119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2021 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak sustaturiko “SM-287041: Markalain-Gartziriain kolektorea” proiekturako, Txulapaingo udal-mugartean.

2020ko azaroaren 16an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren deskribapena

Proiektatutako jarduketa sustatzailea hondakin urak tratatzeko existitzen diren sistema indibidualak kendu eta Ollakarizketa hegoaldean arazketa sistema bateratu bat eraikitzeko egiten ari den jarduketen esparruan dago bilduta.

Proiektuaren arabera, 1.420 m luzeko kolektore nagusi bat eraikiko da, gaur egun Markalain eta Gartziriain udalerrietako hobiek jasotzen dituzten hondakin urak biltzeko. Kolektore hori, Markalain hegoaldetik, Beltzuntze errekak Txulapain ibaiarekin bat egiten duen lekuraino iritsiko da (Gartziriain udalerriaren hegoaldean), eta, bertan konektatuko da, hain zuzen ere, proiektuari jarraikiz etorkizunean hondakin urak HUAn (Ollakarizketa hegoaldean) hustuko dituen kolektorearekin.

Kolektore nagusi horrek, lehenik, Markalain hegoaldean kokaturiko hobiaren urak jasoko ditu, eta, ondoren, hegoalderantz joanen da, bi adarren bidez: adar bat 200 metroko luzerakoa, mendebalderantz joanen da eta Gartziriain udalerriko bi hobiren isuriak bilduko ditu; beste adarra, berriz, 45 metro luze izanen dena, ekialderantz bideratuko da eta La Estrella taberna-jatetxearen hobiaren hondakin urak bilduko ditu. Halaber, etorkizunean Beltzuntze udalerrirantz joanen den adar baterako konexioa ere prestatuko dute.

Guztira 1.675 m-ko distantzia izanen duten hiru kolektoreak 315 mm-ko diametroa izanen duen PVCzko hodi batean lurperatuko dira, 1-3 m-ko sakonerako eta 1 m zabalerako hondeatutako zanga batean. Gaur egungo lau hobi septikoak eraitsi eginen dira, obrak egin ondoren ez baitira erabiliko. Kanalizazioan zehar, 1 m-ko diametroa izanen duten 30 kutxatila patedun jarriko dira, proiektuaren arabera.

Kanalizazioa haranaren hondotik joanen da, malda esanguratsurik gabe, gutxi gorabehera NA-4100 errepidearekiko paraleloan, lehorreko laborantzarako lurretan barrena. Ibilbidean Beltzuntze erreka zeharkatuko du, baita hiru errepide ere (zehazki, NA-4100, NA-4105 eta NA-4220).

