5. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

145/2019 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2020ko deialdia onesten dituena Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateek kalitatezko ekoizpenak kontrolatu eta ziurtatzeko jarduerak egin ditzaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira. DDBN identifikazioa: 487467.

Elikadurarako produktuen, edari destilatuen eta ardogintzako produktuen jatorri deituretarako eta adierazpen geografiko babestuetarako esparru juridikoa arau hauetan ezarrita dago, hurrenez hurren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, edari destilatuen definizioari, izendapenari, aurkezpenari eta etiketatzeari buruzkoa, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari destilatuen izena erabiltzeko moduari buruzkoa, edari destilatuen adierazpen geografikoen babesari buruzkoa eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilerari buruzkoa dena, eta 110/2008 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duena.

Erregelamendu horietan ezartzen da kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezaketela operadoreek betetzen ote duten jatorri deitura babestuen baldintza-agiria, adierazle geografiko babestuena eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuena. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberako akreditazioa izan behar dute aipatu erakundeek. Halaber, baldintza-agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Bestalde, Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Kalitateko ekoizpenen alde egiteko eta horiek sustatzeko interesaren adierazgarri, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, entitate horiek barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek gure nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean duten eragina, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez. Ondorio horietarako, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasota dago “Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko aurrekontu partida.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera gauzatzen dituzte ekoizleek baldintza-agirian xedatutakoa betetzen dutela bermatzeko. Horretarako, kontrolak egiten dituzte, noiz zuzenean, noiz agintaritza eskudunak behar bezala baimendutako kontrol erakundeak kontratatuz.

Jatorri deituren, adierazle geografikoen eta espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori sinesgarria da, bakar-bakarrik, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkor bat egiten bada.

Hemen ezarritako laguntzak “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honen bidez, laguntza deialdi bat onesten da –eta haren oinarri arautzaileak ezartzen– nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateek kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean.

Badago halako interes publiko, sozial eta ekonomiko bat dirulaguntza hauek emateko, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira. Interes hori oinarri hartuta, beharrezkotzat jotzen da saihestea norgehiagokako araubidean, baremazio sistemen bitartez, ematen diren dirulaguntzen deialdietan izan ohi diren bazterketak; horrek justifikatzen du laguntzak hainbanaketa bidez murriztea, baldin eta eskaerek erabilgarri dagoen aurrekontua gainditzen baldin badute.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2020ko laguntza deialdia, baita haren oinarri arautzaileak ere, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatezko produktuen kontrol eta ziurtapen jarduerak egin ditzaten. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. 325.000 euroko gastua baimentzea 2020ko ekitaldirako, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Laguntzak kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko 720003 71620 4701 413103 partidaren baliokidea izateko asmoz 2020ko aurrekontuan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, betiere behar adinako kreditu egokia baldin badago.

3. Hamargarren oinarrian ezarritakoarekin bat, konturako ordainketa baten bidez egiten ahalko da pagamendua, dirulaguntzaren %100 sartuta, edo ordainketa bakarrean, betiere egindako jardueren ondoriozko gastu eta ordainketa guztiak frogatzen dituen dokumentazioa eta eskatzen ahal zaion ezarritako gainerako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Iruñean, 2019ko abenduaren 12an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei laguntzak emateko. Laguntza horiek kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko dira, eta “de minimis” araubidearen babesean emanen dira

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da finkatzea Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei ematen ahal zaizkien finantza-laguntzen esparrua, hain zuzen, honako hauetan ezarritako nahitaezko kontrol neurriak egiteagatik ematen diren laguntzena: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, edari destilatuen definizioari, izendapenari, aurkezpenari eta etiketatzeari buruzkoa, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari destilatuen izena erabiltzeko moduari buruzkoa, edari destilatuen adierazpen geografikoen babesari buruzkoa eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilerari buruzkoa dena, eta 110/2008 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duena.

2. Batasuneko esparru juridikoan aitortutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Jatorri deiturak jabari publikoko ondasunak dira, eta Europar Batasuneko estatu kideetako agintaritza eskudunek horien kontrol ofiziala bermatu behar dute.

3. Laguntza hauek bat datoz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio-eremuarekin. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroako jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak kudeatzen dituzten entitateak, baldintza-agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

2. Urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baizik ezin izanen dute laguntza lortu.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira kudeaketa entitateek baldintza-agiriak betetzen direla egiaztatze aldera kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko egiten dituzten gastuak, lehen oinarriko 1. puntuak aipatzen dituen Europar Batasunaren arauen arabera, baita Kontseilu Arau-emaileko Idazkaritza Teknikoari dagozkionak eta 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitartean egindako erregistroak mantentzeari dagozkionak ere.

2. Kontrol eta ziurtapen organo eskuordetuek Europako UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren arabera akreditatuta edo akreditatzeko prozesuan egon beharko dute, arlo horretako esparru juridikoa zehazten duen Europako araudiak eskatzen duen bezala.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpidearen arabera hautatu duela frogatu beharko du; bestela, frogatu beharko du zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Kudeaketa entitate bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje bat aplikatuko zaio fakturaren zenbatekoari:

–Nafarroako Aratxea eta Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuetako kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %40koa izanen da.

