42. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

1/2020 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, otsailaren 19koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkideko aldaketa batek behartzen badu Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie baldin aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio badira, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Presako neurriei buruzko otsailaren 4ko 3/2020 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikora eransten baitira Europar Batasuneko zenbait zuzentarau, sektore batzuetako kontratazio publikoari, aseguru pribatuei, plan eta pentsio-funtsei, tributu eremuari eta auzi fiskalei buruzkoak, honako hauek aldatu ditu: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsi zena. Helburua da barneko tributazio ordenamendura eranstea Kontseiluaren 2018ko abenduaren 4ko 2018/1910 (EB) Zuzentaraua, honako hauek aldatzen dituena: 2006/112/EE Zuzentaraua eta Kontseiluaren abenduaren 4ko 2018/1912 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 282/2011 (EB) Exekuzio Erregelamendua aldatzen zuena.

Kontseiluaren 2018ko abenduaren 4ko 2018/1910 (EB) Zuzentarau horrek neurriak hartzen ditu modu harmonizatuan aplikatzearren tributu tratamendu bera mugaz haraindiko merkataritza operazio jakin batzuei, tributu administrazioek interpretazio dibergentea ematen zietelako.

Alde batetik, ondasunak kontsignan saltzeko akordioak arautzen ditu, hau da, enpresaburuen edo profesionalen artean egiten direnak salgaiak mugaz haraindi saltzeko, zeinetan enpresaburu batek (hornitzailea) ondasunak bidaltzen baititu Europar Batasuneko estatu kide batetik bestera, Batasunaren barnean betiere, helmugako estatu kidean biltegira daitezen, beste enpresaburu edo profesional baten eskura (bezeroa), eta hark eskura ditzan ailegatu ondoan.

Egun, operazio horrek, ondasunen abiapuntua den estatu kidean, ondasun-transferentzia bat sortzen du, Europar Batasunaren barneko ondasun-entrega batekin parekatzen dena, eta, ondasunen helmuga den estatu kidean, berriz, Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapenarekin parekatutako operazio bat. Bi kasuetan hornitzailea da operazioen egilea. Gero, bezeroak ondasuna eskuratzen duenean, hornitzaileak barneko entrega bat eginen du helmugako estatu kidean, zeinetan aplikatu beharko baita subjektu pasiboaren inbertsioaren araua, baina bezeroa da subjektu pasiboa. Operazioaren oraingo tratamenduarekin, gainera, hornitzaileak identifikaturik egon behar du, BEZaren ondorioetarako, salgaiaren helmugako estatu kidean.

Halako operazioak errazte aldera eta Europar Batasunaren barneko merkataritzako operadoreen karga administratiboak murrizte aldera, erregulazio berriak ezartzen du ezen, ondasunak entregatzen direnean ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, Europar Batasunaren barneko entrega salbuetsi bat eginen duela hornitzaileak abiapuntuko estatu kidean, eta, bestalde, Europar Batasunaren barneko eskurapen bat eginen duela bezeroak ondasunen helmugako estatu kidean, zenbait baldintza betetzen badira.

Tratamendu sinplifikatu hori aplikatzeko, bezeroak urtebeteko epean eskuratu beharko ditu ondasunak, helmugako estatu kidera ailegatzen direnetik hasita. Eskurapen data da kontuan hartu beharrekoa Europar Batasunaren barneko kasuan kasuko operazioaren sortzapenerako.

Kasu guztietan, enpresaburuek edo profesionalek aukera izanen dute sinplifikazioari ez heltzeko, hura aplikatzeko aurreikusitako baldintzak ez betez.

Orobat, aipatutako zuzentarauak aldaketa egiten du Europar Batasunaren barneko ondasun-entregen salbuespena aplikatzeko baldintzetan, helburua izanik iruzurra murriztea Europar Batasunaren barneko ondasun-operazioetan, beharrezkoagoa izanen baita halako operazioak egiten dituzten operadoreek indarreko IFZ-BEZ eguneratua izatea nahitaez eta informazioa emateko betebeharra konplitzea.

