130. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

19/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Eskumen horiek erabiliz, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori oso-osorik berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 11ko 65/2021 Autoaren bidez, salbu eta Nafarroako Foru Komunitatean gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea eta terrazen, janaria etxera eramateko zerbitzuen, kanpoko kirol-instalazioen, haurren jolastokien eta funtzio anitzeko aretoetako kanpoko espazioen ordutegia murriztea.

Foru agindu hori maiatzaren 14ko 16/2021 Foru Aginduak aldatu zuen, zeinean ostalaritzarako neurriak malgutzen baitziren, barnealdeak ireki ahal izateko, zenbait aukera eta baldintzarekin.

Maiatzaren 18an onetsi zen Osasuneko kontseilariaren 17/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 71/2021 Autoaren bidez, foru agindu hori oso-osorik baimendu zen, salbu eta gurtza-lekuetako edukiera %30era mugatzeari dagokionez. 17/2021 Foru Agindua Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 27ko 18/2021 Foru Aginduak aldatu zuen gero, zenbait neurri malgutzearekin batera, besteak beste ostalaritzako establezimenduak, bingoak, joko aretoak eta antzekoak irekitzeko ordutegiak, baita funtzio anitzeko zentroak irekitzekoak ere. Edukierak handitu ziren kultur jardueretan, eta baldintza zehatzak ezarri zinemetan edateko eta jateko. Alkohola saltzeko debekuaren ordutegia ere aldatu zen: 22:00etatik 8:00ak arte.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, astebeteko datuen zain bagaude ere, ikusten da kasuen kopuruak gora egin duela aurreko astetik hona. 2021eko maiatzaren 30eko datuekin, intzidentzia metatua 14 egunean eta 7 egunean, hurrenez hurren, 132,24 kasukoa eta 69,6 kasukoa da 100.000 biztanleko (arrisku moderatua), 1,9ko ratioarekin; horrek esan nahi du beheranzko joera gelditu egin dela eta 2tik behera egoten hasi garela. Oinarrizko erreprodukzio zenbakia duela astebete 0,77 izatetik atzo 1,05 izatera igaro da.

Zirkulazioan dagoen birusari dagokionez, aldaera ingelesa da nagusi, kutsakorragoa izateaz gainera ospitaleratzeko arriskua handiagoa duena. Azken asteetan kasu multzoak atzeman dira, ziurrenik beste aldaera batzuek eragindakoak, eta kezka iturri dira, kutsakorragoak izan daitezkeelako, bai eta txertoari ihes egiteko erraztasun handiagoa izan ere; kasu horiei, beraz, jarraipen berezia egiten ari zaie eta prebentzio neurri zorrotzagoak aplikatu zaizkie populazioan zabaldu ez daitezen. Izan ere, azten aste honetan aldaera horiek atzemandako kasuen %5 eragin dute.

Oro har, ospitaleratzeek behera egiten segitzen dute, batez ere txertatuta dauden taldeetan, baina gainerako taldeetan ere bai. Horri gehitzen badiogu intzidentziaren apaltzea 65 urtetik gorakoen artean, 1. mailako alerta egoeran gaude (maila apala).

Alegia, oro har, aurreko astearekin alderatuta, ikusten dugu, batetik, joera aldatzen ari dela kutsatzean, berriz gora egiten hasi baita, ziurrenik gure erkidegoan neurrien malgutzearekin lotuta, maiatzaren 9tik aurrera zehazki. Horrez gain, oraindik portzentaje erlatibo oso txikietan bada ere, gero eta presentzia handiagoa dute aldaera kezkagarri batzuek (%5).

Bestetik ospitaleetako okupazioak gutxitzen segitzen du, baina, beti bezala, 2 asteko aldearekin kasu gehiago agertzen direnerako; eta segitzen dugu populazioa txertatzen, eta lehen dosia nahiz bi dosiak hartuta daudenen kopurua gora doa, %46,3koa eta %24,4koa baita orain, hurrenez hurren. Bistan da txertoa eraginkorra dela eritasunaren sintoma larriak eragozteko, baina oraindik bide luzea dugu egiteko taldeko immunitatea lortzeraino.

