85. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

148/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, bi prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena Soziologiako unibertsitate-tituludunentzat, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia). DDBN identifikazioa: 503671.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Soziologiako unibertsitate-tituludunentzako bi prestakuntza beka sortzea Eskubide Sozialetako Departamentuan eta haien deialdia egitea, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, interes orokorra babesteko, ezinbestekoa da dirulaguntzen deialdi hau tramitatzea; izan ere, hurrengo hilabeteetan nahitaezkoa izanen da analisi soziologiko zuzen eta oso bat egitea COVID-19ak lan arloan eta prekarietate eta gizarte-bazterketa egoera larrienak jasaten ari diren pertsonengan duen eraginari buruz. Horrek arrazoitzen eta babesten du prozeduraren tramitazioaren etendura kentzea.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Soziologiako lizentziadun edo gradudunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinetan jasotzen diren baldintzen arabera. Bekek 12 hilabete iraunen dute, eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko dira, bat Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Atalean, eta bestea, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalean.

2. Deialdi honetarako, 26.880,00 euroko gastu onestea; 8.960,00 euro egotziko dira 2020ko gastu-aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 900008 92100 4809 231002 partidaren kargura, eta
17.920,00 euro, 2021eko aurrekontuetan gaituko den partida beraren edo antzeko baten kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetarako.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ezen, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, etenda dagoela deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea, baina berriz ere abian jarriko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak –edo kasua bada, haren luzapenak– indarra galtzen duenean.

Eskaerak aurkezteko epea ere etenda dago, aipatutako epea igaro arte. Dena dela, entitate edo pertsonaren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

5. Foru agindu hau igortzea Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Plangintza eta Ebaluazio Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, bai eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2020ko apirilaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak, Soziologiako bi prestakuntza beka emateko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da, norgehiagokako araubidean, Soziologiako lizentziadun edo gradudunentzako bi prestakuntza beka emateko arauak ezartzea. Bekak Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko dira, bat Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Atalean, eta bestea, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalean.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea, Eskubide Sozialetako Departamentuan gauzatzen diren gizarte politikak zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako, 26.880,00 euro bideratu dira; 8.960,00 euro egotziko dira 2020ko gastu-aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 900008 92100 4809 231002 partidaren kargura, eta 17.920,00 euro, 2021eko aurrekontuetan gaituko den partida beraren edo antzeko baten kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetarako.

3. oinarria.–Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du, 2020ko irailaren 1etik hasita, edo, geroago ematen bada beka emateko ebazpena, ebazpen horretan adierazten den egunetik hasita.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak bekaren iraupena luzatzen ahalko du, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura 13.440,00 eurokoa izanen da. Beka kasuan kasuko hilabetea bukatuta ordainduko da; hilero, 1.080 euro, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Orobat, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak, hilero, bekari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

5. oinarria.–Tutoretzak.

5.1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak pertsona bat izendatuko du, eskatutako titulazioaren antzekoa duena, bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

5.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.

6. oinarria.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askeari buruzko legea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta ikasketa horiek azken hiru urtean bukatuak izatea, deialdi hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Betebeharrak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

8. oinarria.–Balorazio baremoa.

Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, betiere, gutxienez 10 puntu lortzen dituzten izangaien artean.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 6 puntu).

Ikasketa-espedientean agertzen den batez besteko nota hartuko da kontuan, eta, betiere, aurkezten den espedientea unibertsitatearen agiri ofizial bat izan beharko da.

Ez dira baloratuko, 10 puntuko eskala harturik, 6,0 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (edo 0tik 4ra bitarteko eskala harturik, 2,4 puntutik beherakoak). Puntuazioa honela baloratuko da:

–0tik 10era bitarteko eskala:

  • 6-6,99: 1,5 puntu.
  • 7-8,49: 3 puntu.
  • 8,5-10: 6 puntu.

–0tik 4ra bitarteko eskala:

  • 1,5-1,99: 1,5 puntu.
  • 2-2,74: 3 puntu.
  • 2,75-4: 6 puntu.

b) Analisi estatistikoko programa informatikoak ezagutzea (gehienez ere 5 puntu).

–Gisa horretako programei edo antzekoei buruzko ikastaro berariazkoak: 0,50 puntu, eskola-ordu bakoitzeko. Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak, ezta beka honetarako eskatzen den titulua lortzeko egindako ikastaroak ere.

–Ikerketa proiektuetan parte-hartzea, non eskatzaileak analisi estatistikoko programa informatikoak erabili dituen datu baseak edo bestelako informazio-iturriak tratatzeko eta analizatzeko: 2 puntu, urtebeteko iraupena duen ikerketa proiektuko (proiektu bakoitzeko aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio).

Prestakuntza hori erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek emana izan beharko da, eta bidezko titulu edo frogagirien bidez egiaztatu beharko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.

Ikerketa proiektuetan parte hartu izana frogatzeko, administrazio kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuko dira; bertan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.

c) Hizkuntzak ezagutzea: ingelesa, frantsesa eta euskara (gehienez ere 3 puntu).

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea puntu batekin baloratuko da hizkuntza bakoitzeko. Maila txikiagoko ziurtagiriak edo titulazioak honela baloratuko dira:

–A1 eta A2 mailak: 0,15 puntu.

