304. ALDIZKARIA - 2020koabenduaren31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

21/2020 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZENBAIT ZERGA ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEKOA ETA LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO FORU LEGEAREN TESTU BATEGINA ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Foru lege honen xedea da ondorengo arau hauek aldatzea: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legea, Nafarroako Kooperatiben Zerga-araubideari buruzko Foru Legea, Ekonomia-jardueren gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Tributazioan egiten den edozein aldaketaren lehen helburua izan behar da justizia hobetzea alor horretan, eta zerga iruzurraren aurka borrokatzea. Horretarako, zenbait neurri sartu dira, zerga-kontrolerako jarduerak errazteko eta zerga iruzurrari aurrea hartzeko, batez ere diru-bilketaren aldian. Bigarrenik, Europako araudiak ezartzen dituen xedapenak betetzeko asmoz, 2016/1164 (EB) Zuzentaraua, uztailaren 12koa, Foru Komunitateko tributuen gaineko ordenamendura ekartzeko prozesua osatzen da; izan ere, zuzentarau horrek barne merkatuaren funtzionamenduan zuzenean eragiten duten zerga-saihestearen praktiken aurkako arauak ezartzen ditu (zerga-saihestearen aurkako zuzentaraua edo ATAD). Zuzentarauaren kontuan hartuzkoetan ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da bermatzea zerga ordaintzen dela mozkinak eta balioa sortzen diren lekuetan, gehiegizko zerga-plangintzaren aurkako batez besteko babes maila indartzea, eta barne merkatuko zerga-oinarrien higaduraren eta mozkinak hortik kanpo lekualdatzearen aurkako arauak ezartzea. Helburu horiek betetzeko asmoz, Tax Exit (irteera zerga) delakoari buruzko xedapenak sartzen dira, baita nazioarteko zerga gardentasunari buruzkoak ere. Azkenik, gaurko testuinguruan, ezin da ahaztu krisi ekonomikoaren egoeran gaudela koronabirusak (COVID-19a) eragin duen osasun krisiaren ondorioz; horregatik, krisiak zenbait arlotan eragin dituen ondorioak leuntzeko neurriak ere sartzen dira; are bereziki ukituak izaten ari diren pertsona batzuengan eragin dituen ondorioak leuntzeko neurriak ere.

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak. Horrela, foru lege honek, lehen adierazi diren arrazoiengatik, beharrizanaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu: justifikatuta dago interes orokorraren arrazoiengatik, hainbat zerga-arau aldatzen duenez; lortu nahi diren helburuen identifikazio argian (aurreko paragrafoetan definitutakoak) oinarritzen da; eta, azkenik, helburuok lortzeko tresna egokia da, zerga arloan lege erreserbak agintzen baitu, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarrita.

Foru lege honek beste foru lege batzuen zenbait artikulu aldatzen ditu ahalik eta zehaztasun handienarekin, eta, beraz, proportzionaltasunaren printzipioa ere betetzen da. Horrexegatik, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen da. Izan ere, gainerako ordenamendu juridikoarekiko koherentea eta pertsona nahiz enpresentzako egonkorra, aurreikusgarria eta ziurra izatea zehatz-mehatz neurtu dira, oreka lortze aldera legegilearen borondatearen eta gainerako errealitate juridikoaren artean, jurisprudentzia berriena ere barne dela. Foru lege honekin lortu nahi diren zenbait helburu betetzeko, oso kontuan hartu da sinpletasun eta efizientzia printzipioa ere, zeinak xede baitu karga administratibo ez-beharrezkoak edo osagarriak saihestea eta baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatzea.

Foru legea, bera prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen efektuak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus webgunean argitaratzeak zaintzen du gardentasun eta irisgarritasun printzipioak errespetatuak izatea.

Amaitzeko, kontuan izan da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun printzipioa, eta aldaketak egin dira, arauetan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko.

Foru legearen egitura hauxe da: zazpi artikulu, bost xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergaren esparruan zenbait aldaketa egiten dira.

Kooperatibako bazkide langileek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateetatik jasotzen dituzten prestazioen zerga-salbuespena deklaratzen da, prestazio horiek jasotzen direnean Gizarte Segurantzak emandako ezintasun iraunkor absolutuagatiko edo baliaezintasun handiagatiko prestazioak jasotzen diren egoera berean. Horrela, prestazio hauen zerga-tratamendua Gizarte Segurantzaren prestazioen tratamenduarekin parekatzen da, edo langile autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartuta ez dauden profesionalek gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik jasotako prestazioen tratamenduarekin.

Halaber, bizitzeko gutxieneko errenta, maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege-dekretuak ezarria, salbuetsita dagoela deklaratzen da, Errenta Bermatuan indarrean dagoen salbuespenarekin bat eginez.

Azkenik,`prestakuntza ekintzetara doazen langabetuak ez kaltetzeko asmoz, bekak, garraiorako, mantenurako eta alojamendurako laguntzak, eta familia eta lan-prestakuntza bateratzeko laguntzak, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritakoak, salbuetsita daudela deklaratzen da. Errege dekretu horren bidez, garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, zeinaren bidez arautu baitzen Lan arloan enplegurako Lanbide Heziketaren sistema, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta haren finantzazioari dagokionez, eta ezarri baitziren hura finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak.

Lan etekinen alorrean, diruzkoak ez diren ordainsariei edo gauzazko ordainsariei buruzko artikuluaren egitura aldatzen da. 1. apartatuan gauzazko ordainsarien kontzeptua ezartzen da, eta zerrenda ireki bat ematen. 2. apartatuan beste ordainsari-kontzeptu batzuk sartzen dira, 1. apartatuan ematen den gauzazko ordainsarien definizioan sartzen ez direnak, xede partikularretarako erabileraren baldintza faltako litzatekeelako; argi utzi nahi da, ordea, horiek sekula ez direla gauzazko ordainsaritzat hartuko. Azkenik, 3. apartatuan salbuetsita dauden gauzazko ordainsariak jasotzen dira, hau da, gauzazko ordainsaritzat hartzen ahal diren ordainsari-kontzeptuak, baina, halere, legegileak tributaziotik salbuetsi nahi izan dituenak. Apartatu honetan biltzen dira ordainsari batzuk, aurreko legediaren arabera “gauzazko ordainsaritzat hartzen ez zirenak”. Ordainsari-kontzeptuen tributazioa aldatzen ez bada ere, egiten den aldaketak bi arrazoi nagusi ditu: bat kontzeptuala da, teknikoki zuzenagoa delako ezartzea gauzazko zenbait ordainsari salbuetsita daudela “gauzazko ordainsaritzat ez hartzea” baino, izan badirelako; bigarrena zerga-kontrolari dagokio, nahitaezkoa delako salbuetsita dauden lan ordainsariei buruz (diruzkoak edo gauzazkoak) informatzea; eta nahitaezkotasun hori ez da hain argi gelditzen ordainsariok “ez badira gauzazko ordainsaritzat hartzen”. Horrela lan-errenta guztiei buruzko informazioa lortzen da, diruzkoak izan edo gauzazkoak izan, zergapekoak edo salbuetsiak, eta hobeki koordinatzen da beste zerga-administrazioekiko informazio trukea.

Ekitatea areagotzeko asmo etengabe hori edozein zerga sistemaren funtsezko helburua da, eta, horregatik, ahalmen ekonomikoak izan behar du zerga-betebeharrak banatzeko benetako neurria. Alde horretatik, egokitzat jo da zenbatespen objektiboaren araubidea kentzea, jarduera enpresarial eta profesionalen etekin garbia zehazteko, helburu honekin: pertsona fisikoa den enpresariaren tributazioa bere jardunaren egiazko etekinera hurbiltzea. Zenbatespen objektiboaren araubidearen ordez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidea jarriko da, zeinean abiapuntua baita jarduera ekonomikoak sortutako diru-sarrerak, eta zeinean subjektu pasiboen eragiketa-kopurua eta jardueraren ezaugarriak aintzat hartuz, ezartzen baita gastu jakin batzuk ez direla zerga-kenkaria aplikatzeko modukoak, eta, horren ordez, subjektu pasiboak etekin garbi positiboaren kenkari-ehuneko bat aplikatuko duela.

Gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako enpresa ekarpen eta kontribuzioengatiko zerga-oinarriaren zati orokorraren murrizketarako gehieneko mugei dagokienez, 2.000 eurora jaitsi da ekarpenei dagokien muga orokorra, eta 5.000 eurora 50 urte baino gehiago dutenen ekarpenaren muga; beste alde batetik, 5.000 eurora igo da partaideei egotzitako enpresa kontribuzioetarako ezarritako muga bereki eta independentea.

Kuota diferentzialaren kenkariei dagokienez, ekonomia-jardueren gaineko zergarengatik ordaindutako kuoten kenkaria desagertzen da. Aldaketa honen arrazoia da 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio-zifraren zenbateko garbia duten subjektu pasiboek ez dutela ordaindu beharko ekonomia-jardueren gaineko zerga 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gazteei alokatzeko aukera gehiago emateko xedearekin, ezartzen da emantzipatzeko alokatzeagatiko kenkariaren (Emanzipa) ordainketa hilero eginen dela, eta ez hiru hilabetean behin, orain arte bezala.

Halaber, malgutu egiten dira, 2021ean bakarrik, emantzipatzeko alokatzeagatiko kenkaria lortzeko baldintzak, kenkari hori eduki ahal dezaten, baita ere, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE) daudenak edo langabezian daudenak; baita etxebizitza eskuratzeko errentamenduagatiko kenkariak lortzeko baldintzak ere, etxebizitza babestua eskatzeko erroldan 2020ko abenduaren 31 baino lehen sartuta zeuden familiek kenkaria lortu ahal dezaten, dela errentamenduaren modalitatean, dela erosteko aukera duen errentamenduan; halaber, kenkari hori lortu ahal dezaten aipatu eguna baino lehen babes ofizialeko etxebizitza baten errentamendua zeukatenek, administratiboki bisatutako kontratuarekin, nahiz eta antzinatasuneko urtebeteko baldintza ez bete.

Denbora-egozpenerako arau bereziak ezartzen dira, Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean ezarritako laguntza publikoei dagokienez, nekazari gazteen lehen instalaziorako. Laguntza hauek ez dira gehiago lotzen instalaziorako inbertsio eta gastuekin; orain baldintza da zuzenean lotuta izatea enpresa plan baten garapenarekin. Horrek esan nahi du kapitaleko dirulaguntzak izatetik dirulaguntza arruntak edo ustiategikoak izatera pasatu direla; horregatik, onuradunak dirulaguntza egotzi beharko lioke jasotzen duen zergaldian, horrek dakarren zerga-oinarriaren gehikuntzarekin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren tarifa progresiboaren aplikazioarekin. Nafarroan horrek dakarren inpaktua oso handia ez bada ere, aipatu laguntza horien kobrantza bi urtetan zatitzen delako, ezartzen da, Estatuko araudian bezala, laguntzak laurdenetan egozten ahalko direla, jasotzen diren zergaldian eta ondorengo hiruretan.

Laguntza hauek jarduera ekonomikoen etekintzat hartuko dira jasotzen dituenak bere nekazaritza jarduera egiten duenean pertsona fisiko bezala, eta ondare-gehikuntzatzat erabiltzen direnean nekazaritzako sozietate-enpresen kapitaleko partaidetza bat eskuratzeko. Bi kasuetako edozeinetan laurdenetan egozten ahalko dira.

Beste alde batetik, hartzaileak inbertsioaren arriskua bere gain hartzen duen bizi-aseguruei dagokienez, eskatu beharreko baldintzak egokitu dira, denbora-egozpenaren arau berezia ez dadin aplikatu aseguru mota hauetan, aseguru entitateei aplikatzen zaizkien araudietan egin diren azken aldaketen ildotik. Aseguruei buruzko gaurko araudiak ez duenez arautzen dibertsifikazio eta sakabanatze-muga berariazkorik, eta aseguru entitateen inbertsioak azaroaren 20ko 1060/2015 Errege Dekretuaren 89. artikuluan arautzen direnez, hau da, Aseguru eta berraseguru entitateen antolamenduari, gainbegiratzeari eta kaudimenari buruzko Errege Dekretuan, bidezkoa da orain arte indarrean egon diren baldintzak kendu, eta haien ordez errege dekretukoak jarri.

Zerga-kontrola indartzeko asmoz, informatzeko betebehar berriak sartu dira.

Alde batetik, kooperatibak behartzen dira ekarpen sozialak eskualdatzearen edo itzultzearen ondoriozko errentei buruzko informazioa ematera.

Beste alde batetik, beste bi informazio-betebehar berri ezartzen dira, diru birtualak edukitzeari buruzkoa bata, eta haiekin egindako eragiketei buruzkoa bestea.

Horrela, diru birtualen titularrek daukaten saldoari buruzko informazioa eman beharra sartzen da, horrelako dirua eduki eta erabiltzeko bidea hirugarrenei ematen dieten pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko zerbitzuak ematen dituztenentzako, aipatu dirua aldatzeko zerbitzuak ematen dituztenak barne, aldatzekoaz gain dirua edukitzeko zerbitzua ere ematen badute.

Era berean, pertsona edo entitate horientzat berentzat, esku hartzen duten diru birtualaren gaineko eragiketei buruzko informazioa (eskuratzea, eskualdatzea, trukea, transferentzia, kobrantzak eta ordainketak) emateko betebeharra ezartzen da. Betebehar hori bera daukate diru birtual berrien hasierako eskaintzak egiten dituztenek, eta diru birtualaren eta legezko diruaren arteko trukeak, edo zenbait diru birtualen artekoak egiten dituztenek, edo horrelako eragiketetan edozein modutan artekari aritzen direnek.

Azkenik, 2021ean ordaindutako gizarte-segurantzako kotizazioetarako, luzatu egiten da ondorengoak, arbasoak eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzen familia-etxean lan egiten duten pertsonekin formalizatutako kontratuei dagozkien kotizazio horien 100eko 100eko kenkaria.

Sozietateen gaineko zergaren esparruan, bi muga saretzen dira entitate egoiliarren eta ez-egoiliarren funts propioetan balore adierazgarriak eskualdatzetik eratorritako dibidenduen eta errenten salbuespenari dagokionez. Alde batetik, jada salbuespena ez da aplikatzekoa izanen partaidetza-portzentajea 100eko 5ekoa baino txikiagoa denean; hau da, partaidetzaren balioa 20 milioi eurotik gorakoa izanik ere, gutxienez 100eko 5eko partaidetza izatea eskatuko da. Bestalde, partaidetza esanguratsuak eskualdatzean lortutako errenta positibotik eta dibidenduetatik salbuetsitako zenbatekoa 100eko 5 murriztuko da aipatutako partaidetzen kudeaketa-gastuen kontzeptuan. Murriztapen hori ez da aplikatuko, aldi baterako eta dibidenduei dagokienez soilik, entitate jasotzailea ondare-erakundetzat hartzen ez denean, 40 milioi eurotik beherako negozio-zifra duenean eta dibidenduak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako eta hartzaileak 100eko 100eko partaidetza duen entitate batetik datozenean.

Muga horiek nazioarteko zergapetze bikoitzagatiko kenkariari ere eragiten diote; beraz, hura aplikatu ahal izateko, partaidetzak 100eko 5ekoa izan behar du gutxienez, eta Espainian ordaindu beharko litzatekeen kuotaren zenbatekoa zehazteko, 100eko 5ean murriztu behar da dibidenduen zenbatekoa, kudeaketa-gastuen kontzeptuan.

Azkenik, 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eskuratzen diren eta 20 milioi eurotik gorako eskuratze-balioa duten partaidetzetarako araubide iragankor bat arautzen da. Partaidetza horiek direla-eta, 2025eko zergaldira arte, hura barne, aplikatzen jarraitzen ahalko da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 35. edo 57. artikuluetan ezarritako araubide fiskala.

Sozietateen gaineko zergaren beste aldaketa garrantzitsuak Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren transposizioarekin lotuta daude. Zuzentarau horren bidez, barne-merkatuaren funtzionamenduan zuzenean eragiten duten zerga-saihestearen praktiken aurkako arauak ezartzen dira (ATAD Zuzentaraua). Zuzentarau hori Europar Batasunean (EB) tributazio bidezkoagoa, errazagoa eta eraginkorragoa lortzeko Europako Batzordearen neurri sortaren barruan dago. Bereziki, ATAD zuzentarauaren 5. artikuluan ezarritakoaren transposizioa egiten da, irteera zergari buruzkoa, eta 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoaren transposizioa, atzerriko sozietate kontrolatuei buruzkoa.

Irteera zergak bermatzen du ezen, zergadun batek aktibo batzuk edo zerga-egoitza estatu baten zerga jurisdikziotik kanpo aldatzen dituenean, estatu horrek zergapetuko duela bere lurraldean sortutako edozein gainbalioaren balio ekonomikoa, gainbalio hori gauzatu ez bada ere.

