56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2020 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza-programan sartzeko asmoz Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei dirulaguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 496274.

Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta botere publikoei esleitzen die eskubide hori gauzatzeko zeregina.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateak etxebizitzari buruzko eskumena dauka eta, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aplikatuz, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala bermatzeko behar diren neurriak hartzen ditu.

Lege horren 13. artikuluak Alokairu Poltsaren programa aurreikusten du, zeinaren bidez etxebizitza hutsak dituzten etxejabeek NASUVINSAri lagatzen dizkioten, ondoren arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Egiaztatu denez etxebizitza babestuaren eskaintza ez dela nahikoa eskaera osoari erantzuteko, ekimen honen bidez saritu edo sustatu nahi da etxebizitzak Alokairu Poltsari eskaintzea. Beraz, ebazpen honen xedea da etxebizitza hutsak lagatzen dituzten etxejabeei laguntza ekonomiko zuzenak, ordainketa bakarrekoak, emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Etxebizitza horiek, gero, Alokairu Poltsan sartuko dira, ondoren etxebizitza beharra duten pertsonei eta familiei arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 11ko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez tramitatzea baimentzen duena.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sartzeko asmoz Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei dirulaguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Deialdiaren testua ebazpen honen I. eranskinean erantsi da.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea 2020ra luzatu den 2019ko gastu-aurrekontuko “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izeneko 320000 - 32100-4809-261402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Iruñean, 2020ko otsailaren 4an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, etxebizitza Alokairu Poltsarako lagatzen
duten etxejabeei dirulaguntza emateko

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen helburua da arautzea etxejabe partikularren etxebizitzak lortzeko dirulaguntzak, Alokairu Poltsan sartzeko banatzen direnak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluak xedaturikoarekin bat.

Etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko eskari handia dago, gero eta handiagoa, eta Alokairu Poltsan eskaintzeko etxebizitza hutsak lortzeko aurreikuspenak ez dira betetzen ari. Gainera, Nafarroan alokairuen prezioak igoera nabarmena izan du.

Premia hori asetzea da, gaur gaurkoz, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da eskura dauden etxebizitzen parkea handitzeko eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan.

Horregatik, dirulaguntza honekin sustatu nahi da etxebizitzak NASUVINSAri lagatzea, “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko. Hala, onura publikoko helburua da hobeki erantzun ahal izatea etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko dagoen eskari handiari.

Bigarrena.–Onuradunak eta diruz lagungarria den jarduketa.

Laguntzen onuradunak izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairu Poltsaren organo kudeatzailea) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten etxejabeak, Alokairu Poltsan sartua izan dadin, baina, betiere, etxebizitza hiru hilabeteko epean alokatzen bada, deusetan galarazi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako 200.000 euro bideratu dira. Diru hori 2020ra luzatu den 2019ko gastu-aurrekontuko “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izeneko 320000-32100-4809-261402 partidan dago eskuragarri.

3.2. Etxebizitza bakoitzaren titularrak dirulaguntza gisa jasoko duen zenbatekoa NASUVINSArekin adosturiko errentaren hiru hileko kuota adinakoa izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

3.3. Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordainduko zaizkion kopuruak zehazteko, prezio hauek ezartzen dira:

ETXEBIZITZA

GARAJEA

TRASTELEKUA

5 euro/m² erabilgarri

50 euro

2 euro/m² erabilgarri

Prezio horiek zehaztu ziren Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 91/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zenean NASUVINSAri esleitzea erabilitako etxebizitzak alokatzeko programa garatzeko lanak 2020rako, aurkezturiko proposamenarekin eta klausula arauemaileen agiriarekin bat.

Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa aterako da taulan adierazitako prezioak etxebizitzaren metro erabilgarriekin biderkatuz (90 metro gehienez ere), eta emaitzari gehituta garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik badago) eta gehienez ere 15 metro erabilgarriko trastelekuari dagokiona. Zenbateko hori bider hiru izanen da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. NASUVINSAk etxejabeei hileko errenta gisa ordaintzen dien prezioan gero batean gertatzen ahal diren gorabeherek ez dituzte inola ere aldatuko hemen dirulaguntza gisa ezarrita dauden zenbatekoak.

Laugarrena.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, bere buruari betebeharrak jartzeko legezko gaitasunarekin.

b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua sinatu izana NASUVINSArekin, etxebizitza Alokairu Poltsan sartzeko.

c) Lagatzen den etxebizitzaren titularra izatea, hura saltzeko edo errentan emateko prezio mugarik izan gabe. Salmenta eta errenta prezioa mugatua duten babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, bost urte iragan beharko dira behin betiko kalifikaziotik, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.

d) Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eta zerga arlokoak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, kreditu erabilgarria agortu arte.

Eskaera aurkeztu arren aurreko deialdiko aurrekontua agortzeagatik dirulaguntza lortzerik izan ez zuten eskaerak deialdi honetan aurkeztutzat joko dira, haien sarrera-ordenari zorrozki jarraituz.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere beteak eta sinatuak, eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), eskatzen den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko 90 egun naturaleko epea egonen da, etxebizitza lagatzeko kontratua NASUVINSArekin sinatzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da, eta 2020ko abenduaren 2an bukatuko, egun hori barne.

3. Eskaerak Etxebizitza Zerbitzuaren Erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan aurkez daitezke, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak.

4. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeran sarrera-datatik hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ez bada, ezetsita geldituko da eskaera, deusetan galarazi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

Behin dirulaguntzak ematea erabaki dela, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.

Ez da dirulaguntza ordainduko errentamendu kontratua 2020ko abenduaren 20tik aurrera aurkezten bada ikus-onetsia izateko. Egun horretarako dirulaguntza emateko ebazpena ez duten eskaerak ezetsitzat joko dira.

Etxebizitza lagatzen den egunetik hasi eta hiru hilabete iragaten direnean ez bada errentamendu kontratua aurkeztu Administrazioak ikus-onesteko, ez da dirulaguntza ordainduko.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak programa publikoen bidez merkatuan jartzea eta errentan ematea errazte aldera eman ditzaketen beste batzuekin.

Era berean, ez da dirulaguntzarik jasotzen ahal etxebizitza lagatzen bada hiru urtetik beherako epe baterako.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Etxebizitza NASUVINSAri laga beharko zaio alokairu poltsaren programan ezartzen den eperako. Maizterrak etxebizitza uzten badu lagapen kontratua sinatu eta hiru urteko epea igaro baino lehen, etxebizitzaren titularrak lagapen kontratu berri bat sinatu beharko du une horretan programak finkatua duen denborarako. Bestela, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, oso-osorik.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako dirua itzuli beharko da, osorik edo hein batean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen kontra eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es) argitaratuko ditu 2020. urtean zehar ematen diren dirulaguntzak, behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak) eta bakoitzak hartutako kopurua.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

II. ERANSKINA

Eskaera-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2002407