–B1 maila: 0,25 puntu.

–B2 maila: 0,5 puntu.

Hizkuntza maila ofizialki onartutako ziurtagirien bidez dokumentatuko da.

d) Bestelako prestakuntza ikastaroak –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek) (gehienez ere 3 puntu):

–Master titulua: 2 puntu.

–Aditu titulua: 1 puntu.

–Beste prestakuntza batzuk: 0,10 puntu emanen dira 50 prestakuntza orduko.

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

Prestakuntza hori erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek antolatua edo emana izan beharko da, eta bidezko titulu edo frogagirien bidez egiaztatu beharko da. Masterra edo aditu ikastaroak ez diren prestakuntza kasuetan, aurkezten den dokumentazioan, egindako orduen kopurua edo kredituena agertuko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.

e) Beste ikasketa titulu batzuk (metagarriak, gehienez ere 3 puntu).

–Prestakuntza beka eskuratzeko eskatzen dena eta aurkeztu dena ez den beste gradu, diploma edo lizentzia bakoitzeko 0,50 puntu. 1,5 puntu titulu bakoitzeko.

–Ikertzeko nahikotasunaren titulua: 0,5 puntu.

f) Lan profesionala, bekak, ikerketa proiektu eta azterlanak, gizarte berrikuntzako esperientziak eta Europako proiektuak (metagarriak, gehienez ere 8 puntu).

–Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotutako lan profesionala (urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek): 2 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa bekak garatzea (eskatutako titulazioa egin bitartean edo gero): 0,50 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa proiektu edo azterlanetan parte hartzea –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek): 2 puntu urtebeteko iraupena duen ikerketa proiektu edo azterlan bakoitzeko.

–Berrikuntza sozialeko esperientzietan eta/edo Europako proiektuetan parte hartzea –aurreko epigrafeetan jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek): 4 puntu berrikuntza sozialeko esperientzia batean eta/edo Europako proiektu batean izandako parte-hartze bakoitzeko, urtebetekoak izan badira.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

Esperientzia frogatuko da administrazio edo enpresa kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuz; bertan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa (gehienez ere 6 puntu).

Bost kalifikazio onenak dituzten pertsonei buruz buruko elkarrizketa bat eginen zaie, baina, bakarrik, baldin eta beka lortzeko gutxienez eskatzen den 10 puntuko kalifikaziora iristeko moduan badaude. Baloratzeko orduan, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk hartuko dira kontuan.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

9. oinarria.–Eskabideak.

9.1. Prestakuntza beka jasotzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietako edozeinetan, 15 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bekarako eskabidea deialdi honetako eredu normalizatuari jarraikiz aurkeztu beharko da (I. eranskina), honako agiri hauekin batera:

a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia.

b) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.

c) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia soilaren bidez frogatuta.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

e) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna adierazten duena.

Aurkezten diren agiriak jatorrizkoak edo kopiak izan daitezke. Dena dela, kopiak aurkeztuz gero, Administrazioak eskubidea izanen du eskatzaileei jatorrizko agiria eskatzeko, agiriak erkatu edo egiaztatzeko.

9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

10. oinarria.–Ebaluazio Batzordea.

10.1. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka bakoitza eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko burua.

Ordezko batzordeburua: Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua.

Batzordekidea: Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Ataleko burua.

Ordezko batzordekidea: Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Ataleko Planak Koordinatzeko Bulegoko burua.

Idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.

Ordezko idazkaria: Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikoa), Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak berak izendatua.

10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

10.3. Lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera proposatuko du Ebaluazio Batzordeak zein izangairi eman beka.

11. oinarria.–Bekak emateko ebazpena.

11.1. Bekak Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, hilabeteko epean gehienez, instrukzio organoak proposamena egiten duenetik kontatzen hasita. Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion beka bakoitza, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

11.2. Puntuaziorik handienak lortzeagatik onuradun ateratzen diren bi interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena, eta bai ebazpena, bai instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera antolatutako eskatzaileen zerrenda Eskubide Sozialetako Departamentuko iragarki-taulan argitaratuko dira (González Tablas 7, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

11.3. Bekak eta, hala dagokionean, luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, beka-hartzaileek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuari jakinarazteko bekarekin ados dauden edo uko egiten dioten.

11.4. Deialdi honi buruzko dokumentazio guztia Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (González Tablas 7, Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

11.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: observatoriorealidadsocial@navarra.es.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, bere zerga betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

f) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

h) Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

j) Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztea. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

Bekari uko eginez gero, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Onuraduna Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren egoitzan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio onuradunari.

15. oinarria.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Era berean, bekadunak honako arau hauetatik datozen betebeharrak bete beharko ditu: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesa arautu zuena datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zuena 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra); eta, azkenik, horiek garatzeko beste edozein arau. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko ditu bekaren bitartez eskura izan dituen datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa deusetan galarazi gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik Nafarroako Gobernuko langileei dagozkien kalte-ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.–Oker jasotako diru kopuruen itzulketa.

Jasotako diru kopuruen itzulketari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Azken memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo dirulaguntza bat.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004479