Bestalde, atzerriko sozietate kontrolatuei buruzko arauek (nazioarteko gardentasun fiskalaren araubidea Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen terminologian), aukera ematen dute zerga maila baxuko filial kontrolatu baten edo establezimendu iraunkor baten errenta sozietate nagusiari berriz esleitzeko.

Bi arau horiek dagoeneko badaude foru araudian, baina aldatu egin behar dira beren edukiak bat egin dezan ATAD zuzentarauan ezarritakoarekin.

Tax Exit edo irteera zergari dagokionez, baldin eta egoitza aldaketa Europar Batasuneko beste estatu batera edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren parte den hirugarren herrialde batera egiten bada, irteera zergaren ordainketaren gerorapena ezartzen zen, zergadunak hala eskatuz gero, hirugarrenei ukitutako ondare-elementuen eskualdaketa egin arte. Hala ere, kasu horietan zuzentarauak aurreikusten du zergadunak eskubidea duela irteera zergaren ordainketa zatikatzeko bost urtean zehar, eta, era berean, arau osagarri jakin batzuk ezartzen ditu zatikatze hori eskatzen denerako; zatikatze hori da foru araudian sartu dena, geroratzea ordezkatzeko.

Gainera, irteera zerga ordaintzea eragin duen gainbalioa geroago Europar Batasunaren barruan zergapetzen bada, zergapetze bikoitza saihesteko, ATAD zuzentarauak ezartzen du aktiboen, egoitzaren edo jardueraren aldaketa hartzen duen Europar Batasuneko estatuak onartu behar duela irteerako estatuak zerga-ondorioetarako zehaztu duen balioa, ez bada balio horrek ez duela islatzen merkatu-balioa, erabateko lehiaren printzipioan oinarritutakoa; erregulazio hau ere sartu da foru araudian.

Nazioarteko zerga gardentasunari dagokionez, aipatu araubidea aldatzen da, sartzeko, nazioarteko zerga gardentasuna aplikatzeko ondorioetarako, atzerriko establezimendu iraunkorretan lortutako errentak, baita errentamendu finantzarioen eragiketetatik eratorritakoak edo aseguruen eta bankuen jardueretatik eta beste hainbat jarduera finantzariotatik eratorritakoak ere. Aldaketa hauek egiten dira, halaber, nazioarteko zerga gardentasuna arautzen denean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Kuotaren kenkarien eremuan, aldatu egiten dira ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioagatiko kenkaria eta enplegua sortzeagatiko kenkaria.

Ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariari segurtasun juridiko handiagoa emate aldera, ezartzen da kenkariaren oinarria Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko dela, kontuan hartuta ekoiztetxeak egindako inbertsioa eta Nafarroan egindako gastuen zenbatekoa. Halaber, tributu-arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio ekoiztetxearen inbertsioa osatzen duten gastuak zehazteko, bai eta gastuak Nafarroan egindakotzat jotzeko irizpideak zehazteko ere.

Gainera, bi prozedura ezartzen dira, zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez garatuko direnak: bata, kenkaria aplikatu ahal izateko baldintzak aldez aurretik baliozkotzekoa, eta, bestea, eragindako kostuak ondoren justifikatzekoa, kenkariaren oinarria zehazteko. Aplikatutako kenkaria handiagoa bada ebazpenean ezartzen den kenkariaren oinarriaren arabera zegokiokeena baino, zergadunak kenkaria erregularizatu beharko du aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso den zergaldiari dagokion autolikidazioan.

Azkenik, pizgarri gehigarri txiki bat ezartzen da (ehuneko 5 puntu gehiago kenkari-oinarriaren aurreneko milioiaren gainean) ekoizpen jakin batzuetarako: jatorrizko bertsio bakarra euskaraz duten lanak, emakumezko zuzendariek bakarrik egindako lanak, dokumentalak, animazio-ekoizpenak eta zuzendari berrien ekoizpenak.

Enplegua sortzeagatiko kenkaria errazteko asmoz, kenkaria finkatzeko betebeharretako bat kentzen da, zehazki plantillei eusteko betebeharra. Gainera, soldataren gaineko mugak ezarri izanak, eta sortzen den enplegua gizonezkoentzat, emakumezkoentzat edo desgaitasuna dutenentzat den, kenkarien zenbatekoa ezberdin izateak ikaragarri zaildu dute kenkariaren kalkulua, eta batez ere ondorengo erregularizazioa, plantillari eusteko betebeharra betetzen ez den kasuetan. Horrek guztiak hutsak sortzen ditu kenkariaren aplikazioan, eta berrikuspena eta erregularizazioa zailtzen ditu. Gainera, plantillari eusteko betebeharrak ezinegona sortzen du enpresetan, enplegua bi urtean zehar nola bilakatzen den begiratu behar baitute, sortutako kenkaria finkatu ahal izateko. Beste alde batetik, krisi garaian, orain COVID-19ak sortu duena bezalakoetan, edo beste inguruabar batzuengatik gertatzen direnetan, beharrezkotzat jotzen da betebeharrak malgutzea egoera berrira egokitu behar diren enpresei kalte ez egiteko.

Automobilgintza-industriako produkzio prozesuetan berrikuntza modu berezian sustatzeko, berrikuntza teknologikoko jarduerak gauzatzeagatiko kenkariaren ehunekoa handitu egiten da enpresa txiki eta ertainentzat 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan, baldin eta horien emaitza bada automobilgintza-industriaren balio-katean ekoizpen prozesu berriak lortzeko edo lehendik dauden prozesuetan hobekuntza nabarmenak egiteko aurrerapen teknologiko bat egitea. Hala, 2020ko eta 2021eko kenkariaren portzentajea 100eko 25ekoa izanen da, eta ez % 15ekoa, ETEak direnean, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekiko bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Era berean, kenkariaren gehikuntza horretarako 7,5 milioi euroko muga ezartzen da proiektu bakoitzeko.

Beste alde batetik, luzatu egin da, 2021ean egindako gastu eta inbertsioetarako, enpresen eraldaketa digitalerako %30eko kenkaria, zeina ekainaren 17ko 6/2020 Foru Lege Dekretuak arautu baitzen. Foru lege dekretu horrek Koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan bezala, eta arrazoi berberaz, ekonomia-jardueren gaineko zergagatik ordaindutako kuoten kenkaria kentzen da.

Azkenik, partzialki salbuetsita dauden entitateei aplikatu beharreko araubide bereziaren erregulazioa osatzen da, argitzeko entitate hauek egiten dituzten inbertsioek kuotaren kenkaria izateko eskubidea emanen dutela bakarrik zergapeko eta salbuetsi gabeko jarduerekin lotuta badaude.

Xehetasun berdina sartzen da Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean, fundazioen sozietateen gaineko zergaren kuota likidoa zehazteko ondorioetarako.

Halaber, beste aldaketa bat egiten da Fundazioen tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legean. Horren arrazoia da 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio-zifra garbia duten subjektu pasiboak salbuetsita daudela ekonomia-jardueren gaineko zergan. Aldaketa horren ondorioz, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio-zifra garbia duten fundazioak EJZn salbuetsita egonen dira, horretarako eskumena duten udalei eskatu behar izan gabe, eta 10/1996 Foru Legean arautzen den zerga araubidearen babesean dauden edo ez alde batera utzita. Beraz, 1.000.000 euroko negozio-zifra garbia edo handiagoa duten fundazioek eskatu beharko dute salbuespena bakarrik, eta frogatu beharko dute egiten duten jarduera ekonomikoa dela beren xede edo helburu espezifikoa, eta 10/1996 Foru Legean arautzen den zerga araubidearen babesean daudela.

Justifikazio berdina dute, alegia 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio-zifra garbia duten subjektu pasiboei ekonomia-jardueren gaineko zerga kentzea, Kooperatiben Zerga-araubidea arautzen duen Foru Legean sartu diren aldaketek. Mantentzen dira, beraz, negozio-zifra 1.000.000 eurokoa edo gehiagokoa duten kooperatibentzat bakarrik dauden hobariak.

Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluak ezartzen du gastu publikoei eusten laguntzeko betebeharra, eta horrek, Konstituzio Auzitegiaren doktrinarekin bat, ekartzen du eskaera zuzen bat legegilearentzat, behartuta baitu aberastasuna bilatzera aberastasuna dagoen tokian, eta ez baitu eman behar zerga-abantaila diskriminatzailerik, horrek hautsiko lukeelako Estatuaren gastuei eusten laguntzeko betebehar generikoa. Konstituzio Auzitegiak argi utzi zuen ekainaren 8ko 73/2017 epaian, 12/2012 Errege Lege-dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako zerga-aitorpen berezia konstituzio-kontrakoa dela, ukitzen duelako Konstituzioaren aipatutako 31.1 artikuluak ezartzen duen gastuei eusteko betebeharraren funtsa. Aurrekoarekin bat, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezartzen da zerga zorraren zenbatekoa murriztea dakarren zerga erregularizazioko aparteko edozein mekanismo ezartzeko debekua, eta beraz, gaitasun ekonomikoaren, berdintasunaren eta progresibitatearen printzipioak haustekoa, horiek direlako zerga sistemaren ordenamendua zuzendu behar dutenak.

Zerga kontrolerako neurri gisa, ezartzen da kontabilitateko edo enpresa kudeaketako prozesuen euskarri diren sistema informatikoak edo elektronikoak egokitu behar direla erregistroen osotasuna, kontserbazioa, irisgarritasuna, irakurgarritasuna, trazabilitatea eta aldaezintasuna bermatzen dituzten baldintza jakin batzuetara. Baldintza horien zehaztapen teknikoa erregelamendu bidez garatzen ahal da, bertan sartuz horien ziurtapena egiteko aukera. Halaber, erregulazio horrekin bat, zehapen araubide espezifiko bat ezartzen da, sistema edo programa horiek ziurtapen egokirik izan gabe ekoizte hutsaren edo edukitzearen ondorioz.

Beste alde batetik, zerga egoitza Nafarroatik kanpo duten subjektu pasiboen ordezkariek beren zerga egoitza Nafarroan izateko betebeharra kentzen da, erregulazioa eta Europar Batasunaren zuzenbidea bat etor daitezen.

Arau-hausteen eta zehapenen eremuan, subjektu arau-hausle gisa sartzen da BEZaren entitate-taldearen araubide bereziko entitate nagusia, subjektu arau-hausleei tratamendu homogeneoa emateko, bai sozietateen gaineko zergaren kontsolidazio fiskalaren araubidean, bai balio erantsiaren gaineko zergaren entitate-taldearen araubide berezian.

Zerga prozedurei dagokienez, aldaketa batzuk egiten dira. Justifikatutako etenaldiak sartzen dira prozedurak ebazteko epearen zenbaketatik kanpo uzteko denbora gisa, eta berariazko lege-estaldura ematen zaio prozeduraren luzapenak, geraldiak eta etenaldiak legea baino maila txikiagoko arau bidez arautzeari; zehazten da ofizioz hasitako prozeduretako epeen zenbaketa egin behar dela hasteko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera egin behar dela; eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean sartzen da nahitaez erabili beharreko ereduak onartzeko eta dokumentuak bitarteko telematikoen bidez aurkeztera behartzeko aukera. Horrekin sustatu nahi da tresna horiek eta eredu normalizatuak erabiltzea, eta aurkezpen telematikoa, ikusi delako oso eraginkorrak direla era askotako eskabideak masiboki eta automatikoki kudeatzeko, nahitaez erabili beharra ezartzen denean.

Bereziki diru-bilketari eragiten dioten neurriei dagokienez, geroratzeko, zatikatzeko, konpentsatzeko, eteteko edo gauzatan ordaintzeko behin eta berriz egiten diren eskaeren erabilera desegokia saihesteko, beren tramitazio epeek epe exekutiboaren hasiera kautelaz eteten baitute, ezartzen da eskaerak behin eta berriz aurkezteak, aurrekoei uko egin zaienean, eta ez denean egin egin beharreko diru-sarrera, ez duela epe exekutiboa hastea galarazten; gainera, beste berme batzuk dituzten edo horiek salbuesten dituzten etete prozedurak iruzurrez erabil ez daitezen, horiek tramitatu bitartean kautelazko neurriak hartzeko aukera eransten da; azkenik, legez babesten da etete eskaerak ez onartzeko aukera, organo eskudunek eskaeraren gainean ebazteko bermeak guztiz edo partzialki salbuetsita, baldin eta espedienteari erantsitako dokumentaziotik ondorioztatzen bada ez dituztela betetzen eskatzen dena emateko ezarritako baldintzak. Iruzur praktikak saihesteko helburu berberarekin (eteteko zenbait eskaera tramitatzea oso zaila dela aprobetxatuz egiten direnak), lege-maila ematen zaio administrazioaren aukera bati, alegia, bere jardunarekin segitzeko aukerari, zorra epe exekutiboan dagoen kasuetan. Diru-bilketaren arloan ere, betearazpen-aldiko errekarguen kalkulua aldatzen da, hura sinplifikatzeko eta gure inguruneko araudiaren antzekoa izan dadin.

Delitu fiskalaren esparruan zehazten da erantzukizunaren eta ondorengotzaren araubide orokorra aplikatuko zaiola delitu fiskaletik eratorritako zerga-zorrari, eta zehaztapen hori Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ere sartzen da, izaera publiko ez-tributarioa duten eskubideak kobratzeari dagokionez. Horren bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia berrienaren ildotik, zalantzak ezabatu nahi dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrek biltzen dituen erantzukizun-zerrenda kasu horietan aplikatzeari buruz sor litezkeenak.

Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharrari dagokionez, beharrezkoa da betebehar horren edukia ekonomiaren munduko baldintza berriekin uztartzea. Horretarako, atzerriko diru birtualei buruzko informazioa emateko beharra sartzen da. Aldaketa hauek bat datoz 2015/849 (EB) Zuzentarauaren aldaketarekin, zeinak aktibo horiek zuzentarauaren eremu objektiboan sartu baititu.

Azkenik, 2021. urterako ere jarraipena ematen zaie zerga-zorra geroratu edo zatikatzeko eskaerei aplikatzekoak zaizkien berariazko neurriei, zeinak indarrean egon baitziren 2017, 2018, 2019 eta 2020. urteetan; baina, gainera, kitatzeke dauden geroratzeen kopurua, 4. xedapen berariazkoan aurreikusitako uko automatikoaren kausa gisa hartua, 3tik 4ra edo gehiagora igotzen da.

Ekonomia-jardueren gaineko zergan epigrafe edo talde berriak sortzen dira zergaren tarifetan, hornigai orokorrak (elektrizitatea eta gasa) merkaturatzeko jarduerak berariaz sailkatzeko asmoz, gaur arte ez dutelako sailkapen berezirik eduki.

Errubrika berrietan hiru kuota-moten artean (udalerrikoa, probintziakoa edo naziokoa) hautatzeko aukerarekin, murriztu egiten dira energia elektrikoa eta gasa lurralde nazionalean merkaturatzen duten enpresentzako administrazio kargak, udalerri guzti-guztietan udal-kuotak ordaindu behar zituztenak. Gainerako operadoreekin parekatzen dira, hau da, ekoizle, garraiolari eta banatzaileekin, eta auziak saihesten dira, gaur egun tarifetan ez dagoelako energia elektrikoa eta gasa merkaturatzeko jarduera horretarako aurreikusitako epigraferik.

Saltoki handien gaineko zergari dagokionez, koronabirusaren krisiak sortutako egoera kontuan hartuta, eta datozen hilabeteetan ostalaritzari bereziki eragingo diola aurreikusten denez, ezartzen da ezen, 2021ean zergaren zerga-oinarria zehazteko, aisialdiko eta ikuskizunetako lokalek okupatutako azalera ez ezik, ostalaritzako lokalek okupatutako azalera ere salbuetsiko dela. Bestalde, zerga-oinarriaren zehaztapenari buruzko argitze bat egiten da. 0,9ko koefiziente murriztailearen aplikazioari buruzko kontsultak planteatu zirenez, suertaturiko azalera 100eko 90 murriztu behar zela ulertuta, eta hori ez zenez inolaz ere egin beharreko interpretazioa, aldatu egiten da, ez dadin inolako zalantzarik egon suertaturiko azalera 0,9rekin biderkatu behar izateaz (horrek, azken batean, esan nahi du murrizketa ehuneko 10ekoa dela).

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduak, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz, ezarri du ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak bi astez itxi behar direla, baita jokorako lokalak eta aretoak ere. Ziurtasunik eza denez nagusi gaur egun, eta oso litekeena denez neurri horiek denboran luzatzea, ikusi da beharrezkoa dela jokoaren gaineko tributuen kuota (joko-makinen ustiapena) jaistea. Horren ondorioz, laugarren hiruhilekoari dagokion kuota murrizten da, aintzat hartuta hiruhileko horretan joko-makinak instalatuta dituzten establezimenduak zenbat denbora egon diren itxita COVID-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoaren bilakaeragatik, hartutako berariazko eta aparteko prebentzio-neurriak direla eta.

