33. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2019ko azaroaren 20an eginiko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegazio, eragozpen edo iruzkinik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

LAGUN EGITEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek etxeko animaliak, bereziki zakurrak, edukitzea arautzen du, halako animaliak babeste eta erantzukizunez zaintze eta horien ongizatea bermatze aldera.

2 artikulua. Lagun egiteko animaliatzat jotzen dira, ordenantza honen ondorioetarako, gizakiek konpainia izateko mantentzen dituzten espezietakoak, baldin eta horren xedea ez bada animalia horiek kontsumitzea edo horien ekoizpenak aprobetxatzea.

Helburua

3 artikulua. Ordenantza horrek helburu hauek dituzte:

1.–Lagun egiteko animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea.

2.–Tratu egokia bermatzea eta tratu txarreko egoerak saihestea.

3.–Animaliak arduraz edukitzea sustatzea.

Aplikazio eremua eta salbuespenak

4 artikulua. Ordenantza hau Oteitzako udal mugarteko lagun egiteko animalia guztiei eta horien jabeei aplikatuko zaie, baina honako hauek salbuetsita geratuko dira:

1.–Ekoizpen animaliak.

2.–Fauna basatiko animaliak.

3.–Zezen ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak.

Identifikazioa, osasun kontrola, hilketa eta eutanasia

5 artikulua. Nahitaezkoa da zakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip homologatu batez identifikatzea; mikrotxip horrek Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroak (LEAINE) baliozkotutako kode bakarra eramanen du; izan ere, identifikatutako animaliak erregistro horretan erregistratu beharko dira, sistema honi jarraikiz.

LEAINEko altan animaliaren jabearen datuak eta jardun duen albaitariaren datuak jaso beharko dira, animalia identifikatu eta gehienez ere bortz egun balioduneko epean. Alta identifikazioa egin duen albaitari gaituak ere izapidetzen ahalko du.

LEAINEn animalia baten titulartasun aldaketa edo baja eskatzeko, gehienez ere bortz egun balioduneko epea egonen da bajaren egunetik edo animaliaren benetako edukitza izateari uzten zaion egunetik aurrera.

Gainera, nahitaezkoa da zakur, katu eta hudo guztiak Udal Erroldan erregistratzea bortz egun balioduneko epean, Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan erregistratzeko egunetik aurrera zenbatzen hasita. Zakurraren jabeari dagokio betebehar hori.

6 artikulua. Animalien ongizatea edo osasuna direla-eta eskuduna den agintaritzak lagun egiteko animalien txertatzea edo nahitaezko tratamendua zehaztuko ditu, eta animaliak isolatzea erabakiko du baldin eta gaixotasun bat diagnostikatu bazaie edo gaixotasun hori izatearen susmoa baldin badago, haiek zaintzeko, sendaketa tratamendua emateko edo eutanasia aplikatzeko, beharrezkoa bada.

7 artikulua. Animalien tratamenduak eta txertaketak, bai eta nahitaezkoak diren azterketa sanitarioak eta haien aldizkakotasuna ere, erregelamendu bidez ezarriko ditu animalien ongizatean edo osasunean eskuduna den organoak. Zakur eta katuen kasuan, errabiaren kontrako txertoa nahitaezkoa denez, nahitaezkoa izanen da urtean behin edo bi urtez behin albaitari bisita egitea osasun kontrol baterako, zeina dokumentu bidez egiaztatuko baita animaliaren pasaportean txertoaren zigilua jarriz eta egoera orokorrari buruzko txostenaren bidez.

8 artikulua. Zakur guztiak urtero txertatu beharko dira. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.

Zakurrak txertatu ondoren, identifikazio eta txertaketa txapa emanen zaie jabeei, animaliaren lepokoan jar dezaten.

9 artikulua. Amorruaren kontrako urteroko txertoa nahitaez jarri behar denez, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu.

