12. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Aldaketa, herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalbatzak, 2020ko urriaren 7an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxarri Aranazko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen Ordenantza aldatzeko espedientea. Onespen erabakia 2020ko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 28an, eta jendaurreko epea igaro ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Etxarri Aranazko Udalaren Osoko Bilkurak, 2020ko abenduaren 23an egindako bilkuran, honako hau erabaki zuen:

1.–Etxarri Aranazko herri-aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea, herriko alkateak sartutako aldaketarekin: 22. artikuluak zehaztuko du adjudikazio-epea 10 urtekoa izanen dela, 8 urtekoa izan beharrean.

Udal idazkariak jakinarazitakoarekin bat etorriz, egindako aldaketak ez du funtsezko izaerarik, eta, beraz, onetsitako testuak ez du jendaurreko informazioaren izapidea berriz bete behar.

2.–Erabakia udalaren iragarki-taulan eta NAOn argitaratzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoaren arabera, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua, NAOn argitaratutako behin betiko onespenaren erabakiak haren testu osoa jasoko du.

Etxarri Aranatzen, 2020ko urriaren 7an.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

ETXARRI ARANAZKO UDALAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Etxarri Aranazko Udalaren herri ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira, eta ez zaie zergarik jartzen ahal.

Herri ondasunek, zernahi dela ere horietaz baliatzeko eta aprobetxatzeko modua, ez dute batere aldaketarik jasanen bere izaera eta trataera juridikoari dagokionean.

4. artikulua. Herri ondasunak Nafarroako Toki Entitateei buruzko 6/1990 Foru Legean eta bere arauzko xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio; bai eta Nafarroako Foru Administrazio Zuzenbidearen gainerako arauei; entitate bakoitzeko Ordenantzen aginduei; eta horien ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauei ere, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoaren kalterik gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Udalari berari dagozkio Etxarri Aranazko Udalaren herri ondasunen gainean xedatu, administratu, aprobetxamendu-araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Herri-lurretako ondasunen gainean Etxarri Aranazko Udalak hartutako erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, hala behar denean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen arabera.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko Nafarroako Gobernuak horren onura publiko edo soziala deklaratu beharko du, Etxarri Aranazko Udalak aldez aurretik justifikatuz bilatzen den xedea ezin dela lortu lagatzea edo karga ez den beste modu batez, beti ere horiek lehentasunezko aukerak izanen direlarik.

Herri ondasunei buruzko lagatze edo karga erabakiek, desafektazioa egin ondoren, itzultze klausula eduki beharko dute, horien xedeak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetan.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Etxarri Aranazko Udalaren ondarera itzuliko dira herri ondasun gisa. Hasierako prezioari adjudikazioaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen da itzulketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurrak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Etxarri Aranazko Udala ahaleginduko da herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Etxarri Aranazko Udalak, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo gehiegizko hedadura dela eta. Nafarroako Gobernuak igortzen duen txostenaren gainean, Udalak erabakia hartuko du osoko bilkuran.

10. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak beharko du Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa baldin transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzeko.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Etxarri Aranazko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen araberakoa izanen da.

12. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak herri ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahalko da 6/1990 Foru Legean xedatzen den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

14. artikulua. Debekatuta dago herri-lurretan edozein eraikuntza egitea, edo Ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden eraikuntzetan mantentze-lanak egitea Etxarri Aranazko Udalaren nahitaezko baimenik gabe eta dagokion obra-lizentzia ordaindu gabe.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

15. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua.

1.–Oro har, Etxarri Aranazko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Etxarri Aranazko Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea hiru urte lehenagotik.

c) Etxarri Aranatzen urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udalerri honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak Etxarri Aranazko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran, eta Mendi Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Ohar orokorrak

17. artikulua. Etxarri Aranazko Udalaren herri-lurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren baitan udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.

18. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

c) Udalaren zuzeneko ustiapenaren bidez.

19. artikulua. Herri-larreen probetxamendua zuzenean eginen da, azpierrentamendua edo lagatzea egiteko baimenik izan gabe. Ondorio horietarako, Etxarri Aranazko Udalak ulertuko du herri-larreak zuzenean aprobetxatzen ez direla familia-unitateko bizilagun titularrek aziendari baja ematen diotenean Nafarroako Gobernuko abereen erroldan.

20. artikulua. Larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereak babesteari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

21. artikulua. Debeku da ahuntz eta txerri aziendak larratzea.

22. artikulua. Adjudikazioaldia 10 urtekoa izanen da.

23. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak erabakiko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen abere-zama.

24. Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Zaldi azienda bakoitzeko behi bat.

b) Behi azienda bakoitzeko hamar ardi.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi bat.

25. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeak kontuan hartuz.