Hori dela eta, azken egun hauetan arrisku maila apalean gauden arren, garrantzizkoa da zuhurrak izatea eta prebentzio neurriei eustea, ikusten ari garelako birusaren kutsatzeak gora egin duela berriz ere, eta monitorizatu beharreko egoera da.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenak dioenez, alarma egoera bukatu eta neurriak malgutu ondoren maiatzaren 9an, maiatzaren 24ko astean joera aldaketa atzeman da. SARS-CoV-2ak eragindako infekzio aktiboa dutenen kasu berrien kopurua handitu egin da Nafarroan, bai eta proben emaitza positiboen ehunekoa ere.

Ospitaleetan, larrialdietako jarduna egonkor egon da azken hiru asteetan, baina ospitaleratu eta ZIUn sartu behar izan direnen kopuruak behera egin du nabarmen. Era berean, jaitsi egin da ospitaleetan COVID-19agatik hildakoen kopurua.

Txertaketak modu nabarian babesten ditu kolektibo ahulenak infekziotik, batez ere gaixotasunaren garapen larritik eta, horren ondorioz, ospitaleratzetik, baina oraindik ere gertatzen dira kasuak kolektibo horretan.

Orain, kezka nagusia birusaren aldaera berrien agerpena da; izan ere, kutsatzeko ahalmen handiagoa dute, infekzio larri gehiago eragiten dituzte, ospitaleratzea eta ZIUko zainketak behar dituztenak, eta arriskua dago txertoen eragina eta infekzioa pasatu ondoren hartutako berezko babesa apaltzeko. Azken aste honetan, bai laborategiko PCR proben bidez bai sekuentziazio bidez, bereziki kezkagarriak diren aldaera gehiago atzeman dira Nafarroan: P1 (Brasil); B.1.351 (Hegoafrika); B.1.617.2 (India) aldaerak eta ikertzen ari diren beste batzuk.

Ospitaleetako baliabideak (COVID-19rako nahiz COVID-19rako ez direnak) erabiltzeko langileen kopurua murriztu egin da, izan ere, profesional kopuru esanguratsu batek jardun behar izan du txertaketan, miaketan eta proba diagnostikoak egiten, eta udako oporren programazioarengatik, ekainaren erdi aldetik aurrera batez ere.

Hiru faktore ari dira pandemiaren bilakaera aldatzen, nagusiki. Alde batetik, gero eta herritar gehiago txertatzeak egoera hobetuko du, zenbat txerto gehiago hartu, orduan eta babes handiago hartzen baitu biztanleriak lehen ospitaleratzeko arrazoi ziren SARS-CoV-2aren infekzio larrien aurka. Aldiz, egoera oker dezakete sozializazio handiagoak eta babes-arauak eta autobabeserako neurriak laxatzeak; dagoeneko ondorioak izaten hasi da eta kasuen kopurua handituz doa. Kasuen igoera horren eragina txikiagoa izan liteke ospitaleetan, populazio ahulena txertaturik dagoelako, baina mugikortasuna handitzeak ekar lezake arrisku handiagoko aldaerak agertzea gure artean. Aldaera horien kasuan, infekzioa igaro izanak edo txertoa jaso izanak babes txikiago ematen dute, egungo aldaeren aurka ematen dutena baino.

Gauzak horrela, txostenaren arabera, prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar dira, helburu hauekin: ospitaleen egoera hobetzen segitzea; galga jartzea aldaera berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak eta ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, azkenik, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa.

Txosten teknikoak ikusita, bidezkoa da neurriak malgutzen segitzea, baina ongi kontrolatuta eta pixkanaka, egoera sendotuz joan dadin; horrekin batera, monitorizatu beharko dira neurriak malgutzeak intzidentzian dituen ondorioak eta txertoek eremu asistentzialean dituenak. Hori dela eta, foru agindu honetan jasotako neurriak maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren eta haren aldaketen bidez hartutakoen antzekoak dira, baina edukierari dagokionez zertxobait malgututa, bereziki azalera ertain eta handiko merkataritza-guneetan, jarduera fisikoan eta kirolean aritzen diren taldeetan, eta aisialdirako igerilekuetako kanpoaldean. Arautzen dira, halaber, gazteentzako kanpaldietako osasun neurri batzuk. Bestalde, mantentzen dira aurrekoetan malgututako neurriak, edukierari eta ordutegiei dagozkienak, ostalaritza eta jatetxeetan, funtzio anitzeko zentroetan eta bingo eta joko aretoetan eta antzekoetan, bai eta kultur jardueretako edukierari eta ordutegiei dagozkienak ere.

