea, gai zerrendako gaiei buruz (deialdiaren II. eranskina). Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 2 ordu izanen dituzte.

4.2.–Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

4.3.–Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4.–Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondoren jendaurrean irakur dadila.

4.5.–Epaimahaiak erabaki dezake lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez baldin bada test motako zatia gainditu.

4.6.–Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Herriko Etxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintzak” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.7.–Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8.–Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9.–Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1.–Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Udaleko iragarki-taulan eta udal webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2.–Zerrenda bakoitzean, puntu berdinketarik izanez gero probak gainditu dituzten izangaien artean, ebatziko dira Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, gailenduko da probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa eta, berdinketak jarraitzen badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3.–Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko ekainaren 4an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

2. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3. 48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

4. 15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, arautzen dituena Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, hizpide duena gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideen garapena.

5. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoa.

6. 15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, hizpide dituena Haurren eta Nerabeen Sustapena, Laguntza eta Babesa. 7/2009 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, zeinaren bidez onesten baita 15/2005 Foru Legea partez garatzeko Erregelamendua. 13/2013 Foru Legea, martxoaren 20koa.

7. Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa.

8. Talde lana. Gizarte-hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.

9. Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan. Prestazio bermatuak eta bermatu gabeak, gizartean baztertuak daudenendako edo izan daitezkeenendako eta adingabeendako. (69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, eta 30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa).

10. El Acompañamiento como método de Intervención en los Procesos de Inclusión. Nuevas Reflexiones. (Editatu du Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak. 2016).

11. Eskola-absentismo kasuetan jarduteko protokoloa (2014).

12. Haurrak babesteko egoeretan jarduteko gidaliburua Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Laguntzako Gizarte Zerbitzuetarako –2. liburukia– (Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua).

13. Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Plana, 2018-2023 aldirako, Nafarroako Gobernuarena.

14. Adikzioak prebenitzeko Tuterako udal plana, 2019-2024 aldirako.

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2109346