Hirugarren eta laugarren xedapen gehigarriek etxebizitza alorreko neurriak biltzen dituzte, eta bigarren azken xedapenetako bigarrenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen du.

Bosgarren xedapen gehigarriak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren salbuespena jasotzen du COVID-19aren ondorioz emandako ezohiko laguntza jakin batzuetarako.

Xedapen indargabetzaileak indargabetzen ditu Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legearen apartatu batzuk.

Indargabetzen da, halaber, 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 21/1997 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria, ekonomia-jardueren gaineko zergaren kuotan jardueraren lehen hiru ekitaldietarako hobariak jasotzen zituena. Hobari horien helburua ekintzailetza sustatzea zen, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ez dute zentzurik; izan ere, 1.000.000 eurotik beherako negozio-zifraren zenbateko garbia duten subjektu pasiboak EJZko kuotak ordaintzetik salbuesten dira.

Azken xedapenetako hirugarrenak eta laugarrenak, hurrenez hurren, foru lege hau garatzeko eta indarrean jartzeko gaikuntza ematen diote Nafarroako Gobernuari.

Lehen artikulua.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren manu hauek (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) testu hau izanen dute:

Bat.–7. artikulua, a) letraren bigarren eta hirugarren paragrafoak, k) letraren laugarren paragrafoa eta y) letra gehitzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Halaber, honako prestazio hauek salbuetsita egonen dira, baldin eta Gizarte Segurantzaren ezintasun iraunkor absoluturako edo baliaezintasun handirako ezarritakoen antzeko egoeretan jasotzen badira:

Lehena.–Beren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutakoak Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko gisa jarduten duten gizarte aurreikuspeneko mutualitateek.

Bigarrena.–Kooperatibetako langile bazkideek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateetatik jasotakoak.

Hauxe izanen da salbuetsitako kopuruaren muga: Gizarte Segurantzak dagokion kontzeptuarengatik onartzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa. Hortik gorakoa lan-etekin gisa zergapetuko da, eta, Gizarte Segurantzaren prestazioak lehen aipatutako mutualitateenekin edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateenekin batera gertatuz gero, lan-etekina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.”

“Salbuetsiak egonen dira, halaber, Gizarte zerbitzuen arloan banakoentzako eta familientzako prestazioak eta laguntzak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuan ezarritako prestazio ekonomikoak, bai eta Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen Foru Legean ezarritako errenta bermatua eta maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege-dekretuan araututako bizitzeko gutxieneko errenta ere. Era berean, salbuetsiak egonen dira jaiotzagatik, adopzioagatik, seme-alabak norberaren kargura edukitzeagatik, adingabeak harreran hartzeagatik, zurztasunagatik, haur batez baino gehiagoz erditzeagatik edo beste horrenbeste adoptatzeagatik edo minbiziak edo beste edozein gaixotasun larrik jotako seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako gainerako prestazio publikoak, bai eta jaiotza-tasa sustatze aldera eta langileen lana eta familiako bizitza ongi uztartzeko neurri osagarri gisa kasuan kasuko deialdien bidez familiaren arloan emandako laguntzak ere.”

“y) Bekak, garraiorako, mantenurako eta alojamendurako laguntzak, eta familia eta lan-prestakuntza bateratzeko laguntzak, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritakoak. Errege dekretu horren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, zeinaren bidez arautu baitzen Lan arloan enplegurako Lanbide Heziketaren sistema, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta haren finantzazioari dagokionez, eta ezarri baitziren hura finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak.”

Bi.–14.2.a)Lehena artikulua, bigarren paragrafoa. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, lanbide- edo enpresa-jardueretan aritzen direnek aldi baterako ezgaitasunagatik edo adingabeen jaiotzagatik edo zaintzagatik jasotzen dituzten prestazioak jarduera haietako etekin gisa konputatuko dira.”

Hiru.–14.2.a)Hirugarrena artikulua. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirugarrena.–Pentsio planen onuradunek jasotako prestazioak eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruz 2016ko abenduaren 14an emandako 2016/2341 (EB) Zuzentarauan arauturiko pentsio planetatik jasotakoak.

Era berean, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 8.8 artikuluan ezarritako kasuetan jasotako zenbatekoek pentsio planen prestazioek duten zerga-tratamendu bera izanen dute”.

Lau.–15. artikulua; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“15. artikulua. Diruzkoak ez diren ordainsariak edo gauzazko ordainsariak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, diruzkoak ez diren ordainsari edo gauzazko ordainsaritzat hartuko dira ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak helburu partikularretarako erabiltzea, kontsumitzea edo lortzea, doan edo merkatuko ohiko salneurria baino txikiagoan, nahiz eta ematen dituenari benetako gasturik ez sortu.

Ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak eskuratzeko, errenta-ordaintzaileak subjektu pasiboari eskudirua ematen dionean, diruzkotzat joko da errenta.

Beste batzuen artean, lan-ordainsari ez-diruzkotzat edo gauzazko lan-ordainsaritzat hartuko dira honako hauek:

a) Etxebizitza erabiltzea.

b) Ibilgailu automobilak erabiltzea edo entregatzea.

c) Maileguak, baldin eta haien interes-tasa diruaren legezko interes-tasa baino apalagoa bada.

d) Mantenu, alojamendu, turismo-bidaia eta antzeko gisa emandako prestazioak.

e) Enpresak aseguru-kontratuaren edo horren antzekoaren ondorioz ordaindutako primak edo kuotak.

f) Pentsio planen sustatzaileek ordaindutako kontribuzio edo ekarpenak eta, enpresek pentsioengatik beren gain hartutako konpromisoei aurre egiteko, enpresaburuek ordaindutako kopuruak, Pentsio-planak eta -funtsak arautzen dituen Legearen testu bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hori garatzeko araudian ezarrita dagoen moduan, enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planak barne direla.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruz 2016ko abenduaren 14an emandako 2016/2341 (EB) Zuzentarauan arauturiko enpresa sustatzaileen diru-ekarpenak ere sartuko dira letra honetan. Era berean, enpresaburuek mendekotasuneko aseguru-kontratuetan ordaindutako zenbatekoak.

g) Subjektu pasiboaren edo hari laugarren gradurainoko ahaidetasunaz lotutako beste pertsona batzuen ikasketa- eta mantenu-gastuak ordaintzeko erabilitako diru-kopuruak.

2. Inolaz ere ez dira gauzazko lan-ordainsaritzat hartuko:

a) Langileen ezagutzak eguneratzeko, gaitzeko edo birziklatzeko erabilitako zenbatekoak, langile horien jardunak edo lanpostuen ezaugarriek eskatutakoak badira.

b) Enpresak langilearen laneko istripuaren aseguru-kontratuaren edo erantzukizun zibileko aseguruaren ondorioz ordaindutako primak edo kuotak.

3. Gauzazko lan-ordainsari hauek salbuetsita daude:

a) Prezio merkatua duten produktuen entregak, enpresetako kantina edo jantokietan edo ekonomato sozialetan egindakoak. Enpresetako jantokietan prezio merkatua duten produktuen entregatzat hartuko dira zerbitzua emateko zeharkako formulak, gainditzen ez bada arauz ezartzen den zenbatekoa.

b) Langileen zerbitzu sozial eta kulturaletarako ondasunak erabiltzea. Besteren artean, halakotzat hartuko dira Administrazio publiko eskudunak behar bezala homologatutako espazioak eta lokalak, enpresek edo enplegatzaileek beren langileen seme-alaben Haur Hezkuntzako lehen zikloaren zerbitzua emateko ezarritakoak, bai eta zerbitzu hori behar bezala baimendutako hirugarrenei kontratatzea ere.

c) Enplegatuak bizilekutik lantokira eraman eta ekartzeko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ematen duten entitateei ordaindutako diru-kopuruak, langile bakoitzarendako urtean 1.500 euroko mugarekin. Halaber, zerbitzu publiko hori ematen duten entitateei ordaindutako zenbatekotzat hartuko dira arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten zeharkako ordainketa-formulak.

d) Eritasunaren estaldurarako aseguru-entitateei ordaindutako primak edo kuotak, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

Lehena.–Eritasunaren estalduraren barnean sartzea langilea bera eta haren ezkontidea eta ondorengo ahaideak ere barne hartzeko aukera izatea.

Bigarrena.–Lehen puntuan aipatutako pertsona bakoitzeko urtean ordaindutako prima edo kuoten kopurua 500 eurotik gorakoa ez izatea, edo 1.500 eurotik gorakoa desgaitasuna duen pertsona horietako bakoitzeko. Zenbateko horretatik gorakoa gauzazko ordainsaritzat hartuko da.

e) Sozietateek beren akzio edo partaidetzak, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren ildotik taldea osatzen duen edozein sozietateren akzio edo partaidetzak, jarduneko langileei doan edo merkatu prezio normala baino merkeago ematea, gauzazko ordainsariak urtean 12.000 euro gainditzen ez badu langile bakoitzari bere osotasunean entregatutako akzio edo partaidetza multzorako, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

Lehena.–Eskaintza enpresako langile guztiei baldintza berberetan egitea.

Bigarrena.–Langile horiek, haien ezkontideek edo bigarren gradurainoko ahaideek ez izatea batera enpresan 100eko 5etik gorako partaidetza. Ehuneko hori gainditzen bada partaidetza horiek eskuratzeagatik, salbuespena entregatutako partaidetzei baizik ez zaie aplikatuko, 100eko 5 hori osatu arte.

Hirugarrena.–Baloreak gutxienez hiru urtean mantentzea.

Hirugarren baldintzak aipatzen duen epea ez betetzeak tributu egoera erregularizatzeko betebeharra ekarriko du, 83.4 artikuluak ezartzen duen moduan.

Akzioen edo partaidetzen eskualdatzetik eratorritako ondare gehikuntzak eta gutxiagotzeak zehazteko, kontuan hartuko da, eskurapen-balioa kalkulatzerakoan, gauzazko ordainsariaren zenbateko salbuetsia.

Letra honetan ezartzen dena ez da aplikatuko f) letran ezarritakoa aplikatu behar denean.

f) Sozietateek jarduneko beren langileei doan edo merkatuko prezio normala baino merkeago ematea beren akzio edo partaidetza berekiak edo Merkataritza Kodeko 42. artikuluaren zentzuan taldeko kide den edozein sozietateren akzio edo partaidetzak, langileak eta erositako akzioek edo partaidetzek betetzen dituztenean 62.11 artikuluan biltzen den kenkaria egiteko baldintzak, halako partean non gauzazko lansariak ez duen gainditzen, langile bakoitzari ematen zaion akzio- edo partaidetza-multzorako, 20.000 euroko kopurua urtean.

62.11 artikuluak ezarritako edozein baldintza urratzen bada, subjektu pasiboak bere tributu egoera erregularizatu beharko du, 83.4 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Akzioen edo partaidetzen eskualdatzetik eratorritako ondare gehikuntzak eta gutxiagotzeak zehazteko, kontuan hartuko da, eskurapen-balioa kalkulatzerakoan, gauzazko ordainsariaren zenbateko salbuetsia.”

Bost.–34.1. artikulua; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Enpresa- edo lanbide-jardueren etekin garbia Sozietateen gaineko Zergaren arauen arabera zehaztuko da, atal honetan jasotako arau bereziei kalterik egin gabe, eta zuzeneko zenbatespenaren araubidearen bidez gauzatuko da. Hiru modalitate onartuko dira:

a) Arrunta.

b) Erraztua.

c) Berezia”.

Sei.–35. artikulua. 1. erregelako bigarren paragrafoa aldatzea, eta 6. erregela ezabatzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hala ere, gastu kengarritzat joko dira norbere konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartu gabeko profesionalek gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin sinatutako aseguru-kontratuengatik prima edo kotizazio gisa ordaindutako kopuruak, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategineko hemezortzigarren eta hemeretzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera, Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen egoerez arduratzea helburu duen zatian, urtean 4.500 euroko mugarekin”.

Zazpi.–35. artikuluari 2. apartatu bat gehitzen zaio, eta artikuluaren egungo edukia 1. apartatuarena izanen da aurrerantzean. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Etekina zehazteko araubideen bateraezintasuna.

a) Enpresa- edo lanbide-jarduera baten etekina modalitate arruntean edo erraztuan zehazten duten subjektu pasiboek behar den modalitatean zehaztuko dute beren enpresa- edo lanbide-jarduera guztien etekin garbia.

b) Enpresa- edo lanbide-jarduera baten etekina modalitate arruntean zehazten duten subjektu pasiboek modalitate horretan berean zehaztuko dute jarduera guztien etekin garbia.

c) Subjektu pasiboa jarduera berri batean hasten bada, honako arau hauek aplikatuko dira:

Lehena) Aurretik egiten ziren jardueren etekina modalitate arruntean zehazten bada, hori bera aplikatuko zaio jarduera berriari.

Bigarrena) Aurretik egiten ziren jardueren etekina modalitate erraztuan zehazten bada, aurten ez da aplikatuko b) letran aipatzen den bateraezintasuna.

Hirugarrena) Aurretik egiten ziren jardueren etekina modalitate berezian zehazten bada eta urtean zehar hartan sartu gabeko enpresa- edo lanbide-jardueraren bat hasten bada edo horretan modalitate horri uko egiten bazaio, a) letran aipatzen den bateraezintasunak ez du urte horretan ondoriorik izanen aurretik egiten ari ziren jardueretan”.

Zortzi.–36. artikulua; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“36. artikulua. Etekin garbia kalkulatzea zuzeneko zenbatespen erraztuan eta zuzeneko zenbatespen berezian.

A) Zuzeneko zenbatespen erraztua.

1. Arauz ezarritako terminoetan uko egin ezean, modalitate hau aplikatuko dute enpresa- edo lanbide-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek, haien negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada aurre-aurreko urtean 600.000 euro baino handiagoa eta etekin garbia ez badute modalitate berezian kalkulatzen.

2. Etekin garbia kalkulatuko da 34. eta 35. artikuluetako arauen arabera, berezitasun hauek kontuan hartuz:

a) Ibilgetu materialaren eta ondasun higiezinen amortizazioak eginen dira soilik taula-metodoa erabiliz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 26. artikuluan ezarritakoaren arabera; erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

b) Ekarpenak ez dira kengarriak izanen, ez eta narriaduragatiko galerak ere.

3. A).2 apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako etekin garbi positibotik haren 100eko 5 kenduko da.

B) Zuzeneko zenbatespen berezia.

1. Modalitate hau aplikatuko dute, hari uko egin ezean:

a) Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek, haien negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada aurre-aurreko urtean 300.000 euro baino handiagoa izan.

b) Baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia edo balio erantsiaren zergaren araubide berezi erraztua aplikatzen zaizkien enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek, haien negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada aurre-aurreko urtean 150.000 euro baino handiagoa izan.

c) Ezin izanen dute modalitate hau aplikatu Balio Erantsiaren gaineko Zergako nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezitik edo araubide sinplifikatutik kanpo geratzen diren edo uko egiten dioten subjektu pasiboek.

2. Negozio-zifraren zenbateko garbia konputatzearen ondorioetarako, subjektu pasiboak eginiko enpresa-jarduerei dagozkien eragiketak ez ezik, kontuan hartuko dira, halaber, ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak, aurreko horietako edozein pertsona partaide duten errenta-egozpenaren araubideko entitateek egindakoei dagozkienak, bai eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazita bezala subjektu pasiboarekin lotutako entitateek egindakoei dagozkienak ere, inguruabar hauek batera gertatzen badira:

a) Gauzatzen diren enpresa-jarduerak berdinak edo berdintsuak izatea. Horren ondorioetarako, berdinak edo berdintsuak direla ondorioztatuko da ekonomia jardueren gaineko zergan talde berean sailkatu badira.

b) Jarduera horien zuzendaritza bateratua izatea, baliabide materialak edo langileak partekatuz.

3. Etekin garbia kalkulatuko da 34. eta 35. artikuluetako arauen arabera, berezitasun hauek kontuan hartuz:

a) Ez dira kengarriak izanen ekarpenak, narriaduragatiko galerak eta amortizazioak.

b) Ez dira kengarriak izanen garraioko elementuen edo nekazaritzako makineriaren errentamendu- edo lagapen-gastuengatik ordaindutako zenbatekoak.

4. B).3 apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako etekin garbi positibotik 100eko 5 kenduko da:

a) Oro har, etekinaren 100eko 10.

b) Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzako jarduerak badira, etekinaren 100eko 35.

c) Salgaien errepide-garraioko jarduerak badira, etekinaren 100eko 45. Ondorio horietarako, salgaien errepide-garraiotzat hartuko dira maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen bidez onetsi ziren ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen 722. epigrafean ageri direnak.