Azkenik, osasun neurriak hartzen dira gurtzarako, gure erkidegoan dauden erlijio guztietan; horretarako tokietan, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da, 1,5 metrokoa, edo 2,25 metro koadroko azalera izan pertsonako, eta gehienez ere 300 pertsona biltzen ahalko dira. Horrek esan nahi du biltzen ahal direnen gehieneko kopurua handitzen dela, orain arte 200 baitziren.

Neurri horiek justifikatuta daude Nafarroan legez aitortuta dauden erlijioek gurtza eta erlijio jarduerak egiteko dituzten tokien eta azpiegituren ezaugarri eta baldintzengatik. Kontuan hartuta ohiko gurtza-lekuak, oro har, espazio zabalak direla, azalera handikoak metro koadrotan neurtuta, eta neurri handikoak bolumenari dagokionez ere, metro kubikotan neurtuta. Halere, ez da hala gertatzen gurtzarako berriki egokitu eta aitortu diren espazio batzuetan, askotan etxabeetan eta antzeko lokaletan daudelako, azalerari nahiz bolumenari dagokionez murritzak direlako eta maiz muga objektiboak dituztelako segurtasun distantziak eta prebentziorako baldintzak bete ahal izateko. Alde horretatik, gure erkidegoko miaketa lanak koordinatzen dituztenek emandako informazioaren arabera, modu objektiboan jakin da agerraldiak gertatu direla mota horretako lokaletan.

Gainera, gurtza-lekuak ez dira denak berdinak praktikanteentzat dituzten ezaugarrien aldetik: aulki luze eta aulkiak jartzeko modua, lurreko espazioa eta abar; zenbaitetan, kasuan kasuko erlijioaren errituak betetzeko espazioa behar da mugitzeko, eta, horren ondorioz zeremonia batzuk beste toki batzuetan egin behar izaten dituzte, gurtzarako ohiko tokietatik kanpo, hala nola, futbol zelaietan, kiroldegietan eta bestelakoetan. Aurreko guztia aintzat hartuta, egokiagoa eta osasun aldetik gomendagarriagoa iritzi zaio pertsonen arteko segurtasun distantziaren irizpidea lehenesteari (pertsona bakoitzeko metro koadro kopurua, bestea), gehieneko edukiera ezartzearen gainetik. Azkenik, bertaratutakoen gehieneko kopurua jartzeko arrazoia da “kudeatzeko” moduko kopurua bermatzea (sarrerak eta irteerak, mugimenduak), eta ahalegintzea osasun arriskuak ahalik eta txikienak izan daitezen une epidemiologiko guztietan, bai eta koherentea izatea bizitza sozialaren beste eremuetan beste jarduera batzuetarako ezarri diren gehieneko kopururekin.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu ziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea eta, azkenik, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan.

1.2. Horrez gain, oinezkoek pasiboki ez erretzeko duten eskubidea zaindu eta babesteko, eta orobat COVID-19aren kutsapen arriskua murrizteko, kalean eta espazio publikoetan bakarrik erretzen ahalko da ostalaritzako establezimenduetako terrazetan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan. Erretzaileak geldirik egonen dira, mugitu gabe, eta gutxienez ere 2 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dute beste pertsona batekin.

1.3. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta maizen aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez. Gomendatzen da airearen kalitatea neurtzeko CO2aren neurgailuak ezartzea. CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa.

1.4. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Garraioa.

2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioak ez du gaindituko baimendutako gehieneko edukieraren %50, ordu-tarte guztietan, baldin eta flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

2.2. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, guztiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

b) Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

c) Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun babeserako neurriei kalterik egin gabe.

2.4. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri-garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduen barnealdeak.

