119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101E/2021 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: 20 kV-eko Zudairi-Larragoa aireko linearen saihesbidea egitea Aranaratxe-Larragoa tartean, Aranaratxe eta Larragoako udal-mugarteetan; sustatzailea Electra Saltea SL da.

2020ko azaroaren 16an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I eta N epigrafeetan dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketa Larraona eta Aranaratxeko udal-mugarteen artean dagoen “Zudairi-Larragoa” aireko linearen zatia berritzean datza. Zati hori berritzea, hain zuzen, titularra azken urteotan linea hori modernizatzeko egiten ari den jarduketen parte da. Modernizazio horrek egungo trazadura hobetzen du, lineak 20 kV-ko tentsioa eramatea ahalbidetzen du eta linearen euskarriak hobetzea dakar berekin, egungo arau teknikoetara eta ingurumen arauetara egokituko baititu.

Horretarako, egungo linearen zati bat ordeztu nahi da, 2.185 m ingurukoa, 13,2 kV-ra. Obren ondoren, 20 kV-ko lineako saihesbide bat eginen da, 2.072 m ingurukoa, ekialderantz. Saihesbide horrek 40 m inguruko lurpeko zati labur bat du. Proiektuan, halaber, gertuko Ayarate ENS abeltzaintza ustiategirako deribazioaren ordezkapena ere biltzen da.

Linea elektrikoaren zati berria lurpean hasten da Larragoa Transformazio Zentrotik, hirigunean, linea berriaren 1. euskarriraino; euskarri horretatik jarraitzen du, NA-7130 toki errepidearen hegoaldean, bide ertzetik, eta baso eremuko 100 m gurutzatzen ditu Larragoa eta Aranaratxe udalerrien arteko mugan. Gurutzagune horren ondoren, 700 m inguru jarraitzen du, laboreen hegoaldeko mugatik, landabide baten aldamenean, Aranaratxeko 1. poligonoko 310. lurzatian kokaturiko azken euskarriraino. Bertan, linearen aurreko zatiarekin –jada berrituta dagoenarekin– lotzen da. Abeltzaintza ustiategirako aireko deribazioak bi euskarri izanen ditu laborantzarako eta baserriaren ingururako, eta ustiategiaren hego-mendebaldeko linea nagusiaren 4. euskarrian izanen du jatorria.

Aurkeztutako dokumentazioan, lineako euskarri, gurutzeta, zubi eta elementuetan hegazti-fauna babesteko instalatu beharreko neurriak jasotzen dira, horrelako instalazioek talka egiteko eta elektrokutatzeko dakarten arriskua saihesteko. Halaber, adierazi du hegaztiek talka egiteko arriskua murrizteko balizak jarriko direla ingurumen organoak xedaturiko baoetan.

Larragoa eta Aranaratxeko mugako lineak gurutzaturiko baso eremua bat dator onura publikoko 297. eta 239. mendietan eta “Lokiz mendilerroa” kontserbazio bereziko eremuan (KBE) bilduriko herri-lurrekin.

Proiektuaren kondizioetan ez zaio eraginen “Lokiz mendilerroa” KBEaren osotasunari, ez eta lineatik 700 m ingurura kokaturiko “Urbasa-Andia” KBEari ere. Ez da zuzeneko eraginik izanen “Lokiz mendilerroa” KBEaren barneko habitat eta espezie babestuetan; izan ere, gune hori airez gurutzatuko da zuhaitzik gabeko eremu batetik (zolatutako eskalatzaileen aparkaleku baten hegoaldean, leheneraturiko zabortegi zahar baten gainean).

Proiektuan eta baimen honetan aurreikusitako neurriekin, hegazti-faunak elektrokutatzeko eta talka izateko arriskua deuseztatzeko edo minimizatzeko, ez da aurreikusten arestian aipaturiko bi KBEetan edo proiektuaren ingurunean katalogaturiko hegazti-faunari eraginen zaionik.

Espedientean, Larragoako Udalaren eta Aranaratxeko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarririkoari jarraikiz. Baldintzak dituen aldeko txostena biltzen da txosten honetan.

Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarri ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 20 kV-eko Zudairi-Larragoa aireko linearen saihesbidea egiteko proiektuari Aranaratxe-Larragoa tartean, Aranaratxe eta Larragoako udal-mugarteetan; sustatzailea Electra Saltea SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Erabiltzeari utziko dioten zatiak –linearen tartea eta deribazioa– erabat eraitsiko dira, eta lan horien ondoriozko hondakinak bakoitzaren ezaugarrien arabera kudeatuko dira, hondakinei buruz indarrean dagoen legerian aurreikusirikoaren arabera.
  • Linean eta euskarrietan, hegazti-fauna elektrokutatzeko arriskutik babesteko proiektuan aurreikusiriko neurriak aplikatuko dira: amarratzeko U120AB132 isolatzaileak eta esekitzeko U70YB20P isolatzaileak, gurutzetaren azpian euskarrien tentsioko elementuak jartzea, amarratze zubiak eta tentsioko elementuen arteko lotura zubiak forratzea, bai eta gidari zentrala ere ganga euskarrietan.
  • Gainera, deribazio euskarrietan, airetik lurperako pasabideetan eta, hala badagokio, transformazio zentroa edo kontrol elementuak dituzten euskarrietan, aurrez eratutako babes elementuak instalatuko dira konektore, terminal, autobalbula eta abarretarako.
  • Eroaleekin edo deribazio eta konexio zubiekin egindako euskarriek ez badute 1 m-ko distantzia betetzen pausalekuaren eta eroalearen artean, eusteko grapa grapa estalkiarekin babestuko da, eta gangako euskarrien kasuan, grapa estalkiak instalatzeaz gain, graparen alde bakoitzean 1 m-ko estalkia jarriko da.
  • Hegazti-fauna basatiak talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira aireko linea berri osoan eta deribazioan. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, 15 metro bakoitzeko, baina txandakatuz; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 metrokoa izanen da.
  • Baso masak babesteari eta proposamena Nafarroako onura publikoko mendiak babestearekin bateragarri egiteari dagokienez, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Oihanak Kudeatzeko Atalaren 2021eko martxoaren 23ko txostenean jasotako baldintza hauek beteko dira:
  • Proiektua egin aurretik, bertan jasotako jarduketak ukituriko onura publikoko mendien kondizioarekin bateragarriak direlako adierazpena lortu beharko da. Adierazpen horretan okupaturiko edo ukituriko herri-lurrak/onura publikoko mendiak xehatuko dira.
  • 13/1990 Foru Legearen 29.4 artikuluan jasotakoa bete beharko da; horren arabera, edozein okupazio edo zortasunengatik mendiaren titularrari kanon bat, eguneratuko dena, edo kalte-ordaina eman beharko zaio, mendiari egiten zaion era guztietako kalteen arabera, edota zor edo okupazioak sustatzaileari emandako mozkinen araberakoa.
  • Linearen eraikuntza berriaren ukituta egonik hiri-lurren barnean beharbada moztu beharko diren zuhaitzak markatu eta legezkotu beharko dira, betiere lurren titularrek oniritzia ematen badute. Horretarako, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileekin jarri beharko da harremanetan (Tel.: 686-504345/686-503176).
  • Bai egikaritzean bai diseinuan, erabilera publiko handieneko gunearen gaineko eraginak minimizatzen saiatu beharko da: eskaladako harreragunea, autokarabanetarako aparkalekua, mahaien eremua eta informazio panela.

–Hirigintza eta lurralde edukikoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 m-ko zor eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko dute, lineak bi korronte natural ez-iraunkor –Regajo de Saldosina eta Regajo del Mojón toponimiarekin– zeharkatzen dituelako, eta ibilgu horien polizia-eremuan zutoin elektrikoak aurreikusten direlako.
  • Proposatutako linearen lineak herri-lurrei eragiten dienez, Komunen Atalak horretarako egindako 2021eko otsailaren 3ko txostena hartu beharko da kontuan, eta honako ohar hauek bete beharko dira:
  • Aireko linea elektriko berria herri jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Aranaratxeko Udalak eta Larragoako Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko eta/edo bide zor elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.
  • Era berean, ordezkatu eginen den ibilbide zaharrerako zor elektrikoa eratzea ekarri zuten xedeak desagertu eginen direnez, lehenik eta behin herri-lurrei dagokien zor hori deuseztatu beharko da. Lur horiek toki entitateen ondasunekoak izatera itzuliko dira, kargarik gabeko herri-ondasun gisa.
  • Herri-lur horiek jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira. Horretarako, lehengo lineako elementu guztiak (kableak, euskarriak, zimenduak, etab.) kendu eginen dira, ez da material edo hondakinik utziko eta landareak jarriko dira berriro.
  • Kasu honetan, LAHFLTBren 117.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. Artikuluaren arabera, lizentzia eman baino lehen, udalek sustatzaileari eskatuko diote aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua leheneratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan xedatutako ondorioak izanen ditu, hor ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Aranaratxeko Udalari, Larragoako Udalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Herri-lurren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (6. koordinazio unitatea, “Lizarra iparraldea”) eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106426