49. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36E/2020 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematen diona telekomunikazio-azpiegitura bat instalatzeko proiektuari Jaizko udal-mugartean, sustatzailea Telxius Torres España SLU delarik.

2019ko ekainaren 14an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen Ukipenetarako Baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru Dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen Ukipenetarako Baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen Ukipenetarako Baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluko ondorioak izanen dituela.

Jarduketaren helburua da seinale erradioelektrikoak jaso eta igortzeko telekomunikazio-azpiegitura berri bat eraikitzea, telefonia mugikorreko estazioa izan dadin hainbat operadorerentzat, telekomunikazio-azpiegiturak puntu bakar batean elkartuz.

Jaizko San Paulo eremuko 1. poligonoko 1540. lurzatian kokatuko den azpiegituran joanen dira 30 metroko sareta-dorre bat, antenen euskarria, 4 operadoreren aterpez kanpoko ekipamenduak instalatzeko hormigoi armatuzko lauza bat, elikaduraren eta zuntz optikoaren lineak lurpeko hodietan, eta babes-hesia. Konpainia elektrikoak finkatutako konexio-puntuaren araberakoa izanen da behe-tentsioko koadro nagusira doan hargune elektrikoa, eta ez da aurreikusten proiektu berean baimentzea.

Izapidean zehar dokumentazio osagarria gehitu da, paisaiaren azterketari buruzkoa eta sarbideagatik sortutako ingurumen-eraginei buruzkoa. Amaierako dokumentuak hainbat aukera aurkezten ditu, eta arrazoi teknikoengatik hautatzen du San Paulo eremuko harkaitzaren gaineko kokapena. Halaber, kokapen horrentzako hiru sarbide desberdin baloratzen ditu, eta ingurumen-eraginei buruzko ebaluazioaren mende uzten du bata edo bestea hautatzea.

Aipagarria da instalazioak paisaian duen hondar-eragina, nekez saihets daitekeena, kontuan hartuz herria hurbil dagoela, dorrearen neurria eta kokapen nabarmena, biak ala biak beharrezkoak estaldura ona bermatzeko. Habitat naturalak hein batean okupatzea aurreikusten da, bidearen lehen zatiko lur-erauzketengatik eta harkaitz gaineko kokapenagatik. Ukipenetarako Baimenarekin batera joanen dira bidea ahalik eta gutxien okupatzeko neurriak eta, ahal dela, ezpondak murrizteko neurriak harkaitz gainera doan tartean.

Espedientean Jaizko Udalaren txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, Ebazpen honen baldintzei gehitutako zehaztapenak betetzekotan.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, lanetan zehar neurri zuzentzaileak hartzekotan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematea telekomunikazio-azpiegitura bat instalatzeko proiektuari Jaizko udal-mugartean, sustatzailea Telxius Torres España SLU delarik.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–2019ko azaroko “Jaizko telekomunikazio-azpiegituraren ingurumen-ukipenari buruzko azterlaneko akatsen zuzenketa” dokumentuko 2. edo 3. sarbideak hautatu behar dira, eta lanak egiten ari direla erabakiko da zein den ukipen gutxien eragiten duena, baldintza hauen irizpideak aplikatuz.

–Ildo horretan, lehentasuna emanen zaio zuinketan okupazio gutxien eta bidearen aldapa egiteko ezponden bertikaltasun gutxien dituen aukerari, birsorkuntza naturala errazten duenari eta Jaizko herritik eta jende gehien ibiltzen den lekuetatik ezpondak gehien ezkutatzen dituenari.

–Isurialdea banatzen duen ardatz nagusitik harkaitza zeharkatzen duen 3. aukeraren alde eginez gero, sekzio tipotik kendu behar dira alboko drainatze-arekak, eta ahalik eta gehien murriztuko da sekzio tipoko plataformaren zabalera.

–Betiere, ahalik eta gutxien eragin behar zaio harkaitz gaineko landaretzari, gehien hazitako zuhaitzak edo zuhaixkak mantentzeko doikuntza puntualak eginez, eta bidea eta ekipamenduak doazen gainazala integratuz. Nolanahi ere, arteari eutsi behar zaio harkaitz gaineko oinarrizko estazioaren alboan, sareta-dorrearen pantaila-lanak egin ditzan.

–Hori horrela, bide edo okupazio zabalagoa beharko balitz lanak egiteko, amaierako plataforma txikitu eta lehengoratu eginen da beharrezkoa ez den gainazala, instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko bidearekin bat egin ondoren.

–Harkaitzaren gainean edo lanerako egokienak diren sailetan mugatuko dira bilketarako, maniobrarako eta makinentzako guneak, landareei ahalik eta gutxien eraginez, eta gainazal horiek lehengoratu eginen dira lanak amaitzean.

–Lanak hasi baino 72 ordu lehenago eta zuinketa-lanetarako, obra-zuzendaria harremanetan jarriko da Ingurumen Eraginaren Atalarekin, 848 421486 telefono-zenbakira deituz eta posta elektronikoz (secevamb@navarra.es), baimen honetan aurreikusitako baldintzak lekuan bertan baloratzeko.

–Hazi naturalak dauzkaten landare-lurrak (lurraren geruza emankorra) erauzi behar direnean, aparte gorde eta ezpondak estaltzeko erabiliko dira. Lanak amaitzean, baimendutako hondakindegi batera eramanen dira material-hondarrak.

–Ez da baimen honen barruan sartzen oinarrizko estazioaren hornidura elektrikoa, eta haren lineak bere Ingurumen Ukipenetarako Baimena eskuratu beharko du.

Hala, ingurumen-ukipenak murriztu eta proiektua oro har bateragarria izan dadin, plantaren linea elektrikoak aukerak aztertu behar ditu, lurpeko bidea lehenetsiz, kontuan hartuz paisaiaren gaineko eragina eta hegaztien elektrokuzio- eta talka-arriskuak.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalak 2019ko uztailaren 19an egindako txostenaren arabera, telekomunikazio-azpiegitura berria, hara doan bidea eta lurpeko hargune elektrikoaren zati bat herri-jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi direnez, obrarako lizentzia eman aurretik, Jaizko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek erabiltzen lagatzeko eta/edo bide zortasun elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako toki-administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako toki-entitateetako ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuko 143. artikuluarekin bat.

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, Ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera baimenaren ondorioak bukatu eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren Ingurumen Ukipenetarako Baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezinetako jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Jaizko Udalera, Ingurumen Zaintzako Taldera (Lizarra 1 barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002495