3.1.1. Oro har:

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %30ean.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 zentimetroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

f) Establezimenduek kartelak jarri beharko dituzte toki nabarmenetan, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete beharreko neurri orokorrak adierazteko (distantzia, eskuen higienea eta maskara).

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

h) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek aireztapen naturala izatea, edo mekaniko behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Ostatuen barnealdeak 23:00etan itxiko dira beranduenez.

3.1.2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

Aurreko puntuan ezarritako edukiera-muga ez zaie aplikatuko taberna berezi, ikuskizunetarako kafe, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduei, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Barnealdeko mahaietako aulkien artean gutxienez bi metro egotea.

b) Mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona egotea eta mahaikideen artean gutxienez 70 cm egotea.

c) Jantokiko lokalak aireztapen egokia izatea.

d) CO2 neurgailua izatea, eta lokaleko CO2 kontzentrazioa inoiz ez izatea 800 ppm-tik gorakoa.

e) Kartelak toki nabarmenean izatea, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

f) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartzea, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko, bazkarien eta afarien zerbitzuetan.

g) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

h) Puntu honetan jasotako establezimenduek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute baldintzak betetzen dituztela adierazteko, bai eta establezimenduaren fitxa teknikoa ere. Bi dokumentuak foru agindu honen eranskinetan daude. Izapidea sinplifikatzeko, nahikoa da inprimaki digital bateratu hau betetzea eta bidaltzea. Turismoko webgunearen lanbide-arloan ere eskuratu ahal izanen da. Inprimakia ez da paperean entregatuko Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetan; online bidali behar da. Behin inprimakia bidalita, establezimendua ireki ahal izanen da, administrazioaren baimena jaso beharrik izan gabe.

i) Barnealdeak 23:00etan itxiko dira beranduenez.

3.2. Kanpoaldeak.

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun-tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 zentimetroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

4.–Hotelak eta ostatu turistikoak.

4.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta uneoro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

4.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

5.–Aterpetxeak.

5.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan literak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-tartea gorde, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %30 izanen da.

5.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %50 izanen da.

5.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

5.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

6.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 75 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta 15 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Barnealdean egindako errausteetan eta agur zibiletan, gehieneko edukiera %40koa izanen da, eta gehienez 300 pertsona. Jendearen sarrera-irteerak mailakatuak izan beharko dira.

7.–Gurtza.

7.1. Gurtza egiteko lekuetan errespetatu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea (hau da, 2,25 metro koadro pertsonako), eta gehienez ere 300 pertsona bilduko dira.

Sarrerak eta irteerak mailakatuak izanen dira, eta saihestuko da jendea pilatzea, bai gurtza-lekuen barruan, bai sarbideetan eta irteeretan.

8.–Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

8.1. Gurtza-lekuetan egiten diren ospakizunetarako, foru agindu honen 7. puntuan ezarritako edukierak aplikatuko dira. Gurtza-lekuak ez diren lokaletan ospatzen direnen kasuan, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko da (hots, 2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko) lokal horien barnean.

8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibiletan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira, muga hauek izanen dira:

8.2.1. Baldin eta 3.1.1 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 30 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 50 pertsonakoa kanpoaldean ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen 3. puntuan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.2.2. Baldin eta foru agindu honen 3.1.2 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 50 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 100 pertsonakoa kanpoaldean edo terrazetan ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen 3. puntuan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.3. Horrez gain, aurreko puntuan aipatutako kasuan, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzari eta jatetxeei buruz ezarritakoa ere bete beharko da.

9.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

9.1. Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %60.

9.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat jarri beharko da, gutxienez ere DIN A3 tamainakoa, eta horretan adierazi beharko da lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena, bezeroentzat.

9.3. Beranduenez ixteko ordua establezimendu mota hauetarako ezarritakoa izanen da.

10.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

10.2. Merkataritza-guneetako establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, eta horretan adierazi beharko da establezimenduan baimendutako gehieneko edukiera eta foru agindu honek bezeroentzat baimentzen duena. Kartela, pantaila edo antzekoa gutxienez ere DIN A3 tamainakoa izanen da.

