41. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33/2020 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 496927.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 113. artikuluan xedatutakoarekin bat, toki entitateek beren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen inbentario baloratua prestatu behar dute.

Agindu horren bigarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz, inbentario hori etengabe eguneratu eta urtero zuzendu behar da, eta, udalbatza berritzen den aldiro, egiaztatu beharra dago.

Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 73. artikuluak eta hurrengoek, orobat, aipatu 6/1990 Foru Legean ezarritakoa garatzen dute, Nafarroako toki entitateen ondasunen inbentarioen edukia eta ezaugarriak adieraziz.

Era berean, Nafarroako Parlamentuaren 2019ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean Nafarroako toki sektore publikoari buruzko 2017ko fiskalizazio txostena argitaratu zen, Kontuen Ganberak egina, eta hartan jasotako ondorio nagusien artean zera agertzen da:

“Fiskalizatutako enteak Nafarroan 2017an daudenen ehuneko 0,4 dira, baina haien biztanleria guztizkoaren ehuneko 34 da”.

“Ibilgetu materialaren saldoa ez dago eguneratutako inbentario batean (erakunde batean)”.

Horregatik, Kontuen Ganberak zera gomendatzen die Nafarroako toki entitateei: “Udal-ondasun eta -eskubide guztien inbentario balioztatua eta eguneratua ezartzeko prozesua osatzea, eta hura ibilgetuaren kontuekin lotzea”.

Lurzoruaren udal ondarearen erregistroa eta inbentarioa sortzea, bai eta hirigintza-hitzarmenen gaineko erregistroa ere.

Udal ondasunen inbentarioa onartzea edo eguneratzea eta kontabilitate aldetik haien jarraipena egitea ahalbidetzen duten prozedurak diseinatuta (entitate batean)”.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan 210001-21200-7609-922400 partida ageri da, “Toki entitateen udal ondasunen inbentarioak” izenekoa, 20.000 euroko zuzkidura duena.

Nafarroako Kontuen Ganberak gomendatutakoa betetzeko asmoz, hala 6/1990 Foru Legean nola Nafarroako toki entitateen ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoari dagokionez, bidezkoa da toki entitateei erraztasunak ematea 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako laguntzak jaso ditzaten, Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia egiteko. Eginkizun horretan, lehentasuna emanen zaie biztanle gehien duten udalerriei, inbentarioa behar bezala eguneratua edukitzeko beharrik handiena haiek dutelako, eta kontuan hartu beharko dira, orobat, biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta haren 17. artikuluak ezartzen du dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko dela.

Foru lege honen ondorioetarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Diruz lagungarriak dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera exekutatzea aurreikusita daukaten eskaerak, toki entitateek behar den denbora izan dezaten diruz lagundutako jarduera betetzeko.

Komeni da data hori jartzea inbentarioa egin edo gaurkotzeko abiapuntu gisa, Toki Araubideko Foru Batzordean jakinarazi baitzen zuzendaritza nagusiak nahiko lukeela toki entitateen sektoreak inbentarioak lehenbailehen izatea eskura; gainera, berariazko partida bat aurreikusi da horretarako, eta, kontuan hartuta litekeena dela entitateren batek inbentarioa urte hasieran egin izana, ezarritako tramitazioaren ondorioz laguntzak emateko data gutxi gorabehera zein izanen den ikusirik; izan ere, data horren arrazoia deialdiaren onurak ahalik eta udal gehienek jasotzearen interesa da.

Toki entitateei laguntza hauek jaso ahal izateko erraztasunak ematearren, bidezkoa da ebazpen bat ematea, toki entitateek udal ondasunen inbentarioak egiteko 2020ko aurrekontuetan aurreikusita dauden dirulaguntzen deialdia onesteko eta, halaber, dirulaguntzen banaketa arautuko duten oinarriak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako udalek 2020an ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko laguntzen deialdia onestea.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateen udal ondasunen inbentarioak” izeneko 210001-21200-7609-922400 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera eta Ogasunak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian duen Kontu-hartzailetza Delegatura.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2020ko otsailaren 20an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendari Nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

Nafarroako udalek ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak (2020)

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea hau da: ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko gastuengatik Nafarroako udalei dirulaguntzak eman eta ordaintzeko oinarri arautzaileak ezartzea.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako betebehar hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradun:

a) Deialdi hau argitaratzen den egunerako ez izatea egina, ez ondasun eta eskubideen udal inbentarioa, ez eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia ere, edo, inbentarioa egina dutenen kasuan, azken eguneratzea 2015eko abenduaren 31 baino lehenagokoa izatea.

b) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoaren arabera eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako kontu orokorra bidalia izatea Nafarroako Gobernuari.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

d) Bere inbentarioaren errealizazioa 2020. urtean izan dadila.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta egin beharreko lanetan bete beharrekoak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa inbentario horiek egin edo gaurkotzeko kontratatzen den laguntza teknikoaren kostuaren %50 (BEZa barne) finantzatzeko adinakoa izanen da, laguntzak ematen dituen behin betiko ebazpenean adierazten den zenbatekoa gehienez. Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izanen da.