Urte bakoitzari dagokion prezioaren ordainketa epe bakarreko ordainketa batean eginen da.

26. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak larre guztien bostena gordetzen ahalko du urtero adjudikatzeko, onuradun berriak ote diren. Horrela bada, eremua une horretan mugatuko da.

2. ATALA

Larreak herritarrei zuzenean adjudikatzeko prozedura

27. artikulua. Toki korporazioaren erabaki baten bidez, eta iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten.

Eskabideekin batera, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

28. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Udalak larreak adjudikatuko ditu behin-behinean, honako inguruabar hauek kontuan hartuta:

–Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia- unitateei.

–Larreak lurzati bakoitzak jasan dezakeen abeltzaintza-zamaren arabera adjudikatuko dira.

–Larre bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahalko zaio, baldin eta abelburuen baturak ez badu abere-zama gainditzen. Kasu horretan, kanona abelburu bakoitzeko kalkulatuko da.

29. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa egin ondoren, iragarki-taulan iragarriko da, eta alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da.

Epe hori igarotakoan, Udaleko Osoko Bilkurak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak eta behin betiko adjudikazioari buruz egokitzat jotzen duena erabakiko du.

3. ATALA

Larreak enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

30. artikulua. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduei erantzun ondoren, soberako azalerarik geratzen bada, enkante publikoa eginen da.

Horretarako, Udaleko Osoko Bilkurak enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

Udalak iragarki bat argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Kontratazio Atarian eta Udalaren iragarki-taulan.

31. artikulua. Enkantea aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera eginen da.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

32. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena emanda eta Mendi Zerbitzuak seinalatuta, Etxarri Aranazko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

33. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

34. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Urtero, herriko Alkatetzak (edo eskuordetzen duen organoak) egur-loteak aprobetxatzeko baldintzak onetsiko ditu (erauzteko epea, kanona), aplikatu beharreko araudian xedatutakoa kaltetu gabe.

35. artikulua. Eskaera guztiei erantzuteko lote nahikorik ez badago, zozketa eginen da. Egurraren lote baten adjudikaziodun ez diren pertsonek, nahiz eta eskatu, lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

36. artikulua. Adjudikaziodunak behartuta egonen dira hondakinak bildu eta pilatzera, egurra kendu ondoren, eta ezin izanen dira biltegiratu bideetan, baso-pistetan edo pasabidea eten dezaketen lekuetan, Udalak adierazten dizkien jarraibideei zintzo jarraituz.

37. artikulua. emakidadunak izanen dira aprobetxamendu hori dela-eta mendian gerta daitezkeen kalte-galeren erantzuleak, eta kalte-galerok ordaindu beharko dituzte, bai eta izan daitezkeen zehapenak ordaindu ere.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

38. artikulua. Herri-lurrak hartuta eratzen diren ehiza-esparruetan, ehizaren probetxamendua gai honi buruzko foru araudiari lotuko zaio.

Era berean, onuradunek barrutiak seinaleztatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

39. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena ematen ahalko zaie 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta autokontsumorako jotzen den nekazaritza-ustiategi bat abian jarri nahi dutenei.

Ondorio horietarako, erle-ustiategiak arautzen dituen araudian xedatutakoa aplikatuko da.

V. TITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

40. artikulua. Etxarri Aranazko Udalak ondoriorik gabe uzten ahalko ditu ukitutako lursailetan dauden aprobetxamenduen adjudikazioak, xede hauek badituzte:

a) Herri-lurraren hobekuntza.

b) Aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektuak egitea.

41. artikulua. Aurreko apartatuan adierazitako kasuetan, aplikatu beharreko araudian ezarritakoa izanen da gauzatu beharreko prozedura. Nolanahi ere, entzunaldi publikoaren izapidea gutxienez 15 egunekoa izanen da.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira honako egitate hauek:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanona ez ordaintzea Udalak horretarako ezarritako epeetan.

c) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

d) Herri-lurra adjudikatuta dagoen helbururako ez beste baterako erabiltzea.

e) Ez betetzea foru legean eta herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendaren osasun-babesari buruzko erregelamenduan xedatutakoa.

f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Artzaintza-eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza hau ez errespetatzea egur aprobetxamenduari dagokionez.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egintza.

43. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a, b, c, d eta e letretan adierazten direnek adjudikazioaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bestelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

f) letrakoak udal larreen adjudikazioduna izateko gaitasuna galtzea ekarriko du.

Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, 60,10 eurotik 12.020,24 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

44. artikulua. Aurretik xedatutakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Etxarri Aranazko Udalaren herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, bai eta ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioa arautzen duen uztailaren 2ko 6/1990. Foru Legean zehaztutako tramite guztiak betetzen direnean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2100126