2021eko urtarrilaren 18an Txulapaingo Udalak aldeko txostena biltzen du espedienteak. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena eman zuen 2021eko martxoaren 24an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumen Eraginaren Atalak, ingurumen inpaktuak aztertu ondoren, jakinarazi du ingurumen interes handieneko eremuak ibaiertzeko landaredi naturalari dagozkionak direla, Beltzuntze errekaren gurutzagunean. Eremu horretan, trazadurak makal beltzen lerro bat zeharkatzen du, 10. poligonoko 107. lurzatian, eta Ollakarizketa etorkizuneko sarearekin lotzeko ingurunean, Beltzuntze errekaren eta Txulapain ibaiaren arteko elkargunearen ondoan, jarduketa guztiak ibaiaren ibilgutik oso hurbil baitaude. Gainera, nabarmentzekoa da Jardin arboretum izeneko zuhaixka bat dagoela Txulapaingo 8. poligonoko 180. lurzatian, Markalain udal mugarteko hegoaldeko muturrean (bertatik abiatzen da kolektore nagusia). Kolektore hori Txulapaingo Udalaren jabetzakoa den hiri-lurzoruan badago ere, komenigarritzat jotzen da hura babestea, lursail horretan azken 25 urteotan balio handiko ia berrehun zuhaitz eta zuhaixka espezie landatu direlako (horietako asko, ingurumen eta paisaia balio handikoak, gainera), ahaztu gabe Markalaingo berdegune bakarra dela.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak sustaturiko “SM-287041: Markalain-Gartziriain kolektorea” proiekturako, Txulapaingo udal-mugartean.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Ingurumena Zaintzeko atalari jakinarazi beharko zaio zuinketa egiaztatzeko (Iruñeko Koordinazio Unitatea: 608062649 edo gmapamplona@navarra.es).
  • Lanak hasi baino lehen, hargunearen trazadura argi eta garbi mugatuko da lursailaren gainean, bai eta materialak biltzeko gunea eta sarbideak, zeinak erreketatik ahalik eta urrunen egonen baitira. Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.
  • Ingurumen ukipenen azterketaren prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak beteko dira, bereziki, katalogatutako faunaren babesari dagozkionak (ur ipurtatsa eta igaraba).
  • Beltzuntze errekaren gurutzagunerako:
  • Aldi baterako okupazio zerrenda ezinbestekoa baino ez da izanen, eta makinek ibaiertzetatik eginen dute lan, ibilgura sartu gabe.
  • Ur ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta goiko 50 zentimetroetan, gutxienez, hasieran zegoen materiala jarriko da berriro, ibaiaren ekosistema zatitzea eragozteko asmoz, eta ohearen granulometria naturalari eutsita betiere.
  • Errekaren jatorrizko ezpondak lehengoratu eginen dira: ibaiertzak sahats aldaxkekin landareztatuko dira, eta, ahal den neurrian, ez da harri lubetarik jarriko.
  • Ahal dela, Txulapaingo 10. poligonoko 107. lurzatiaren iparraldean zeharkatzen den makal beltzen lerroa zainduko da. Orobat, Ollakarizketako hoditeriarekin konektatzeko ingurunean, existitzen den zuhaitz eta zuhaixka landarediaren gutxieneko azalerari baino ez zaio eraginen, eta segurtasun neurriak zorroztu eginen dira oso gertu dagoen ibilgurako isurketak saihesteko.
  • Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, arrain fauna berehala hilko litzateke.
  • Egungo lau hobi septikoak eta erabili gabe geratuko diren elementuak lursailetik kendu eta horien hondakinak martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren arabera kudeatuko dira (23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena). Obran bertan berrerabiliko ez diren soberako hondeaketa lurrak baimendutako hondakin kudeatzaileak kudeatu beharko ditu. Era berean, obran sorturiko gainerako materialak edo hondakinak ere behar bezala kudeatu beharko dira, izaeraren arabera, indarreko araudiari jarraikiz.
  • Obrak bukatu ondoren, ukituriko eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte. Ingurua lehengoratzeko lanak egitean, makinek pasatzean zapalduta utzi dituzten lurrak harrotu beharko dira, ukituriko lurrari lehengo erabilera itzultze aldea.
  • Markalaingo lurzoru urbanizagarrian, arboretum lorategiari eragitea saihestuko da. Obra egikaritzeko errepidearen areka bera erabiltzeko aukera aztertuko da.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 m-ko zor eremua gorde beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du Beltzuntze errekaren gurutzagunetik eta Txulapain ibaiaren polizia-eremutiko trazaduratik.
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2021eko martxoaren 23ko txostenean adierazitakoa beteko da:
  • Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzailearen (2010-2018), 118. jarduketan (“NA-4220, Ollakarizketa-Nuin”) barne hartzen du NA-4100 errepidetik Nuinerako sarbidea hobetzeko aukera NA-4220 errepidea zabaldu eta hobetuz; ondorioz, proiektuak bateragarria izan beharko du jarduketa horrekin, eta P-1-2 eta P-1-3 izeneko kontrol putzuak errepide ertzetatik ahalik eta urrutien utzi beharko ditu, eta gutxienez, zortasun-eremuan, ahal den neurrian, eremuaren zatirik kanpokoenean (errepidearen zelaitze-lanen kanpoko lerrotik 3-8 metrora ezarrita daude haren mugak).
  • Horrez gain, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 8ko 12/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteko dira. Ebazpen horren bidez, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateari baimena ematen zaio NA-4100 toki errepidearen (Aitzoain-Lizaso) paraleloa izanen den lurpeko hoditeria bat instalatzeko, ezkerreko ertzetik, 4+800 eta 6+250 KPen artean, bai eta aire zabaleko hiru gurutzaketa ere: bat, NA-4100 toki errepidean (Aitzoain-Lizaso), 5+440 KPan; beste bat NA-4105 toki errepidean (Gartziriain), 0+020 KPan eta beste bat NA-4220 toki errepidean (Nuin), KPn –AOP 2021/8 espedientea–.
  • LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Txulapaingo Udalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko Azpiegituren Ingurumen Kudeaketarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106372