Gastu diruz lagungarriak lanak egiteko laguntza teknikoaren kostuari dagozkionak dira, BEZa barne. Ondorio horietarako, kontratazioa Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bidez ezarritako moduan egin beharko da, eta kostu osoa hartuko du.

Inbentarioak gauzatzeko epea 2020ko azaroaren 13an bukatuko da.

Kontratatutako laguntza teknikoak elementu hauek hartu beharko ditu, guzti-guztiak, horiek izanez gero:

a) Ondasunen eta eskubideen udal inbentarioa prestatzea, epigrafe hauei dagokiena, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren arabera:

1.–Higiezinak.

2.–Eskubide errealak.

3.–Altzari historiko edo artistikoak, edo balio ekonomiko handia dutenak.

4.–Udalbatzaren balore higigarriak, kredituak eta eskubide pertsonalak.

5.–Ibilgailuak.

6.–Ondasun eta eskubide itzulgarriak.

b) Udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia, udalak horrelakorik baldin badu.

c) Eta, gutxienez ere, emaitzak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatzea. Aplikazio hori goiko a) eta b) letretan aipatutako inbentarioetan aipatzen den kontabilitatearekin lotuta egonen da.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateen udal ondasunen inbentarioak” izeneko 210001-21200-7609-922400 partidaren kargura finantzatuko dira (20.000 euro, gehienez ere).

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari dagokio.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Eskabideak bide telematikotik aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten udalek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egin edo gaurkotzeko kostua ezartzen duen aurrekontua (BEZa barne) edo adjudikatzeko erabakiaren ziurtagiria, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 1, 2, 3, 4, 5 eta 8 epigrafeei dagokiena, udalaren lurzoru inbentario bereizia prestatzeko kostuarena, halakorik bada, eta inbentario horiek kontabilitatearekin lotuta dagoen inbentarioen kudeaketarako aplikazio batean kargatzeko kostuarena.

b) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi hau argitaratzen den egunean ondasun eta eskubideen udal inbentarioa eta udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia egin gabe daudela, edo eginik badago, azken gaurkotzea.

c) Azkeneko kontu orokorra zein egunetan bidali zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira adierazten duen aitorpena.

d) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena aipatutako udalak betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan agertzen diren betebeharrak.

e) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen kontratatutako laguntza teknikoaren kostu osoa.

f) Inbentarioa egiteko lanak eskaerak aurkezten hasi baino lehen eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiak badira, udal idazkaritzaren ziurtagiria erantsi beharko da hala dela adieraziz, eta lanen adjudikazioa egin zen dataren berri emanez, adjudikazioaren eguna hartuko baita lanen hasiera datatzat.

g) Toki entitateen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, I. eranskineko ereduaren araberakoa.

2.–oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

7.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

7.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo 7.2 puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

7.2. Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1.–Udalerriko biztanleen kopuru ofiziala 2019. urteko urtarrilaren 1ean: 70 puntu gehienez. Udal bakoitzari taula honetan agertzen den biztanle kopuruaren araberako puntuazioa emanen zaio:

BIZTANLE KOPURU OFIZIALA

PUNTU KOPURUA

100.000 biztanle baino gehiago

70 puntu

100.000 eta 10.000 biztanle bitarte

60 puntu

9.999 eta 3.000 biztanle bitarte

50 puntu

2.999 eta 2.000 biztanle bitarte

30 puntu

2.000 biztanle baino gutxiago

15 puntu

2020ko urtarrilaren 1eko populazio zifra Nafarroako Estatistika Institutuak 2019rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

2.–Aurkeztutako azken kontu orokorraren arabera biztanle bakoitzeko lortutako diru-sarrera arruntak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako igorri beharreko azken kontu orokorra hartuko da oinarri): gehienez 30 puntu. Aldagai hori kalkulatzeko datua Nafarroako Estatistika Institutuak 2018an argitaratutako biztanleen kopuru ofiziala izanen da.