5. Zuzeneko zenbatespen bereziari uko egin nahi bazaio eta hura errebokatu nahi bada, zuzeneko zenbatespen errazturako arauz ezarritakoa hartuko da kontuan eta hark dituen ondorioak izanen ditu.

6. Zuzeneko zenbatespeneko modalitate berezi honetan zehazten den etekina duten enpresa-jarduerak garatzen dituzten subjektu pasiboek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 61.3 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritako erregistro-liburuak eraman beharko dituzte (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), salbu eta kontabilitatea eramaten badute merkataritza-kodean aurreikusitakoaren arabera.

7. Errenta egozpeneko araubideko entitateak.

a) Zenbatespen zuzeneko araubideko modalitate berezia aplikatzekoa izanen da 11. artikuluak aipaturiko entitateek eginiko enpresa-jardueren etekin garbia zehazteko, baldin eta B) letra honetan ezarritako betekizunak betetzen badira eta haren bazkide, oinordeko, erkide edo partaide guztiak zerga honen subjektu pasibo diren pertsona fisikoak badira.

b) Modalitate honi uko egiteko, B) letra honetako 5. apartatuak ezarritakoari jarraitu beharko zaio, eta bazkide, oinordeko, erkide edo partaide guztiek eginen dute.

c) Modalitate hau aplikatuko da zein ere diren bazkide, oinordeko, erkide edo partaideengan biltzen diren inguruabarrak.

Hala ere, diru-sarreren bolumena konputatzeko, kontuan hartu beharko dira, entitateak berak egozpen-araubidean eginiko enpresa jarduerei dagozkien eragiketez gain, baita haren bazkideek, oinordekoek, erkideek edo partaideek egindakoei dagozkienak; ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak; aipatu pertsona horietako edozeinek parte hartzen duen errenta-egozpeneko araubideko entitateek egindakoei dagozkienak; edo pertsona horiekin Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazitako moduan lotutako entitateek egindakoei dagozkienak. Betiere, haietan inguruabar hauek biltzen badira:

Lehena) Gauzatzen diren enpresa-jarduerak berdinak edo berdintsuak izatea. Ondorio horretarako, berdintzat edo berdintsutzat joko dira ekonomia jardueren gaineko zergari begira talde berean sailkaturikoak.

Bigarrena) Jarduera horien zuzendaritza bateratua izatea, giza edo gauza baliabideak partekatuz.

C) Negozio-zifraren zenbateko garbia honela zehaztuko da: subjektu pasiboaren ohiko jardueretan produktuak saltzetik, zerbitzuak ematetik eta beste diru-sarrera batzuetatik ateratako zenbatekoei, hala behar denean, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziko konpentsazioa barne dela, kenduko zaizkie salmenten gaineko hobariak eta gainerako murriztapenak, balio erantsiaren gaineko zerga, baliokidetasun-errekarguaren araubidera bildutako subjektu pasiboen kasuan izan ezik, eta aipatutako negozio-zifrarekin zerikusi zuzena duten beste zerga batzuk. Era berean, konputatuko dira dirulaguntza arruntak eta kapitalarenak, eta jardueraren sarreretan izandako galerak konpentsatzeko jasotako kalte-ordainak. Komisio-hartzaileak izanez gero, kontuan hartuko da komisioen zenbateko osoa.

Jarduera aurre-aurreko urtean hasi bazen, negozio-zifraren zenbateko garbia urte osora proiektatuko da.”

Bederatzi.–39.4 artikulua, c) letraren lehen paragrafoa, c) b’) letra, e) letraren lehen paragrafoa eta e) b’) letra. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“c) Enpresa baten inter vivos eskualdaketa kostu gabeko bat egiten denean, edo eskualdaketa hori denean Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 5.8.Bi artikuluan araututako salbuespena aplikatzen zaien entitateetako partaidetza guztiena edo haien zati batena. Baldintza hauek bete beharko dira:”

“b’) Eskualdatzailea enpresa edo lanbide jardueran aritua izatea eskualdaketa egiten den egunaren aurreko bost urteetan gutxienez ere, edo, letra honetan aipatzen diren entitateetako partaidetzak baldin badira, eskualdatzaileak eskualdaketa egin baino bost urte lehenago eskuratuak izatea, eta eskuratzaileak edo eskuratzaileek jarraitzea eskualdatzaileak egiten duen jarduera berean edo partaidetza horiek mantentzea gutxienez bost urtez, salbu eta epe horretan hiltzen badira edo baliaezintasun absolutua edo handia onartzen bazaie. Halaber, eskuratzaileak edo eskuratzaileek ez dute zilegi xedatze-egintzarik edo sozietate-eragiketarik egitea, baldin eta zuzenean nahiz zeharka eskurapen-balioaren gutxitze nabarmena ekar badezakete.”

“e) Enpresa bat edo Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legeko 5.8 Bi artikuluan arauturiko salbuespena aplikatzekoa zaien entitateetako partaidetza guztiak edo partaidetza batzuk eskualdatzen zaizkienean enpresako langileei, honako betekizunak biltzen direnean:”

“b’) Eskualdatzailea enpresa edo lanbide jardueran aritua izatea eskualdaketa egiten den egunaren aurreko bost urteetan gutxienez ere, edo, letra honetan aipatzen diren entitateetako partaidetzak baldin badira, eskualdatzaileak eskualdaketa egin baino bost urte lehenago eskuratuak izatea, eta eskuratzaileak edo eskuratzaileek jarraitzea eskualdatzaileak egiten duen jarduera berean edo partaidetza horiek mantentzea gutxienez bost urtez, salbu eta epe horretan hiltzen badira edo baliaezintasun erabatekoa edo handia onartzen bazaie. Halaber, eskuratzaileak edo eskuratzaileek ez dute zilegi xedatze-egintzarik edo sozietate-eragiketarik egitea, baldin eta zuzenean nahiz zeharka eskurapen-balioaren gutxitze nabarmena ekar badezakete.”

Hamar.–43.1.a) artikulua. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a) Sozietate edo entitateen funts berekietako partaidetzaren adierazgarri izanik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65 (EB) Zuzentarauan, finantza-tresnen merkatuari buruzkoan, definitutako balore-merkatu arautuetakoren batean negoziaziora onartuta dauden baloreena denean, gehikuntza edo murriztapena zenbatuko da eskurapen-balioaren eta eskualdaketa-balioaren arteko aldearen arabera. Azken balio hori eskualdaketa gauzatzen den egunean merkatu horietan duten kotizazioak ezarriko du edo, kotizazioa baino handiagoa denean, hitzartutako prezioak.”

Hamaika.–43.1.n) artikulua. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“n) Baloreen Merkatuari buruzko Legearen testu bateginean eta hura garatzen duen araudian araututako gerokoen eta aukeren merkatuetan eta beste finantza tresna batzuetan egindako eragiketei dagokienez, lortutako zenbatekoa ondare gehikuntza edo gutxitzetzat hartuko da, baldin eta eragiketak subjektu pasiboak egindako enpresa jarduerak garatzeko itundu den beste eragiketa nagusi bat estaltzea ez badakar; izan ere, kasu horretan, kapitulu honen 3. atalean ezarritakoaren arabera ordainduko dituzte zergak.”

Hamabi.–51. artikulua. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“51. artikulua. Errenten egozpena nazioarteko gardentasun fiskalari buruzko araubidean.

1. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batek edo establezimendu iraunkor batek lortutako errenta positiboak (2. edo 3. apartatuetan aipatzen direnak) egotziko dituzte subjektu pasiboek, inguruabar hauek betetzen direnean:

a) Zergadunak 100eko 50eko edo hortik gorako partaidetza izatea Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen kapital, funts bereki, emaitza edo boto-eskubideetan, berak bakarrik edo loturiko entitateekin (Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera) edo, lerro zuzenean edo albotik, lehen edo bigarren mailako odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuna (ezkontidea barne) duten beste subjektu pasibo batzuekin batera, entitate ez-egoiliarraren sozietate-ekitaldiaren itxiera egunean.

Egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa proportzionala izanen da entitatearen emaitzetan duten partaidetzarekin edo, bestela, kapitalean, funts berekietan edo boto-eskubideetan duten partaidetzarekin.

Egozpen hori derrigorrez eginen da, bai entitate ez-egoiliarrean partaidetza zuzena dagoenean, bai zeharkako partaidetza dagoenean beste entitate ez-egoiliar baten edo batzuen bidez. Azken kasu horretan, egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa zeharkako partaidetzari dagokiona izanen da.

b) Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duen karga batengatik ordaindutakoa, 2. edo 3. apartatuetan ezarritako errenta klaseetako bati egozten ahal zaiona, aipatu zergaren arauen arabera egokituko zitzaionaren 100eko 75etik beherakoa izatea.

2. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak edo establezimendu iraunkorrak lortutako errenta positibo osoa egotziko dute subjektu pasiboek, baldin eta horiek horretarako behar den baliabide materialen eta giza baliabideen antolaketa ez badute, eragiketak errepikatzen badira ere.

Apartatu hau ez da aplikatuko subjektu pasiboak egiaztatzen duenean eragiketa horiek egiten direla Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batean dauden baliabide materialekin eta giza baliabideekin, edo haren osaerak eta jarduerak arrazoi ekonomiko baliagarriei erantzuten dietela. Entitate horrek talde berekoa izan behar du, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duen eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra duen kontuan hartu gabe.

Artikulu honen ondorioetarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan azaltzen den sozietate-taldeak entitate taldeaniztunak eta elkartuak, merkataritzako legeetan agindu bezala, barne hartzen dituela ulertuko da.

Apartatu honen lehenbiziko paragrafoan xedatutakoa hurrengo apartatuan ezarritakoaren gainetik dago.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatzen ez bada, iturri hauetako bakoitzetik datorren errenta positiboa egotziko da soilik:

a) Hiri- zein landa-ondasun higiezinen edota horiei dagozkien eskubide errealen titulartasuna, salbu eta jarduera ekonomiko bati lotuta badaude edo horien erabilera egoiliar ez diren entitateei lagapenean emana badago. Entitate horiek titularraren sozietate-talde berekoak izan behar dute, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duten eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe, eta horiek ere jarduera ekonomiko bati atxikita.

b) Edozein entitatek dituen funts berekietako partaidetzak izatea eta kapital berekiak hirugarrenei lagatzea, halakotzat hartzen badira 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ez da sartuko ondorengo finantza-aktiboetatik datorren errenta positiboa:

Lehena) Jarduera ekonomikoetan aritzearen ondorioz sortzen diren legezko eta erregelamenduzko betebeharrak betetzeko direnak.

Bigarrena) Jarduera ekonomikoak garatzean ezarritako kontratu-harremanen ondorioz sortzen diren kreditu eskubideak biltzen dituztenak.

Hirugarrena) Balore-merkatu ofizialetan artekaritza jardueretan aritzearen ondorioz dituztenak.

Laugarrena) Kreditu- eta aseguru-entitateek beraien jardueretan aritzearen ondorioz dituztenak, i) letran ezarri dena deusetan galarazi gabe.

Kapital berekiak hirugarrenei lagatzetik datorren errenta positiboa i) letran aipatuko diren kreditu- eta finantza-jarduerak gauzatzetik datorrela ulertuko da, lagatzailea eta lagapen-hartzailea sozietate-talde batekoak direnean Merkataritzako Kodearen 42. artikuluaren ildotik, edozein izanik ere haien egoitza eta urtero kontu kontsolidatuak egiteko beharra alde batera utzi gabe, eta lagapen-hartzailearen diru-sarrerak, 100eko 85ean gutxienez, jarduera ekonomikoetan aritzetik datozenean.

c) Kapitalizazio- eta aseguru-eragiketak, entitatea bera onuradun dutenak.

d) Jabetza industrial eta intelektuala, aholkularitza teknikoa, ondasun higiezinak, irudi-eskubideak eta negozio edo meategien errentamendu edo azpierrentamendua, 30.3 artikuluan ezarri bezala.

Hala ere, ez da egotziko 52. bis artikuluan xedatutakoaren arabera egotzi behar den irudi-eskubideen errenta.

e) Aurreko a), b), c) eta d) letretan aipatutako ondasun eta eskubideen eskualdaketa, betiere errentak sortzen baditu.

f) Finantza-tresna deribatuak, berariaz identifikatutako arrisku bat, jarduera ekonomikoak egitearen ondoriozkoa, estaltzeko izendatuak izan ezik.

g) Aseguru-jarduerak, kreditu-jarduerak, finantza-errentamenduko eragiketak eta bestelako finantza-jarduerak, salbu eta jarduera ekonomikoetan lortutako errentak badira, i) letran ezarritakoa galarazi gabe.

h) Lotura duten pertsona eta entitateekin egindako ondasun eta zerbitzuen gaineko eragiketak, 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluan adierazi bezala, zeinetan entitate ez-egoiliarrak edo establezimenduak gehitzen duen balio ekonomikoa hutsaren hurrengoa edo hutsa den.

i) Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako kreditu jarduerak, finantza jarduerak, aseguru jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak. Lotutako pertsonak edo entitateak izan behar dira, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen arabera, eta jarduerek zerga ondorioetarako kengarriak diren gastuak sortu behar dituzte pertsona egoiliar horientzat.

Errenta positiboa ez da sartuko, baldin eta, entitate ez-egoiliarraren halako jardueretatik (kreditu-jarduerak, finantza-jarduerak, aseguru-jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak) datozen diru-sarreren bi heren edo gehiago 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera ez lotutako pertsona edo entitateekin egindako eragiketen ondoriozkoak direnean.

4. 3. apartatuan aipatzen diren errentak ez dira egotziko, haien zenbatekoen batura entitate ez-egoiliarrak edo establezimendu iraunkorrak lortutako errenta osoaren 100eko 15 baino txikiagoa bada.

Hori hala izanik ere, 3.i) apartatuan aipatzen diren errentak beti egotziko dira eta, orobat, kontuan hartuko dira aurreko paragrafoan aipatzen den batura hori zehaztearen ondorioetarako.

5. Egotzi beharreko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean eta zerga horren gaineko gainerako xedapenetan zerga-oinarria zehazteko ezartzen diren printzipio eta irizpideak erabiliko dira. Errenta osotzat hartuko da printzipio eta irizpide horiek aplikatzetik ateratzen den zerga-oinarriaren zenbatekoa.

Sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duten zergak ez dira egotziko subjektu pasiboaren zerga-oinarrian; hau da, zerga horietan sozietate ez-egoiliarrak edo establezimendu iraunkorrak sartu beharreko errenta zatiagatik benetan ordaindutakoa.

Egotzi beharreko errentaren zenbatekoa zehazteko, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxieran indarrean dagoen kanbio-tasa erabiliko da.

Artikulu honetan aipatzen diren errenta positiboak zerga-oinarriaren zati orokorrean egotziko dira, 53. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Inola ere ez da egotziko entitate ez-egoiliarraren errenta osoa baino zenbateko handiagorik.

Errenta positibo bakoitza behin baino ezin da egotzi, modua eta xedeko entitatea edozein izanik ere.

6. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak bere sozietate-ekitaldia bukatu duen eguna sartuta dagoen zergaldian eginen da egozpena. Ondorio hauetarako, zergaldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izanen.

Establezimendu iraunkorrak direnean, errentak lortzen diren zergaldian eginen da egozpena.

7. Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ez dira zerga-oinarrian sartuko, egotzitako errenta positiboari zerga-oinarrian dagokion zatian. Tratamendu bera aplikatuko zaie konturako dibidenduei.

Erreserben banaketa kasuetan, akordio sozialean jasotako izendapena hartuko da kontuan, eta, hala ez bada, ulertuko da erreserba horietara ordaindutako azkeneko kopuruak aplikatu direla.

8. Atzerrian egiazki ordaindutako zerga edo karga kengarria izanen da kuota likidoan, dibidenduen edo mozkinetako partaidetzaren banaketaren ondorioz, dela zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten arabera, dela kasuan kasuko herrialde edo lurraldearen barne-legediaren arabera; hain zuzen, zerga-oinarrian lehenago egotzitako errenta positiboari dagokion zatian.

Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak jasotzen diren zergaldian eginen da kenkari hori, egozpenaren zergaldia eta zergari dagokion zergaldia ezberdinak izanik ere.

Lankidetzarik gabeko jurisdikziotzat hartutako herrialde edo lurraldeetan ordaindutako zergak ez dira inola ere kenkari gisa hartuko.

Kenkari hori ezin da izan zerga-oinarrian egotzitako errenta positiboagatik Espainian ordaindu beharko lukeen kuota osoa baino handiagoa.

9. Zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza eskualdatzetik datorren errenta kalkulatzeko, eskurapen-balioari egiazki banatu ez diren onura sozialen zenbatekoa gehituko zaio. Onura sozial horiek bazkideei haien akzioen edo partaidetzen errenta gisa, eskurapenetik eskualdaketara doan aldian, egotziko zizkioketen errentei dagozkie.

Partaidetza onura sozialak lortu ondoren eskuratzen duten bazkideen kasuan, eskurapen-balioari dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoa kenduko zaio. Dibidendu edo partaidetza horiek aurretik egotzitako errentei dagozkie.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen arabera ondare entitateak diren entitateen kasuan, Ondarearen gaineko Zergan aurreikusitako moduan, zenbatu beharreko eskualdaketa-balioa izanen da, gutxienez, eskualdatutako balioei dagokien ondare garbiaren balioa, itxitako azken balantzean duena, behin aktiboen kontabilitate balioa ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako izanen luketen balioaz edo merkatuan izanen luketen balioaz, hori txikiagoa izanez gero, ordeztu ondoren.

10. Partaidetzako entitateak egoitza baldin badu edo establezimendu iraunkorra baldin badago lankidetzarik gabeko jurisdikziotzat hartutako herrialde edo lurralde batean, uste izanen da:

a) 1.b) apartatuan aurreikusitako inguruabarra betetzen dela.

b) Partaidetzako entitatearen errentek 3. apartatuko ezaugarriak dituztela.

c) Partaidetzako entitateak eskuratutako errenta partaidetzaren eskurapen-balioaren 100eko 15 dela.

Aurreko letretan bildutako presuntzioek kontrako proba onartuko dute.

11. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko entitate ez-egoiliarra edo establezimendu iraunkorra Europar Batasuneko beste estatu baten egoiliarra denean edo han kokatzen denean, betiere zergadunak egiaztatzen badu jarduera ekonomikoak gauzatzen dituela, edo inbertsio kolektiboko funtsa denean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65 (EE) Zuzentarauan arautua, 52.4 artikuluan aurreikusita ez dagoena eta Europar Batasuneko estatu batean eratua eta helbidea bertan duena. Zuzentarau horren bidez, balore higigarrietako inbertsio kolektiborako erakunde batzuentzako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzen dira.

12. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatu behar zaien subjektu pasiboek Espainiako lurraldeko entitate ez-egoiliarraren datu hauek aurkeztu beharko dituzte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenarekin batera:

a) Izena edo sozietatearen izena eta egoitza sozialaren helbidea.

b) Administratzaileen zerrenda eta haien egoitza fiskalaren helbidea.

c) Balantzea, galera eta irabazien kontua eta memoria.

d) Egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa.

e) Egotzi beharreko errenta positiboarengatik ordaindutako zergen justifikazioa.

Establezimendu iraunkorrei dagokienez, zergadunak aurkeztu beharko ditu zerga horren aitorpena, aurreko d) eta e) letretan aipatzen diren datuak, eta egindako eragiketen kontabilitate-erregistroak eta horiei atxikitako aktibo eta pasiboenak.”

Hamahiru.–55.1.Zazpigarrena artikulua, a)b’) eta b)b’) letrak; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b’) 2.000 euro urtean.

Berrogeita hamar urtez goitiko partaide edo mutualisten kasuan, zenbatekoa 5.000 eurokoa izanen da urtean.”

“b’) 5.000 euro urtean, gizarte-aurreikuspeneko sistemetara enpresek eginiko ekarpenetarako, baldin eta partaideei, aseguratuei edo mutualistei egotzitako ekarpenak badira. Zenbateko horretatik gora dauden ekarpen egotziak kontuan hartuko dira aurreko a) letran ezartzen den gehieneko muga bateratua aplikatzean.”

Hamalau.–62.3. artikulua, bigarren paragrafoa indargabetzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hamabost.–66.f) artikulua indargabetzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hamasei.–68 quinquies artikulua, A.2 eta D.5 apartatuak. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Kenkari horren zenbatekoa aurrez ordainduko da, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan justifikatu ondoren hilero ordaindutako errenta.”

“5. Emantzipaziorako errentamenduaren kenkariaren ordainketa hilero eginen da. Kenkarirako eta haren ordainketa aurreraturako eskubidea galduko da alokairuaren ordainketa hurrengo hilabeteko lehen eguna baino lehen justifikatzen ez den hilabeteei dagokienez.”

Hamazazpi.–78. artikulua, 2. apartatuari paragrafo bat gehitzea eta 3. apartatuari paragrafo bat gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hori hala izanik ere, nekazari gazteen lehen instalaziorako Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean ezarritako laguntza publikoak, laurdenetan egozten ahalko dira, lortzen diren zergaldian eta hurrengo hiruretan.”

“Hori hala izanik ere, nekazari gazteen lehen instalaziorako Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean ezarritako laguntza publikoak, erabiltzen badira nekazaritzako sozietate-enpresen kapitalean partaidetza bat eskuratzeko, laurdenetan egozten ahalko dira, lortzen diren zergaldian eta hurrengo hiruretan.”

Hemezortzi.–78.9. artikulua; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak:

“9. Zergaldi bakoitzeko higigarrien kapitaleko etekin gisa egotziko da (30.1 artikuluan aipatutakoa), ondoko hau: zergaldiaren bukaeran eta hasieran polizari atxikitako aktiboen likidazio-balioen arteko aldea, hartzaileak inbertsioaren arriskua bere gain hartzen duen bizi-aseguruaren kontratuetan.

Egotzitako errenten zenbatekoak kontratuen zenbatekoak jasotzetik heldu diren etekina gutxituko du.

Ondoren azaltzen diren ezaugarrietakoren bat duten kontratuetan ez da aldi bateko egozpenaren arau berezi hori aplikatuko:

A. Hartzaileari polizari atxikitako inbertsioak aldatzeko ahalmena ez ematea.

B. Hornidura matematikoak ondoko hauetan inbertiturik egotea:

a) Inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak, kontratuetan aurrez ezarriak, baldin eta:

a’) Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legera egokitutako inbertsio kolektiboko erakundeak badira.

b’) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauaren babespeko inbertsio kolektiboko erakundeak badira.

b) Entitate aseguratzailearen balantzean banandurik jasotako aktiboen multzoak, ondoko baldintza hauek betetzen badira:

a’) Banandutako aktibo multzo bakoitza osatzen duten aktiboak entitate aseguratzaileak zehaztuko ditu denbora guztian, eta horretarako, aktiboak aukeratzeko askatasun osoa izanen du entitateak, eta aurrez ezarritako irizpide orokor batzuk baizik ez ditu bete beharko, aktiboen multzoaren arrisku profilari edo bestelako gorabehera objektiboei buruzkoak.

b’) Aktibo multzo bakoitzeko horniduren inbertsioa azaroaren 20ko 1060/2015 Errege Dekretuaren 89. artikuluan ezarritako arauak betetzen dituzten aktiboetan gauzatu beharko da. Errege dekretu hori aseguru eta berraseguru entitateen antolamenduari, gainbegiratzeari eta kaudimenari buruzkoa da. Inolaz ere ez dira izanen ondasun higiezinak edo higiezinen gaineko eskubide errealak.

Nolanahi ere, aktiboen multzoek baldintza horiek betetzen dituztela ulertuko da, baldin eta Europar Batasuneko bigarren mailako balore-merkatu ofizial batzuen adierazgarria den burtsa edo errenta finkoko indize jakin bat errepikatzen duen inbertsio politika bat garatzen saiatzen badira.

c’) Hartzaileak zilegi izanen du soilik banandutako aktibo multzoen artetik hautatzea zeinetan inbertitu behar duen aseguru-entitateak aseguruaren hornidura matematikoa, baina inoiz ez du zilegi izanen esku hartzea hornidura horiek zein aktibo zehatzetan inbertitzen diren erabakitzeko, multzo banandu bakoitzaren barrenean.

Kontratu mota horietan, aseguru-hartzaileak edo aseguratuak, polizaren zehaztapenei jarraikiz, kontratuetan berariaz izendaturiko inbertsio kolektiboko entitateetatik edo banandutako aktibo multzoen artean aukeratzen ahalko dute, aseguru-hartzaile edo aseguratu bakoitzerako banakako zehaztapenik egin gabe.

Apartatu honek aipatzen dituen baldintzak kontratuaren indarraldi osoan bete beharko dira.”

Hemeretzi.–87. artikulua, f) letra gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“f) Kooperatibetarako, kooperatibari egindako ekarpen sozialak eskualdatzearen edo itzultzearen ondoriozko errentei dagokienez. Zerga-eskumenak dituen departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaio, zehazteko zein den eman beharreko informazioa eta informazioa emateko betebehar hori nola eta zer epetan bete.”

Hogei.–Laugarren xedapen gehigarria, 8. eta 9. apartatuak gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“8. Espainiako lurraldean egoitza duten pertsonek eta entitateek eta atzerrian egoitza duten pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrek hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen badituzte pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko, eta diru birtualak edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko, izan zerbitzu hori izaera nagusikoa edo beste jarduera batekin lotua, beharturik egonen dira Zerga-administrazioari zaintzen dituzten diru birtual guztien informazioa ematera. Eman beharreko informazio horretan sartzen dira diru birtual bakoitzean eta, kasua bada, legezko dirutan dauden saldoak, hala nola saldo horien titularren, baimendunen edo onuradunen identifikazio-datuak.

Zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez ezarriko du apartatu honetan aipatzen den aitorpena aurkezteko eredua, epea, modua eta edukia.

9. Espainian egoitza duten pertsonek eta entitateek eta atzerrian egoitza duten diren pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrek diru birtualaren eta legezko diruaren arteko truke-zerbitzuak edo zenbait diru birtualen artekoak ematen badituzte edo horrelako eragiketetan, edozein modutan, artekari aritzen badira edo diru birtualak mantendu, biltegiratu eta eskualdatzeko hirugarrenen izenean pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko zerbitzuak ematen badituzte, beharturik daude Zerga-administrazioari diru birtualak eskuratzeko, eskualdatzeko, trukatzeko edo transferitzeko eragiketen, hala nola diru horietan egindako kobrantzen eta ordainketen berri ematera, haietan esku hartzen badute edo artekari aritzen badira. Hartara, aurkeztu beharko dituzte zerbitzu horietan parte hartzen duten subjektuen izen-zerrenda, adierazita haien identifikazio fiskaleko helbidea eta zenbakia, diru birtual mota eta kopurua eta eragiketaren salneurria eta data.

Betebehar bera dute Espainian egoitza duten pertsonek eta entitateek eta atzerrian egoitza duten pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrek diru birtual berrien hasierako eskaintzak egiten badituzte, beste diru birtual batzuen edo legezko diruaren truke entregatutakoei dagokienez.

Zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez ezarriko du apartatu honetan aipatzen den aitorpena aurkezteko eredua, epea, modua eta edukia”.

Hogeita bat.–Bederatzigarren xedapen gehigarria.

“Bederatzigarren xedapen gehigarria. Etxebizitza bat alokairu-araubidean eskuratzen laguntzeko kenkarien baldintzak 2021ean.

1. 2021. urtean, honako hauek egiten ahalko dute emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria (68 quinquies A artikuluan ezarria: Nafarroan erroldaturik egonda, eta kenkaria izateko gainerako baldintzak betez, salbu eta adinari dagokiona, honako egoera hauetako batean daudenak:

a) 2021eko urtarrilaren 1ean edo hortik aurrera langabezian dagoen enplegu eskatzaile bezala inskribatuta daudenak.

b) 2021eko urtarrilaren 1ean edo hortik aurrera aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen (ABEEE) egoeran inskribatuta daudenak.

Kenkaria 2021eko abenduaren 31 arte emanen da.

2. 2021ean 68. quinquies artikuluaren B.1.a) apartatuan jasota dagoen kenkaria aplikatzeko, ez da beharrezkoa izanen gutxienez urtebete eramatea inskribatua etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan, eta errentamendu kontratu ikus-onetsiari dagokionez ere ez da gutxieneko epe hori eskatuko. Hala, nahikoa izanen da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribaturik egotea 2020ko abenduaren 31 baino lehenagotik, errentamenduaren modalitatean edo erosteko aukera duen errentamenduaren modalitatean, edo, bestela, etxebizitza babestu baten errentari izatea, Administrazioak egun hori baino lehen ikus-onetsitako kontratu batekin.”

Hogeita bi.–Berrogeita zazpigarren xedapen gehigarria indargabetzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hogeita hiru.–Hirurogeigarren xedapen gehigarria gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirurogeigarren xedapen gehigarria. Salgaien errepide-garraioaren jardueraren etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa 2021ean.

2021erako, salgaien errepide-garraioaren jarduerari zuzeneko zenbatespen berezian aplikatu beharreko etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa 100eko 50 izanen da, 36.B)4.c) artikuluan ezarritakoaren ordez.”

Hogeita lau.–Hirurogeita batgarren xedapen gehigarria gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirurogeita batgarren xedapen gehigarria. Ostalaritza eta jatetxe jardueraren etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa 2021ean.

2021erako, hurrengo jarduerei zuzeneko zenbatespen berezian aplikatu beharreko etekin garbiaren murrizketaren ehunekoa 100eko 20 izanen da, 36.B)4.a) artikuluan ezarritakoaren ordez.

EJZ

JARDUERA EKONOMIKOA

671.4

Bi sardexkako jatetxeak.

671.5

Sardexka bateko jatetxeak.

672.1, 2 eta 3

Kafetegiak.

673

Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak.

675

Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak.

676

Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

Hogeita bost.–Hirurogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hirurogeita bigarren xedapen gehigarria.–Zuzeneko zenbatespen bereziko atxikipenak eta ordainketa zatikatuak.

1. Etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziko araubideari jarraikiz zehazten denean, honako jardueren kontraprestazio gisa ordainduriko guztizko diru-sarreren gaineko ehuneko 1eko atxikipen-tasa aplikatuko da:

EJZ

JARDUERA EKONOMIKOA

722

Errepide bidez egiten den merkantzien garraioa

757

Mudantza-zerbitzuak.

2. Subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen 1. apartatuak aipatzen dituen jarduerengatiko konturako ordainketak egitera, apartatu horren aplikazioaren ondorioz haien diru-sarrerak atxikipenpean daudenean.

3. Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa erregelamendu bidez aldatzen ahalko da”.

Hogeita sei.–Hirurogeita hirugarren xedapen gehigarria gehitzea. 2021ean izanen ditu ondorioak.

“Hirurogeita hirugarren xedapen gehigarria. Ondorengoak, aurreko ahaideak, beste ahaide batzuk eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeagatik Gizarte Segurantzari 2021ean ordaindutako kuoten kenkaria.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osotik subjektu pasiboak Gizarte Segurantzarako kotizazioengatik 2021ean ordaindutako zenbatekoen 100eko 100 kentzen ahalko da, 62. 9.c) artikuluan aipatzen diren pertsonen zaintzan familia-etxean lan egiten duten pertsonekin formalizatutako kontratuen ondorioz.

2021eko ekitaldian ez da aplikatzekoa izanen 62.9.c) artikuluan aurreikusitako kenkaria”.

Hogeita zazpi.–Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra. Zuzeneko zenbatespen bereziaren araubideari uko egitea 2021ean.

Enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek 2021ean zuzeneko zenbatespen bereziaren araubidearen aplikazioari uko egin nahi badiote, ukoa 2021eko martxoaren 31 arte aurkez dezakete. Uko horrek 36.B).5 artikuluan adierazitako ondorioak izanen ditu.”

Hogeita zortzi.–Hogeita zortzigarren xedapen iragankorra gehitzea; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita zortzigarren xedapen iragankorra.–2021 baino lehenagoko ukoen ondorioak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubideari eta balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide erraztuari eta bereziari.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubideari eta balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide erraztuari eta bereziari egindako ukoek, hots, 2020. urtean eta aurrekoetan aurkeztutakoek, 2020ko abenduaren 31n indarrean dagoen araudiaren arabera ezarritako ondorioak izaten segituko dute.

2021ean ondorioak izanen dituen errebokatzea 2021eko martxoaren 31 arte aurkez daiteke.”

Bigarren artikulua.–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen manu hauek testu hau izanen dute:

Bat.–24.1. artikulua, hirugarren paragrafoa. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Mozkin operatiboa zehaztuko da abiapuntutzat harturik ekitaldiko galera-irabazien kontuko ustiapen-emaitza, Merkataritza Kodeari eta garapena egiteko gainerako kontabilitate-araudiari jarraikiz zehaztua, eliminatuz ibilgetuaren amortizazioa, ibilgetu ez-finantzarioaren dirulaguntzen eta besteren egozpena eta ibilgetuaren narriadura eta besterentzeengatiko emaitza, eta gehituz ondare-tresnetako partaidetzetatiko diru-sarrera finantzarioak, baldin eta badagozkie dibidenduei edo halako entitateetako partaidetzei non partaidetza-portzentajea, zuzenekoa edo zeharkakoa, gutxienez ere ehuneko 5ekoa baita, salbu eta partaidetza horiek eskuratu direnean halako zorrekin zeinen gastu finantzarioak ez baitira kengarri 23.1.g) artikuluaren aplikazioa tarteko”.