Ondasunak kontsignan saltzeko akordio horien ondoriozko sinplifikazio neurriak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko, foru legeak ezartzen du horietan parte hartzen duten enpresaburuek eta profesionalek nahitaezkoa dutela halako operazioei buruzko erregistro liburu berariazkoak eramatea. Operazioak erregistro berrietan eramatea eta jasotzea ez da betebehar formal hutsa, funtsezko betebeharra baizik, beharrezkoa izanen baita hura konplitzea sinplifikazioa aplikatu ahal izateko. Ildo horretan, 2018/1912 (EB) Exekuzio Erregelamenduak 282/2011 (EB) Exekuzio Erregelamendua aldatu du, erregistro liburu berri horien edukia modu harmonizatuan erregulatzeko.

Bestalde, zergari buruzko zuzentarauak ezarri duenez, saltzaile batek ondasunak igorri edo garraiatzen dituenean beste estatu kide batera ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, Europar Batasunaren barneko operazioen aitorpen laburtua aurkeztu behar du, 349 ereduaren bidez.

Horrenbestez, beharrezkoa da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldatzea, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten ondoriozko operazioak eta salgaien joan-etorriak erregulatzeko, zergaren subjektu pasiboek Europar Batasunaren barneko operazio batzuetarako eraman behar dituzten liburuen barnean, eta, orobat, Europar Batasunaren barneko operazioen aitorpen laburtua erregulatzeko, hura aurkeztu behar dutenen artean sar daitezen aipatutako akordioen esparruan ondasunak beste estatu kide batera igortzen dituzten enpresaburuak edo profesionalak, baita aitorpenaren edukia ere.

Alabaina, 2021eko urtarrilaren 1era arte atzeratzen da informazioa berehala eman behar duten enpresaburuek eta profesionalek Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eraman beharra Europar Batasunaren barneko operazio jakin batzuen erregistro liburu berria, ondasunak kontsignan saltzeko akordioaren ondoriozkoa, errazago izan dadin hura betetzea eta aplikaziorako behar den garapen teknikoa gauzatzea.

Bestalde, adierazi bezala, 2018/1910 (EB) Zuzentarauak ezartzen du funtsezko baldintza dela, Europar Batasunaren barneko ondasun-entregen salbuespena aplikatzeko, horren enpresaburuak edo profesionalak operazio hori jasotzea Europar Batasunaren barneko operazioen aitorpen laburtuan, 349 ereduaren bidez. Ildo horretan, baldintza hori bete dadin operazioaren datatik hurbil, eta kontuan izanik subjektu pasiboek gutxitan erabiltzen dutela, kendu egiten da aitorpen laburtu hori urtean behin aurkezteko aukera.

Antzeko helburua izanik, Europar Batasunaren barneko salbuespenak aplikatzeko esparruan, 2018/1912 (EB) Exekuzio Erregelamenduak zenbait presuntzio sartu ditu, Europar Batasunaren barneko garraioaren froga arlokoak, 282/2011 (EB) Exekuzio Erregelamenduan, lege esparru harmonizatu bat bermatzeko eta halako operazioen ondoriozko iruzurraren kontrola areagotzeko. Europar Batasunaren barneko ondasun-entregen salbuespena aplikatzeko beharrezkoa izanik, ezinbestean, ondasunak beste estatu kide batera igortzea edo garraiatzea, harmonizatutako zuzentarauaren exekuzio erregelamenduak, zeina zuzenean aplikatu beharrekoa baita, ezarri eta zehazten du zer kasutan kontsideratu behar den ondasunak egiatan igorri edo garraiatu diren estatu kide batetik bestera. Presuntzioen sistema harmonizatu horrek, ezertan galarazi gabe kontrako frogak onar daitezkeela, helburu du errazago frogatzea salbuespena aplikatzeko baldintzak.

Horrenbestez, nola aldatu diren Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsi zena, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea, honako hauek aldatzeko: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena. Xedea da, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplikatzea Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta bi mila eta hogeiko otsailaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Ondorioak 2020ko martxoaren 1etik aurrera izanik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen artikulu hauek honelako idazketa izanen dute:

Bat.–9.3 artikulua, lehenengo paragrafoa.

