84. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Tokiko Gobernu Batzarra eskuordetzea

Alkatetzaren 2020ko apirilaren 14ko 159/2020 Ebazpenaren bidez, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zen:

“2020ko apirilaren 2an, Alkatetza honek ebazpena eman du eta, haren bidez, Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarreko kide izendatu dira Udalbatza honetako kideak, indarrean dagoen toki araubideari buruzko legediarekin bat etorriz, eta orain arte Gobernu Batzarreko kide izan diren zinegotziek kargua utzita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluan xedatutakoa bete beharrez. Tokiko Gobernu Batzarra kide anitzeko organoa da, eta ezinbestekoa Lizarrako Udalean.

Uztailaren 4ko 282/2019 Ebazpenaren bidez, Tokiko Gobernu Batzarraren aldeko Alkatetzaren eskuordetzen araubidea ezarri zen. Araubide hori azaroaren 13ko 509/2019 Ebazpenaren bidez aldatu zen, kontratazio arloan eskuordetutako eskumenak aurrekontua betearazteko oinarrietan jasotakora egokitzeko.

Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikuluak ezartzen duenez, alkateak Tokiko Gobernu Batzarrean egiten dituen eskuordetzak ez dira errebokatuko Alkatetzan edo Udalburutzan edo Gobernu Batzarraren beraren osaera zehatzean titulartasun aldaketa bat gertatze hutsagatik.

Ikusirik 2019ko 282. eta 509. ebazpenen edukia, eta kontuan hartuz bidezkoa dela Tokiko Gobernu Batzarraren alde egindako eskuordetzen edukiari eustea, baztertu gabe edozein unetan baliogabetzeko aukera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan xedatutakoaren babesean, eta berorien nagusitasuna, aipatu legearen 10. artikuluan araututakoaren arabera. Hortaz, eta aurreko paragrafoetan aipatutako xedapenen babesean eman zaizkidan eskumenak baliatuz, eta xedapen horiek baliozko izateko ezartzen dituzten betekizunekin bat etorriz, honako hau ebazten dut:

Lehena.–Berrestea Lizarrako Udaleko Alkatetzaren eskuordetzen araubidea Tokiko Gobernu Batzarraren alde, indarrean jarraitzen baitu Alkatetzaren 2019ko 282. eta 509. ebazpenetan xedatu bezala.

Bigarrena.–Ebazpen hau igortzea Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarrera eta Udal Idazkaritzara, –hura betearazteko behar diren tramiteak abian jar ditzan–, udal alorretako arduradunei eta udal taldeetako eledunei, eta Udalbatzari jakinaraztea, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Lizarran, 2020ko apirilaren 15ean.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

Iragarkiaren kodea: L2004523