Bi.–26.1.a) eta b) artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Ibilgetuko zati diren ondare-elementu amortizagarrien edo ondasun higiezinetako inbertsioen kasuan, balio-bizitza osatzeko gelditzen diren zergaldietan, aipatutako diferentziari aplikatuta aipatutako elementuen kasuan erabilitako amortizazio metodoa, salbu eta balio-bizitza bukatu aurretik eskualdatzen badira; kasu horretan, eskualdaketa egin zeneko zergaldian sartuko da gelditzen den diferentzia.

b) Ibilgetuko zati diren ondare-elementu ez amortizagarrien edo ondasun higiezinetako inbertsioen kasuan, eskualdatzen diren zergaldian.”

Hiru.–27.2 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak, baldin eta foru lege honek indarra hartzean amaitu ez badira.

“2. Egoitza Espainiako lurraldean izanik, atzerrira eramaten duen entitate baten jabetzakoak diren ondare-elementuen merkatuko balioaren eta balio fiskalaren arteko diferentzia zerga-oinarrian sartuko da, salbu eta ondare-elementu horiek entitateak Espainiako lurraldean duen establezimendu iraunkor bati atxikita gelditzen badira. Kasu horretan, ondare-elementu horiei aplikatu beharko zaie 120. artikuluan aurreikusitakoa.

Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu batera transferitutako ondare-elementuen kasuan, baldin eta estatu horrek Espainiarekin edo Europar Batasunarekin akordio bat badu zerga-kredituak kobratzearen arloko elkarrekiko laguntzaren arloan, eta akordio hori Kontseiluaren 2010eko martxoaren 16ko 2010/24/EB Zuzentarauan aurreikusitako elkarrekiko laguntzaren baliokidea bada (zuzentarau hori zerga, eskubide eta beste batzuei dagozkien kredituak kobratzearen arloko elkarrekiko laguntzari buruzkoa da), zergadunak aukera izanen du aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko zerga-zorraren ordainketa urteko bost zati berdinetan ordaintzeko.

Aukera hori egoitza aldaketa dela-eta amaitutako zergaldiari dagokion zerga- aitorpenean bakarrik gauzatuko da, eta lehen zatia zergaldi horri dagokion borondatezko aitorpen-epean ordaindu beharko da.

Urteko gainerako lau zatietako bakoitzaren epemuga eta galdagarritasuna, bakoitzak sortutako berandutze-interesekin batera, elkarren segidan gertatuko da, azken zergaldiari dagokion borondatezko aitorpen-epea amaitu eta urtebetera.

Apartatu honetan jasotako berezitasunak izan ezik, zatikatze horri Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian berandutze-interesen sorrerari eta bermeak eratzeari buruz xedatutakoa aplikatuko zaio. Hala ere, bakarrik eskatzen ahalko da bermeak eratzea zorra kobratzea zapuztu edo larriki zaildu daitekeela pentsatzeko arrazoizko zantzuak daudela justifikatzen denean.

Diru-bilketako organoak arrazoizko zantzu horiek lehenengo zatia borondatez ordaintzeko epea amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan hautemanez gero, zergadunari jakinaraziko zaio, dagokion errekerimenduaren bidez, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita 10 eguneko epean behar adina berme aurkez ditzan. Errekerimenduari kasurik egiten ez bazaio, edo, aurkezturik ere, berme nahikoekin edo behar bezala justifikaturik aurkezten ez bada, zor osoa eskatuko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketarako Erregelamenduan, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan, ezarritako epeetan. Ordainketa epe horretan egiten ez bada, epe exekutiboa hasiko da, eta premiamendu-prozedura abiatu beharko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusitako moduan.

Zatikatzeak indarra galduko du kasu hauetan:

a) Ukitutako ondare-elementuak hirugarrenei eskualdatzen zaizkienean.

b) Ukitutako ondare-elementuak, geroago, apartatu honen bigarren paragrafoan adierazitakoez beste hirugarren estatu batera lekualdatzen direnean.

c) Zergadunak, geroago, bere zerga-egoitza apartatu honen bigarren paragrafoan adierazitakoez beste hirugarren estatu batera lekualdatzen duenean.

d) Zergaduna likidazioan dagoenean edo betearazpen kolektiboko prozedura batean sartuta dagoenean, hala nola konkurtsoan edo beste edozein prozedura baliokidetan.

e) Zergadunak zatikapenean aurreikusitako epean diru-sarrera egiten ez duenean.

a) eta b) letretan aipatzen diren eskualdatze edo lekualdatze kasuetan, ondare-elementuen eskualdatze edo lekualdatze partziala denean, zatikapenak indarra galduko du soilik elementu horien merkatuko balioaren eta balio fiskalaren arteko diferentzia positiboari dagokion zerga-zorraren zati proportzionalari dagokionez, zergadunak frogatzen duenean eskualdatze edo lekualdatze horrek soilik ondare-elementuren bati edo batzuei eragiten diela.

a), b) eta c) letretan jaso bezala, zatikapenak indarra galtzen duenean, indarra galtzeak eragiten dien zenbatekoak hilabeteko epean ordaindu beharko dira, zatikapenak indarra galtzen duenetik kontatzen hasita. Hilabeteko epean ordaintzen ez bada, zatikapenak indarra galtzeak eragiten dien zenbatekoei dagokienez soilik, premiamendu-prozedura hasiko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera. Ordaintzen den zenbatekoa zatikapenaren azken zati mugaeguneratuei aplikatuko zaie. Eskatutako zenbatekoak epe horietan ordaintzen ez badira, zatikatutako gainerako zorra mugaeguneratutzat joko da, eta premiamendu-prozedura hasi beharko da.

d) letran aipatzen den kasuan, zatikapenak indarra galduz gero, ordaindu gabeko zor osoaren mugaeguneratzea eta galdagarritasuna hilabeteko epean ezarriko dira, gertatzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ordaintzen ez bada, epe exekutiboa hasiko da, eta premiamendu-prozedura Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusitako moduan hasi beharko da.

e) letran aipatzen den kasuan, zatikapenak indarra galtzen badu, premiamendu-prozedura hasiko da soilik bete ez den zati horri dagokionez. Honako hauek eskatuko dira: zati horren zenbatekoa, borondatezko aldian ordaintzeko epearen muga-egunaren biharamunetik emandako epearen muga-egunera arte sortutako berandutze-interesak, eta epe exekutiboaren errekargua bi kontzeptuen baturaren gainean.

Aurreko paragrafoaren arabera eskatutako zenbatekoak ordaintzen ez badira, mugaeguneratutzat joko dira ordaintzeke dauden gainerako zatiak, eta premiamendu-prozedura hasi beharko da zor guztiei dagokienez. Borondatezko aldian ordaintzeko epea amaitzen den egunaren biharamunetik ordaindu gabeko zatia ordaintzeko muga-egunera arte sortutako berandutze-interesak eskatuko dira.

Egoitza aldatzen denean edo ondare-elementuak edo jarduerak Espainiara transferitzen direnean, baldin eta, barne-merkatuaren funtzionamenduan zuzenean eragiten duten zerga-saihestearen praktiken aurkako arauak ezartzen dituen Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Europar Batasuneko estatu batean irteera zerga jaso badu, irteerako estatuak zehaztutako balioa balio fiskaltzat hartuko da Espainian, merkatuko balioa islatzen ez duenean izan ezik.

Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko, eta, beraz, transferitutako ondare-elementuen merkatuko balioaren eta balio fiskalaren arteko diferentzia ez da zerga-oinarrian txertatuko, baldin eta elementu horiek lotuta badaude finantzaketarekin edo bermeak ematearekin, kapitalaren zuhurtziazko baldintzak betetzeko edo likidezia kudeatzeko, baldin eta aurreikusten denean Espainiako lurraldera itzuli behar dutela gehienez ere urtebeteko epean Espainian kokatutako establezimendu iraunkor bati atxikitzeko.”

Lau.–35. artikulua, 1.a) apartatuaren lehen paragrafoa eta 6.a) apartatua aldatzea eta 11. eta 12. apartatuak gehitzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Entitatearen kapitaleko edo funts berekietako partaidetza, zuzenekoa edo zeharkakoa, ehuneko 5ekoa izatea, gutxienez”.

“a) 4. apartatuan ezarritako baldintzak betetzea. Dena den, partaidetza-ehunekoari buruzko baldintza bete dela ulertuko da ehuneko hori iritsi baldin bada eskualdaketa gertatzen den egunaren aurreko urteko uneren batean”.

“11. Artikulu honetan jasotako salbuespena aplikatzekoa zaien dibidenduen edo entitateen mozkinetako partaidetzen zenbatekoa, bai eta entitate bateko partaidetzaren eskualdaketan eta 4. apartatuak aipaturiko gainerako kasuetan lorturiko errenta positiboaren zenbatekoa ere, ehuneko 5 murriztuko da salbuespen hori aplikatzearen ondorioetarako, partaidetza horiekin loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan.

12. Aurreko apartatuak aipaturiko entitateen dibidenduei edo mozkinetako partaidetzei aplikatzekoa den murrizketa ez da aplikatuko honako inguruabar hauek biltzen direnean:

a) Entitate dibidendu-hartzailea:

1. aurre-aurreko zergaldian izan duen negozio zifraren zenbateko garbia 40 milioi euro baino gutxiagokoa izatea.

Negozio zifraren zenbateko garbia zehazte aldera, aplikatzekoa izanen da 12.1.a) artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoek xedaturikoa.

2. Ez da ondare-entitatetzat hartua izan behar, 8.2 artikuluak ezarritako moduan.

3. Ez du partaide izan behar, b) letrak aipaturiko entitatea eratu aurretik, Merkataritza Kodeko 42. artikuluaren araberako sozietate-talde batean, zein ere diren egoitza eta urteko kontu bateginak aurkezteko betebeharra.

4. Ez du zuzeneko edo zeharkako partaidetzaren portzentajerik izan behar, b) letrak aipaturiko entitatea eratu aurretik, beste entitate baten kapitalean edo funts berekietan, ehuneko 5ekoa edo handiagoa denik.

b) Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak etortzea 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren eraturiko entitate batetik, zeinetan, zuzenean eta eratu zenetik, kapitalaren edo funts berekien osotasuna edukitzen baitira.

c) Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak jasotzea horiek banatzen dituen entitatea eratu zen urtearen aurre-aurreko eta ondo-ondorengo hiru urteetan amaitzen diren zergaldietan”.

Bost.–37.2 artikulua, bigarren paragrafoa; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Foru lege honen ondorioetarako, elementu bat berritzat joko da aldez aurretik beste pertsona edo entitate batek erabili ez badu. Elementua erabili dela ulertuko da pertsona edo entitate horren ibilgetuari edo ondasun higiezinetako inbertsioei gehitu zaionean edo gehitu behar zitzaionean, Kontabilitate Plan Orokorraren arabera, martxan jarri ez bada ere.”

Sei.–53.2.Bigarrena eta Hirugarrena.c) artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Bigarrena. Lortutako zenbatekoaren gainean ehuneko hauek aplikatuko dira:

a) 51.1.a) artikuluan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %18.

b) 51.1.b) artikuluko lehen paragrafoan edo 51.2 artikuluan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %16.

c) 51.1.b) artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %13.”

“c) 61. eta 62. artikuluetan araututako ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko edo berorietan parte hartzeagatiko kenkarien %50. Zergadunek 51.1.b) edo 51.2 artikuluan ezarritako karga-tasen arabera tributatzen badute, aipatu ehunekoa %100 izanen da.”

Zazpi.–57. artikulua, 1.a) apartatua eta 4. apartatuko lehen paragrafoa. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Egoiliar ez den entitatearen kapitaleko zuzeneko edo zeharkako partaidetza gutxienez 100eko 5ekoa izatea”.

“4. Kenkari honek, dibidenduei edo mozkinetako partaidetzei dagokienez 56. artikuluan ezarritakoarekin batera, ezin izanen du gainditu Espainian errenta horiengatik ordaindu beharko litzatekeen kuota osoa, errenta horiek espainiar lurraldean lortu izanez gero. Kuota oso hori kalkulatzeko, dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ehuneko 5 murriztuko dira, partaidetza horiei loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan. Murrizketa hori ez da eginen 35.12 artikuluan ezarritako inguruabarrak dituzten dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen kasuan”.

Zortzi.–65. artikulua, 1. apartatua, 2. apartatuko seigarren paragrafoa eta 6. apartatuko c) letra; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren produkzioetan izanen ditu ondorioak.

“1.a) Espainiako film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioek, seriean egiteko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen dutenek, kuota likidoan ehuneko 35eko kenkaria egiteko eskubidea emanen diote ekoizleari.

Kenkariaren oinarria, zeina kultura alorrean eskudun den Nafarroako Gobernuaren organoaren ebazpen bidez zehaztuko baita, ekoizlearen inbertsioak osatuko du, baldin eta nafar lurraldean eginiko gastuak inbertsioaren ehuneko 40ra iristen badira. Bestelakoan, kenkari-oinarria izanen da nafar lurraldean eginiko gastuak 0,4rekin zatitzearen emaitza.

Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez zehaztuko dira kenkariaren oinarriaren parte izan daitezkeen gastuak, bai eta gastuak nafar lurraldean egintzat hartzeko irizpideak ere.

a) letra honen lehen paragrafoan ezarritako kenkari-portzentajea ehuneko 40koa izanen da kenkari-oinarriko lehen milioiarentzat, honako hauen kasuan:

1. Jatorrizko bertsio bakarra euskarazkoa duten ekoizpenak.

2. Emakumezko zuzendariek baizik eginak ez diren ekoizpenak.

3. Ekoizpen dokumentalak.

4. Animazio-ekoizpenak.

5. Inolako film luze zinematografikorik edo fikzio-, animazio- edo dokumental-alorrekoa den ikus-entzunezko serierik zuzendu edo kozuzendu ez duen pertsona baten zuzendaritzapeko ekoizpenak.

Apartatu honetan araututako kenkariaren zenbatekoa ez da 5 milioi euro baino gehiagokoa izanen.

Koprodukzioen kasuan, apartatu honetan adierazitako zenbatekoak koprodukzioan parte hartzen duen bakoitzaren partaidetza-ehunekoaren arabera finkatuko dira.

b) Kenkaria obraren ekoizpena bukatzen den zergaldian sortu dela ulertuko da. Hala eta guztiz ere, ekoizpenak hamabi hilabete baino gehiagoko epea duenean edo entitatearen zergaldi batean baino gehiagotan eragiten duenean, entitateak zilegi izanen du kenkaria aplikatzea ordainketak egiten diren neurrian eta ordainketa horien zenbatekoan, kenkaria hasteko datan kenkarietarako indarrean dagoen araudia aplikatuta. Kasu horretan, kenkaria ordainketak egiten diren aldietan sortu dela ulertuko da.

c) Kenkari horri heldu nahi dioten zergadunek proiektuaren azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko kultura arloko zuzendaritza nagusi eskudunean, eta hark txosten bat emanen du proiektu horrek kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzen dituen argitzeko.

Txosten hori eskatzeko edukia eta prozedura zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehaztuko ditu.

Txostena eskatu ondoren, zergadunak sortutako kenkaria kontsignatzen ahalko du bere aitorpen-likidazioan.

d) Kenkari hau aplikatzeko nahitaezkoa izanen da produkzioak dagokion naziotasun-ziurtagiria eskuratzea eta, halaber, edukiaren izaera kulturala dela, errealitate kulturalarekiko lotura duela edo Espainian aurkezten diren lan zinematografikoen aniztasun kulturalari egindako ekarpena dela egiaztatzen duen ziurtagiria, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak emana.

e) Naziotasun-ziurtagiria eskatu eta sei hilabeteko epean, zergadunak ekoizlearen inbertsioaren justifikazioa aurkeztu beharko dio kulturaren arloko eskumena duen Nafarroako Gobernuaren zuzendaritza nagusiari, bai eta kenkaria egiaztatzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzearen justifikazioa ere, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak zehazten dituen baldintzetan.

Aurreko paragrafoan adierazitako epea betetzen ez bada, aplikatutako kenkaria galduko da, eta 76.3 artikuluan ezarritakoaren arabera erregularizatuko da.

Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik 6 hilabeteko epean, ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, kenkariaren oinarria zehaztuko du, kontuan hartuta ekoizlearen inbertsioa eta nafar lurraldean eginiko gastuak.

