132. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

450E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena ematen baita Milagroko Moto-kros Zirkuiturako Proiektuari buruz. Udalerri horretako Udala da proiektuaren sustatzailea.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedurarekin haste aldera, eta egiaztatu ondoren dokumentazioak bete egiten dituela sektoreko legerian eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan ezarritako baldintzak, Milagroko Udalak, 2021eko otsailaren 10ean, sustatzaile gisa eta, aldi berean, funtsezko organo gisa, 2021eko otsailaren 10ean, Milagroko Moto-kros Zirkuiturako eskabidea eta Proiektua aurkeztu zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. 17 erakunderi egin zaie kontsulta eta 6 erantzun jaso dira. Erantzun horien edukia ingurumen txosten honen I. eranskinean laburbildu da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten honetan ezarritako baldintzetan.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektuaren xedea moto-kros zirkuitu bat eraikitzea da, aire zabaleko motordun kirola egiteko, Milagro udalerriko “Montealto” parajeko 3. poligonoko 238. lurzatiaren zati batean.

Instalazioek 9.083,03 m²-ko azalera dute guztira, eta pistaren trazadurak 1.500 m-ko luzera eta 6 metroko zabalera du, 5 jauzirekin eta olatuen atal batekin. Gainera, aparkalekua (150 m²), perimetro hesitua, sarbideak eta sarrera mugatuak daude. Ez dago aurreikusita bainugelarik, motorren garbitokirik edo etxolarik instalatuko denik. Jendearentzako egonaldia duten zirkuituko gune guztiak hesi edo barrera batez mugatuta egonen dira.

Zirkuitua eguneko entrenamendurako izanen da, moto-kroseko motozikleten zilindrada guztietarako egokia. Kalkuluen arabera, gehienez 6 moto eta 12 pertsona egoten ahalko dira batera. Aurreikusita dago zuhaitzak landatzea, hesiaren ondoan, itzal eremuak eta zarata xurgatzeko pantaila sortzeko.

Ingurunearen osagaiak aztertzen dituen ingurumen dokumentuan bildutako ondorioen arabera, instalazioak inguruneko faktoreetan duen eragina bateragarria eta are positiboa da, aztertutako ingurumen balioen babesa bermatzen duelako, eta, halaber, jarduera puntuala, lokalizatua, itzulgarria eta eremuko ingurumenarekin bateragarria izanen delako.

Bestalde, ingurumen dokumentu horrek aditzera ematen du zirkuitua ehiza barruti bateko “segurtasun eremuan” sartuta dagoela, eta litekeena dela jarduera bateraezina izatea hori dela-eta, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 10. artikuluko d) letran zehaztutako atsedengune edo kirolgune bat baita (48/2007 Foru Dekretua, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onestekoa).

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Kontsulten emaitzak kontuan izanik, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, honako hau jakinarazi du:

Moto-kros zirkuiturako proiektua 3. poligonoko 238. lurzatiaren zati batean dago, “Montealto” parajean, Milagro udalerrian. Ikusten denez, jarduketen eraginpeko azpilurzatiak “lehorreko laboreetarako lur” gisa katalogatuta daude katastroan, baina gaur egun landaredi natural sakabanatuak daude bertan, zuhaixka eta sastraka espeziez osatua, hala nola Iparraldeko elorri zuria, sabina feniziarra, basa arrosa, ena arrunta eta Genista sp. Arbendolondoen oin batzuk ere ikusten dira. Aipatutako eremua laboreetarako lurzatien, larre eremuen eta basoberritzeko Aleppo pinuen basoen artean dago. Proposamenaren aurrean, bidearen beste aldean, eguzki parke fotovoltaiko bat dago.

Proiektua eraikuntza fasean dago, eta ekintza puntualak, aldi baterakoak eta intentsitate txikikoak jasotzen ditu, hala nola lurzoru luberritzea eta lur mugimenduak, zeinek lurzorua landarerik gabe eta higaduraren eraginpean utziko baitute.

