14. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Udal ordenantza, mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2020ko irailaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza. Ordenantza horren iragarkia 2020ko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 30ekoan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean jartzeko epea igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta haren testu osoa argitaratzea xedatzen da, behar diren ondorioetarako.

Altsasun, 2020ko abenduaren 17an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ALTSASUKO MUGIKORTASUNARI ETA TRAFIKOARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea Altsasuko udal-mugarteko bideetan.

2. Ordenantza honetako aginduak Altsasuko udal-mugarte osoan aplikatuko dira, eta behartuko dituzte zirkulaziorako egokiak diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako egokiak ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituzten bide eta lurren titularrak ere bai.

3. Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dago mendiko pisten eta bideen araubidea.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

Altsasuko Udalaren eskumenak dira:

a) Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal-mugarteko hiri bideetan, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beren zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen trafikoak behar duen arintasuna eta oinezkoak kaleetan ibiltzea.

c) Ibilgailuak hiri bideetatik kentzea eta gero gordetzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol probetarako baimena, oso-osorik Altsasuko udal-mugartean barna baizik pasatzen ez direnean.

e) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola esleiturik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

f) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak ematea, Udaltzaingoaren txostena eta Hirigintza arloaren balorazioa jaso ondoren.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, halakoak arau-hauste larritzat hartuko baitira.

2. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu trafikoa antolatzeko. Horrela, bada, zenbait eremutan zirkulatzeko baldintzak aldatu, mugatu edo debeka ditzake, betiko nahiz aldi baterako, eta berrantolatu eta arautu ditzake aparkatzea, zamalanak egitea eta pertsonen zein salgaien garraioa.

3.500 kg-tik gorako BGP duten ibilgailuek, gai arriskutsuak daramatzatenek eta 21 bidaiari baino gehiagorendako autobusek debekatuta dute Altsasuko hirigunean barna zirkulatzea, non ez den udal-mugartean eginkizun jakin bat egiteko (baimendutako zamalanak, aparkaleku baimendua, garraio publikoa, bidaiarien lineaz kanpoko garraioa, etab...).

3. Udaltzaingoak trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta ulerterrazak izan beharko dute gidarientzat nahiz oinezkoentzat.

4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatzen ahalko du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adierazita, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal biltegira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan, titularrei jakinaraziko zaie non dauden ibilgailuak.

5. Eremu publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesatuaren bizkar, bai eta, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez dituztenenak ere.

6. Erabat debekaturik dago zirkulazio seinaleak jartzea, aurretik Udalaren baimena izan gabe.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea jartzea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan.

7. Udalak halako bide batzuk lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratzen ahalko du, bigarren ilaran gelditzea debekatuz eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezarriz.

8. Altsasuko udal-mugarteko eremu publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Era berean, ibilgailu bat 15 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrora aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

9. Altsasuko Udalak erabakitzen duen eremuetan, ibilgailuen sarrera nahiz barnean egin dezaketen denbora ere mugatzen ahal dira.

Eremu horiek behar bezala markatuko dira eta, horrez gain, sarrera eragotzi, murriztu edo kontrolatzeko baliabide teknikoak erabil daitezke.

10. Eremu mugatuetan behar bezalako baimenik gabe sartzeak edo behar baino denbora gehiago egoteak zehapena ekarriko dute.

Eremu mugatuetan sartzeko edo egoteko arauak behin eta berriz urratuz gero, Udalak gaikuntza txartela kentzeko erabakia har dezake.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaerari buruzko arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaerari buruzko arau orokorrak

4. artikulua. Gidarien betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariak (bizikletak barne) bere mugimendu-askatasunari, beharrezko ikusmen-eremuari eta gidatzeko etengabeko arretari eutsi behar die, bere segurtasuna eta bidearen gainerako erabiltzaileena bermatzeko. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

1. Espresuki debeku da:

a) Gidatze lanera etengabe gogoa jartzearekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dituzte erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

Agintaritzako agenteak ere salbuetsirik daude baliabide horiek erabiltzeko debekutik, manaturik dauzkaten egitekoetan ari direnean.

Halaber, taximetroen edo flotak kudeatzeko sistemen erabilera ere salbuetsirik dago taxien kasuan, baita flotak kudeatzeko eta hiri-autobusekin lan egiteko beharrezkoak diren pantaila eta gailuak ere.

b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik bidea garbi ikusten uzten ez duten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea erabat gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Bidezainen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak instalatzea.

f) Bidearen beste erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, bidezainen zaintza saihets dezaten.

5. artikulua. Hiri garraioa.

Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute ahal duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.

6. artikulua. Hiriarteko garraioa.

1. Haien jarduera gauzatzen ari direla, hiriarteko garraioko ibilgailuak seinalatutako geralekuetan soilik gelditzen ahal dira, bidaiariak jaitsi edo igo daitezen.

Geralekuak seinalaturik egonen dira eta esklusiboak izaten ahalko dira, edo bestela bateragarriak turismoekin, hiri garraioarekin edo zamalanekin.

2. Orobat, udal organo eskudunak bestelako garraio mota baterako (eskolakoa, lanekoa etab.), onura publikorako edo interes sozialerako erabiltzen ahalko ditu geralekuak, Altsasuko udal-mugarteko bideetan.

7. artikulua. Debekua, kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko.

1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legediak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

2. Debeku da ibilgailuek eta ziklomotorrek ihes-hodi librea edo ez-eraginkorra delakoarekin zirkulatzea.

3. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. Baimendu gabeko eraberritzea izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio probetan laguntza ematera.

6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gertatzen ahal den istripua saihesteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

7. Debeku da bozgorailuak dituzten ibilgailuak ibiltzea, publizitateari buruzko udal ordenantzak arautu eta Udalak baimendutako kasuetan izan ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

8. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute beste ibilgailuen eta bideko beste erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, beste arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzera, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta beste ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agentek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, haren erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek jasotzen dituzte bata nahiz bestea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziei erreparatuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo gelditu eginen dira, beharrezkoa bada.

9. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoren, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik era azkarren ken daitezen bidetik.

10. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo eremu publikoko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Altsasuko Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzera ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

3. Aurkitzea posible ez bada, agintaritzako agente hurbilenari emanen dio aditzera, edo bestela, Udaltzaingoko zentralari.

11. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak.

1. Ziklomotorrek zirkulatzean uneoro pizturik izan beharko dituzte argi laburrak.

2. Motozikleta eta ziklomotor bateko gidariek eta bidaiariek hiri barruko eta hiriarteko bideetan nahitaez kasko homologatua erabili behar dute.

3. Hiru gurpileko motozikletak bi gurpilekoen maila berean daude ondorio guztietarako, baldin eta motozikleta gisa homologatuta badaude.

4. Ibilgailu horiek aparkatzen ahalko dira soilik Udalaren leku erreserbatu eta behar bezala seinaleztatuetan.

12. artikulua. Zirkulazio intentsiboko ordutegiak.

1. Astelehenetik ostiralerako egun baliodunetan, zirkulazio intentsiboko ordutegitzat hartuko dira denbora tarte hauek: 7:00etatik 9:00etara, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

2. Zirkulazio intentsiboko ordutegietan trafikoa arina izanen dela bermatzeko, udal agintaritzak ahalik eta gehien murriztuko ditu, bere eskumenen arabera, zirkulazio intentsiboko ordutegi horietako trafikoan kalteak sortzen ahal dituzten edo errepidea okupatuta egotea eragiten ahal duten baimenak, eta zirkulazio ez-intentsiboko ordutegietara bideratuko ditu, gauez edo lanik gabeko egunetan. Hori guztia eginen da Altsasuko Udalak baimendutako interes orokorreko ekitaldiak garatzeari kalterik egin gabe, ordenantza honetako VI. tituluan araututako kultura- edo kirol-ekitaldiak barne.

II. KAPITULUA

Oinezkoen zirkulazioa

13. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

1. Oinezkoak oinezkoendako eremuetan ibiltzen ahalko dira: espaloiak, pasealekuak eta parkeak eta bizitegi-kaleak.

Galtzadak eta bidegorriak gurutzatuko dituzte seinalatutako pasabideetatik.

2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik, oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.

3. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aldean eta, gainerako oinezkoendako lekuetan ez ezik, bidegorrietan barna ere ibiltzen ahalko dira, baldin eta horiek bereizita badaude trafiko motordunetik, eta hor ere lehentasuna izanen dute.

4. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Udalaren berariazko baimena beharko da, eta hark ezartzen ahal dituen neurri zuzentzaileak bete.

14. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

1. Oinezkoendako eremua da bidearen zati bat, goratua edo beste era batera mugatua, oinez ibiltzeko erreserbatua, eta espaloia, nasa eta pasealekuak barne hartzen dituena.

2. Debeku da ibilgailuekin oinezkoendako eremuetan zirkulatzea eta bertan aparkatzea, salbu eta ibilgailuak gordetzeko lokaletara sartzeko eta zamalanak egiteko baldin bada.

3. Oinezkoendako eremuetan ibilgailuekin sartzea eta aparkatzea orokorrean debeku bada ere, udal organo eskudunak baimen espezifikoak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuek oinezkoendako eremuetan zirkula dezaten, betiere ezinbestean. Salbuespenezko kasu horietan, ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h izanen da, eta lehentasuna oinezkoek izanen dute beti.

4. Oinezkoendako eremuak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira, edo haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozten edo murrizten duten balizatzeko elementu mugigarriak edo finkoak erabiliz.

5. Bizikletekin pasealekuetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 32. artikuluak (Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa parke eta pasealekuetan) xedatutakoa beteko da.

15. artikulua. Bizitegi-kaleak.

1. Bizitegi-kaleak dira oinezkoen zirkulazioari lehentasuna emateko bereziki egokitutako zirkulazio-eremuak. Honako zirkulazio arau berezi hauek aplikatzen dira eremu horietan:

–Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h izanen da, eta gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailuak ezin dira aparkatu seinaleen edo marken bidez zehaztutako tokietan baizik.

–Oinezkoek zirkulazio-eremu osoa erabiltzen ahal dute. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol-jarduerak egitea. Oinezkoek ez diete alferrik traba egin behar ibilgailuen gidariei.

2. Bizikletekin bizitegi-kaleetan zirkulatzeari eta bertan aparkatzeari dagokionez, ordenantza honen 25. artikuluak (Bizikleten zirkulazioa bizitegi-kaleetan) xedatutakoa beteko da.

3. Bizitegi-kaleak zutikako seinaleen bidez mugatuko dira.

16. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa mugatzea.

Oinez dabiltzan pertsonek aintzat hartu beharko dituzte honako arau hauek:

a) Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko moduan zirkulatzea.

b) Autobusak eta zerbitzu publikoko gainerako ibilgailuak horretarako ezarri diren tokien barnean itxarotea, eta ez galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.

c) Espaloietan gelditzean taldeak ez eratzea, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten badute.

d) Ibiltzen ari diren ibilgailuetara ez igotzea edo jaistea.

e) Galtzadan eta bidegorrietan ez sartzea ezta gelditzea ere.

17. artikulua. Udalaren ahalmena.

Altsasuko Udalak, segurtasuna bermatzeko, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko edo beste xede baterako, sarbide mugatuko eremuak ezartzen ahal ditu, ibilgailuekin zirkulatzea eta aparkatzea hein batean murrizteko aukera ematen dutenak. Horretarako, eremu horretan zirkulatzeko baldintza zehatzak ezarri beharko ditu.

18. artikulua. Baimenak.

1. Oinezkoendako eremuetan zirkulatzeko eta aparkatzeko debekuak ez du eraginik izanen ibilgailu motordun hauen kasuan:

1) Suteei aurrea hartzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

2) Segurtasun indar edo kidegokoak.

3) Zabor bilketakoak.

4) Osasun garraioko ibilgailuak.

5) Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

6) Udal zerbitzuak edo kontratak, eta Sakanako Mankomunitatekoak, esleitu zaizkien lanak egiten ari badira.

7) Bereziki baimendutako ibilgailuak.

2. Sarbide mugatuko eremuetan, bizitegi-kaleetan eta oinezkoendako kaleetan sartzeko eta aparkatzeko berariazko baimena duten gidariek nahiz bide horietan eta jarduera horietarako baimendutako ordutegiaren barnean zamalanak egiteko baimena dutenek aukera izanen dute ibilgailua aparkatzeko zoladura gaineko marren bidez xede horretarako seinalatutako plazetatik kanpo, baldin eta ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez 1,5 metroko tartea uzten badute eta ez badute trabatzen edo zailtzen oinezkoen edo beste ibilgailuen zirkulazioa, ezta atalondo, saltoki nahiz pasabide baimenduetarako sarbidea ere.

III. KAPITULUA

Patinekin edo monopatinekin ibiltzea

19. artikulua. Patinen, patineteen eta monopatinen zirkulazioa.

1. Patinak, patineteak edo antzeko gailuak toki hauetan ibil daitezke:

a) Oinezkoen eremuak.

b) Bizitegi-kaleak.

c) Espaloiak.

d) Bidegorriak.

e) Bizikleta-espaloiak.

f) Bizikletendako bidexkak.

g) Parke eta pasealekuak.

h) Patinak, monopatinak, patineteak edo antzeko gailuak inoiz ere ezin izanen dira ibili toki galtzadan, salbu eta hura gurutzatzeko, horretarako seinalatutako tokietan.

2. Patinatzaileek, bidegorrietan barna doazenean, bizikleten abiadurara egokituko dute berea. Espaloietan barna doazenean, berriz, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei trabarik edo arriskurik eragin gabe.

3. Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

4. Monopatinak honako eremu hauetan ibil daitezke, betiere ordenantza honetan bide mota bakoitzerako ezarritakoa errespetatuz:

a) Oinezkoendako eremuak.

b) Bizitegi-kaleak.

c) Espaloiak.

d) Bizikleta-espaloiak.

e) Bizikletendako bidexkak.

f) Parke eta pasealekuak.

Oro har, ez dute baimenik bidegorrietan barna zirkulatzeko.

5. Monopatinak eta gisako gailuak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere.

6. Ezin dira ezein kasutan ere beste ibilgailuei lotuta edo atoian eraman.

20. artikulua. Motordun monopatinak.

Debekatuta dago motordun monopatinekin ibiltzea oinezkoentzako guneetan.

IV. KAPITULUA

Bizikleten zirkulazioa eta erabilera

21. artikulua. Bizikletan zirkulatzeko arau orokorrak.

1. Arau orokor gisa, debekatuta dago bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

2. Debeku da lorategi-eremuetan bizikletan ibiltzea.

3. Ondoko artikuluetan jasotako salbuespen eta baldintzak kontuan hartuz, bizikletak honako espazio hauetan zehar ibiltzen ahalko dira:

a) Galtzadak.

b) Bizikletendako bideak, galtzadan kokatuta egonez gero bidegorri izena dutenak eta espaloian badaude bizikleta-espaloi deitzen direnak.

c) Bizitegi-kaleak.

d) Eremu asfaltatuak, parkeak eta pasealekuak.

e) Basoko pistak.

4. Bizikleta-espaloia duen bide batean zirkulatzen ari denean, ziklistak aukera izanen du bizikleta-espaloian edo galtzadan barna zirkulatzeko. Bizikleta-espaloian zirkulatuz gero, ordenantza honen 24. artikuluko bosgarren atalean ezarritakoa errespetatuko du.

5. Debeku da bizikletan, patinetan, monopatinetan eta gisakoetan ibiltzea uhalez loturiko animaliekin batera.

6. Debeku da beste ibilgailu, gailu edo animaliekin bizikletak herrestan eramatea.

7. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrarekin bat:

a) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, soinua jaso edo erreproduzitzen duten gailuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita.

b) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta beste ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, telefono mugikorra edo gidatzeari eman behar zaion arretarekin bateraezina den beste edozein gailu eskuez erabiltzen bada.

c) Edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako beste gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte ziklistek.

22. artikulua. Bizikleten zirkulazioa galtzadan.

1. Ziklistek, ahal izanez gero, galtzadaren eskuineko erreitik zirkulatu beharko dute.

2. Ziklistek edozein errei erabiltzen ahalko dute, bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerraldera biratu behar badute.

3. Ibilgailu motordunek bizikleten zirkulazioa erraztuko dute eta honako arau hauek beteko dituzte:

a) Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute haien abiadura.

b) Ezin dute maniobrarik egin bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu bat aurreratzeko zirkulazio-errei berean.

c) Ez dituzte jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailuen gidariak.

4. Bizikleta bat aurreratu nahi duten ibilgailu motordunek zirkulazio-erreiz aldatu beharko dute edo, betiere, gutxienez 1,5 metroko tartea mantendu, maniobrak irauten duen bitartean. Orobat, bizikleta baten atzetik doazenean zuhurtziazko segurtasun tartea mantenduko dute, haren abiaduraren heinean.

