147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 9an hartua, Itzagaondoko Ardatz herrian (Nafarroa) dagoen Ardazko gurutzea izeneko higiezinaren babes eremuaren behin betiko mugaketa onesten duena.

Itzagaondoko udalerriko Ardatz herrian dagoen Ardazko gurutzea izeneko monumentua martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago, eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, bai eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 1. atalaren arabera ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren azaroaren 9ko 305/2020 Ebazpenak behin-behinekoz mugatu zuen Itzagaondoko udalerrian (Nafarroa), Ardatz herrian dagoen Ardazko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua, interes kulturaleko ondasun gisa babesteko, eta espedientea jendaurrean egoteko epe bat ireki zuen.

Ebazpena 2020ko 298. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24koan. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 21ean, mugaketaren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Itzagaondoko Ardatz herrian (Nafarroan) dagoen Ardazko gurutzea izeneko higiezinaren babes eremuaren mugaketa onestea.

2. Ardazko gurutzearen babes eremua 28 metroko erradioa duen zirkulu batek osatzen du. Itzagaondoko udalerriko 11. poligonoko 28., 29., 108., 109., 112. eta 233. lurzatiak hartzen ditu, baita lurzati horien arteko bideei dagokien eremua ere.

Eremu horretarako babes neurriak honako hauek dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da honakoa:

a) 28., 29., 108., 109. eta 112. landa lurzatietan sartutako eremuetan ez da inolako eraikin edo instalaziorik paratuko.

b) 233. landa lursailaren zatian, eremuan sartuta dagoen horretan, ez da inolako eraikin edo instalaziorik paratuko, salbu eta egun dagoena, eta horretan jarduketarik eginez gero kultura giro horrekin bat etorri beharko du.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109472