Ustiapen fasean, proiektuak sortuko dituen eragin handienak, higadura prozesuen eta kausa horrek paisaian izanen dituen eraginen ondorioz sortutakoez gain, ibilgailu motordunetatik eta zirkuitura joanen diren pertsonek eragindako zarata sortzea izanen dira. Zarata horrek zuzeneko eragin larria izanen du ukitutako nekazaritza eremuan eta hegoaldean kokatutako ondoko baso masan dagoen faunan, 100 hektarea inguruko azalerarekin (habiak egiteko euskarri gisa balio die hegazti espezie askori).

Bestalde, Basoak Kudeatzeko Atalaren txostenean oinarrituta, jarduerak sute arrisku handia ekarriko du, ibilgailu motordunak erabiliko direlako eta pinudiaren inguruan jendea metatuko delako. Ildo horretan, jakinarazten da jarduera honetarako aplikagarria dela 222/2016 Foru Dekretua (2017an aldatua), baso suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duena, eta, zehazki, 10. artikulua, zeinak arautzen baitu udan ibilgailu motordunekin eta beste makina batzuekin mendiko pistetatik eta lurzoru urbanizaezinetik zirkulatzea. Hala, sustatzaileak aparteko baimen bat izan beharko du suteak kontrolatzeko. Baimen horrek prebentzio neurriak jaso beharko ditu, nola jarduketa eremuaren barruan, hala haren kanpoaldean, eta hiri-baso interfase bat (HB-I) ere sortu beharko da. Organo eskudunak emana beharko du baimen horrek.

Proiektuarekin batera doan ingurumen dokumentuan adierazten den bezala, proiektatutako zirkuituak zuzenean eragiten du FP01 La Peña-Montealto usategi frontearen aurrealdean, hau da, NA-10.416 tokiko ehiza barrutiak duen fronte bakarrean, zeina Milagroko San Blas Kirol Ehiztarien Elkarteari esleitu baitzaio 2025/2026 ehiza denboraldia amaitu arte. Bertan, usoaren eta birigarro arruntaren ehiza aprobetxamendua gauzatzen da, bai eta beste espezie batzuena ere (ez hainbeste, nolanahi ere)..

Ehiza Atalak egindako txostenaren arabera, proiektua bateragarria izan dadin eremu horretako ehiza jarduerarekin, beharrezkoa izanen litzateke FP01 La Peña-Montealto frontea haustea, PP09, PP10, PP11 eta PP12 usategi postuen segurtasun eremua husteagatik, gaur egun proiektuaren eremuko 200 metroko erradio baten barruan baitaude. Txostenaren arabera, jarduera horrek alboko errailetan ere izanen du erasana (izan ere, horiek ezabatu egin beharko dira, edo, bestela, diseinua nabarmen aldatu); halaber, eperren kontrako kutsadura akustikoa ere izanen du jarduerak, moto-kros zirkuiturako proiektatutako kokapena C kategoriako lurretan egonen bailitzateke, hau da, Milagroko barruti horretan eper ehizarako aprobetxamendu egokiena dutenetan; azkenik, erbi eta untxiak ehizatzeko egokiak diren lurretan ere gerta litezke erasanak.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Milagroko Udalak sustatutako Milagroko Moto-kros Zirkuituaren Proiektuak erasan nabarmenak ditu ingurumenean, eta, horrenbestez, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, faunan dituen ondorio kaltegarriak kontuan hartuta, sute arrisku handia dakarrelako, eta lehen mailako eragin soziala izanen lukeelako, bai gauzatze fasean, bai ustiapen fasean; izan ere, Milagroko NA-10.416 tokiko ehiza barrutian zuzeneko eragin kritikoa izanen luke.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Milagroko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari, Ehiza Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Herri-lurren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta tramitea

UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOA ETA PERTSONA INTERESDUNA

ERANTZUNA

MILAGROKO UDALA

X

VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA

EHIZA ATALA

X

NATURAGUNEEN ETA ESPEZIE BABESTUEN ATALA

BASOAK KUDEATZEKO ATALA

X

INGURUMENA ZAINTZEKO ATALA. TUTERA ALDEKO BASOZAINTZA

X

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAREN ATALA

X

NEKAZARITZAKO AZPIEGITUREN ZERBITZUA

X

HERRI-LURREN ATALA.