Ebazpen horretan aitortutako kenkari-oinarria aitortutako kenkari-oinarria baino txikiagoa bada, zergadunak ordaindu beharko ditu, ebazpena jakinarazi den zergaldiko kuotarekin batera, bidegabeki aplikatutako kenkariari dagokion kuota osoa gehi berandutze-interesak.

“Kenkariaren zenbatekoa ez da 5 milioi eurotik gorakoa izanen.”

“c) Produkzio edo koprodukzio nazionalen kasuan, ekoizleak produkzioaren kopia bat Nafarroako Filmotekari eman beharko dio, obra bukatu eta hiru hilabeteko epean.”

Bederatzi.–66.6. artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“6. Aurreko apartatuetako kenkariak bateraezinak dira elkarren artean.”

Hamar.–69.2. artikulua, indargabetzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Hamaika.–82.1,. 2 eta. 3 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak, baldin eta foru lege honek indarra hartzean amaitu ez badira.

“1. Nazioarteko gardentasun fiskala da 83. artikuluan aurreikusitako errenta positiboak, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batek zein establezimendu iraunkor batek lortutakoak, zergadunari egoztea, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Zergadunak, berak bakarrik edo loturiko pertsona edo entitateekin batera, 28. artikuluak dioen moduan, zergadunak 100eko 50eko edo hortik gorako partaidetza izatea Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen kapital, funts bereki, emaitza edo boto-eskubideetan, entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxiera egunean.

Egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa proportzionala izanen da entitatearen emaitzetan duten partaidetzarekin edo, bestela, kapitalean, funts berekietan edo boto-eskubideetan duten partaidetzarekin.

Egozpen hori derrigorrez eginen da, bai entitate ez-egoiliarrean partaidetza zuzena dagoenean, bai zeharkako partaidetza dagoenean beste entitate ez-egoiliar baten edo batzuen bidez. Azken kasu horretan, egotzi beharreko errenta positiboaren zenbatekoa zeharkako partaidetzari dagokiona izanen da.

b) Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak zerga honen izaera berdin-berdina edo antzekoa duen karga batengatik ordaindutakoa, 83.1 eta 2. artikuluan ezarritako errenta klaseetako bati egozten ahal zaiona, aipatu zergaren arauen arabera egokituko zitzaionaren 100eko 75etik beherakoa izatea.

Egozpen hori bidezkoa izanen da, halaber, errenta horiek establezimendu iraunkor baten bidez lortzen direnean, aurreko b) letran aurreikusitako inguruabarra gertatzen bada; kasu horretan, ez da aplikatuko 36. artikuluan aurreikusitako salbuespena.

2. Kapitulu honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko entitate ez-egoiliarra edo establezimendu iraunkorra Europar Batasuneko beste estatu batean egoiliarra denean edo han kokatzen denean, baldin eta zergadunak egiaztatzen badu jarduera ekonomikoak egiten dituela edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauan araututako inbertsio kolektiboko erakunde bat dela (zuzentarau horren bidez, balore higigarrietako inbertsio kolektiboko erakunde jakin batzuei buruzko lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzen dira), foru lege honen 97. artikuluan aurreikusitakoez bestelakoa, Europar Batasuneko estaturen batean eratuta eta helbidea bertan duena.

3. Partaidetzako entitateak egoitza baldin badu edo establezimendu iraunkorra baldin badago lankidetzarik gabeko jurisdikziotzat hartutako herrialde edo lurralde batean, uste izanen da:

a) 1.b) apartatuan aurreikusitako inguruabarra betetzen dela.

b) Partaidetzako entitatearen edo establezimendu iraunkorraren errentek 83.2 artikuluko ezaugarriak dituztela.

c) Partaidetzako entitateak eskuratutako errenta partaidetzaren eskurapen-balioaren 100eko 15 dela.

Aurreko letretan bildutako presuntzioek kontrako proba onartuko dute.”

Hamabi.–83 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak, baldin eta foru lege honek indarra hartzean amaitu ez badira.

“83. artikulua. Egotz daitezkeen errentak.

1. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak edo establezimendu iraunkorrak lortutako errenta positibo osoa egotziko dute zergadunek, baldin eta horiek ez badute horretarako behar den baliabide materialen eta giza baliabideen antolaketa, eragiketak errepikatzen badira ere.

Apartatu hau ez da aplikatuko zergadunak egiaztatzen duenean eragiketa horiek egiten direla Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batean dauden baliabide materialekin eta giza baliabideekin, edo haren osaerak eta jarduerak arrazoi ekonomiko baliagarriei erantzuten dietela. Entitate horrek talde berekoa izan behar du, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duen eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra duen kontuan hartu gabe.

Apartatu honen lehenbiziko paragrafoan xedatutakoa hurrengo apartatuan ezarritakoaren gainetik dago.

2. 1. apartatuan ezarritakoa aplikatzen ez bada, iturri hauetatik datorren errenta positiboa egotziko da soilik:

a) Hiri- zein landa-ondasun higiezinen edota horiei dagozkien eskubide errealen titulartasuna, salbu eta jarduera ekonomiko bati lotuta badaude edo horien erabilera egoiliar ez diren entitateei lagapenean emana badago. Entitate horiek titularraren sozietate-talde berekoak izan behar dute, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza non duten eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra duten kontuan hartu gabe, eta horiek ere jarduera ekonomiko bati atxikita.

b) Edozein entitatek dituen funts berekietan partaidetza izatea eta kapital berekiak hirugarrenei lagatzea, halakotzat hartzen badira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen Testu Bategineko 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ez da sartuko ondorengo finantza-aktiboetatik datorren errenta positiboa:

Lehena.–Jarduera ekonomikoetan aritzearen ondorioz sortzen diren legezko eta erregelamenduzko betebeharrak betetzeko direnak.

Bigarrena.–Jarduera ekonomikoak garatzean ezarritako kontratu-harremanen ondorioz sortzen diren kreditu eskubideak biltzen dituztenak.

Hirugarrena.–Balore-merkatu ofizialetan artekaritza jardueretan aritzearen ondorioz dituztenak.

Laugarrena.–Kreditu- eta aseguru-entitateek beraien jardueretan aritzearen ondorioz dituztenak, i) letran ezarri dena deusetan galarazi gabe.

Kapital berekiak hirugarrenei lagatzetik datorren errenta positiboa i) letran aipatuko diren kreditu- eta finantza-jarduerak burutzetik datorrela ulertuko da, lagatzailea eta lagapen-hartzailea sozietate-talde batekoak direnean Merkataritzako Kodearen 42. artikuluaren ildotik eta lagapen-hartzailearen diru-sarrerak, 100eko 85ean gutxienez, jarduera ekonomikoetan aritzeagatik datorrenean.

c) Kapitalizazio eta aseguru eragiketak, entitatea bera onuradun dutenak.

d) Jabetza industrial eta intelektuala, aholkularitza teknikoa, ondasun higigarriak, irudi-eskubideak eta negozio edo meategien errentamendu edo azpierrentamendua, halakotzat hartzen badira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen Testu Bategineko 30.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) Aurreko a), b), c) eta d) letretan aipatutako ondasun eta eskubideen eskualdaketa, betiere errentak sortzen baditu.

f) Finantza-tresna deribatuak, berariaz identifikatutako arrisku bat, jarduera ekonomikoak egitearen ondoriozkoa, estaltzeko izendatuak izan ezik.

g) Aseguru-jarduerak, kreditu-jarduerak, finantza-errentamenduko eragiketak eta bestelako finantza-jarduerak, salbu eta jarduera ekonomikoetan lortutako errentak badira, i) letran ezarritakoa galarazi gabe.

h) Lotura duten pertsona eta entitateekin egindako ondasun eta zerbitzuen gaineko eragiketak, 28. artikuluan adierazi bezala, zeinetan entitate ez-egoiliarrak edo establezimenduak gehitzen duen balio ekonomikoa hutsaren hurrengoa edo hutsa den.

i) Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako kreditu- jarduerak, finantza- jarduerak, aseguru- jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak. 28. artikuluaren zentzuan lotutako pertsonak edo entitateak izan behar dira, eta jarduerek zerga ondorioetarako kengarriak diren gastuak sortu behar dituzte entitate egoiliar horientzat.

Letra honetan aipatzen den errenta positiboa ez da sartuko, baldin eta, halako jardueretatik (kreditu-jarduerak, finantza-jarduerak, aseguru-jarduerak eta zerbitzuak emateko jarduerak) datozen diru-sarreren bi heren edo gehiago 28. artikuluaren arabera ez lotutako pertsona edo entitateekin egindako eragiketen ondoriozkoak direnean.

3. 2. apartatuan aurreikusitako errentak ez dira egotziko honako kasu hauetan:

a) haien zenbatekoen batura entitate ez-egoiliarrak edo establezimendu iraunkorrak lortutako errenta osoaren 100eko 15 baino txikiagoa bada.

Hori hala izanik ere, 2.i) apartatuan aipatzen diren errentak beti egotziko dira eta, orobat, kontuan hartuko dira aurreko paragrafoan aipatzen den batura hori zehaztearen ondorioetarako.

b) Espainiako lurraldean egoitza duten entitateentzat zerga ondorioetarako kengarriak ez diren gastuekin bat datozenean.

4. Egotzi beharreko errenten zenbatekoa kalkulatzeko, foru lege honetan eta zerga honen gaineko gainerako xedapenetan zerga-oinarria zehazteko ezartzen diren printzipio eta irizpideak erabiliko dira. Errenta osotzat hartuko da printzipio eta irizpide horiek aplikatzetik ateratzen den zerga-oinarri positiboaren zenbatekoa.

Ondorio horietarako, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitatearen sozietate-ekitaldiaren itxieran indarrean dagoen kanbio-tasa erabiliko da.

Inola ere ez da egotziko entitate ez-egoiliarraren errenta osoa edo establezimendu iraunkorraren bidez lortutakoa baino zenbateko handiagorik.

Errenta positibo bakoitza behin baino ezin da egotzi, modua eta xedeko entitatea edozein izanik ere.

5. Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitateak bere sozietate-ekitaldia bukatu duen eguna sartuta dagoen zergaldian eginen da egozpena. Ondorio hauetarako, zergaldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izanen.

Establezimendu iraunkorrak direnean, errentak lortzen diren zergaldian eginen da egozpena.

6. Dibidenduak edo mozkinetako partaidetzak ez dira zerga-oinarrian sartuko, zerga-oinarrian sartua izan den errenta positiboari dagokion zatian. Horri dagokionez, dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoa ehuneko 5 murriztuko da, partaidetza horiei loturiko kudeaketa-gastuen kontzeptuan, salbu eta 35.12 artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean. Tratamendu bera aplikatuko zaie konturako dibidenduei.

Erreserben banaketa kasuetan, akordio sozialean jasotako izendapena hartuko da kontuan, eta, hala ez bada, ulertuko da erreserba horietara ordaindutako azkeneko kopuruak aplikatu direla.”

Hamahiru.–84.2 artikulua, bigarren paragrafoa; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak, baldin eta foru lege honek indarra hartzean amaitu ez badira.

“Lankidetzarik gabeko jurisdikziotzat hartutako herrialde edo lurraldeetan ordaindutako zergak ez dira inola ere kenkari gisa hartuko.”

Hamalau.–85. artikulua, lehenengo paragrafoa. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza eskualdatzetik datorren errenta kalkulatzeko, eskurapen-balioari egiazki banatu ez diren onura sozialen zenbatekoa gehituko zaio. Onura sozial horiek bazkideei haien akzioen edo partaidetzen errenta gisa, eskurapenetik eskualdaketara doan aldian, egotziko zizkioketen errentei dagozkie. Ildo horretan, paragrafo honek aipagai dituen onura sozialen zenbatekoa ehuneko 5 murriztuko da, partaidetza horiekin loturiko kudeaketa-gastu kontzeptuan”.

Hamabost.–86. artikulua, azken paragrafo bat gehitzea; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak, baldin eta foru lege honek indarra hartzean amaitu ez badira.

“Establezimendu iraunkorrei dagokienez, zergadunak aurkeztu beharko ditu zerga horren aitorpena, aurreko d) eta e) letretan aipatzen diren datuak, eta egindako eragiketen kontabilitate-erregistroak eta horiei atxikitako aktibo eta pasiboenak.”

Hamasei.–104.2 artikuluari paragrafo bat gehitzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“35.11 artikuluak ezarritakoa aplikatzeagatik banakako zerga-oinarrietan sartuak izan behar diren zenbatekoak ez dira eliminatuko”.

Hamazazpi.–111.1 artikulua, lehen paragrafoa; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Talde fiskalaren kuota osoari VI. tituluko II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako kenkarien eta hobarien zenbatekoa kenduko zaio, bai eta aplikatzekoa izan daitekeen beste edozein kenkari ere.”

Hemezortzi.–132.bis artikulua gehitzea VIII. tituluko IX. kapituluko lehenengo atalari, ondorioak izan ditzan 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan.

“132. bis artikulua. Kuotaren kenkariak.

Kuotaren kenkariak VI. tituluan aurreikusitako arauak aplikatuz zehaztuko dira. Hala ere, salbuetsitako jarduerei soilik egotz dakizkiekeen gastu eta inbertsioek ez dute kenkarirako eskubiderik emanen. Salbuetsi gabeko jarduerei partzialki egotz dakizkiekeen gastuek eta inbertsioek kenkarirako eskubidea emanen dute, salbuetsi gabeko errentak dituzten jarduera ekonomikoetan eta gainerako jardueretan ekitaldian lortutako diru-sarrerek entitatearen guztizko diru-sarreretan egiten duten ehunekoan.”

Hemeretzi.–Hogeigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeigarren xedapen gehigarria.–Enplegua sortzeagatiko kenkaria, 2019an sortua.

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, zeina arautua baitago 66. artikuluan, kenkaria 2019ko zergaldian sortu bada, ez da bete beharko kenkaria egiteko eskubidea eman zuten batez besteko plantillak mantentzeko baldintza. Nolanahi ere, esandakoa aplikatuko da kenkaria sortu zen zergaldia bukatu eta ondoko hamabi hilabeteko bigarren epean, eta, bakar-bakarrik, batez besteko plantillak ez mantentzeko arrazoia izan baldin bada COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera.”

Hogei.–Hogeita batgarren xedapen gehigarria gehitzea; 2020an eta 2021ean hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Hogeita batgarren xedapen gehigarria.–Kenkaria, automobilgintzaren industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesuen berrikuntza teknologikoko jarduerengatik.

1. 2020. eta 2021. urteetan hasten diren zergaldietarako efektuekin, 61.3 artikuluan aipatzen den kenkariaren ehunekoa 10 portzentaje-puntu gehituko da berrikuntza teknologikoko jardueretan egindako gastuetarako, baldin eta horien emaitza bada aurrerapen teknologikoa egitea automobilgintza- industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesu berrien lorpenean, edo lehendik dauden prozesuetan funtsezko hobekuntzak egitea.

2. Zilegi izanen dute gehikuntza hori aplikatzea enpresa txiki eta ertaintzat hartuak diren zergadunek, xedapen honi heldurik: I. eranskina, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 zenbakiko Erregelamenduarena(EB), zeinaren bidez zenbait laguntza-mota barne-merkatuarekin bateragarritzat deklaratzen baitira, Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

3. Artikulu honetan aurreikusitako gehikuntzari dagokion kenkari-zenbatekoa ezin izanen da 7,5 milioi euro baino handiagoa izan zergadunak garatutako proiektu bakoitzarengatik. Horrez gain, aipatu kenkariaren zenbatekoak, zergadunak jasotako gainerako laguntzekin batera, ezin izanen du gainditu diruz lagundu den proiektuaren kostuaren ehuneko 50.

4. Artikulu honetan jasotako gehikuntza aplikatzeko, 61.6 artikuluari jarraikiz eskatutako txostenak zehaztu beharko du berrikuntza teknologikoko jarduerak emaitza gisa duela aurrerapen teknologikoa egitea automobilgintza-industriaren balio-kateko ekoizpen-prozesu berrien lorpenean, edo lehendik dauden prozesuetan funtsezko hobekuntzak egitea”.

Hogeita bat.–Hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeita bigarren xedapen gehigarria.–Enpresen eraldaketa digitalerako kenkaria.

1. Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, Establezimendu iraunkor baten bidez jarduten dutenak, baldin eta enpresa txikitzat hartzen badira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek, jarduera ekonomikoak egiten badituzte eta beren jardueraren etekin garbia zuzeneko zenbatespenean zehazten badute, kuota osoari 100eko 30eko kenkaria aplikatzen ahalko diote 2020an eta 2021ean enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoa ezartzeko egindako gastu eta inbertsioengatik.

