57. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

51/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 4ko 535/2007 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Nafarroako Erakunde Ordaintzailearen Segurtasun Batzordea sortzea, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europar Batasuneko araudia aplikatuz eta funtzionamendurako baimen irizpideak behar dituzten erakunde ordaintzaileen baimentzeari dagokionez. Abenduaren 4ko 535/2007 Foru Aginduak baliabide egokiak hartzen ditu aintzat erakunde ordaintzailearen segurtasuna sustatzeko, eta honako hau hautatu zuen: International Standards Organisation 27002: Code of practice for Information Security management (27002 Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundea - Informazio sistemen segurtasuna kudeatzeko araua).

Bestalde, datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudia betetzeko, eta herritarrek informazioa etengabe eskatzen dutenez eta departamentuan dauden titulartasun publikoko fitxategi ugariak modu egokian arautu behar direnez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Batzordea sortzea onetsi zen maiatzaren 10eko 153/2016 Foru Aginduaren bidez.

Egun, martxoaren 6ko 20/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politika (DBISP) onetsi da. Politika horrek eragina du honako hauen aplikazio materialeko esparruan: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (horren bidez indargabetu zen 95/46/EE Zuzentaraua (DBEO)); eta urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua, Administrazio elektronikoaren eremuan Segurtasunaren Eskema Nazionala (SEN) arautzen duena. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek kudeatutako informazioa ukituko du, edozein direla informazio hori tratatzeko bidea eta euskarria.

Datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politika hau bete beharrekoa dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen unitate guztiek, baita horren ardura den informazioa erabiltzen duten langile guztiek ere.

Azkenik, urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari esleitzen dio erakunde ordaintzailearen informazio sistemetako segurtasuna zaintzea, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko eginkizunak galarazi gabe. Foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua.

Finean, aurrekoan azaldutako araudiarekin bat, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari eta informazioaren segurtasunaren arloko arduradunari dagokie, hurrenez hurren, datuen tratamenduaren ardura izatea, DBEOren 4.7 artikuluan ezarri bezala, eta datuak babesteko eska daitezkeen antolamendu neurriak hartzea. Horrenbestez, eta martxoaren 6ko 20/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako neurriekin bat, Informazioa Kudeatzeko Atalak proposatzen du Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea. Bertan batuko dira, arau bakar batean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nafarroako Erakunde Ordaintzailearen Segurtasun Batzordeak eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Batzordeak bete beharreko eginkizunak, hori guztia DBEOren eta SENen aplikazio materialeko esparruan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sortzen da, honako eginkizun hauek bete ditzan:

a) Proposatzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aplikatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek onesten duten datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikaren aldaketa eta eguneraketa iraunkorra.

b) Bitartekoak eta baliabideak sustatzea, datu-babesa eta informazioaren segurtasunaren arloan hobekuntzak lortzeko.

c) Efizientzia helburu izatea esperientziak, egindako lanak eta ikasitakoak partekatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde publikoetako beste unitate batzuek aprobetxa ditzaten.

d) Baliabide publikoen erabileran homogeneotasuna eta eraginkortasuna lortzeko baterako erabakiak sustatzea.

e) Egoerari buruzko baterako txosten bat prestatzea urtean behin, gutxienez, datu-babesari eta informazioaren segurtasunari buruz, departamentuko unitate guztietarako. Aipatu txostena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari aurkeztuko zaio.

f) Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordearekin lankidetzan jardutea.

2. artikulua. Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordearen osaera.

1. Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua:

  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren idazkari tekniko nagusia.

–Batzordeburuordea:

  • Nafarroako Erakunde Ordaintzailearen zuzendaria.

–Idazkaria:

  • Informazioaren Segurtasunari Laguntzeko Bulegoko burua.

–Batzordekideak:

  • Informazioa Kudeatzeko Ataleko burua.
  • Erakunde Ordaintzailearen Koordinazio Ataleko burua.
  • Barne Auditoretzako Ataleko burua.
  • Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikari bat.

2. Horiez gain, Batzordeari egoki iruditzen zaizkion pertsonak ere egon daitezke bilkuretan, gonbidatu gisa.

3. artikulua. Antolamendu eta funtzionamendu arauak.

1. Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordea sei hilean behin bilduko da gutxienez.

2. Datu-babeseko eta Informazioaren Segurtasuneko Batzordeak antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendu propioa prestatzen ahalko du. Bertan jasotzen ez den horretan, batzordearen funtzionamendu araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ezarritakoari jarraituko dio, kide anitzeko organoei dagokienez.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira honako hauek: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 4ko 535/2007 Foru Agindua, zeinaren bidez Nafarroako Erakunde Ordaintzailearen Segurtasun Batzordea sortzea onetsi baitzen; eta maiatzaren 10eko 153/2016 Foru Agindua, zeinaren bidez Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Batzordea sortu baitzen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 5ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2003670