5. Bizikletak hiri barneko bideetan barna dabiltzanean bete beharko dituzte seinaleak, oro har, eta araudia –trafiko, zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzkoa–, bai eta udal agintariek horretarako ezartzen duten beste edozein arau ere.

6. Bizikletak paraleloan edo zutabean binaka ibiltzen ahal dira errei beretik, beste ibilgailu mota batzuendako gordetako erreia izan ezean. Halakoetan, ibilgailu bakartzat hartuko da ziklista talde osoa, semaforoak gurutzatzeari, gurutzaguneei, pasatzeko lehentasunari eta aurreratzeei dagokienez.

23. artikulua. Zirkulazioa ziklo-kale eta ziklo-erreietan.

1. Ziklo-kale izena izanen dute, eta hala seinalatuko dira, seinaleen bidez gehieneko abiadura 30 km/h edo gutxiagora mugatzen duten galtzadak. Halaber, abiadura edo zirkulazioaren intentsitatea murrizteko neurri gehigarriak izaten ahal dituzte.

2. Ibilgailu motordunen gidariak, ziklo-kaleetan barna doazenean, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran edo txikiagoan ibiliko dira, hala seinalatua badago, betiere ziklisten lehentasuna errespetatu eta gorde beharko dutelarik. Dena den, gurutzaguneetan errespetatu beharko dira bertako seinaleak nahiz bide lehentasunari buruzko arau orokorrak.

3. Noranzko bereko zirkulazio errei bat baino gehiago duten bideetan, ziklo-errei bat seinaleztatzen ahalko da 30 km/h abiadura mugarekin, bizikleten eta ibilgailu motordunen elkarbizitzarako eremu gisa. Ibilgailu motordunek abiadura egokitu beharko dute bizikletenarekin bat, eta ezin izanen dituzte bizikletak aurreratu zirkulazio errei beraren barnean.

24. artikulua. Bizikleten zirkulazioa espaloietan.

1. Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

2. Hala eta guztiz ere, 12 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun bat edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Bai adin nagusiko pertsonak, bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

3. Bizikletak espaloian barna ibiltzea salbuespenez baimentzen ahal da, seinaleen bidez eta udalaren txosten teknikoa egin bada, bitarteko jakin horretarako beste alternatibarik eskaintzen ez duten kaleetan, baita gehieneko abiadura 30 km/h duen kale gisa edo bizitegi-kale gisa seinalatuta ez dauden kaleetan ere.

4. Bizikleta-espaloietan edo espaloietako bidegorrietan, ziklistek beti errespetatu beharko dute oinezkoek gurutzatzeko duten lehentasuna eta abiadura mantsotu beharko dute. Oinezkoek bizikleta-espaloiak eta bidegorriak gurutzatzen ahal dituzte, baina ezin izanen dute haietan gelditu edo oinez ibili.

5. Espaloian barna ibiltzen ahalko dira, betiere oinezkoen lehentasuna errespetatuz, atoi edo aulkitxo homologatuetan adingabeak garraiatzen dituzten adin nagusiko pertsonak, 29. artikuluan (Salgai eta pertsonen garraioa) ezarritako baldintzetan.

25. artikulua. Bizikleten zirkulazioa, oinezkoen pasabideetan eta ziklisten pasabideetan.

1. Oinezkoendako pasabideetan, ziklistek bizikletatik jaitsi eta oinez zeharkatuko dute galtzada.

2. Ziklistendako pasabideetan, bizikletek honela jokatuko dute:

–Abiadura mantsotuko dute, oinezkoenera egokitu arte.

–Egiaztatuko dute galtzadan dabiltzan ibilgailuen gidariek ikusi dituztela.

–Ziklisten pasabideak pedalei eraginez zeharkatuko dituzte, betiere lehentasuna dutelarik galtzadan barna dabiltzan gainerako ibilgailuei dagokienez.

–Gelditu eta zangoa lur gainean ezarri beharko dute oinezkoen pasabidea zeharkatu aurretik.

26. artikulua. Bizikleten zirkulazioa bizitegi-kaleetan.

1. Bizitegi-kaleak dira zutikako seinaleen bidez seinalatuta daudenak eta honako ezaugarri hauek dituztenak:

a) Lehentasunez oinezkoen joan-etorrietarako diren kaleak dira, horretarako egokituak.

b) Haietan ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da, eta gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

c) Ibilgailuak ezin dira aparkatu seinaleen edo marken bidez zehaztutako tokietan baizik.

d) Oinezkoek zirkulazio-eremu osoa erabiltzen ahal dute. Baimenduta dago bertan jolasak eta kirol-jarduerak egitea.

e) Oinezkoek ez diete justifikaziorik gabe traba eginen ibilgailuen gidariei.

2. Honako hauek dira bizikleten zirkulazio baldintzak bizitegi-kaleetan:

a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.

b) Abiadura mantsotu beharko dute.

c) Ahal dela, galtzadaren erdialdetik ibiliko dira, fatxadatik gutxienez 2 metroko tartea gorderik.

d) Jendetza bildu denean, ezin bada oinezkoak aurreratzeko 1,5 metroko tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

3. Bizitegi-kale horietan bizikletak bi noranzkoetan ibiltzen ahal dira, baldin eta berariaz baimentzen bada seinale egokien bidez.

4. Bizitegi-kaleak seinalatuak eta mugarrituak egonen dira zutikako seinaleen bidez (15.3 artikulua, Bizitegi-kaleak).

27. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloen zirkulazioa parke eta pasealekuetan.

Mugikortasun urriko pertsonen bizikleta, aulki eta trizikloak parke eta pasealekuetan barna ibiltzen ahal dira, berariaz debekatu ezean, honako baldintza hauetan:

a) Oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute une oro.

b) Abiadura motelean ibiliko dira, eta oinezkoen abiadurara egokituko dira.

c) Oinezkoei aurreratzeko, gutxienez 1,5 metroko tartea utzi beharko dute, bideak aukera ematen duenean bederen.

d) Jendetza bildu delako ezin bada oinezkoak aurreratzeko segurtasun-tartea gorde, ziklistek bizikletatik jaitsi eta, hura eskuekin helduta, oinez segitu beharko dute.

28. artikulua. Segurtasun osagarriak, ikusgaitasuna eta kaskoaren erabilera.

1. Bizikletek txirrina eta argiak edo islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legediak ezartzen dituen baldintzetan. Kasu guztietan:

a) Egunez dabiltzanean txirrina izan beharko dute.

b) Hiriko edozein eremutan gauaz dabiltzanean, tunelaren seinalea duten bidearen zatietan edo ikusgaitasun urriko baldintzetan, eraman beharko dituzte txirrina, aurreko posizio-argi zuria, atzeko posizio-argi gorria eta atzeko islatzaile gorria, behar bezala homologatuak, oinez dabiltzan pertsonek eta gidariek ongi ikustea ahalbidetzeko.

2. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da 16 urtetik beheitiko pertsonentzat hiri bideetan, eta ziklista guztientzat hiriarteko bideetan.

29. artikulua. Ziklistendako gailuak eta seinale espezifikoak.

Udalak ziklistendako gailu edo seinale espezifikoak ezartzea baimentzen ahal du, haien segurtasunerako eta erosotasunerako onuragarriak badira. Besteak beste, hauek:

–Bizikletendako bideak, trafiko motordunaren kontrako noranzkoan.

–Gurutzaguneetan itxaroteko gune aurreratuak.

–Bizikletendako semaforo espezifikoak, ibilgailu motordunendako semaforoekin alderatuz ordena eta tenporizazio desberdina dutenak, bizikleten beharretara egokitzeko.

30. artikulua. Pertsona eta salgaien garraioa.

1. Adinez nagusiek pertsonak eta salgaiak garraiatzen ahalko dituzte bizikletetan eta zikloetan (35. artikulu honen 6. apartatuan deskribatutako baldintzekin bat).

2. Bizikletetan aulkitxoak eta beste edozein elementu erabiltzen ahalko dira, behar bezala homologatuta, haietan pertsonak edo zamak garraiatze aldera.

3. Pertsonak, zamak eta publizitate-zikloak garraiatzean ezin da:

–Herrestan eraman, osorik edo partez erori, edo modu arriskutsuan zirkulatu.

–Ibilgailuaren egonkortasuna kolokan jarri.

