99. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Ordenantza fiskala, Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2020ko otsailaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza fiskala.

Erabaki horren iragarkia 2020ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2020ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

ORDENANTZA, AIEGIKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan xedatuarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira oin berriko obrak eta, haiekin batera, lehengo eraikinak handitu edo haien egiturak eraberritzetik sorturikoak; betiere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginik.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baino ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren arabera eta bere garaian emandako hirigintzako lizentziaren baldintzak betez egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

Lizentzia eskatzea

4. artikulua.

1. Obrak burututa, eraikina lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztuko diote Aiegiko Udalari; betiere, datu hauek emanen dituzte:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, hura argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Oin berriko obra, egitura eraberritzeko obra edo handitzeko obra egiteko aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obra-bukaerako dokumentazioa eta ziurtagiria, bai eta, halakorik egin bada, urbanizazioarena ere, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa eta teknikari eskudun batek emana; bertan, adieraziko da higiezinak betetzen dituela okupatzeko beharrezko baldintzak.

c) Hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioan sartzeko alta eskatu izanaren ziurtagiria.

d) Udal tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateak eta, hala denean, Hirigintza Alorreko zinegotzi ordezkariak izanen dute.

Prozedura

6. artikulua. Interesdunaren eskaeraz prozedura hasirik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak honela jokatuko du:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: ea obra egin den proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera; ea berriz jarri diren obren ondorioz ukituta geratu diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua, halakorik ukitu bada; ea betetzen dituen segurtasun, higiene eta apaintasun publikoko baldintzak; eta ea eraikina gaiturik dagoen eman nahi zaion erabilera izateko.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak badaudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta hura legeztatzeko aukera, baldin badago, jaso beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, zehaztuko da ea eraikinak betetzen dituen bizigarritasun eta higiene baldintzak, ura, gasa, argindarra eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko bakar-bakarrik, horrek bertan behera utzi gabe aurkitutako akatsak zuzendu beharra. Kasu horretan, higiezina okupatzea baimentzearren baino ez da emanen lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen dituela aintzat harturik.

Ebatzi beharra

7. artikulua.

1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan izan duen sarrera-datatik zenbatzen hasita.

2. Txostenak eta irizpenen onarpenak ebazpenerako arrazoitzat balioko du, haren testuari gehitzen edo eransten zaizkionean.

Ustezko egintza

8. artikulua. Ebazteko epea agortzen bada alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. artikulua.

1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debeku dute hura okupatzea.

2. Eraikitako higiezinaren zati bat edo osorik besterentzean, eskuratzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura ez bada eskuratu eraikina besterentzerako.

10. artikulua. Hauek dira lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

a) Hirigintzaren arloan lizentziak emateko eta kontrol-jarduera administratiboak egiteko tasak arautzen dituen ordenantzan onetsitako tasak aldatuta, ordenantza honetan onesten diren tasak eta eskubideak ordaintzea, obra gauzatzeko behin betiko aurrekontuaren arabera. Hona hemen:

1) 60.000 euro bitarte: 175,00 euro.

2) 150.000 euro bitarte: 235,00 euro.

3) 300.000 euro bitarte: 295,00 euro.

4) 600.000 euro bitarte: 355,00 euro.

5) 600.000 eurotik gora: 455,00 euro.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

11. artikulua.

1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horren arloan, men eginen diete aplikatzekoak zaizkien legezko arauei, obretarako behin-behineko kontagailuei dagokienez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokionez.

2. Obretarako ur hornidura, aginduzko hirigintzako lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei. Interesdunei hamar egun lehenago abisatu beharko zaie.

4. Obretarako eman ur-hornidura ezin izanen da erabili bestelako jardueretan, bereziki, etxerako ur gisa.

5. Ura banatzen duen enpresak ezin izanen ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 212. artikuluak eta hurrengoek lege beraren 190. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez xedatuarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bategina onetsi zen).

13. artikulua.

1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik, zehapena izanen da egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna, eta gehienez ere mila eta bostehun euro, eginiko jarduketa legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatuarekin bat.

2. Aurreko artikuluan jasotako jarduketa legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo atalaren balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere 6.000 euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatuarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uko egin ahalko hautsitako hirigintza-ordena lehengoratzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, kautelazko neurri gisa.

Erantzuleak

14. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

15. artikulua. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat, salbu eta eskumen hori Hirigintzako arduradunari eskuordetu badio.

Zehapen prozedura

16. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

17. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona hemen zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Iragarkiaren kodea: L2004737