X

TURISMOA ETA MERKATARITZA ANTOLATU ETA SUSTATZEKO ZERBITZUA. TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO ZUZENDARITZA NAGUSIA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑEA-ECOLOGISTAS EN ACCION

GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA

LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA

NAFARROAKO EHIZA FEDERAZIOA

ADECANA, NAFARROAKO EHIZTARIEN ELKARTEA

SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA

LANDAZURIA - ERRIBERAKO EKOLOGISTAK MARTXAN

Milagroko Udalak, sustatzaile gisa, proiektuaren hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena eman du; izan ere, jarduera kokatu nahi den lurzatietako batek natura ustiapenerako balioa gordetzeko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena du, eta lurzoru kategoria horretan baimentzen ahal dira kirol eta aisialdi jarduerekin lotutako erabilerak.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du jarduketa baimendutako jardueratzat hartzen dela, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluari jarraikiz.

Martxoaren 16an, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak jakinarazi zuen ez dela beharrezkoa ingurumen eraginaren ebaluazioari ekarpen gehigarririk egitea herri-ondasunetako erasanari dagokionez (Milagroko 3. poligonoko 238. lurzatia).

Ingurumena Zaintzeko Ataleko Tuterako Koordinazio Unitateak lurzatiaren ingurumen balioei buruzko txostena eman du; izan ere, gaur egun laboreetarako lur gisa katalogatuta dauden arren, hainbat espeziez osatutako sastraken eta zuhaitz txikien habitat naturala osatzen dute:

arbendolondoa, iparraldeko elorri zuria, sabina feniziarra, basa arrosa, ena arrunta eta Genista sp., besteak beste; izan ere, faunaren gordailu gisa funtzionatzen du habitat horrek, eta kontuan izan behar da inguru horretan gero eta urriagoak direla halako habitatak, nekazaritzaren erabilera intentsiboa dela eta. Bestalde, jakinarazi dute lurzatiak Aleppo pinuen baso-masa batetik metro gutxira daudela, 100 hektarea inguruko azalera izanik baso-masa horrek. Masa horrek habiak egiteko euskarri gisa balio die hegazti espezie askori, eta zaratak eragina izaten ahal du habiak egiteko prozesu horretan. Pinudi masaren ondoko egoera horrek sute arrisku handia dakar, motoak erabiltzeagatik ez ezik, inguruan jendea metatzeagatik ere bai.

Bestalde, txostenak zalantzan jartzen du proiektuaren ingurumen bideragarritasuna ehiza jarduerari dagokionez.

Ehiza Atalak txostena eman du izapidetzen ari den proiektuari eta horrek Milagroko NA-10.416 tokiko ehiza barrutiko uso fronte batean –bai eta jardueraren beste alderdi batzuetan ere– izan lezakeen erasanari buruz, eta honako hau zehaztu du:

1. Proiektatutako zirkuituak zuzenean eragiten du FP01 La Peña-Montealto usategi frontearen aurrealdean, hau da, barrutiak duen usategi fronte bakarrean. Bertan, usoaren eta birigarro arruntaren ehiza aprobetxamendua gauzatzen da, bai eta beste espezie batzuena ere (ez hainbeste, nolanahi ere). Horri dagokionez, esan behar da ehiza aprobetxamendu guztia zuzenean esleitu zitzaiola San Blaseko Kirol Ehiztarien Elkarteari, 2025/2026 ehiza denboraldia amaitu arte.

2. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 10. artikuluko d letraren arabera, eta moto-kros zirkuitua kirol esparrutzat hartuta, segurtasun eremuaren mugak ohiko azken eraikin edo instalazioetara iristen direnak izanen dira, eta berrehun metroko zerrenda batean handituko dira norabide guztietan. Hori horrela izanik, zirkuitua eraiki ondoren, beharrezkoa izanen litzateke FP01 La Peña-Montealto frontea haustea, PP09, PP10, PP11 eta PP12 usategi postuen segurtasun eremua husteagatik, gaur egun proiektuaren eremuko 200 metroko erradio baten barruan baitaude. Bestalde, eta ukituriko barrutiaren ezaugarriak kontuan hartuta, lau postu horiek birkokatzea zaila izanen litzateke fronte horretan, eta, atal honek fronte bat zenbait frontetan ez zatitzeko duen irizpide teknikoa kontuan hartuta, ehiza errendimenduak nabarmen eginen luke behera, fronte osoa beste lekuren batera aldatuz gero.

3. Moto-kros zirkuiturako proiektatutako kokapenak alboko errailei –RQ03 (11,78 ha) eta RQ02 (17,87 ha)– eragiten die, eta horiek ezabatu beharko litzateke, edo, bestela, diseinua nabarmen aldatu.

4. Milagroko NA-10.416 barrutiak 2.622 hektareako azalera du, eta horietatik 683 eperrak ehizatzeko egokiak dira, nahiz eta C eta D kategorietakoak izan, hau da, ehiza aprobetxamendurako kalitate txikiagokoak. Moto-kros zirkuiturako proiektatutako kokapena C kategoriako lurretan dago, hau da, Milagroko barruti horretan eper ehizarako aprobetxamendu egokiena dutenetan, eta 132 ha-ko azalera hartzen dute. Zirkuituaren eremua hektarea bat baino pixka bat txikiagoa bada ere, egokitzat jotzen da inguruko lurretan moto-kros jardueraren kutsadura akustikoaren ondoriozko ondorio negatiboak aipatzea.

5. Moto-kroseko jardueraren ondoriozko erasan posibleek erbi eta untxientzako egokiak diren lurrak hartzen dituzte eraginpean.

Basoak Kudeatzeko Atalak Milagro udalerriko “Montealto” parajeko 3. poligonoko 238. lurzatiko AY, AS eta C azpilurzatien ingurumen balioei buruzko txostena eman du (laborantza-abandonu erabilera dute horiek).

Basoberritzeko Aleppo pinuen baso-masa bat gertu dagoela jasotzen du txostenak, eta, baso suteen prebentzioaren ikuspegitik, planteatzen den jarduerak sute arrisku handia dakarrela ohartarazten du. Motordun ibilgailuekin egiten den jarduera da, gaur egun zuhaixka edo sastraka mailako landaredia duen eta baso eremu batean kokaturiko eremu batean. Ildo horretan, jakinarazten da aplikagarria dela 222/2016 Foru Dekretua (2017an aldatua), baso suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duena, eta, zehazki, 10. artikulua, zeinak arautzen baitu udan ibilgailu motordunekin eta beste makina batzuekin mendiko pistetatik eta lurzoru urbanizaezinetik zirkulatzea.

Asmoa proposamenak irautea denez gero, egokitzat jotzen da aparteko baimen bat ematea; baimen horrek prebentzio neurriak jaso beharko ditu, nola jarduketa eremuaren barruan, hala haren kanpoaldean, eta hiri-baso interfase bat (HB-I) ere sortu beharko da, hiru buffer gunerekin instalazioaren kanpo perimetrotik, eta inguruko landarediaren araberakoa izanen den zabalerarekin, baso suteak gertatzeko arriskua saiheste eta/edo minimizatze aldera. Baimen hori organo eskudunak emandako baimenaren parte izan behar da.

Bestalde, adierazi du prebentzio neurrien artean jaso beharrekoa dela sute arrisku handiko garaietan jarduera mugatzea, aldagai meteorologikoen arabera. Horretarako, esteka honetan bilduriko informazioa kontsultatzea gomendatzen dute:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Seguridad/Consejos+de+seguridad/Incendios/quemaRastrojeras.htm

Azkenik, jarduketa eremuan neurri aktiboak ezartzea gomendatzen du, hala nola ur harguneak, goi presioko ponpaz hornituriko ur deposituak, su itzalgailuak, etab.

Iragarkiaren kodea: F2107755