–Argien edo seinale optikoen gailuak estali.

4. Atoiak erraz ikusteko maneran eramanen dira eta atzeko posizio-argi gorria zein atzeko islatzaile gorria edukiko dituzte.

5. Segurtasuna hobetzeko, batez ere bideen elkarguneetan, atoiak edo gurditxoak kolore deigarriko banderatxo bat eraman beharko du bidearen gainerako erabiltzaileak ohartarazteko moduko altueran paraturik.

6. Adingabeak garraiatzeari dagokionez, pertsona bakar batendako egindako bizikleta eta zikloetan, gidaria adinez nagusia bada, zazpi urtera arteko haur bat ere eraman ahal izanen da, betiere, behar bezala homologatutako jarleku osagarri batean edo aulki akoplatu batean. Osagarri islatzaileak eduki beharko ditu aulkiak.

7. Adingabea, nolanahi ere, behar bezala homologaturik dagoen kasko babesle batez garraiatu behar da, kaskoa ongi loturik eta buruan doiturik.

8. Udalak salgaiak eta pertsonak zikloetan, bizikletetan edo mugikortasun pertsonalerako bestelako ibilgailuetan garraiatzea arautzen ahal du, Alkatetzaren dekretu baten bidez.

31. artikulua. Bizikletak aparkatzea.

1. Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak utzi.

2. Beste zenbait tokitan ere aparkatu eta lotu daitezke, landare-elementuak edo hiriko jarlekuak saihestuz, betiere honako baldintza hauek beteta:

–Oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorria ez oztopatzea.

–Hiri altzariei kalterik ez egitea edo haien funtzionaltasuna ez aldatzea.

–2 metroko tartea gordetzea gutxienez oinezkoen joan-etorrietarako eremuarekin.

–Aparkatuta dauden bizikletak eskuratzeko tarte aski gordetzea.

3. Ezin izanen dira aparkatu edo lotu Eskualdeko Hiri Garraioaren edo Taxi zerbitzuaren hiri altzarietan, ezta edukiontzien ondoan edo haien kokapena mugarritzen duten barren ondoan ere.

32. artikulua. Bizikletak eremu publikotik kentzea.

1. Agintari eskudunek eremu publikotik kentzen ahalko dute bizikleta edo zikloa, horretarako eginbeharra duenak ez badu halakorik egiten, honako kasu hauetan:

a) Aparkatzeko berariaz gaiturik ez dagoen toki batean 10 egun baino gehiagoz aparkatuta egonez gero.

b) Bizikleta, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jotzen badira.

c) Ibilgailua legez ibilgetu behar denean, hori egiteko toki aproposik ez badago.

2. Honako bizikleta eta ziklo hauek joko dira abandonatutzat, agintari eskudunek erretiratzeari dagokionez: eremu publikoan dauden bizikletak eta zikloak, baldin eta gurpilak falta bazaizkio, mugitzea eragozteko moduko narriadurak badituzte edo, beren egoera dela-eta, argi eta garbi bada abandonaturik daudela.

Kasu horietan, udal agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak kentzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, gasturik izanez gero, horiek haien jabeen kontura.

3. Udalak udal biltegira eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak.

Kentzen direnetik hiru hilabete iraganda, Udalak ibilgailu horiek erabiltzen ahalko ditu indarrean dagoen legeekin bat.

V. KAPITULUA

Abiadura

33. artikulua. Abiadura mugak.

Hiri bideetan eta zeharbideetan ibilgailuek gainditu behar ez duten abiadura ordenantza honen I. eranskinean ezartzen da.

34. artikulua. Abiadura egokitzea egoeren arabera.

Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, betiere haren abiada gelditzeko gai izateko maneran, bere ikus-eremuaren mugan eta edozein oztoporen aurrean.

35. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki halakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik ala bizikletarik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki adingabeak, adineko pertsonak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

c) Oinezkoendako edo ziklistendako pasabideetara hurbiltzean, semaforoak edo bidezainak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

d) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, erabiltzaileak jaitsi edo igo baitaitezke.

e) Zoladura irristakorretan ibiltzean edo bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonak urez, hartxintxarrez, lokatzez edo beste elementuren batez zipriztintzeko arriskua dagoenean.

f) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

g) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

III. TITULUA

Lekua erreserbatzea eta pasatzeko lizentziak

I. KAPITULUA

Salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokiak
eta beste espazio-erreserba batzuk

36. artikulua. Arau orokorrak.

1. Salgairen bat finka batetik ibilgailu aparkatu batera, eta alderantziz, eramatea da eremu publikoan zamalana egitea.

Xede horretarako seinale zutikakoen edo etzanen bidez erreserbatutako eremuetan eta ezarritako ordutegian zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo-ibilgailuak izan gabe, salgaiak garraiatzeko baimenduta dauden eta ibilgailuaren agirietan definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo salgaiak garraiatzeko txartela dutenak.

Udalaren lizentzia beharko da, baita ere, eremu publikoetan edo erabilera publikoko lurretan denbora mugarik gabe edo gau eta egun tokia gordetzeko, helburua baldin bada salgaiekin, jendearekin, bezeroekin edo gisakoekin zamalanetan aritzea. Horri, laburki, “tokia erreserbatzeko lizentzia” esanen zaio eta saltoki edo jarduera zehatzetan ari direnen mesederako izanen da. Horiek horrela badira ere, Udalak, bidezkotzat jotzen badu, zenbait tokitan aparkatzeko debekua ezar dezake, bai interes publikoko arrazoiengatik, baita hainbat lokal, jarduera edo sektore toki haietaz balia daitezen ere.

2. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, bizitegi-kaleetan eta oinezkoendako kaleetan, gutxienez 1.5 metroko tartea utzi beharko da ibilgailuaren eta fatxadaren artean, eta salgai materialak eta zamalanetan lekualdatzen diren objektuak ez dira lurrean utziko; izan ere, ibilgailutik zuzenean helmugara, edo alderantziz, eraman beharko baitira.

3. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, agudo, arriskurik gabe eta zarata gutxi aterata. Hirugarrenei trabak eraginez gero, lan horiek bertan behera utzi beharko dira traba horiek eragitea ekiditeko neurri egokiak hartzen diren arte.

4. Ibilgailuak eremuaren egokitzapenaren arabera ezarri bezala kokatu beharko dira eta erabilgarri dagoen tokia zentzuz erabili beharko dute, baimena duten eta bertan gelditu nahi duten gainerako ibilgailuei eremuaren erabilera errazteko.

37. artikulua. Denbora tarteak.

1. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeagoan, eta inoiz ez 20 minutu baino gehiago. Denbora hori zaindu eginen da, eremu horietan txandatzea egon dadin eta aprobetxamendua ahalik eta handiena izan dadin.

2. Zamalanetarako erreserbatutako ordutegitik kanpo, toki seinalatuak bat etorriko dira haien kokapenaren araberako aparkatzeko araubidearekin.

38. artikulua. Zamalanetarako lekua erreserbatzeko kasu bereziak.

1. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak egiten ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldairak, fuel hornidura, obrak eta abar), baldin eta baimena aurretik eskatzen bada, gutxienez lanak hasi baino 24 ordu lehenago, eta dagokien tasa ordaintzen bada.

2. Eskaeran idatzi beharko da enpresa eskatzailearen sozietate izena, ibilgailuaren matrikula, pisua eta neurriak, jatorria, zamalanaren toki zehatza eta lanaren gutxi gorabeherako iraupena. Udaltzaingoaren irizpidearen arabera, lana istantean utzi beharko da bertan behera emandako baimenaren baldintzak betetzen ez badira edo lana zailtzen duen gertaerarik egonez gero.

3. Kale edo eremu batzuetan, zenbait salgai banatzeko ibilgailu mota bereziak erabiltzea erabakitzen ahal du, ordutegi jakin batzuetan. Lehentasuna emanen die, haien ezaugarri teknikoei eta propultsio-sistemari esker, ingurumenean kalte gutxien (isuriak eta zarata) eragiten duten eta eremu publikoan toki gutxiago hartzen duten ibilgailuei. Aipatutako kale edo eremuen xehetasunak, aldaketak edo hedapenak, baita baimendutako ibilgailu motarena ere, dagokion Alkatetza dekretuaren bidez ezarriko da.

39. artikulua. Lekua erreserbatzea.

1. Administrazio publikoek eta bestelako erakunde publiko edo pribatuek beren egoitzen inguruan aparkatzeko erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte.