10 artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta albaitari gaituak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

11 artikulua. Animalia baten hilketa albaitari batek edo pertsona eskudun batek baino ezin izanen du egin, betiere egoera justifikatuetan eta indarreko legeriak baimendurikoetan; izan ere, Udal honek esparru horretan indarrean den legeriara jotzen du lagun egiteko animalien hilketa edo eutanasiarako jarduketa protokoloak ezartzeko.

Debekuak

12 artikulua. Debeku dira ordenantza honen 13. artikulutik 18.era bitartekoetan azaldutako jokabideak, bai eta arau hauste arin, larri eta oso larrien zerrendan ezarritakoak ere.

13 artikulua. Udal mugapeko edozer alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txaparik gabe ibiltzea.

Zakurrak lotu gabe ibiltzea debeku da Oteitzako hirigune guztian eta ibilgailuak pasatzen diren errepide edo karriketan.

Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu zakurrak, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den katea erabiliz.

14 artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko aginduetan aipatutako betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta bildu eta atxikiko eginen dira.

15 artikulua. Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan debeku da horiek edukitzea. Animalia bat duenak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez eragozpenik ez sortzeko.

16 artikulua. Debeku da zakurren edo bertze edozer animaliaren gorozkirik uztea parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko bertze edozer tokitan, Oteitzako hirigunean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak eta, bereziki, zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.

17 artikulua. Debeku da zakurrak, edo bertze edozer animalia saltoki edo garraiobide publiko guztietan sartzea (ikuskizun publikoak, kirol eta kultur arlokoak, erabilera publikoko igerilekuak), katea edo muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoa ere. Debeku honen barrenean sartzen da etxeetako igogailuen erabilera. Salbuespena zakur itsu-gidarien kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.

18 artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egoten ahal, betiere barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzukizunak

19 artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du hori, higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den prebentziozko tratamendu oro eginen du.

20 artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, orokorrean, natura inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplikatu beharreko legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du beharrezko neurriak hartzeko bere animaliek bide eta eremu publikoak zikindu ez ditzaten.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitarte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bestelako animaliak bildu eta atxikitzea

21 artikulua. Bere eskumenen esparruan, Oteitzako Udalari dagokio:

a) Beren udal barrutian dauden animalia abandonatu edo galduak jasotzea, eta haiek animaliendako harrera zentroetan sartzea. Harrera zerbitzua Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioarekin itunduko da.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

22 artikulua. Harrera zentroek, gehienez ere 24 orduko epean, LEAINEri komunikatuko diote identifikaturiko animalia bat sartu dela, eta epe horretan beharrezko izapideak eginen dituzte jabea berehala aurkitzeko.

23 artikulua. Jabeak edo baimenduriko pertsonak hamar egun balioduneko epea du identifikaturiko edo identifikatu gabeko animalia berreskuratzeko, jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita, eta behar bezala egiaztatu beharko du titulartasuna; gainera, ordaindu egin beharko du, berreskurapena baino lehen, animaliaren bilketak eta harrera zentroko egonaldiak eragindako gastu guztiak. Kasuan kasuko lizentzia aurkeztuko du, baldin eta animalia potentzialki arriskutsua bada.

24 artikulua. Oteitzako Udalak abandonaturiko animalien adopzioa sustatu eta erraztu beharko du, harrera zentroekin lankidetzan.

Arau hausteak

25 artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1.–Arau hauste arinak dira:

a) Lagun egiteko animaliak edukitzea 19/2019 Foru Legean aurreikusitako baldintzetan identifikatu edo erregistratu gabe.

b) 19/2019 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe, eguneratu gabe edo gabeziekin eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 18 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Edozer espezietako animaliak erakusleiho, merkataritza establezimendu edo aisiarako edo jostetarako lokaletan erakustea.

e) Udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak baimendutako kopurua gainditzen duen edozer animalia espezietako aleen –bereziki, zakurren eta katuen– kopuru bat etxebizitza batean edukitzea, kasuan kasuko baimena eduki gabe.

f) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

g) Animaliekin sartzea ikastetxeetan, osasun etxeetan, igerilekuetan, taberna jatetxeetan eta lokal publikoetan oro har.

h) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

i) Edozer espezietako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, kasuko baimena eduki gabe.

j) Edozer espezietako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

k) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

l) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Norberaren zaintzaren pean dauden edozer espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko behar diren neurriak ez hartzea.

o) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun eta heziketa probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

p) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek gaurkoturik ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

2.–Arau hauste larriak dira:

a) Animaliak nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden jakiekin elikatuta edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene osasun baldintza txarretan.

c) Edozer espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo entzerratuta edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo bertze animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara 19/2019 Foru Legearen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 19/2019 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintari eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozer ebakuntza kirurgiko, edo halakoak 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.

f) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

g) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

h) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.

i) Zakurrek fauna basatiko animaliei kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.

j) Agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari azterketa ez egitea.

k) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea, 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuta.

l) Edozer espezietako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo sari bidez ematea; edo publizitate erakargarri moduan, sari moduan edo kostu bidezko transakzioak ez diren eskuratzeengatiko opari moduan ematea.

m) Edozer espezietako animaliak abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

n) Urkatze lepokoak erabili edo saltzea, ziridunak edo elektrikoak, lagun egiteko animalientzat kaltegarri direnak.

o) Animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar ditzaketen funtsezko tratamendu sendagarriak.

p) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez kontrolatua saihesteko.

q) Uztea edo ez eragoztea animaliak arrisku bat izan daitezela pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaietela.

r) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

s) Istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozer espezietako animalia bati laguntzarik ez ematea, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe ematen ahal denean.

t) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitutako maletegietan garraiatzea, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

u) Hiru urteko epean arau hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

3.–Arau hauste oso larriak dira:

a) Edozer espezietako animalien arteko borrokak antolatzea, eta haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek egitea.

b) Edozer espezietako animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Edozer espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, bertze animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten bertze jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamendu edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan.

d) Animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea edo haiei lan eginaraztea beren osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.

e) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak harrera zentrotik ez berreskuratzea hamar eguneko epean.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.

h) Lagun egiteko animaliei debekaturiko ebakuntza kirurgikoak egitea.

i) Edozer espezietako animalia bati sufrimendua edo heriotza eragiten dioten edo eragiten ahal dioten hazkuntza prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da heriotza behar baino lehenago eragin dezaketen edo ondorioak arintzeko albaitaritza ebakuntzak egitea eskatzen duten gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak ugalketarako erabiltzea.

j) Edozer espezietako animaliei nahita tiro egitea, 19/2019 Foru Legean jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza jardueretan espezie zinegetikoei izan ezik.

k) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragiten ahal dieten gaiak ematea.

l) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuta dauden, desagertzeko arriskutan deklaratu dituzten edo 19/2019 Foru Legean berariaz debekatuta dauden animalia espezieen espezimenak, umeak, arrautzak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinekoz immobilizaturik dauden edozer espezietako animaliak garraiatzea.

n) Lagun egiteko animalia baten kontrol sanitarioko neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari ez komunikatzea transmititu daitekeen gaixotasun bat susmatzen edo diagnostikatzen deneko kasuak.

o) 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

p) Hiru urteko epean arau hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

Zehapenak

26. artikulua. Honako zehapen hauek aplikatuko dira:

a) Arau hauste arinengatik, 200 eta 1.000 euro bitarteko isuna.

b) Arau hauste arinengatik, 1.001 eta 6.000 euro bitarteko isuna.

c) Arau hauste oso larriengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isunak.

27 artikulua. Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan kendu gabe, zehapen espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabaki ahalko ditu:

a) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau hauste astunen kasuan, eta lau urtez ixtea arau oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo ezgaitzea 19/2019 Foru Legeak araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau hauste astunen kasuan, edo betiko arau hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahita egitea norainokoak diren.

e) Albaitari gaitu eta baimenduari aitorpen hori kentzea.

