51. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, koronabirusak (COVID-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz zenbait irizpide eta jarraibide ezartzen dituena, Nafarroako Foru Komunitatean egitekoak diren kirol, gizarte, kultura, aisialdi ekitaldietarako eta zezen-ikuskizunetarako.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria osasun arloko agintaria da, besteak beste.

Osasunaren Mundu Erakundeak deklaratu du COVID-19 izeneko eritasunak eragindako egoera nazioarte mailako osasun publikoko larrialdia dela, eta, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan izandako deliberazioak kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak jarraibideak ematea Nafarroako Foru Komunitatean egitekoak diren kirol, kultura eta aisialdiko ekitaldiei eta zezen-ikuskizunei dagokienez, osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia gure erkidegoan transmititzeko arriskua ahal den gehiena gutxitzearren.

Horrenbestez, hona hemen jarraibideak:

Lehena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposamena egin ondoren, Nafarroako Foru Komunitatean kirol, gizarte, kultura, aisialdi ekitaldiak eta zezen-ikuskizunak egiteko jarraibideak, foru agindu honetan jaso direnak, ezartzeko kontuan hartu diren osasun irizpideak hauek dira:

a) Ekitaldiak toki irekietan edo itxietan egin behar diren.

b) Ekitaldietako ikusleak eta/edo parte-hartzaileak gaixotasunari eusteko neurri indartuak dituzten tokietatik etortzea edo ez.

c) Aforoa.

Bigarrena.–Estatuko eta nazioarteko ekitaldietan, Osasuneko Ministerioaren gomendioak beteko dira.

Hirugarrena.–Toki irekietako ekitaldietan gehienez ere mila eta bostehun pertsona elkartzen ahalko dira.

Laugarrena.–Toki itxietako ekitaldiak, goitik eta aldeetatik itxita dauden karpa eta antzekoetan egin beharrekoak barne, atzeratuko dira, aurreikusten bada gaixotasunari eusteko neurri indartuak dituzten tokietako ikusleak edo partaideak etor daitezkeela.

Bosgarrena.–Nolanahi ere, toki itxietan egiten diren ekitaldietan, aurreikusten bada ez dela bertaratuko gaixotasunari eusteko neurri indartuak dituzten tokietako ikusle edo partaiderik, aforoaren bi herenetara mugatuko da pertsonen kopurua, 1.500 pertsonako mugarekin.

Seigarrena.–Jarraibide hauen indarraldia hamabost egun naturalekoa izanen da, luzatzeko aukera kendu gabe, hala erabaki ahala, edo irizpide epidemiologikoen arabera hartuko diren beste neurri batzuk ukatu gabe.

Zazpigarrena.–Nafarroako Gobernuak bertan behera uzten ahalko ditu foru agindu honetan aurreikusi ez diren bestelako ekitaldiak ere, osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia erkidegoan transmititzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzearren.

Iruñean, 2020ko martxoaren 11n.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2003807