Tokia erreserbatzeko eskaerak aztertuko dira eta, egokia dela iritziz gero, hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarendako edo ibilgailuen joan-etorrirako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarendako onuragarri gertatzen den neurrian.

Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritzen edo baliogabetzen ahalko da, edo bere aprobetxamendua aldatzen, noiznahi eta kalte-ordainik izan gabe.

2. Eskumena duen udal organoak, eskabidea eta bestelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten, eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du Udalaren beste ibilgailu batzuek edo beste administrazioetakoek erabiltzeko baimena. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.

40. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.

–Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela egiaztatzeko txosten zabala.

–Toki erreserba erabiltzeko ordutegia.

–Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzen adierazten eta mugatzen duena. 1/100etik 1/200erainoko eskalan; hartan zehaztuko da zein den erabili dena.

4. Tokia erreserbatzeko lizentzia horien kontzesioa, oro har, aukerakoa izanen da.

Erreserbatu horiek tasaren sortzapena dakarte. Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean dago jasota tasa hori.

41. artikulua. Erantzukizuna.

1. Espazio-erreserbaren titularraren ardurakoak izanen dira espazio horretako zoladurak jasaten dituen kalteak. Haren erantzukina izanen da, halaber, seinaleak behar bezala instalatu eta kontserbatzea, bertikalak nahiz horizontalak, betiere II. eranskineko eskema grafikoen ereduaren arabera. Halaber, haren ardurakoa izanen da seinaleak kentzea edozein arrazoirengatik leku-erreserba bertan behera gelditu delako edo haren eraginkortasun-baldintzak bete ez direlako.

Aurreko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.

2. Hondar-hondarrean, ez lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak ez baditu artikulu honetako 1. puntuan zehaztutako obrak egiten, Udalak obra egiten ahalko du ordezko betearazpen gisa; halakoetan, zenbatekoa fidantzari zuzenean kargatuko dio, eta fidantzarik ez bada edo aski ez bada, erantzuleari zuzenean ordainaraziko dio, dela borondatezko bidean, dela premiamendu bidean. Ordezko betearazpenaren ordez, isun hertsatzaileak paratzen ahalko dira.

II. KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak

42. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.

1. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko lokal edo guneetara edo haietatik espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko guneetan barna pasatzea; horretarako, beharrezkoa izanen da Udalaren lizentzia edukitzea (pasatzeko lizentzia, laburki).

2. Pasatzeko lizentzia hau nahitaezkoa da aurreko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo beste arrazoi batzuengatik.

43. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

1. Lizentzia bakarra gehieneko luzerarekin: pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik unitate fisiko bat, fabrika-obrako beste tarte batzuen bidez isolatua guztiz eta modu iraunkorrean.

Orokorrean, ematen den lizentzia, gehienez ere, lokalean sartzeko atearen zabalera baino %20 luzeagoa izanen da, eta gehienez ere 6 metro izanen ditu, alboetako piezako errematea barne ez dela.

Gainera, lizentzia honen izaera murriztailea denez, interes publikoak hartaraturik, ahaleginak eginen dira elkarrengandik hurbil edo ondoan diren lokalak (bereziki titular berarenak ez badira) banan-banan ez baliatzeko lizentzia horietaz.

2. Salbuespenez eta interes publikoak hartaraturik, handitzen ahalko dira arestiko mugak, hala nola ibilgailuak gordetzeko lokaletan sartzeko pasaguneetan, ibilgailu kopuru handia gordetzeko edukiera badute, eta orobat beste kasu bakan eta arrazoituetan.

3. Orokorrean, pasatzeko lizentziak egoera hauetan baizik ez dira emanen:

a) Ibilgailuak gordetzeko lokalak:

–Lokal edo tokiaren benetako edukiera eta egiazko erabilpena, gutxienez, HIRU turismorendako izatea, edo 4.000 kg-rainoko karga-ahalmena duten HIRU garraio ibilgailurendako, edo 4.000 kg-tik goitiko karga-ahalmena duten birendako. Matrikulak eta titulartasuna kreditatu behar dira.

–Ibilgailuendako baizik izanen ez den tokia izatea, turismoendako lokaletan 40 m² eta zama-ibilgailuendakoetan 100 m² baino txikiagoa inondik ere izan ez daitekeena.

Aurreko bi puntuetan ezarritakoaren ondorioetarako, motozikleta bat turismo motako ibilgailu batekin pareka daiteke.

Aurreko bi baldintzak betetzen ez dituzten ibilgailuak gordetzeko lokalek eskuratzen ahalko dute pasatzeko lizentzia, horrek eremu publikoan aparkatzeko tokiak kentzea ekartzen ez badu.

b) Merkataritza eta industria erabilerako lokalak, adiera zabalean hartuta. Honako baldintza hauek betetzen direnean:

1.–Jardueraren ezaugarri orokorrengatik, ibilgailuen ohiko sarrera-irteerak nahitaezkoak izatea.

2.–Gutxienez 40 m²-ko tokia izatea libre eta gau eta egun, ibilgailu horietarako edo horien zamalanetarako.

3.–Ibilgailuak konpontzeko tailerrak direnean, eskatzen den azalera librea 25 m² baizik ez da.

c) Familia bakarreko etxeak: Honako baldintza hauek betetzen direnean:

1.–Familia bakarreko etxebizitzaren eremu pribatiboaren barnean gutxienez turismorako ibilgailu bat aparkatzeko tokia izatea.

2.–Eremu publikoan halako jarduketa batzuk egiteko murriztapen nabarmenik ez ekartzea. Pasatzeko lizentzia emateko, hiri-bilbeari egokitutako irtenbide bat bilatuko da kasu bakoitzean.

d) Etxebizitza kolektiboak, komunitatearen garajea dutenak.

Bete beharko dira a) atalean ezarritako baldintzak.

Pasatzeko lizentzia horiek dagokien tasaren sortzapena dakarte. Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean dago jasota tasa hori.

44. artikulua. Ordutegia.

Lizentziak ordutegi mugatuan edo une oro erabiltzeko izan daitezke.

1. Ordu jakin batzuetarako lizentziek gehienez ere hamar orduz egunean emanen dute ibilgailuak pasatzeko baimena, jaiegunetan izan ezik, non eta ez den horietarako ere erabakiren bat. Interesdunak eskatu beharko du nahi duen ordutegi zehatza. Ordutegia zatikatzen ahal da, establezimenduaren merkataritza ordutegira egokituta.

Ordu jakinetarako lizentzia horiek arau orokorra dira merkataritzako eta industriako establezimenduentzat, egonaldiko aparkalekuak ez badira.

2. Aldiz, une oroko lizentziak kasu bakan eta ezinbestekoetan baizik ez dira emanen, konparaziorako, larrialdi zerbitzuentzat eta ibilgailuendako garajeak direnean eta Udalaren iritziz behar hori nahitaezkoa badute.

45. artikulua. Seinalizazioa.

Pasatzeko lizentzia ezarri nahi den tokian ibilgailuak gelditzea edo egotea baimendurik baldin badago, lizentziarekin batera bertatik pasatzeko debekua etorriko da, eta debekua adierazteko arauzko diskoak jarriko dira, lokal edo gune pribatuko sarbidearen bi aldeetan. Haietan, gelditzeko edo aparkatzeko debekuak zer ordutegi duen, edo gau eta egunekoa ote den agertuko da. Diskoen arteko tartea pasabidean baimenduriko zabaleraren tamainakoa izanen da, eta haien garaiera, berriz, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrak (134. artikuluan), Zirkulazioko Seinale eta Bideko Marken Katalogo Ofizialak eta Herrilan eta Garraio Ministerioak ezarritako oinarrizko erregulazioan galdatzen dena, hau da: “metro 1etik 2,20 metro artean, pasabidearen seinalearen beheko ertzetik galtzadara”.

Udalak emanen ditu behar diren diskoak, dagokien tasa ordaindu ondotik, baina titularraren kontura geldituko dira haiek beren tokian paratu, zaindu eta mantentzeko lanak, eta Udalari itzuli beharko zaizkio baja gertatu edo pasatzeko lizentzia baliogabetuz gero.

Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko oketsa txuriz eta gorriz pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko II. Eranskineko eskema grafikoak erabiliko dira.

