147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

49/2021 FORU DEKRETUA, ekainaren 9koa, “Frantzisko Xabierkoa” saria Francisco José Mangado Beloqui arkitekto jaunari ematen diona.

Abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, Frantzisko Xabierkoa saria sortu zuen Nafarroako Gobernuak, esker ona adierazteko Foru Komunitatetik kanpora diharduten pertsonei, entitateei eta erakundeei, beren lanaren bidez Nafarroa erabakitasunez proiektatzen dutelako aurrerapena, ongizatea eta gizartearen hobekuntza sustatzen dituen erkidego gisa.

Foru dekretu horrek ezartzen du saria Nafarroako Gobernuak emanen duela, lehendakariak edo kontseilari batek edo batzuek proposaturik.

Saria banatzeko ekitaldia jendaurrekoa izanen da, behar denean zehaztuko den egunean, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatu dio saria Francisco Mangado Beloqui arkitekto nafarrari ematea, haren ibilbide profesionala sariaren izaerarekin uztartzen delako.

Francisco Mangado Beloqui jauna 1957an jaio zen, Nafarroan. Nafarroako Unibertsitatearen Arkitekturako Goi Mailako Eskolan arkitektura titulua eskuratu zuen, eta 1982az geroztik hantxe dihardu lanean irakasle berezi gisa. Irakaskuntzaren arloan, gainera, irakasle gonbidatua izan da Harvardeko Unibertsitateko Graduate School of Design eskolan (1996-1997/1997-1998/2000-2001/2007-2008), Eero Saarinen Visiting Professor of Architecture gisa aritu da Yaleko Unibertsitateko Arkitektura Eskolan (2008-2009), irakasle gonbidatu gisa Lausanneko École Polytechnique Fédérale eskolan (2010-2011/2011-2012), Baird/Gensler Visiting Professor gisa Cornell-eko Unibertsitatean (2013-2014/2014-2015) eta irakasle gonbidatu gisa Milango Politeknikoan (2015-2016). 2014ko abuztuan, Argentinako Mendoza hiriko Congreso Unibertsitateak ohorezko irakasle titulua eman zion. Francisco Mangado Beloqui jauna, gainera, Proiektuen irakaslea da Diseinu Arkitektonikoa masterrean eta Proiektuen irakasle berezia Nafarroako Unibertsitatearen Arkitektura Eskolan.

2008ko ekainean, Arquitectura y Sociedad fundazioa sortu zuen, arkitekturak sorkuntzaren, pentsamenduaren eta ekonomiaren beste diziplina batzuekin izan dezakeen interakzioa sustatzeko lanean diharduena. 2015eko irailean, Espainiako Arkitektoen Elkargoen Goi Mailako Kontseiluaren CSCAE domina eman zitzaion fundazio horri, arkitekturaren sustapenean, hedapenean eta proiekzio publikoan ezinbesteko eginkizuna betetzen duen entitate gisa.

2015eko uztailean, Biurtekoen Zuzendaritza Kontseiluak Biurtekoen koordinatzaile nagusi izendatu zuen. Haren koordinaziopean, 2016ko maiatzean, Urrezko Lehoia eman zioten Espainiako Pabiloiari Veneziako Erakusketan.

2011ko abenduan, RIBA International Fellowship izendatu zuten. Goresmen sari hori Britainiako Arkitektoen Errege Institutuak (RIBA) ematen die arkitekturaren alorrean ekarpen berezia egiten duten britainiar uharteetatik kanpoko profesionalei. Era berean, 2013ko otsailean, AIA Honorary Fellowship izendatu zuten. Goresmen sari hori Amerikako Arkitektoen Institutuak (AIA) ematen die arkitektura eta gizartea bultzatzen nabarmentzen diren profesional ez-amerikarrei. 2016ko azaroan, Berlingo Arteen Akademiak Berlin Art Prize-Architecture 2017 saria eman zion, bere lana aitortzeko. 2019an, Arkitekturaren eta Kritikaren Italiako Elkarteak Selinunte 2019 Nazioarteko Saria eman zion.

Irakasle gisa daraman jarduerarekin eta Fundazioaren programetako lanarekin batera, arkitekto gisa dihardu Iruñean eta Madrilen duen estudioan.

Bere lanik aipagarrienak hauek dira: Iruñeko Biltzar Jauregia eta Auditorioa, Bordeleko Pey Berland plaza, Madrilgo Dalí plaza, Avilako Erakusketa eta Biltzarren Udal Zentroa, Gasteizko Arkeologia Museoa, Palentziako Futbol Zelaia, Espainiaren Pabilioia Zaragozako 2008 Expo erakusketan eta Teuladako Auditoriuma. Arkitekto nafarraren azken proiektuen artean nabarmentzekoak dira Asturiasko Arte Ederretako Museoa Oviedon, Palma Mallorcako Biltzar Jauregia, Norvento Enerxia enpresaren egoitza berriaren eraikina Lugon eta Metrovacesa enpresaren bulegoen eraikina Madrilen.

Lan profesional horri esker, sari eta goresmen sari garrantzitsuak jaso ditu. Bere obra hainbat monografia eta aldizkaritan zabaldu da, baita erakusketa askotan ere.

2013ko ekainean, Tealadako Udal Auditoriumak RIBA EU saria jaso zuen. Sari hori Britainiako Arkitektoen Errege Institutuak (RIBA) ematen die Europar Batasunaren barruan Erresuma Batutik kanpo eraikitzen diren eraikinei.

2015eko urrian, COAM saria eman zitzaion Valdebebas-Madrileko 177 etxebizitza sozialen proiektuari, arkitekturari eskainitako dedikazioaren eta egindako lanaren esker onez.

2016ko urrian, Asturiasko Arte Ederretako Museoak RIBA for International Excellence saria jaso zuen. Sari hori ematen zaie ikuspegi eraldatzailea, pentsamendu berritzailea eta egikaritze bikaina duten eraikinei, eraikinaren erabiltzaileei eta ingurune fisikoari ekarpen berezia egiten dietenean.

2017ko maiatzean, Norvento eraikinaren egoitzak Prize for Sustainable Architecture Fassa Bortolo saria jaso zuen: zilarrezko domina. Urte bereko urrian, American Architecture 2017 sarien proiektu irabazlea izan zen, Architectural Design/Other Architecture kategorian. 2018an, Chicago Athenaeum saria jaso zuen, Arkitektura Jasangarriaren Mapei saria eta Galiziako autonomia erkidegoko Arkitektura Saria, Jasangarritasunaren Sari Bereziaren kategorian.

2017ko urrian, orobat, Palma Mallorcako Biltzar Jauregia eta Hotelak Espainiako 2017ko Arkitektura Saria jaso zuen, zeina Espainiako Arkitektoen Elkargoen Goi Mailako Kontseiluak ematen baitu.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du Francisco Mangado Beloqui jaunari ematea Frantzisko Xabierkoa saria.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 9an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Frantzisko Xabierkoa saria Francisco Mangado Beloqui jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau Francisco Mangado Beloqui jaunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria jendaurreko ekitaldi batean, behar denean zehaztuko den egunean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109476