10.3. 10. puntu honetan aipatutako establezimenduen ate nagusietan, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, gutxienez ere 70 × 120 cm-koa, eta horretan adierazi beharko da establezimenduaren gehieneko edukiera orokorra (merkataritza-gunean dauden establezimendu guztietan baimendutako edukieren batura).

10.4. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

10.5. Jolaserako eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

10.6. Puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden ostalaritzako jarduerei eta zinemei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

10.7. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduen arduradunak behartuta daude, une oro, sartzeko ateetan kontrola eta zenbaketa-sistema egitera, establezimenduan onartzen den gehieneko %50eko edukieraren kontrola eta bermea izatera, bai eta bezeroak gune komunetan ez daudela kontrolatu eta bermatzera ere, joan-etorrietarako izan ezik.

10.8. Beranduenez ixteko ordua establezimendu mota hauetarako ezarritakoa izanen da.

11.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da.

Erabiltzaileak ezin izanen dira inolaz ere saltokien alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

12.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %50 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

Akademiak, autoeskolak, irakaskuntza ez-arautuko ikastetxeak eta prestakuntza zentroak 22:00etan itxiko dira, beranduenez.

13.–Liburutegiak eta artxiboak.

13.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

13.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

13.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere hamazortzi partaideko taldeetan.

13.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

13.5. Establezimenduek 22:00etan itxi beharko dute beranduenez.

14.–Kirol-jarduerak.

14.1. Kirol-jardueretarako partaideen kopuruak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

14.2. Debekatuta dago iturriak, saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea. Kirol errendimenduko kirolariek espazio horiek erabiltzen ahalko dituzte haien prestakuntza fisikoaren osagarri gisa, aldez aurretik hitzordua eskatuz eta banaka erabiltzeko.

Aldagelak eta dutxak erabiltzen ahalko dira bakar-bakarrik zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan, baita baimendutako entrenamendu eta lehiaketetan ere. Baimentzen da dutxak erabiltzea, banaka, betiere, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean. Neurri hau ez da aplikatuko baimendutako lehiaketetan.

14.3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Mugitzea eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Mugitu gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

14.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. Instalazio itxietan, 200 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Lehiaketa ez-profesionalen eta aire zabaleko instalazioetan egiten diren kirol-ekitaldien kasuan, 400 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan.

14.5. Hala ere, 22:00etatik aurrera erabiltzen ahalko dira kirol-instalazioetako barnealdeak lehiaketak eta entrenamenduak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badu instalazioaren titularrak.

15.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan, eta bestelako jarduera fisikoak aire zabaleko espazioetan.

15.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 15 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egiten ahalko dira 20 laguneko taldeetan gune itxietan, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen birzirkulaziorik gabe.

15.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera.

15.3. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean egiten diren kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuan xedatutakotik.

15.4. 22:00etan itxiko dira beranduenez.

15.5. Korrikalariek (“runner-ak”) maskara erabili beharko dute ezin dutenean bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduak ezartzen duenaren arabera (foru agindu horrek prebentzio neurriak ezartzen ditu COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez).

Halaber, jarduera fisiko hori pertsona asko dauden tokietan egiten dutenean –hala nola parkeetan, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan–, gomendatzen da banaka egitea, eta ez taldeka.

16.–Igerilekuak.

16.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %50eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

Igerilekuetako berdeguneetan gehienez ere egon daitezkeen pertsonen kopurua honela kalkulatzen da: pertsonako 4 metro koadro.

16.2. Baimentzen da aldagelak erabiltzea, eta dutxak banaka erabiliko dira, hau da, ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

16.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

16.4. Igerilekuak 22:00etan itxiko dira, beranduenez.

17.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak edukieraren %100ean erabiltzen ahalko dira.

18.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

18.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50 eta, kasu guztietan, 300 pertsona sartuko dira gehienez ere.

18.2. Inaugurazioak eta ekitaldi sozialak egiten ahalko dira, baldin eta jatetxe zerbitzurik ez badago, eta segurtasun-tarteak bermatzen ahal badira. Edukiera %50ekoa izanen da, eta jarlekuak aurretik esleituko dira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako.