–Nafarroako Olioa jatorri deitura babestuko eta Nafarroako Patxarana adierazpen geografikoko kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %20koa izanen da.

–Gainerako kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %30ekoa izanen da.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 66.000 euro emanen zaizkio. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, muga hori gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1.–Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2.–Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

1. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan bakarrik dutenak.

2. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %50 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

3. Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %50 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

4. Gainerako entitateak.

3.–Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua honela banatuko da: lehenbizi, 1. taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.

4.–Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, laugarren oinarrian ezarri den aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzuen Katalogoaren bidez. Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Diruz lagungarria den epean (hau da, 2019ko azaro-abenduetan eta 2020ko urtarriletik urrira bitartekoan) kudeaketa entitateek egindako kontrol eta ziurtapeneko zerbitzuen kostuen fakturak, proformakoak edo benetakoak.

b) Kontrol entitatea akreditatzeko azken ziurtagiriaren kopia, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberakoa. Kontrol entitatea akreditatzeko prozesuan baldin badago, dagokion baldintza-agirirako akreditazio eskaeraren kopia ziurtatua edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; eskaerak akreditazio erakunde nazionalak onartua egon behar du, eta espediente zenbakia esleitua izan behar du.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, nire izenean/edo XXXX ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan nik/edo ordezten dudan entitateak egunean ditudala zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, betiere Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei kontrol eta ziurtapen jardueretarako de minimis laguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduraren ondorioetarako.”

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

d) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi zerga ekitalditan eta unean uneko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

e) Eskatzaileak idatziz edo euskarri elektronikoan egindako adierazpen bat, helburu bererako eskatutako bestelako dirulaguntza publikoei buruzkoa.

f) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko adierazpena.

g) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, eskuragai dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

h) Entitatearen 2020. urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu onartua, behar bezala sinatua eta zigilatua, non kontrol eta ziurtapen lanetarako aurreikusitako gastuak egiaztatuko diren.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuak ematen dituen entitateari, berariaz adierazi beharko du eskabide-orrian.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Dokumentazio guztia bildu ondoren, eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi zerga ekitalditan eta unean uneko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru zerga ekitaldiko edozein alditan eta 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan den helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zerga ekitalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aipatutako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da bakarrik, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek informazio honen berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_C.pdf

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_E.pdf

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Justifikatuz gero dirulaguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoa dela funtsak hornitzea, dirulaguntza guztia konturako ordainketa baten bidez sartuta ordaintzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, behar hori justifikatutzat joko da baldin eta diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75ekoa edo handiagoa bada.

2. Aurrerakina ordaintzeko eskaera 2020ko ekainaren 1etik ekainaren 30era bitartean aurkezten ahalko da, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

b) Urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua, behar bezala sinatua eta zigilatua.

c) Hileko kutxako fluxuen aurreikuspena eta entitate osoaren diruzaintzako egoera-orria, baita ekitaldi osoko hileko kutxako fluxen aurreikuspenari buruzko beste agiri bat ere, diruzaintzak kontrol eta ziurtapen lanen inguruan izan duen bilakaera jasotzen duena. Horiek guztiak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

d) Eskatutako laguntzaren zenbatekoa adinako bankuko abala, 60.000 eurotik gorako aurrerakinak direnean.

3. Diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75 baino txikiagoa bada edo entitate onuradunak ordainketa aurreraturik eskatzen ez badu, dirulaguntza ordaintzeko eskaera 2020ko azaroaren 10a baino lehen aurkeztu beharko du, honako dokumentazio honekin batera:

a) Memoria bat, diruz lagungarria den epean zerbitzuaren emaileak egindako kontrol eta ziurtapeneko jarduerak azaltzen dituena.

b) Kontrol eta ziurtapeneko jardueren fakturak, hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarria den epeari dagozkionak.

c) Kontratatutako zerbitzu emaileari jarduketak ordaindu izanaren ziurtagiriak, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte egindako jarduketei dagozkienak. Eskatzen bada laguntza zuzenean ordaintzea zerbitzuaren emaileari, kontratu sinatua aurkeztu behar da, non zehaztapen hori jasoko baita, eta berariazko eskaera egin beharko da, haren datuak jakinaraziz, ordainketa egin ahal izateko.

d) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

4. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta erabakiko du ea aurkezturiko gastuak hautagarriak diren, frogagiriak baliozkoak diren eta gainerako dokumentazioa aski den. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

5. Onuradunak ordainketa aurreratua eskatzen badu, laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren eginen dira aurreko puntuan ezarritako egiaztapenak, eta, nolanahi ere, laguntzaren xede diren jarduerei dagokien urtearen hurrengo urteko lehen seihilekoaren barnean. Ondorio horretarako, eskatzaileak oinarri honen 3. zenbakian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko du hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

6. Espedientea ixtean egiaztatzen baldin bada zenbateko aurreratuak zehaztu den laguntza baino handiagoak direla, dirua itzultzeko espedientea tramitatuko da.

7. Nolanahi ere, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta behar diren egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskua finantzatzeko neurri berberaren Estatuko bestelako laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kudeaketa entitateek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. 2020. urterako laguntza-deialdia onesten duen ebazpen honetan ezarriko laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, hain zuzen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatezko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jarduerak egiteko laguntzei dagokien fitxan, zeinak “de minimis” araubideari lotuta baitaude.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F1916270