28 artikulua. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Nahita egitea.

b) Animalien babesari, animalien sanitateari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo arriskua, edo ukitutako animalia kopurua.

c) Urtebetean arau hauste bat baino gehiago egitea.

d) Arau hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezagueraren maila, haren lanbideagatik eta haien ikasketengatik.

e) Hausleak agintari eskudunari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.

f) Portaera berean arau hausteak pilatu diren.

g) Bi urteko epean arau haustea berriz eginez gero, zehapenaren zenbatekoa % 50 gehituko da. Denbora tarte horretan bertze bi aldiz eginez gero arau haustea, gehikuntza % 100 izanen da.

h) Ekintza berean bi arau hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa

29 artikulua. Arau hauste eta zehapen arinak urtebeteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan.

30 artikulua. 1.–Ordenantza honek aurreikusten dituen arau hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari jarraituko zaio.

2.–Etxeko animalien kontrako arau hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak bideratu eta ebazteko ahalmena honako hauei dagokie:

a) Alkateari edo zinegotzi eskuordeari, arau hauste arinak badira.

b) Udalaren osoko bilkurari, arau hauste larriak edo oso larriak badira.

3.–Zehapen ebazpena egin eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen prozeduraren hasiera datatik kontatzen hasita.

Erantzukizun zibila eta zigor erantzukizuna

31 artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

32 artikulua. Arau hauste administratiboak delituren bat badakar, Oteitzako Udalak, behin espedienteari hasiera eman zaiola, egitateen berri emanen dio jurisdikzio eskudunari.

Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da haren ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.

Zehapen eskumena eta prozedura ebazteko epea

33 artikulua. Lagun egiteko animalien alorreko arau hausteengatiko zehapen espedienteak bideratzeko eta ebazteko eskumena Oteitzako Udalari dagokio, eta ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen prozedurari hasiera ematen zaion egunetik zenbatzen hasita.

Zehapenetatik datozen diru sarreren zertarakoa

34 artikulua. Oteitzako Udalak ordenantza honetan bildutako arau hausteengatiko zehapenetatik datozen diru sarrerak animalien babesa sustatzeko xedea duten jarduketetarako baliatuko dituzte, erregelamendu aplikagarriari jarraikiz.

Animalien babesaren arloko zabalkundea eta heziketa

35 artikulua. Oteitzako Udalak animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatuko ditu; honako hauek, besteak beste:

a) Aldian behin edukitza arduratsuari, animaliak identifikatu beharrari, animalien kontrolik gabeko ugalketa eta animalien abandonua galarazteari, adopzioen sustapenari eta abarri buruzko sentsibilizazio eta sustapen kanpainak abiaraztea sustatuko du.

b) Ikasleen eta herritarren artean animaliak babestearekin lotutako edukiak hedatuko ditu.

c) Animalien jabeendako prestakuntza kanpainak bultzatuko ditu, animaliak arduraz edukitzen direla bermatzeko.

Animalia potentzialki arriskutsuak

36 artikulua. Animalia potentzialki arriskutsutzat sailkatutako edozer animalia edukitzeko, ezinbestean izan beharko da, aldez aurretik, administrazio lizentzia, eskatzailea bizi den udalerriko Udalak emana behin Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu dela.

37 artikulua. Zakur potentzialki arriskutsuak toki publikoetan egon daitezen eta zirkula dezaten, derrigorrean erabili beharko dira, batetik, bi metrotik beherako uhal edo kate homologatua, eta bestetik, zakurraren arrazarako egokia den muturreko homologatua.

Agindu honetan animalia potentzialki arriskutsuei buruz ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Aplikazio osagarria

Ordenantza honetan aurreikusi ez direnetan, honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Jarduera Sailkatuei buruzko Erregelamendua, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak.

Oteitzan, 2020ko urtarrilaren 30ean.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

Iragarkiaren kodea: L2001367