“3. Subjektu pasibo batek bere enpresako ondasun gorpuzdun bat Europa Batasuneko beste estatu kide batera transferitzea, estatu horretan dituen beharrei afektatzeko. Ez dira halakotzat joko ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan eginiko transferentziak, 9.bis artikuluan aurreikusi bezala”.

Bi.–9.bis artikulua gehitzea.

“9.bis artikulua. Ondasunak kontsignan saltzeko akordioa.

1. Foru lege honetan ezarritako ondorioetarako, honako baldintza hauek betetzen dituena izanen da ondasunak kontsignan saltzeko akordioa:

a) Saltzaileak, edo hirugarren batek haren izenean eta kontura, beste estatu kide batera igortzea edo garraiatzea ondasunak, beste enpresaburu edo profesional gaitu batek eskura ditzan ondasunak ailegatu ondoren, bi alderdien artean aldez aurretik izandako akordio bati jarraituz.

b) Ondasunak igorri edo garraiatzen dituen saltzaileak ez izatea bere jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkor bat ondasunen igorpenaren edo garraioaren helmugako estatu kidean.

c) Ondasunak eskuratu behar dituen enpresaburua edo profesionala identifikatuta egotea, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, igorpenaren edo garraioaren helmugako estatu kidean, eta saltzaileak jakitea, igorpena edo garraioa hasten denean, zein den identifikazio fiskaleko zenbaki hori, baita izen-abizenak edo sozietatearen izen osoa ere.

d) Saltzaileak ondasun horien igorpena jasotzea erregelamenduz ezartzen den erregistro liburuan eta 109.1.5 artikuluan aipatzen den aitorpen laburtuan, erregelamenduz ezartzen den moduan.

2. Baldin eta, ondasunak kontsignan saltzeko akordioaren esparruan ondasunak helmugako estatu kidera ailegatu eta hamabi hilabeteko epearen barnean, 1.c) edo 3.b).1 apartatuetan aipatutako enpresaburuak edo profesionalak eskuratzen badu ondasunak erabiltzeko ahala, ulertuko da honako hau egiten dela zergaren aplikazio eremuan, kasua zein den:

a) Saltzaileak eginiko ondasun-entrega bat, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 68.Bi.1.A) artikuluko lehenengo paragrafoan aurreikusitakoenetako bat, zeinari aplikatzen ahal baitzaio foru lege honen 22. artikuluko salbuespena, edo,

b) Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapen bat, foru lege honen 15.1.b) artikuluan aurreikusitakoenetako bat, zeina eskuratzen duen enpresaburuak edo profesionalak egina baita.

3.a) 9.3 artikuluan aipatzen den ondasun-transferentzia egin dela ulertzeko, ondasunak kontsignan saltzeko akordioaren esparruan, 2. apartatuan aurreikusitako hamabi hilabeteko epearen barnean, ez da bete behar 1. apartatuan ezarritako baldintzetako edozein, kasu hauetan bereziki:

1.–Ondasunak hasiera batean jaso behar zituen enpresaburuak edo profesionalak eskuratu ez dituenean.

2.–Ondasunak igorri edo garraiatu direnean ondasunak kontsignan saltzeko akordioaren arabera hasiera batean helmugakoa zen estatu kideaz bestelako batera.

3.–Ondasunak suntsitu, galdu edo lapurtzen direnean.

b) Ulertuko da 1. apartatuko baldintzak bete direla baldin eta aipatutako epean:

1.–1.c) apartatuan aipaturikoa ordezten duen enpresaburu edo profesional batek eskuratzen baditu ondasunak, letra horretako baldintzak beteta.

2.–Ondasunak erabiltzeko ahala eskualdatu ez bada eta horiek, zer estatu kidetatik igorri edo garraiatu ziren, hara itzultzen badira.

3.–Saltzaileak erregelamenduz ezartzen den erregistro liburuan sartu baditu letra honetako 1. eta 2. puntuetan aurreikusitako inguruabarrak.

4. Ulertuko da ezen ondasunak helmugako estatu kidera ailegatu zirenetik 12 hilabeteko epea bukatu eta biharamunean eskualdatu direla ondasunak 9.3 artikuluan adierazten den moduan, ondasunak kontsignan saltzeko akordioaren esparruan eta 1. apartatuko baldintzak beteta, 1.c) edo 3.b).1 apartatuetan aipatutako enpresaburuak edo profesionalak eskuratu ez duenean ondasunak erabiltzeko ahala.

