60. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 18an hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 318.500.000 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, 13.4 artikuluan, ezartzen du autonomia erkidegoei kreditu eragiketak egiteko eta zorra jaulkitzeko Estatuak ematen dien baimenak kontuan hartuko duela aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzea, Autonomia Erkidegoen Finantzabideari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen, bere foru araubidea dela-eta, legea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak aurrekontu ekitaldi bakoitzeko zorpetzearen muga ezarriko du. 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legeak 15. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia ez dadila izan 2020ko abenduaren 31n 2020ko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino handiagoa, Europako kontuen sistemaren arabera (SEC 2010).

2020an mugaeguneratuko diren enpresa publikoen zorpetze-eragiketek (elkarte publiko eta pribatuekin batera) 30.105.350 euro egiten dute, eta muga-egun arruntak beteko dituzten Administrazio Orokorraren eragiketek, 243.403.334 euro. Halaber, zor kitapenak aurreratzeko 45.000.000 euroko zenbatekoa aurreikusi da.

Mugaeguneratutako eragiketa horiek, Administrazio Orokorrarenak eta enpresa publikoenak, kontsolidazio perimetroaren barruan berriz finantzatzeak ez dakar zorpetzearen igoerarik; ezta zor kitapenak aurreratzearen ondorioz berriz finantzatzeak ere.

Ministroen Kontseiluak, 2020ko otsailaren 11ko bilkuran, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzerako maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 322.100.000 euro izanik.

2020an mugaeguneratuko diren beste zorpetze-eragiketa batzuk egin ahal izateko, beharrezkoa da hura ahalbidetuko duen erabaki bat onestea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 318.500.000 euroko mugarekin. Kopuru hau beste bi kopuru hauen batuketa da: 30.096.666 euro, muga-eguna beteko duten enpresa publikoen eragiketak berriz finantzatzeko; 243.403.334 euro, muga-egun arrunta beteko duten Administrazio Orokorraren eragiketak berriz finantzatzeko; eta 45.000.000 euro, zorren amortizazio aurreratuak berriz finantzatzeko.

2. Zorpetze-eragiketa berriek balio ahal izanen dute Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako proiektu jasangarriak (berdeak edo sozialak) finantzatzeko.

3. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Finantza Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004124