Udal eskatzaile bakoitzari biztanle bakoitzeko dituen diru-sarrera arrunten arabera dagokion puntuazioa adjudikatuko zaio, alderantzizko proportzioaren araberako kalkulua eginda, hau da, 30 puntu adjudikatuko zaizkio biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntik txikienak dituen udalari, eta 10 puntu biztanle bakoitzeko diru-sarrera arruntik handienak dituen udalari.

8.–Prozeduraren ebazpena.

8.1. Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateaz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

I. eranskina: dirulaguntza jasoko duten udalen zerrenda, puntuaziotik handienetik txikienera zorrozki ordenaturik, 7.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontu edo adjudikazioaren zenbateko diruz lagungarria eta horren arabera emandako dirulaguntza adieraziko dira.

II. eranskina: deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik dirulaguntza ukatu zaien udalen zerrenda.

III. eranskina: erreserban gelditzen diren udalen zerrenda, deialdian ezarritako betebeharrak bete arren, eskaera onartu ezin izan zaienena, aurrekontuan diru aski ez izateagatik. Zerrenda hau ere, lehenago aipatutako I. eranskinekoaren jarraipena izanen dena, puntuaziorik altuenetik txikienera zorrozki ordenatua agertuko da, 7.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera, eta aurrekontuan diru aski izanez gero egokituko zitzaien dirulaguntza eta aurrekontu edo adjudikazioaren zenbateko diruz lagungarria adieraziko dira. Kreditu erabilgarritasunik egotekotan, ordena horretan emango da.

I. eranskineko zerrendan agertzen diren udalek ebazpenaren berariazko jakinarazpena jasoko dute, eskatutako aurrekontua eta diruz laguntzen dena zehaztuta, baita ematen zaien dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

8.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Aurrekoa ukatu gabe, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, www.nafarroa.eus.

8.3. Ebazpenaren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka jotzeko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakora joko da.

9.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

9.1. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, 2020ko azaroaren 20a baino lehen honako dokumentazio hau igortzen bada, erregistroaren bidez, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalari zuzenduta:

1.–Egindako gastuaren faktura osoa edo horren kopia konpultsatua.

2.–Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.–Udal Idazkaritzak emandako egiaztagiria, diruz lagundutako jarduera egin dela frogatzen duena, alderdi hauek adierazita:

–Inbentarioan sartutako ondasunen kopurua eta haien balioa, osotara, atalez atal.

–Udalaren Lurzoru Ondarearen inbentarioa, baldin badago.

–Inbentarioko ondasunak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatu direla, kontabilitatearekin konektatuta.

4.–Udalak ez badu udalaren lurzoru ondarerik, udal idazkaritzak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, adierazita ez dela zilegi inbentario hori egitea, udalak lurzoru ondarerik ez duelako.

5.–Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena 3. oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso den edo ez.

6.–Udal Idazkaritzaren ziurtagiria, kontratazioa Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako moduan egin dela eta kostu osoa hartzen duela adierazten duena.

9.2. Justifikatutako gastu diruz lagungarria, benetan egin dena, diruz lagundutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastuaren erdira egokituko da. Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzaren onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

10.1. Laguntza erabiltzea, bakar-bakarrik, ondasun eta eskubideen udal inbentarioa egiteko, udalaren lurzoru ondarearen inbentario bereizia prestatzeko, horrelakorik badago, eta emaitzak inbentarioak kudeatzeko aplikazio batean kargatzeko, kontabilitateari loturik egon beharko duena. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

10.2. Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalaren aurrean justifikatzea eskatutako betebehar eta baldintzak bete direla.

10.3. Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

10.4. Urtero igortzea, 2025ko ekitaldira arte, hori barne, inbentario horren urteko gaurkotzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura, ekitaldi bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Legearen 90. artikuluari jarraikiz. Horretarako, hauek aurkeztuko dira:

–Inbentarioa osatzen duten ondasunen gaineko mugimenduen zerrenda, dokumentazioa igorri aurreko urtean egindakoena (altak, bajak, amortizazioak).

–Egoeraren balantzea, dokumentazioa aurkeztu aurreko urteko abenduaren 31koa.

10.5. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

10.6. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea une oro.

10.7. Udalek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10.8. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikula aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Foru Lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

11.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako laguntza teknikoaren gastu lagungarria.

12.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

12.1. Inbentarioa egin edo gaurkotzen ez bada edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, 9.2 oinarrian arautzen den kasua eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

12.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

12.4. 10.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa ez aurkeztea ez-betetzetzat hartuko da. Halakoetan, jasotako laguntza itzultzeko espedientea irekiko da, eta laguntzaren %10eko zehapena ezarriko da eguneratze hori behar den epean aurkezten ez den urte bakoitzeko.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaile hauen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

I. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2002844