84. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

153/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana. Honen bidez, gastua baimendu eta 2020ko deialdia onesten da diru sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko, eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 257/2017 Foru Agindua aldatzen da, haren bidez oinarri arautzaileak onetsi baitziren 2017tik 2020ra bitarteko kuotetarako diru sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko. DDBN identifikazioa: 503354.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren 2017tik 2020ra bitarteko kuotetarako diru sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzen laguntzeko.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira; hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Bestalde, otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen bidez, prozedura arautu eta zenbait baldintza ezarri ziren familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulua aitortu eta emateko. Horrenbestez, bidezkoa da laguntza honen oinarriak aldatzea, jarraian aipatzen diren apartatuetan, lege hori bete dadin.

Azkenik, aipatu behar da ezen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratu zela, eta errege dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriak administrazioko epeak eten zituela, eta baldintzak bertan behera utzi. Xedapen horretan adierazten da, orobat, organo eskudunak erabakitzen ahalko duela, ebazpen arrazoitu baten bidez, behar-beharrezko zer neurri hartuko diren, antolaketari eta instrukzioari dagokienez, ez dakien kalte larririk sortu prozeduretan interesdun direnen eskubide eta interesei; halaber, organo horrek erabakitzen ahalko du interes orokorra babesteko ezinbestekoak diren prozedurekin jarraitzea. Laguntzen deialdi hau tramitatzea interes orokorrekoa da; izan ere, deialdi honen onuradunak zaurgarritasun egoeran daude, eta litekeena da COVID-19aren inpaktuaren eraginez beren egoera are prekarioagoa bilakatzea. Horrek justifikatzen du deialdi hau tramitatu beharra.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2020. urterako deialdia onestea diru sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko, Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera eta foru agindu honek egindako aldaketekin.

2.–200.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu aurrekontuko “Familia gurasobakarrentzako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.

3.–Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2020rako:

a) Guraso batek eta haren ardurapeko pertsona batek osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, eta urtean gehienez 4.680 euro etxebizitzako.

b) Guraso batek eta haren ardurapeko bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, eta urtean gehienez 5.460 euro etxebizitzako.

c) Guraso batek eta haren ardurapeko hiru pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, eta urtean gehienez 6.240 euro etxebizitzako.

4.–Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 100.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berri bat hasterik ere.

5.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren bigarren oinarriko 3. apartatua aldatzea. Foru agindu horren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren 2017tik 2020ra bitarteko kuotetarako diru sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko. Honela geldituko da idatzita aipatu apartatua:

“3. Familia gurasobakarrak halakotzat aitortuta egon beharko du Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen arabera, haren bidez prozedura arautu eta zenbait baldintza ezarri baitziren familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulua aitortu eta emateko.

Familia gurasobakartzat hartuko dira, betiere, gurasobakartasun egoeran dauden familiak.”

6.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren hirugarren oinarriaren 1.c) apartatua kentzea eta 1.b) apartatua aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

“b) Laguntza emateko, kontuan hartuko dira eskaeraren egunean indarrean den familia gurasobakarraren egiaztagirian agertzen diren seme-alabak”.

7.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren laugarren oinarria aldatzea. Zehazki, 5. apartatua aldatu eta 8. apartatua gehitzen da. Honela geldituko dira idatzita:

“5. Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familia unitate eskatzaileko kide guztiak alokatutako etxebizitzan elkarrekin bizi izatea.

Ulertuko da bizikidetza ez dela eteten Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legean ezarritako egoeretan.”

“8. Familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren egiaztagiria izatea”.

8.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren zortzigarren oinarriaren 2. apartatua aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

“2. Familia unitateko kideen kopurua zenbatzeko, kontuan hartuko dira familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren tituluan sartuta daudenak soilik”.

9.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren bederatzigarren oinarriaren 3. eta 5. apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira idatzita:

“3. Dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia, ahal izatera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Dokumentazioa telematikoki tramitatzen bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, zeinek bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaera posta bulegoen bitartez tramitatzen bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.”

“5. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskabidea, eta hura aurkeztearekin baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.

Familia unitatean 18 eta 25 urte bitarteko kiderik badago, haien berariazko baimena beharko da aurreko paragrafoan aipatutako informazioa lortzeko.”

10.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren hamargarren oinarriaren 1. apartatua aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

a) Guraso bakarreko familiaren frogagiria.

b) Onuradunak sinatutako idazkia, non baimena ematen duen laguntza etxebizitzaren errentatzaileari ordaintzeko.

c) Laguntza errentatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

d) Familia unitateari helburu bererako ematen ahal zaizkion laguntza ekonomiko gehiago ez jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Erabiltzen ari den eta eskatutako laguntza ekonomikoaren xede den etxebizitzaren alokairu kontratua edo aurrekontratua, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua. Etxebizitzaren katastro erreferentzia edo onesten diren prozedura telematikoen bidez eskuratzen den katastro ziurtagiri elektronikoa agertu beharko du, edo ziurtagiria edo entitate edo zerbitzu arduradunak horretarako emandako beste frogagiri bat.

f) Oinarrizko gizarte zerbitzuak, auzoko unitateak edo erreferentziazko osasun etxeak egindako txosten soziala, familia unitate eskatzailearen pilaketa egoera egiaztatzen duena.

11.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

12.–Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra jar daitezkeen gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago.

13.–Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 14an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004512