5. Ondasunak kontsignan saltzeko akordioa izenpetzen duten enpresaburuek edo profesionalek eta ondasunak hasiera batean jaso behar zituena ordezten dutenek erregistro liburu bat eraman behar dute halako operazioetarako, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan”.

Hiru.–15.1 artikulua.

“1. Honako hau hartuko da Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapentzat:

a) Ondasun higigarri gorpuzdunak erabiltzeko ahala eskuratzea, zergaren aplikazio lurraldera igorri edo garraiatzen dizkionean eskuratzaileari, beste estatu kide batetik, eskualdatzaileak, eskuratzaileak berak edo hirugarren batek, aurrekoetako edozeinen izenean eta kontura.

b) Ondasun higigarri gorpuzdunak erabiltzeko ahala eskuratzea ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, 9.bis.2 artikuluan aurreikusi bezala”.

Lau.–22.1 artikulua eta 4. apartatua gehitzea.

“1. 8. artikuluan zehaztutako ondasun-entregak, beste estatu kide batera igorri edo garraiatzen dituztenak saltzaileak, eskuratzaileak edo hirugarren batek, aurrekoetako edozeinen izenean eta kontura, baldin eta gisa horretan aritzen ez den enpresaburu edo profesional edo pertsona juridiko bat bada eskuratzailea, identifikazio zenbaki bat badu balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, beste estatu kide batek emana, eta identifikazio fiskaleko zenbaki hori saltzaileari jakinarazi badio.

Salbuespen hori aplikatzeko, saltzaileak operazio horiek sartu beharko ditu Europar Batasunaren barneko operazioen aitorpen laburtuan (109.1.5 artikuluan aurreikusia), erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

Apartatu honetako salbuespena ez da aplikatuko ondasun-entrega batean Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapena lotuta ez dagoenean helmugako estatu kideko zergari, 14.1 eta 2 artikuluetan ezarritako irizpideen arabera.

Salbuespen hori ez da aplikatuko, halaber, erabilitako ondasunen, arte-gaien, antzinako gauzen eta bilduma-gauzen araubide bereziari lotutako ondasun-entregetan (VIII. tituluko IV. kapituluan arautua)”.

“4. Ondasun-entregak, ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan egiten direnak, 9.bis.2 artikuluan aurreikusi bezala”.

Bost.–24.1.8 artikulua.

“8.–22. artikuluan jasotzen diren ondasun-entregetan, apartatu honen 7. puntuan aipatutakoez bestelakoak badira, zerga sortuko da honako hauek gertatu eta hurrengo hilabetearen 15ean:

a) Ondasunak eskuratzaileari igorri edo garraiatzen hastea.

b) Ondasunak eskuratzailearen eskura jartzea, 9.bis.2 artikuluan zehaztutako baldintzetan entregatzen direnean ondasunak.

a) eta b) letren ondorioetarako, egun hori baino lehenago luzatu bada operazio horien faktura, faktura luzatu zen egunean sortuko da zerga.

c) 9.bis.3 artikuluan aipatzen diren baldintzak ez betetzean.

d) 9.bis.4 artikuluan zehazten den 12 hilabeteko epea bukatu eta biharamunean”.

Sei.–31.1.2.a).c’) artikulua.

“c’) 18. artikuluko 1. eta 2. puntuetan edo 22. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzeagatik zergatik salbuetsita dagoen ondasun-entrega bat denean, edo azken artikulu horretan aipatutako ondasun-entrega bat denean, zergari lotuak badaude eta ez salbuetsiak”.

Zazpi.–109.1.5 artikulua.

“5.–Aldian behin, edo Administrazioak eskatuta, informazioa aurkeztea hirugarrenekin eginiko operazio ekonomikoei buruz, eta, bereziki, Europar Batasunaren barneko operazioen aitorpen laburtu bat”.

Bigarren artikulua.–Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea.

Honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu hauek:

Bat.–13. artikuluko 2., 3. eta 4.1 apartatuak. 2020ko otsailaren 6tik aurrerako ondorioekin.

“2. Ondasunak helmugako estatu kidera igorri edo garraiatu direla justifikatzeko, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliko da, eta, bereziki, Kontseiluaren 2011ko martxoaren 15eko 282/2011 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 45.bis artikuluan kasuan-kasuan ezarritakoak, segun saltzaileak egin duen, erosleak egin duen edo horietako edozeinen kontura izan den (Erregelamendu horren bidez, Balio erantsiaren gaineko zergaren sistema erkideari buruzko 2006/112/EE Zuzentarauaren aplikazio xedapenak ezarri ziren).

3. Eskuratzaile izaera frogatzeko, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako identifikazio zenbakia erabiliko da, saltzaileak ematen duena. Horretarako, zerga arloan eskuduna den departamentuari eska dakioke egiazta dezala EEEko edozein estatu kidek operazio horien hartzaileei emaniko identifikazio fiskaleko zenbakia”.

“1.–Ondasunak igorri edo garraiatzea helmugako estatu kidera, 2. apartatuko baldintza berberetan”.

Bi.–57. artikulua, 1. apartatua, 3. puntua eranstea, eta 2. eta 3. apartatuak. 2020ko martxoaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. Ondasunak kontsignan saltzeko akordio bateko ondasunak igorri edo jasotzea (Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis artikuluan aipatutakoa)”.

“2. Aipaturiko erregistro liburuan, datu hauek jaso behar dira:

A) 1. apartatuko 1. eta 2. puntuetako operazioei dagokienez:

1.–Operazioa eta haren data.

2.–Operazioaren xedeko ondasunen deskripzioa, eskuratze faktura edo jabetza titulua adierazita, kasua bada.

3.–Beste faktura edo agiri batzuk, kasuan kasuko operazioei buruzkoak.

4.–Hartzailearen edo igorlearen identifikazioa, honako hau adierazita: identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, sozietatearen izena eta helbidea.

5.–Ondasunen jatorriko edo helmugako estatu kidea.

6.–Zer epe finkatu den, kasua bada, aipatutako operazioak egiteko.

B) 1.3 apartatuko operazioei dagokienez:

a) Saltzaileak datu hauek jaso behar ditu:

1.–Zer estatu kidetik igorri edo garraiatu diren ondasunak eta zer egunetan igorri edo garraiatu diren ondasunak.

2.–Ondasunen helmugako enpresaburuaren edo profesionalaren identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, ondasunak zer estatu kidetara igorri edo garraiatzen diren, harexek emandakoa.

3.–Zer estatu kidetara igorri edo garraiatzen diren ondasunak, ondasunen gordailuzainaren identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, hura ez denean 2. puntuan aipaturiko enpresaburua edo profesionala, zer helbidetan biltegiratu diren ondasunak ailegatutakoan, eta zer egunetan ailegatu diren ondasunak biltegira.

4.–Biltegira ailegatu diren ondasunen balioa, deskripzioa eta kopurua.

5.–Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis.3.b).1 artikuluan aipatzen den enpresaburuak edo profesionalak ordezten duenean hasiera batean ondasunak jaso behar zituen enpresaburua edo profesionala, haren identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

6.–Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis.2.a) artikuluan zehazturiko baldintzetan entregatu diren ondasunen deskripzioa, zerga-oinarria (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen araberakoa), kopurua eta unitateko prezioa, entregaren data eta enpresaburu edo profesional eskuratzailearen identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

7.–Zergari buruzko Foru Legearen 9.Bis.3.a) artikuluan zehazturiko baldintzetan transferitutako ondasunen deskripzioa, zerga-oinarria (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen araberakoa), kopurua eta unitateko prezioa, zer egunetakoak diren ondasun-transferentzia hori ekarri zuten baldintzak eta zergatik egin den transferentzia.

8.–Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis.3.b).2 artikuluan zehazturiko baldintzetan itzulitako ondasunen deskripzioa, kopurua eta balioa, eta zer egunetan itzuli diren.

b) Datu hauek jaso behar dituzte ondasunen helmugako enpresaburuak edo profesionalak eta hura ordezten dutenek:

1.–Ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan ondasunak eskualdatzen dituen saltzailearen identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

2.–Haren esku jartzeko igorritako ondasunen deskripzioa eta kopurua.