18.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamazortzi pertsonako taldeetan eginen dira, eta hogeita bostekoak izaten ahalko dira kanpoan direnean.

18.4. 22:00etan itxiko dira beranduenez.

19.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

19.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %60, eta, kasu guztietan, 300 pertsona sartuko dira gehienez ere. 23:00etan itxiko dira beranduenez.

Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %60 izanen da, eta, kasu guztietan, 600 pertsona sartuko dira gehienez ere.

19.2. Debeku da jatea eta edatea 19.1 puntuan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan.

Hala ere, jatea eta edatea baimentzen ahalko da zinema aretoetan. Hori baimentzea erabakitzen duten aretoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30.

b) Gutxienez bi besaulkiko tartea gorde beharko da bizikidetza-unitateen artean.

c) CO2 neurgailua izan behar da aretoan, eta CO2 kontzentrazioa inoiz ez da izanen 800 ppm-tik gorakoa.

d) Kartelak toki nabarmenean jarri beharko dituzte, maskara uneoro nahitaezkoa dela oroitarazteko, jateko eta edateko unean izan ezik.

e) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dira, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik puntu honen baldintzak betetzen direla. Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: direcciongeneralsalud@navarra.es.

19.3. Ikuskizunetarako kafetegiko lizentzia duten establezimenduek hauetako bat aukeratzen ahal dute:

a) Ekitaldiak edo ikuskizunak janaririk eta edaririk gabe egitea. Kasu horretan, baimentzen den edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %60 izanen da, foru agindu honen 19.1 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

b) Jaten eta edaten bada ekitaldiak edo ikuskizunak diren bitartean, bete beharko dituzte Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 3. puntuan ostalaritza eta jatetxe jarduerarako ezarritako neurriak. Hurrenez hurren, horren 3.1.1 edo 3.1.2 puntuetan jasotako modalitateetako bat aukeratzen ahal dute. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik hautatutako aukeraren baldintzak betetzeko konpromisoa (3.1.1eko aukera edo 3.1.2koa). Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: direcciongeneralsalud@navarra.es.

19.4. Barrualdean 300 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 600 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

20.–Turismo gidarien jarduera egiteko baldintzak.

20.1. Jarduera horiek, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamazortzi lagunekoak izanen dira barnealdean eta hogeita bostekoak kanpoaldean. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

20.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere 25 laguneko taldeentzat ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

21.–Kanpaldiak.

Etenda gelditzen dira abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuaren bidez arautzen diren administrazio baimenak, zeharkaldiak egitekoak (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean aire zabalean egiten diren gazteentzako jarduerak).

Abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuak araututako kanpaldiak egiteko baimenak emanen dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: parte hartuko duten gazteak ez izatea 60 baino gehiago, eta monitoreen eta parte-hartzaileen arteko ratioa 1etik 8ra bitartekoa edo txikiagoa izatea. Bi kanpaldi mota daude:

21.1. Kanpaldiak egitea %100 mugi daitezkeen instalazioetan: baimenduko dira baldin eta pabiloi motako dendetan soilik ematen bada gaua, eta parte-hartzaile bakoitzari 4 metro koadroko azalera badagokio.

21.2. Kanpaldiak instalazio mistoetan, zati bat finkoa eta bestea mugigarria dutenetan: baimenduko dira baldin eta osasun agintariek ezarritako edukierak errespetatzen badira eta zati mugigarria pabiloi motako dendak badira eta ratioa parte-hartzaile bakoitzeko 4 metro koadrokoa bada. Beste aukera hau ere onartzen da: beste kanpadenda mota bat erabiltzea, baldin eta denda bakoitzeko pertsona bakarra sartzen bada eta adinez nagusia bada.

22.–Biltzarrak egitea.

Lehenetsiko da biltzarrak telematikoki egitea. Beste modalitate edo formatu batean egin nahi izanez gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi beharko zaio aurretik.

23.–Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egitea.

Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta betiere 300 lagun gehienez; horiek eserita egon beharko dute, 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatuz horien artean. Horrek ez du galaraziko modalitate telematikoa gomendatzea.

Bozketarik egin behar bada, pertsonak mugitzea saihesten duten bozketa sistemak erabiliko dira.

