49. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Euskara ikasteko laguntzen ordenantza. Behin betiko onespena

Allingo Udalak, 2019ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Haren iragarkia 2019ko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ean.

Ikusirik espedientearen jendaurreko epean inork ez duela alegaziorik aurkeztu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta orobat jarraikiz aipatu iragarkiaren azken paragrafoan zehaztuari, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, legezko ondorioak izan ditzan.

Amillaon, 2020ko otsailaren 18an.–Alkate udalburua, Eduardo Martinicorena Mortal.

EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da euskara sustatzeko dirulaguntzak arautzea. Udal honek emanen ditu laguntza horiek, euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei.

2. artikulua. Baldintzak.

Dirulaguntza horiek jasotzeko eskubidea izanen dute udalerri honetako 16 urtetik gorako bizilagunek, erroldatuta baldin badaude gutxienez ere eskaeraren data baino urtebete lehenagotik eta udal-mugarteko kontzejuetako batean egiazki bizi baldin badira. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateek emandako ikastaroak egin behar dituzte.

Matrikulatutako ikastaroan bertaratze kopuruak %80tik gorakoa izan beharko du.

3. artikulua. Sartzen diren ikastaroak.

Dirulaguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren %50 izanen da, gehienez ere 250 euro pertsonako.

Dirulaguntzen zenbateko osoa Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Lehenago dirulaguntzarik jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Administrazio Publikoan lan egiten duten udalerriko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

6. artikulua. Epea.

Dirulaguntza eska daiteke urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako.

Eskabideak Udal Erregistroan aurkeztuko dira, urteko azaroaren 30era arte, deialdi publikoaren ondoren.

Epe hori ezin da luzatu, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Ikasleak honako hau aurkeztu beharko du:

–Berariazko eskabidea.

–NANaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak (iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua) zehaztuko ditu eta egiaztatuko du matrikulan agertzen den maila gainditu duela ikasleak.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Banku-kontuaren zenbakia, dirulaguntza bertan sartzeko.

8. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Ikastaroa bukatuta eta eskatutako agiri guztiak aurkeztuta Udalak dirulaguntza ordainduko du, Idazkaritzak eta ahalmena duen udal organoak aldeko txostena egin ondoren.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa konpentsazio bidez kenduko zaio jaso beharrekoari.

9. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak.

–Diruz lagunduriko ikastaroetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea Udalari.

–Diruz lagundutako ikastaroak eskatzen dituenak arrazoi beragatik beste erakunde baten dirulaguntza jasotzen badu, horren berri eman beharko dio berehala Udalari, eta Udaleko Batzordeak erabakiko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua. Ez betetzeak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

11. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/190 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko udal ordenantza eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan. Atzera eragina izanen du, hala ere, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2002589