3.–Zer egunetan ailegatu diren biltegira haren esku jartzeko igorritako ondasunak.

4.–Eskuratutako ondasunen deskripzioa, zerga-oinarria (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen araberakoa), kopurua eta unitateko prezioa, eta zer egunetakoa den Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapena, Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis.2.b) artikuluan aurreikusten dena.

5.–Saltzaileak biltegitik ateratzen dituen eta bere eskura egoteari uzten dioten ondasunen deskripzioa eta kopurua, eta zer egunetan ateratzen diren.

6.–Suntsitutako edo biltegitik desagertutako ondasunen deskripzioa eta kopurua, eta zer egunetan gertatu den ondasunen suntsipena, galera edo lapurreta, edo zer egunetan jabetu den horretaz.

Nolanahi ere, enpresaburu edo profesional horrek 1., 2. eta 4. puntuetako datuak jaso beharko ditu, soilik, hura ez den enpresaburu edo profesional bati igorri edo garraiatzen zaizkionean ondasunak, gero biltegiratzeko.

3. 53.6 artikuluan aipatutako pertsona eta entitateen kasuan, erregistro liburu hori Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eraman beharko da, bertan idatzi beharreko operazio bakoitzaren informazio zehatza elektronikoki emanez.

Tributu arloan eskuduna den departamentuaren titularrak zehaztuko du, foru agindu bidez, nola identifikatu erregistro horiek”.

Hiru.–68. artikulua. 2020ko martxoaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“68. artikulua. Aitorpen laburtua aurkeztu beharra.

1. Ondoren zehazten diren operazioetako edozein egiten duten enpresaburuek eta profesionalek (izaera hori Zergari buruzko Foru Legearen 5.4 artikuluan xedatutakoaren arabera eskuratu dutenean ere) nahitaez aurkeztu behar dute aitorpen laburtua:

1.–Beste estatu kide baterako diren ondasun-entregak, baldin eta salbuetsita badaude Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoa betez.

Operazio horien artean sartuko dira Zergari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan jasotako ondasunen transferentziak eta, bereziki, geroko ondasun-entregak, haien inportazioa salbuetsia egon bazen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 27.12 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Honako hauek ez dira zenbaki honetan aipatutako ondasun-entregatzat hartuko:

a) Garraiobide berriak xede dituztenak, baldin Zergari buruzko Foru Legearen 5.1.e) artikuluan jasotako pertsonek noizbehinka eginak badira.

b) Zergaren subjektu pasiboek egiten dizkietenak Europar Batasuneko beste edozein estatutan zerga horren ondorioetarako identifikazio zenbakirik ez duten hartzaileei.

2.–Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapenak, baldin zergaren aplikazio lurraldean horren ondorioetarako identifikatu diren pertsonek edo entitateek eginak badira.

Operazio horien artean, beste estatu kide batetik egindako ondasun-transferentziak sartuko dira, Zergari buruzko Foru Legearen 16.2 artikuluan aipatutakoak badira, eta, bereziki, Batasunaren barneko ondasun-eskurapenak, ondasunak beste estatu kide batetik inportatu badira, inportazioa zerga ordaintzetik salbuetsita egon denean Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautu duen Legearen 27.12 artikuluan ezarritako baldintzen antzekoetan.

3.–Zerbitzuak Batasunaren barnean egitea.

Erregelamendu honen ondorioetarako, ulertuko da Batasunaren barneko zerbitzuak egiten direla baldintza hauek betetzen direnean:

a) Aplikatu beharreko lokalizazio arauekin bat etorriz, ulertzea zergaren aplikazio lurraldean egiten ez direla.

b) Beste estatu kide batean zergari lotuta egotea, eta ordaintzetik salbuetsita ez.

c) Hartzailea enpresaburua edo profesionala izatea eta gisa horretan aritzea, eta, horretarako, estatu kide horretan edukitzea jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkorra, edo, bestela, helbidea edo ohiko bizilekua; edo hartzaile hori pertsona juridikoa izatea, enpresaburu edo profesional gisa aritzen ez dena baina estatu kide horrek emaniko identifikazio zenbaki bat duena zergaren ondorioetarako.

d) Subjektu pasiboa hartzailea izatea.