Zuri

50 cm

Gorri

50cm

Zuri

50 cm

Gorri

50cm

“Gau eta egunekoa” edo dagokion ordutegia idazteko lana ere adjudikazio-hartzailearen esku geldituko da, emandako lizentziaren arabera, marra lodiz eta letra edo zenbakien tamaina orokor txikiena 2 x 2,5 zentimetrokoa izanen dela, ongi ikusteko moduko kolore beltzez. Idazpen hori debekuko diskoaren eredu ofizialak azpian erantsia daraman laukian egin beharko da.

Seinaleak okerrak badira, aipatutako elementuren bat falta bada edo seinaleak ez badira behar bezala mantendu, pasatzeko lizentziak indarrean egoteari utziko dio eta ordenantza honekiko arau-hauste larritzat hartuko da.

46. artikulua. Zintarriko edo pasabideko oketsa.

Espaloiko zintarrian edo gisakoan (“pasabidea”, laburki) oketsa egitean, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan, eta nahitaez eskatuko da kasu hauetan:

1. Turismo motako hamar ibilgailu edo gehiago benetan hartzeko edukiera duten toki edo eremuak direnean.

2. Autobusak edo kamioiak benetan hartzeko edukiera duten toki edo eremuak direnean, noiznahi.

3. Udalak horretarako gaitasuna duen organoaren bidez, salbuespenez eta behar bezala arrazoiturik, kasu berezietarako horrela erabakitzen duenean.

Altsasuko Udalak baimena ematen ahalko du zintarrian oketsa egiteko, aurretik aipatu ez diren kasuetan.

“Zintarriko oketsa” hirian ohi den eredua edo diseinuaren araberakoa izan beharko da, eta hura egiteko berariazko lizentzia eskatuko da, bai pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera tramitatuz, bai bereiz.

Zintarria egin zein kentzeaz eta lehengoratzeaz, lizentziaren titularra arduratuko da, alegia, bere kargura eta kontura geldituko da; jardueraren titular berria edo lagapen-hartzailea edo lokal edo gunearen jabea, horrelakorik bada, harekin batera izanen da erantzule, amankomunean eta solidarioki.

Bai pasabidea kendu eta zintarria lehengoratzeko kasuan, bai nahitaezkoa izateagatik pasabidea bera egitean, Udalak obra egin dezake ordezko betearazpenean, aldez aurreko errekerimendurik gabe, eta arduradunari zuzenean kargatuko zaio haren borondatez edo, bestela, premiamendu bidez ordainaraziko zaio.

Gisa berean, paratzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ere kentzen edo deuseztatzen ahal dituzte udal zerbitzuek, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

47. artikulua. Pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea.

Debeku da pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea. Debeku hori lizentziaren titularrari ere dagokio. Kasu hauetan soilik onartzen da aparkatzea:

1. Gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala mugitzen duenean.

2. Merkataritza edo industrialeko lokalei emandako pasatzeko lizentzien kasuan, lokal horiek jarduera nagusitzat ibilgailuak konpontzea edo antzeko jardueraren bat badute, lokalera sartzeko zain dauden ibilgailuek aparkatzeko aukera izanen dute, lokala aipatutako jarduerarako zabalik dagoen ordutegian soilik.

3. Seinaleak behar bezala paraturik eta zaindurik ez badaude aginduta dagoen maneran, ez da salatuko ez kenduko pasabidean aparkatzen den ibilgailua; pasatzeko lizentzia baliogabetzeko arrazoia izaten ahal da hori.

48. artikulua. Erantzukizuna.

1. Pasatzeko lizentziaren titularraren ardura eta erantzukizuna izanen dira zoladurak edo zintarriak jasaten dituen kalteak, pasabidea egitea eta kentzea, eta horrelakoetan zintarria lehengoratzea, seinale zutikako nahiz etzanak (zintarriko eta galtzadako pintura) zuzen paratu eta zaintzea.

Horrexegatik, Udalak eskatzen ahal du hura konpondu, sendotu edo nahi den pasabiderako egokitzeko, bai lizentzia eman aurreko baldintza gisa, bai lizentzia eman ondoko edozein unetan.

2. Ordezko erantzukizuna. Aurreko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.

3. Ordezko betearazpena. Hondar-hondarrean, ez lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak ez baditu behar diren obrak egiten, Udalak obra egiten ahalko du ordezko betearazpen gisa; halakoetan, zenbatekoa fidantzari zuzenean kargatuko dio, eta fidantzarik ez bada edo aski ez bada, erantzuleari zuzenean ordainaraziko dio, dela borondatezko bidean, dela premiamendu bidean. Ordezko betearazpenaren ordez, isun hertsatzaileak paratzen ahalko dira.

Era berean, paratzen diren disko seinaleak eta zintarriko pintura ere kentzen edo deuseztatzen ahal dituzte udal zerbitzuek, pasatzeko lizentzia edozein arrazoirengatik indarrik gabe gelditzen bada edo lizentzia eraginkorra izateko baldintzak betetzen ez badira.

49. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Pasatzeko lizentziak eredu ofizialaren araberako eskabideetan eskatuko dira. Irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren eskaerarekin batera, zer eta horrela, ematen ahalko dira eskaera horiek. Pasatzeko lizentziarako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Pasabidea zein lokaletarako eskatzen den, haren erabilera jaso beharko da. Hori jasoko da irekitzeko lizentziarekin batera edo hura eskuratzeko egindako eskaerarekin batera, tramiteak aldi berean egiten ari badira.

b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta planoa, 1/100etik 1/200erainoko eskalan; hartan zehaztuko da zein den erabiltzen dena eta zein diren pasabideari eragiten dioten hiri elementuak (espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobusen geralekuak, edukiontziak eta abar).

c) Lokalaren planoa, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuendako eremua, sarbideak, haietan joan-etorriak egiteko korridoreak, ezaugarriak eta azalera.

d) Beste xederen bat duten negozio-lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bere hartan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik bataz-beste zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren handik egunean.

50. artikulua. Baimenak.

1. Eskaera ikusirik, udal organo eskudunak pasatzeko lizentzia onartzeko ebazpena emanen du, bidezko denean.

2. Eskaera egin bada irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziarekin batera, edo horiek oraindik eman gabe daudenean, beste horiek eskuratzea izanen da pasatzeko lizentziarako baldintza. Halakoetan, ez dira plakak emanen irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentzia lortzen ez den bitartean.

3. Lizentzia hauek nori eman erabakitzea Udalaren borondatearen mende geldituko da, ordenantza honetan aipatzen bada ere zein diren hura ukatu edo onartzeko kasu zehatzak.

51. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:

a) Titularrak uko egitea edo baja ematea.

b) Udalak baliogabetzea, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 181.3 artikuluan ezarritako arrazoien arabera.

c) Borondatezko epean ez ordaintzea pasabideari dagozkion tasak.

52. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak dakartzan betebeharrak.

Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio ordura arte titular izan denari:

a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra.

b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.

53. artikulua. Debeku orokorrak.

Hona hemen zer den espresuki debeku:

1. Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea, erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan baizik ez da onartuko pasabidea edo zintarri oketsa paratzea, ordenantzako baldintzen arabera.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Erabiltzen ez diren ibilgailuak, gurdiak edo bestelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aurreko atalean zehazten den asmo berarekin.

Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian gorde. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

IV. TITULUA

I. KAPITULUA

Gelditzeak eta aparkatzeak

54. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen joan-etorria eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere kalean dabiltzan gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilen kokatuko da ibilgailua.

5. Auto-taxiak eta alokatzen diren bestelako ibilgailu arinak Udal Administrazioak zehazten duen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan eta araudi espezifikoan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

Auto-taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.

6. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, Udal Administrazioak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

Modu osagarrian, hiri barneko garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ezartzen diren geraleku-helmugetan eta erregulaziokoetan egoten ahalko dira.

7. Eskola garraioaren eta haren geralekuen araua 443/2001 Errege Dekretuan xedatutakoa izanen da.

8. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioaren eraginez ez bada.

9. Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

10. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

11. Udal Administrazioak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordaindua, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

12. Altsasuko Udaltzaingoko Burutzak aparkatzeko baimen-txartelak ematen ahalko dizkie ibilgailu jakin batzuei, Altsasuko Udaleko organo eskudunak onetsitako irizpideen arabera.

Aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo behin betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz gainera.

55. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Higiezinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

f) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako eremuetan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

h) Urritasun fisikoa duten pertsonentzako edo beste erabilera batzuetarako espaloi oketsetan.

i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) BUS, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

m) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

n) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

56. artikulua. Aparkatzea.

1. Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dauden tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako eremuetan.

c) Bus, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

e) Aparkatzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

h) Kontainerren ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

i) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean.

j) Garraio publikorako erreserbaturiko erreietan.

k) Espaloirik ez duten kale urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.

l) Desgaitasuna dutenek bakarrik erabiltzeko toki seinalatuetan.

m) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Ordutegi mugatua duten aparkatzeko eremuetan, Udal agintaritzak hala gaituta, gehieneko denbora gainditzen denean.

p) Oinezkoendako pasabideetan, ziklistendako pasabideetan eta bide gorrietan.

q) Lerroan aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

r) Bide bazterrean.

s) Aldi batez bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinalatu behar dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.

t) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

u) Lorategi eremuetan.

v) Aparkatzea, aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz.

w) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

2. Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, horretarako egun baliodunak kontatuko direla.

57. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak karabanak eta autokarabanak.

1. Arau orokorra izanen da 5,5 tonatik gorako GMB duten ibilgailuek debeku izatea udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea, industrialdeetakoetan izan ezik.

2. Aurreko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko eremuak ezartzen ahalko ditu 5,5 tonatik gorako GMB duten ibilgailuak aparkatzeko.

Eremu gaituetan aparkatzeko baimena txartel baten bidez emanen da, eta txartel hori lortzeko honako baldintza hauek bete beharko dira ezinbestean:

a) Pertsona fisikoa nahiz juridikoa izatea, eta gehieneko pisu baimendua 5,5 tonatik gorakoa duen ibilgailu baten titularra, familia-unitatearekin batera Altsasun kokatutako etxebizitza batean erroldatuta dagoena, urtebete baino luzaroago, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.

b) Gaikuntza txartela zein ibilgailuarentzat eskatzen den, horri dagozkion zirkulazio zergen ordainketa eguneratua izatea.

c) Altsasuko Udalari baimen-txartela eskatu izana, eskabide eta inprimaki ofizialarekin batean agiri hauek aurkeztuta:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.

–Ohiko gidariaren gidabaimenaren kopia.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.

–Autoaren aseguru poliza indarrekoaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura aginduzkoa bada.

–Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Bizilagun txartela ibilgailuen aurreko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, haretxena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe baliogabetuko da eta une horretatik aurrera aparkatzeko eskubidea galduko du interesdunak.

Baimen-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiaztatzen ahal du ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenez gain.

Eremu horiek behar bezala markatuko dira eta, horrez gain, sarrera eragotzi, murriztu edo kontrolatzeko baliabide teknikoak erabil daitezke.

Eremu mugatuetan behar bezalako baimenik gabe sartzeak edo behar baino denbora gehiago egoteak zehapena ekarriko dute.

Eremu mugatuetan sartzeko edo egoteko arauak behin eta berriz urratuz gero, Udalak gaikuntza txartela kentzeko erabakia har dezake.

Aparkatze Mugatuko Eremuetako arau-haustea da:

–Egoiliarrendako indarreko txartelik gabe aparkatzea.

–Egoiliarrendako txartel faltsifikatuak edo manipulatuak erabiltzea.

–Egoiliarrendako txartelak manipulatu edo faltsifikatzea.

–Ibilgailuari ez dagokion egoiliarrendako txartela erabiltzea.

–Aparkatze mugatuko eremuko egoiliarrendako txartela agerian ez jartzea.

Ordenantza honetako aurreko artikuluan bildutako arau-hausteei dagozkien zehapenak honakoak dira:

1. 96,16 euroko isuna: aparkatze mugatuko eremuan indarreko txartelik gabe edo, baimena duen ibilgailuarena ez, beste baten txartelarekin aparkatzeagatik, faltsifikatu edo manipulatu diren txartelak erabiltzeagatik edo txartelak faltsifikatu edo manipulatu izanagatik, bidezko litezkeen beste neurri edo zehapen batzuk deusetan galarazi gabe.

2. 60,10 euroko isuna: gaikuntza-txartela agerian ez jartzeagatik edo Ordenantza honetan ezarririk dagoen aparkatzeko aldia gainditzeagatik.

3. Hori guztia, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 69. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, litezkeen zehapenen mailaketa deusetan galarazi gabe.

4. Ordenantza honen 53. artikuluaren 1. puntuaren aurkako arau-haustea gertatuz gero, ibilgailua ibilgetu ahalko da edo Garabi Zerbitzuak udal gordelekura eraman ahalko du, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 70 eta 71.e) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Artikulu honetako 1. eta 2. puntuetan ezarritako debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, baldin eta aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu bada.

4. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

5. Debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute, baita trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak ere.

58. artikulua. Garraio publikorako geralekuak.

1. Altsasuko Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren eta bidaiarien bestelako garraioaren geralekuak. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio erreiak libre utziz.

Geralekuetan, bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon.

2. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, bidaiarien zain eta lanerako prest dauden bitartean soilik egoten ahal dira ibilgailu horiek. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

V. TITULUA

Ekitaldi kulturalekin edo kirol-ekitaldiekin zerikusia duten eremu publikoko jarduketak

59. artikulua. Baimenak.

Ordenantza honen xede diren bideak okupatzeko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da eta ezinbestekoa izanen da Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. eranskinean (Kirol probei, bizikleta-martxei eta bestelako gertaerei buruzkoan) ezarritakoa betetzea, udal agintaritzak adierazitako arau propioak betetzeaz gain. Baimendutako probak bete beharreko baldintza bereziak agertuko dira baimenean, eta titularrak derrigorrez bete beharko ditu.

60. artikulua. Baimena eskatzea.

Interesdunak jardueraren aurreikusitako data baino gutxienez hilabete lehenago eskatu beharko du baimena, baldin eta, izanen duen tamainagatik udaleko langileek ezohiko zerbitzu bat eskaintzea beharrezkoa bada, eta ez bada nahikoa ohiko zerbitzuarekin. Eskaera Udaltzaingora bidalitako eskabide normalizatu baten bidez formalizatuko da, eta bertan adierazi beharko da zein gertaera mota den eta zenbat iraungo duen, baita ibilbidea eta okupatu beharreko eremuak erakusten dituen plano xehatu bat erantsi ere.

61. artikulua. Baimena ematea.

Dagokion administrazio-espedientea izapidetu aurretik, eskatutako baimena emanen da eta bertan adieraziko dira behar izanez gero hartu beharreko segurtasun neurriak eta eskatzaileak bete beharko dituen baldintzak.

62. artikulua. Laguntza-langileak izateko eskakizuna.

1. Antolatzaileei laguntza-langileak izatea eskatzen zaien kirol-proben kasuan, zuzendari betearazlearen lanak eginen dituen pertsona bat izendatu beharko da, eta bide segurtasunaren arduradun bat. Azken horrek bete beharreko baldintzak eta funtzioak Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. eranskinean azaltzen dira.

2. Jarduera garatzen den bitartean ordena eta kontrola mantenduko duten laguntza-langileen kopurua behar adinakoa izan beharko da.

3. Proba baino lehenago, Udaltzaingoak zerbitzuaren argibideak emanen dizkie antolatzaileei, eta bertan adieraziko dira laguntza-langileek bide-mozketen edo saihesbideen kasuan dituzten betebeharrak, baita proba behar bezala garatzeko jarraibide egokiak ere.

63. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.

1. Bide segurtasunaren arduraduna laguntza-langile guztiez arduratuko da eta pertsona bakoitzari zehatz-mehatz adierazi beharko dio zein den egin behar duen funtzioa, Udaltzaingoak ezarritako zerbitzuaren arabera.

2. Proba hasi aurretik, eta aurrerapen nahikoarekin, laguntza-langileek postu guztiak bete dituztela eta pertsona guztiek haien eginbeharra ezagutzen dutela ziurtatuko du. Hala bada, Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunari jakinaraziko dio eta dagokion egiaztagiria sinatuko du.

3. Udaltzaingoaren operatiboaren arduradunak izanen du antolatzaileei proba hasteko baimena dutela jakinarazteko ardura; izan ere, proba ezinen baita hasi udaltzainen nahiz laguntza-langileek bete beharreko postu guztiak beteta egon arte.

64. artikulua. Fidantza.

1. Baimena emateko baldintza gisa ezartzen ahal da eskatzaileak fidantza bat jartzea utziko zaion materiala mantentzeko eta, behar izanez gero, berriak erosteko (hesiak, konoak, seinaleak...), edo hiri-altzariei edo eremu publikoari eragindako kalteak ordaintzeko.