24.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

24.1. Bingoek eta joko-, apustu- eta jolas-aretoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %30.

24.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

24.3. Establezimendu horiek 23:00etan itxiko dira.

24.4. Edatekoak edo jatekoak emateko zerbitzua baldin badute, bezeroendako soilik, foru agindu honen 3. puntuan ezarritako arau berariazkoak aplikatuko zaizkie.

25.–Ekitaldietarako erabilera anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

25.1. Erabilera anitzeko espazioak alokatzen dituzten establezimenduek Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakian ezarritako higiene eta prebentzio arauak bete beharko dituzte, baita ondoren emandako araudian ezarritakoak ere.

25.2. Ospakizunak egiten badira establezimendu hauetan, errespetatu beharko dira pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tarteak gordetzeko neurriak, eta ez dira behin ere 30 pertsona baino gehiago izanen barnealdean, eta 50 pertsona gehienez kanpoaldean. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Edonola ere, ospakizun horietan ez da gaindituko edukieraren %30 establezimenduen barnealdean. Halaber, ostalaritza eta jatetxe jarduerarako baldintzak bete beharko dituzte, 3.1.1 puntukoak.

25.3. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

25.4. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

25.5. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

25.6. Establezimendu horiek 23:00etan itxiko dira.

25.7. Establezimendu horiek aireztapen natural edo mekaniko behartua izan beharko dute, airearen birzikulaziorik gabea, eta CO2aren neurgailua; CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa.

25.8. Kartelak toki nabarmenean izanen dituzte, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

25.9. Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartuko dira, behar denean bezeroekin harremanetan berehala jartzeko.

25.10. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduek aurkeztu beharko dituzte gorago adierazitako baldintzak betetzen dituztela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat eta establezimenduaren fitxa teknikoa (behar dena beteko da), foru agindu honen III. eranskinean dagoena. Bi dokumentu horiek honako helbide elektronikora igorri behar dira: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

26.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Elkarte gastronomikoak eta peñak irekita egoten ahalko dira, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Establezimenduen barnealdeko edukiera gehienez baimendutakoaren %30 izanen da.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Barrak janari-edariak eskatu eta jasotzeko erabiliko dira.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Ongi ikusteko moduko tokietan jarriko dira kartel batzuk, informazioa emanez osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene prozedurei buruz, eta adieraziz denen laguntza behar dela antolaketarako nahiz higienearen arloan hartu diren neurriak betetzeko.

f) Lokalen sarreran, kartelak jarri beharko dira, ongi ikusteko moduan, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da maskara behar bezala erabiltzen dela.

h) Ahal dela, gomendatzen da lokalek aireztapen naturala izatea, edo artifizial mekanikoa, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Erabiltzaileen esku jarriko dira gel hidroalkoholikoak edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileak, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak.

j) Beren lokaletan egiten diren jardueretan beteko dituzte foru agindu honetan, jarduera bakoitzerako atalean, xedatutakoa.

k) Edukiera kontrolatzeko sistema bat izan beharko da, lokalean sartzen diren pertsonak zenbatzeko. Hala ere, ezin izanen da gainditu edukieraren %30.

l) Lokal horiek ireki baino lehen, erantzukizunpeko adierazpena edo aktaren kopia igorri beharko dute Osasun Departamentura, osasun arloan indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoaren akordioa adierazten duena, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartu beharreko prebentzio neurriei dagokienez. Dokumentazio hori ondoko helbide elektronikora bidali behar da: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es.

27.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

28.–Bilerak eremu publikoan eta pribatuan.

Gomendatzen da gehienez zortzi pertsona eta, guztira, hiru bizikidetza-unitate elkartzea espazio publiko eta pribatuetan.

Bigarrenik.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko ekainaren 4tik ekainaren 17ra arte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari berrespen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko ekainaren 4an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 1ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINAK

Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroan jatetxeak era ordenatu eta kontrolatuan irekitzeko baldintzak betetzeari buruz (PDFa).

Erantzukizunpeko adierazpena, Nafarroan funtzio anitzeko espazioetako establezimenduak era ordenatu eta kontrolatuan irekitzeko baldintzak betetzeari buruz (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2108945