4.–Europar Batasunaren barneko zerbitzu-eskurapenak.

Erregelamendu honen ondorioetarako, Europar Batasunaren barneko zerbitzu-eskurapenak izanen dira enpresaburu edo profesional batek ematen dituenak eta zergaren aplikazio lurraldean zergari lotuta daudenak, horretatik salbuetsita egon gabe. Betiere, Batasunean egon behar du, baina zergaren aplikazio lurraldetik kanpo, jarduera ekonomikoaren egoitzak edo zerbitzuak emateko establezimendu iraunkorrak edo, bestela, enpresaburuaren edo profesionalaren helbideak edo ohiko bizilekuak.

5.–Europar Batasunaren barneko ondasun-eskurapenen hurrengo entregak (Zergari buruzko Foru Legearen 23.3 artikuluan aipatzen direnak), beste estatu kide batean eginak badira Espainiako Zerga Administrazioak esleitutako identifikazio zenbaki baten bidez balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

2. Saltzailea ere beharturik egonen da aitorpen laburtua aurkeztera, ondasunak beste estatu kide batera igorri edo garraiatzen baditu ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, zeina Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis artikuluan aipatzen baita”.

Lau.–69. artikulua, 1. apartatua, 4. puntua eranstea, eta 2. eta 3. apartatuak. 2020ko martxoaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“4.–Ondasunak igortzen direnean ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, zeina Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis artikuluan aipatzen baita, saltzaileak honako hau jaso behar du:

a) Ondasunak jaso behar dituen enpresaburuaren edo profesionalaren identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, ondasunak zer estatu kidetara igorri edo garraiatzen diren, harexek emandakoa.

b) Zergari buruzko Foru Legearen 9.bis.3.b).1 artikuluan aipatzen den enpresaburuak edo profesionalak ordezten duenean, ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan, hasiera batean ondasunak jaso behar zituen enpresaburua edo profesionala, haren identifikazio zenbakia, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

c) Ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan beste estatu kide batera igorri edo garraiatutako ondasunen baliorako hasiera batean kalkulatutako zenbatekoa”.

“2. Aitorpen laburtuan jasotako datuak zuzendu eginen dira akatsen bat egiten denean edo Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako kasuren baten ondorioz aldaketaren bat gertatzen bada.

1.4 apartatuan aurreikusitako kasuan, saltzaileak eman behar du aurkeztutako informazioaren edozein aldaketaren berri.

3. Sortzapena zer aitorpen alditakoa den, hari dagokion aitorpen laburtuan jaso behar dira operazioak.

a) 1.4 apartatuaren kasuan, honako honi dagokion aitorpen laburtuan jasoko da aipatutako informazioa:

1.–Ondasunak igorri edo garraiatzearen datari dagokion aitorpen aldiari, 1.4.a) apartatuan aurreikusitako kasuan;

2.–Ondasunak kontsignan saltzeko akordio baten esparruan ondasunak hasiera batean jaso behar zituen enpresaburua edo profesionala ordezten duenean enpresaburu edo profesional batek, haren identifikazio datuak erregistro liburuan (57.2.B.a) artikulua) jasotzeko aitorpen aldiari, 1.4.b) apartatuan aurreikusitako kasuan.

b) 2. apartatuko lehenengo paragrafoan aipatutako zuzenketa kasuetan, ondasunen edo zerbitzuen hartzaileari zer aitorpen alditan jakinarazten zaion, horri dagokion aitorpen laburtuan jasoko da zuzenketa hori”.

Bost.–70. artikuluko 4. eta 5. apartatuak kentzea. 2020ko martxoaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Xedapen iragankor bakarra– Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramatea Europar Batasunaren barneko zenbait operazioren erregistro liburua.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen da nahitaezkoa Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramatea Europar Batasunaren barneko zenbait operazioren erregistro liburua, informazioa modu telematikoan emanez, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.1.3 artikuluan aipatzen diren operazioei dagokienez soilik (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2002838