2. Beharrezkoa izanez gero antolatzaileek galtzadan markak egitea, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren gainean soilik eginen dira eta inoiz ez beste mota bateko zoladuraren gainean. Halaber, egun gutxiren ondoren ezabatzen den pinturarekin egin beharko dira.

65. artikulua. Lekua erreserbatzea.

1. Beharrezkoa izanez gero lekua erreserbatzea eta, horren ondorioz, aparkatzeko eremuak okupatuko badira, hogeita lau ordu lehenago seinalatu beharko da kaltetutako eremua. Aparkatzeko debekuaren seinaleari legenda bat gehitu beharko zaio, okupazioaren arrazoia eta iraupena adieraziko dituena. Lekuaren erreserba egitea gertaeraren antolatzaileari eskatzen ahal zaio, eta haren ardura izanen da hura mantentzea.

2. Erreserba seinaleztatzean aparkatuta dauden ibilgailuek bertan jarraitzen badute 24 ordu igaro ondoren, beste eremu batzuetara edo udal gordailura eramanen dira garabi-zerbitzuaren bidez. Baliteke baimenaren titularrari eskatzea behar izan diren zerbitzuen gastuak ordaintzeko. Horretarako, baimena eman aurretik, udal administrazioak fidantza jartzeko eskatzen ahal du, baimenean ezarritako zenbatekoan. Erabilitako garabi-zerbitzuaren gastuak aipatutako fidantzatik kenduko dira.

3. Baimenak eragiten dien eremuak garbitu eta behar bezala seinalatu ondoren, eremu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie bidegabeki aparkatzeagatik eta bertatik kenduko dira garabi-zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu horren erabilerak eragiten ahal dituen gastuak ordaindu beharko ditu.

66. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.

1. Ibilbidea seinaleztatzeko ardura antolatzaileak izanen du, eta berak ekarri beharko du beharrezko materiala. Seinaleztatze hori edo hesien, konoen edo bestelako elementuen bidez balizatzea Udaltzaingoak ikuskatuko du gertaera hasi aurretik.

2. Ibilbidearen aurretik trafikoa mozteko edo saihesbideak ezartzeko beharra dagoen tokietan soilik jarriko ditu seinaleak Udaltzaingoak, trafikoak ez dezan eraginik izan ibilbidean.

67. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, halaber, hura kentzea eta dagokion zehapen-espedientea irekitzea ekarriko du.

VI. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

68. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.

2. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean aparkaturik gelditzen denean (gehienez ere hirurogei egun) eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

3. Bizikletei dagokienez, ordenantza honetako 32. artikuluan (Bizikletak eremu publikotik kentzea) xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta gorde denetik, hilabete bat baino gehiago iragan denean.

69. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Altsasuko Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta bost egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Bizikletei dagokienez, ordenantza honetako 32. artikuluan (Bizikletak eremu publikotik kentzea) xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Aurreko atalean aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik 60 egun iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aurretik ordaindu beharko dira.

VII. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

70. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku da Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, Erregelamendu horren arriskuko 1. edo 2. etiketak eraman behar dituztenak, Altsasuko udal-mugartean barna ibiltzea.

2. Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

71. artikulua. Aparkatzea.

Debeku da 58. artikuluan aipatu ibilgailuek Altsasuko udal-mugarte osoan aparkatzea.

72. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren antolamenduagatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Altsasuko Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Altsasuko Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.

73. artikulua. Beste ibilgailu batzuk.

1. Debeku da Altsasuko udal-mugarteko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezean.

2. Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko ez bidegorrietan ezta espaloietan ere, metro bat zabal baino gehiago badira.

VIII. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Instalazioa

74. artikulua. Ezartzea.

1. Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak ezartzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoren.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei men egitera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

75. artikulua. Aplikazioa.

Hiriko sarbideetan jartzen diren seinaleek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, halako kale tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.

Oinezkoendako eremuen, bizitegi-kaleen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan, nahiz gehieneko abiadura muga 20 km/h duten eremuetan jartzen diren seinaleek perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, beste seinale batek salbuespena adierazi ezean.

II. KAPITULUA

Edukia

76. artikulua. Edukia.

Partikularrek (hotelak, jatetxeak, garajeak...) ez dute libre seinaleak jartzea, Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

berehala kenduko dira trafikokoak ez diren, behar bezala baimenduta ez dauden edo Udalaren baimenaren baldintzak betetzen ez dituzten seinaleak.

Zirkulazioko seinale eta bideko marken katalogo ofizialean ez badago seinalerik ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion esanahia duena, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.

Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

77. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Altsasuko Udaltzaingoko agente eta laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu, bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko behar den egoera fisikoa edo mentala bestelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, estupefazienteak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpoko egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egiten ahal dutela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baizik.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidarien ikusmena modu arriskutsuan murrizten direnean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak % 50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izanik ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen zarata eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legediak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Arau-hausleak ez duenean egiaztatzen lurralde espainiarrean legezko bizilekua duela, ez badu agenteak behin-behinean ezarritako isunaren zenbatekoa gordailutu. Dena den, aintzat hartuko da hasiera batean ezarritako isuna % 50ean murriztea, ordenantza honetako 81. artikuluaren arabera.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aurretik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

78. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, bidezainek eta Altsasuko Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta dagoenean, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainiarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak paratzen dituen eta denbora-muga duten aparkatzeko tokietan aparkaturik gelditzen denean, gehieneko denbora gainditu ondoren.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Kontainerrak husteko lanak oztopatzen dituenean.

h) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

79. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 75. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian ezgaitu fisikoak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokietan aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide, bidegorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Bizitegi-eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Bizitegi-eremuetan apartaturik dagoenean, seinaleen edo bideko marken bidez berariaz adierazitako tokietatik kanpo.

r) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

s) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

t) Garraio publikorako erreserbaturiko bide-lerroetan aparkaturik dagoenean.

u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

v) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta, ibilgailuak ibilgetzeko, eremu publikotik kentzeko eta gordetzeko zerbitzuekin lotutako eskubideak eta tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren arabera, horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du ezertan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

80. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

81. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, dagokion tasa sortzen duten kausetako baten ondorioz, ibilgailua kentzeko lanak hasita gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere kontzeptu horrengatik ezartzen den tasa ordaindu ondoren, Ibilgailuak ibilgetzeko, eremu publikotik kentzeko eta gordetzeko zerbitzuekin lotutako eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari jarraituz.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

82. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta, horretan jasotzen ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

83. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez baldin badu.

2. Arau-hauste oso astuntzat joko da ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

84. artikulua. Laster ordaintzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

85. artikulua. Instrukzioa.

Ordenantza honetan araututakoa hausteagatik irekitako zehapen espedienteen instrukzioa Udaleko Idazkaritzak eginen du.

Hura bukatutakoan, udal organo eskudunak dagokion ebazpena emanen du.

86. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausterik bada, Altsasuko Udaltzaingoak salatuko du eta gero Altsasuko Udalak berak igorriko dio administrazio eskudunari.

87. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jasotzen ahal duten arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetakoren bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

88. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari traba jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

XEDAPEN IRAGANKORRA

11. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa indarrik gabe geratuko da harik eta Altsasuko Udalak ziklomotorrak eta motozikletak aparkatzeko espazioen kokapenari eta horien gaikuntzari buruzko azterketa bat egiten duen arte. Azterketa hori, gehienez ere, urtebeteko epean egin beharko da, ordenantza honen behin betiko onarpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Zehazki, eta indarrean sartzean, indargabeturik geratuko dira 2002ko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (70. zk.) argitaratutako Trafikoa Arautzeko Udal Ordenantza, bai eta ibilgailuak espaloietatik igarotzeko lizentziak eta bide publikoetako espazio-erreserbak arautzen dituen Ordenantza ere, 2004ko ekainaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (69. zk.) argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA

Abiadura mugak

Altsasuko bideetan honako abiadura muga hauek ezartzen dira:

–Gehieneko abiadura 30 km/h. Hirigune osoan.

–Gehieneko abiadura 20 km/h. Oinezkoen eremuak.

–Gehieneko abiadura 20 km/h. Ameztia eta Zuntaipe.

–Gehieneko abiadura 40 km/h. Ibarrea, Ondarria eta Isasia industrialdeak.

II. ERANSKINA

Pasatzeko lizentzien eta leku-erreserben seinaleztapen horizontaleko ereduak

–Pasabideetarako lizentziak.

L2015765_0.pdf

–Lekua erreserbatzea.

L2015765_1.pdf

Iragarkiaren kodea: L2015765