2. Hauek dira kenkariaren xede diren gastu eta inbertsioak:

a) Salmentetako, fakturazioko edo kontabilitateko administrazio-prozesuak digitalizatzea ahalbidetuko duen softwarea eskuratzea, harpidetzea, eguneratzea edo berritzea, baita hodeiko zerbitzuetarako sarbideak ere, edo web-orriak sortzea, horiek instalatzeko eta ezartzeko gastuak barne.

b) Softwarea eskuratzea, harpidetzea, eguneratzea edo berritzea, merkaturatze eta salmenta elektronikoa eta Internet bidezko ordaintzeko sistemak ahalbidetze aldera, softwarea instalatzeko eta ezartzeko gastuak barne.

3. Kenkariaren oinarria egindako gastu eta inbertsioen zenbatekoak osatuko du, 5.000 euroko mugarekin, eta muga hori inbertsioak hartzen dituen zergaldi guztiei aplikatuko zaie, kasua bada.

4. Xedapen honetan ezarritako kenkaria Sozietateen gaineko Zergari buruzko foru-araudian xedatutakoaren arabera aplikatuko da, eta ez zaio aplikatuko 67.4 artikuluan araututako kuota likidoaren 100eko 25eko muga”.

Hogeita bi.–Hogeita bederatzigarren xedapen iragankorra gehitzea. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Hogeita bederatzigarren xedapen iragankorra. 20 milioi euro baino gehiagoko eskuratze-balioa duten partaidetzen zergapetze-araubidea.

2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago hasitako zergaldietan eskuratutako partaidetzek, 20 milioi euro baino gehiagoko eskuratze-balioa baldin badute, baina 35.1.a) artikuluko lehen paragrafoan edo 57.1.a) artikuluan ezarritako portzentajera iritsi gabe, 35. edo 57. artikuluan ezarritako araubide fiskala aplikatuko dute, kasuaren arabera, baldin eta haietan aurreikusitako gainerako betekizunak betetzen badituzte 2021, 2022, 2023, 2024 eta 2025. urteen barrenean hasten diren zergaldietan zehar”.

Hirugarren artikulua.–Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–3.1. artikulua.

“1. Tributu-sistemaren antolamendua tributuak ordaintzera behartuta dauden pertsonen gaitasun ekonomikoan eta printzipio hauetan oinarritzen da: justizia, orokortasuna, berdintasuna, progresibitatea, tributu-kargaren banaketa ekitatiboa eta konfiskatoriotasunik eza.

Ondorio horietarako, debekatuta dago zerga-erregularizazioko ezohiko edozein tresna ezartzea, baldin eta indarrean dagoen araudiaren arabera sortutako zerga-zorra murriztea badakar.”

Bi.–27.5 artikulua, i) letra gehitzea. Foru lege honek indarra hartu eta 3 hilabetera izanen ditu ondorioak.

“i) Ekoizleek, merkaturatzaileek eta erabiltzaileek betebehar hau dute: jarduera ekonomikoak egiten dituztenen kontabilitate-, fakturazio- edo kudeaketa-prozesuen euskarri diren sistema eta programa informatikoek eta elektronikoek erregistroen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzea, sistemetan behar bezala jasota geratzen ez diren interpolazio, omisio edo aldaketarik gabe. Erregelamendu bidez ezartzen ahalko dira sistema eta programa horiek bildu behar dituzten espezifikazio teknikoak, bai eta horiek behar bezala ziurtatuta egoteko eta irakurtzeko formatu estandarrak erabiltzeko betebeharra ere.”

Hiru.–38. artikulua.

“Salbuespenezko kasuetan, eta kasu bakoitzean behar bezala justifikatuta, Zerga-administrazioak ordezkari bat izendatzeko eskatzen ahalko die zerga-egoitza Nafarroatik kanpo duten subjektu pasiboei, harekin dituzten harremanetarako.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du ukatzen Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez direnentzat araubide erkideko legerian ezarritakoa.”

Lau.–66.3. artikulua. f) letra gehitzea.

“f) Erakunde nagusia BEZaren entitate taldearen araubide berezian.”

Bost.–68 artikulua, g) eta h) letrak gehitzea; foru lege honek indarra hartu eta 3 hilabetera izanen ditu ondorioak.

“g) Jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsonek edo entitateek kontabilitate-, fakturazio- edo kudeaketa-prozesuen euskarri diren sistema eta programa informatiko edo elektronikoak fabrikatzea, ekoiztea eta merkaturatzea, honako egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

a’) Jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruzko kontabilitate desberdinak eraman ahal izatea, zergapekoaren benetako egoera ezagutzea zailtzen dutenak.

b’) Egindako transakzioen idatz-oharrak, osorik edo zati batean, ez jasotzea ahalbidetzen dutenak.

c’) Itxurazko transakzioen erregistroa ahalbidetzea.

d’) Dagoeneko erregistratuta dauden transakzioak aldatu ahal izatea, aplikatu beharreko araudia bete gabe.

e’) Ez betetzea erregistroen osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea eta bortxaezintasuna zein Zerga-administrazioko organo eskudunen aldetik irakurgarritasuna bermatzen duten espezifikazio teknikoak, 27.5.i) artikuluaren arabera.

f’) Fabrikatutako, ekoitzitako edo merkaturatutako sistemak ez egiaztatzea, arauzko xedapen batek horretara behartzen badu ere.

h) 27.5.i) artikuluan ezarritakoarekin bat ez datozen sistema edo programa informatiko edo elektronikoak edukitzea, horiek behar bezala egiaztatuta ez daudenean eta arauzko xedapen baten bidez egiaztatu behar direnean, edo gailu ziurtatuak aldatu direnean.

Letra honetan xedatutakoaren bidez ezin izanen da zehatu g) letraren bidez zehatutako pertsona edo entitate bera.”

Sei.–77 artikulua, 5. apartatua gehitzea; foru lege honek indarra hartu eta 3 hilabetera izanen ditu ondorioak.

“5.a) 68.g) artikuluan adierazitako arau-haustea 150.000 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da, salmentak egin diren ekitaldi ekonomiko bakoitzeko eta arau-haustearen xede den sistema edo programa informatiko edo elektronikoa ez den mota bakoitzeko. Hala ere, 68.g)f’) artikuluko arau-hausteak 1.000 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko dira, ziurtagiria falta duen merkaturatutako sistema edo programa bakoitzeko.

b) 68.h) artikuluan adierazitako arau-haustea ekitaldi bakoitzeko 50.000 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da, behar bezala ziurtatuta ez dauden sistema edo programa informatiko edo elektronikoak edukitzeagatik egindako arau-haustea denean, arauzko xedapen baten bidez egiaztatuta egon behar denean, edo egiaztatutako gailuak aldatu direnean”.

Zazpi.–87.2 artikulua, lehenbiziko paragrafoa.

“2. Ebazpena emateko epearen kontaketan ez dira sartuko honako hauek: zerga-administrazioari egotzi ezin zaion kausagatik prozeduran izandako luzapenak, justifikatutako etenaldiak eta foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera gertatzen diren geraldiak.”

Zortzi.–87.8.a) artikulua.

“a) Ofizioz hasitako prozeduretan, prozedura hasteko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera.”

Bederatzi.–95. artikulua.

“95. artikulua. Tributuak kudeatzeko prozeduraren hasiera.

1. Tributuak kudeatzeko prozedura ofizioz edo zergapekoak eskatuta hasten ahalko da, autolikidazioaren, aitorpenaren, komunikazioaren, eskaeraren edo zerga-araudian aurreikusitako beste edozein bitartekoren bidez.

2. Tributuak kudeatzeko prozedura hasteko dokumentuek, betiere, zergapekoaren eta, hala badagokio, hura ordezkatzen duen pertsonaren izen-deiturak edo sozietate-izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia jaso beharko dituzte.

3. Zerga-administrazioak autolikidazioen, aitorpenen, komunikazioen, eskaeren eredu eta sistema normalizatuak onartzen ahalko ditu, bai eta zerga-arloko jarduketak eta prozedurak masiboki izapidetzen diren kasuetarako nahitaez erabili beharreko zerga-araudian aurreikusitako beste edozein bitarteko ere.

4. Zerga arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez, zergapekoek beren aitorpenak, autolikidazioak, komunikazioak, eskabideak eta zerga arloan garrantzia duen beste edozein dokumentu baliabide telematikoen bidez aurkeztu beharko dituzten kasuak eta baldintzak zehazten ahalko dira”.

Hamar.–116.4. artikulua.

“4. Borondatezko epean ordainketa geroratu, zatikatu edo konpentsatzeko eskaera aurkeztuz gero, espediente horiek tramitatu bitartean ezin izanen da epe exekutiboa hasi.

Aipatutakoa gorabehera, aurreko paragrafoan adierazitako eskaerek eta eteteko eta gauzatan ordaintzeko eskaerek ez dute eragotziko epe exekutiboa hastea, baldin eta aldez aurretik ukatu bada, zerga-zor berari dagokionez, borondatezko aldian geroratzeko, zatikatzeko, konpentsatzeko, eteteko edo gauzatan ordaintzeko beste eskaera bat, eta ordainketa egiteko beste epe bat ireki bada halakorik egin gabe.

Isun baten kontra errekurtso edo erreklamazioa behar den moduan eta epean aurkeztuz gero, epe exekutiboan ezin izanen da hasi harik eta zehapena administrazio bidean irmo bilakatu eta borondatez ordaintzeko epea bukatu arte.

Konkurtso-deklarazioak ez du etenik eraginen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuz onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren arabera konkurtso-kalifikazioa duten zorrak ordaintzeko borondatezko epean, horrek ezertan galarazi gabe epe exekutiboko jarduketak testu bategin horretan xedatutakoari jarraitzea”.

Hamaika.–117.1 artikulua, hirugarren paragrafoa, eta 2, 3 eta 4. apartatuak, 2021eko martxoaren 1etik aurrera ordaintzen diren zorretarako efektuekin.

“Errekargu horiek elkarrekin bateraezinak dira, eta borondatezko epean ordaindu ez den zorraren osotasunaren gainean kalkulatzen dira.

2. Errekargu exekutiboa 100eko 5ekoa izanen da, eta aplikatuko da borondatezko epean ordaindu gabeko zor guztia premiamendu-probidentzia jakinarazi aurretik ordaintzen denean.

3. Premiamendu-errekargu murriztua 100eko 10ekoa izanen da, eta aplikatuko da noiz eta borondatezko epean ordaindu gabeko zor guztia eta errekargua bera ordaintzen direnean premiamendu-prozedura abiarazi duten zorren ordainketari begira erregelamenduz ezarritako epea amaitu aurretik.

4. Premiamendu-errekargu arrunta 100eko 20koa izanen da, eta aplikatuko da artikulu honetako 2. eta 3. apartatuetan adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direnean”.

Hamabi.–118. artikulua, 5. apartatua aldatzea eta 8. apartatua gehitzea. Horren ondorioz, gaur egun 5., 6. eta 7. apartatuen edukia dena, aurrerantzean, 6., 7. eta 8. apartatuena izanen da.

“5. Etendura automatikoa lortzeko beharrezkoak ez diren beste berme batzuk dituen etendura-eskaera bat izapidetzean, edo bermeak guztiz edo partzialki salbuetsita, edo akats aritmetiko, material edo egitatezkoan oinarrituta, ikusten bada epe exekutiboaren etete eskaeraren xede diren zorrak kobratzea zapuztu edo larriki zaildu daitekeela, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira zor horiek kobratuko direla ziurtatzeko.

Neurri horiek kendu eginen dira hurrengo apartatuan xedatutakoaren arabera, edo eteteko eskaera ebazteko organo eskudunak hala erabakitzen duenean.”

Hamahiru.–143. artikulua, 6. eta 7. apartatuak aldatzea eta 16. eta 17. apartatuak gehitzea. Horren ondorioz, gaur egun 6., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14. eta 15. apartatuen edukia dena, aurrerantzean, 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16. eta 17. apartatuena izanen da, hurrenez hurren.

“6. Organo eskudunak erabakiko du etete-eskaera izapidetzeko onartu ala ez artikulu honen 5. eta 9. apartatuetan aipatzen diren kasuetan, eta ez du onartuko, baldin eta ezin bada ondorioztatu etete-eskaeran aurkeztutako dokumentaziotik edo administrazio-espedientean dagoen dokumentaziotik, konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteen zantzurik dagoen edo akats aritmetiko, material edo egitatezkorik dagoen.

7. Zorra epe exekutiboan badago, etendura automatikoa lortzeko beharrezkoak ez diren beste berme batzuekin, edo bermeen erabateko edo zati bateko lekapenarekin, edo akats aritmetiko, material edo egitatezkoan oinarrituta, etete-eskaera aurkezteak ez du eragotziko Administrazioaren jarduketekin jarraitzea, hargatik eragotzi gabe eskaeraren dataren ondoren egindakoak deuseztatzea, etetea onartzen bada.”

Hamalau.–168.2. artikulua.

“2. 160.2 artikuluan aipatzen diren likidazioei dagokienez, III. tituluko III. kapituluko 2. eta 3. ataletan araututako erantzukizun- eta ondorengotza-araubidea ere aplikatuko zaie, hurrenez hurren.”

Hamabost.–Hemezortzigarren xedapen gehigarria, 1. apartatua, d) letra gehitzea eta azken paragrafoa aldatzea:

“d) Atzerrian kokatuta dauden diru birtualei buruzko informazioa, baldin eta horien titularra bada, edo onuradun edo baimendu izaera badu, edo bestela erabiltzeko ahalordea badu, eta pertsona edo erakunde batzuek zaintzen badituzte, hirugarrenen izenean pasahitz kriptografiko pribatuak gordetzeko zerbitzuak ematen dituztenak, diru birtualak mantentzeko, biltegiratzeko eta transferitzeko.

Apartatu honetan aurreikusitako betebeharrak benetako titularrak direnentzat ere izanen dira, Kapital Zuriketari eta Terrorismoaren Finantzaketari Aurrea Hartzeko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4.2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.”

Hamasei.–Hemezortzigarren xedapen gehigarria, 2. apartatua, d) letra gehitzea:

“d) Atzerrian kokatutako diru birtualei buruzko informazioa emateko betebeharra betetzen ez den kasuan, zehapena 5.000 euroko diruzko isun finkoa izanen da aitorpenean agertu beharreko diru birtual bakoitzari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko, diru horiek banaka hartuta haien motaren arabera, baita modu ez osoan, zehaztu gabe edo faltsututa agertuta ere; gutxienez, 10.000 euro izanen dira.

Zehapena 100 eurokoa izanen da diru birtual bakoitzari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko, diru horiek banaka hartuta haien motaren arabera, eta gutxienez ere 1.500 eurokoa, aitorpena epetik kanpo aurkeztu bada Zerga-administrazioak errekerimendurik egin gabe. Modu berean, aitorpena baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoez bestelako moduz aurkeztea zehatuko da, baliabide horien bitartez egiteko betebeharra dagoenean.”

Hamazazpi.–Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria. Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2021ean egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2021ean egiten diren eskaerei, baldin eta horren diru-bilketa kudeatzeko lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, honako xedapen berariazko hauek aplikatuko zaizkie:

Lehena.–Geroratzeetan ez da bermerik eskatuko baldin eta zorraren zenbatekoa, guztira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 51.1.b) artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa bada, betiere zerga edo geroratu beharreko zorrari dagokion kontzeptua ez badago aipatutako Erregelamenduaren 48.3 artikuluan adierazitako salbuespenen artean, maiztasuna hilerokoa bada, epea ez bada bi urte baino handiagoa, eta eskatzaileak geroratzea eskatutako zorraren 100eko 30 ordaintzen badu tramitatu aurretik.

Bigarrena.–Bai borondatezko epean bai ordainarazpen aldian egindako geroratze edo zatikatze eskaeretan, betiere geroratu edo zatikatu beharreko zenbatekoa 6.000 eurotik beherakoa bada, geroratze edo zatikatze epea hamabi hilekoa gehienez, eta maiztasuna hilerokoa, ez da bermerik eskatuko, ez eta ordainketa tramitazioaren aurretik egin beharra ere.

Hirugarrena.–Premiamendu bidez geroratu edo zatikatu beharreko zorren artean baldin badaude bide horretan berean lehenago geroratu edo zatikatutako zorrak, kitatuta daudenak, zor horien saldoaren 100eko 30, arestian aipatutako lehen xedapenean aipatzen dena, ordaintzeko eskatuko da, bai eta bete gabeko geroratze edo zatikatzean kontuan hartu ziren zorrei dagozkien ordainarazpen aldiko errekarguak eta interesak ere, osorik, horiek ordaintzeko beharra atzeratu egin baitzen geroratzea onartu zenean, 117.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zenbateko horiek exijituko dira, halaber, bermea eratzeko beharra dakarten geroratze edo zatikatzeetan, Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Geroratu edo zatikatzeko eskaeran sartutako gainerako zorretarako, baldin badago, aurreko lehen eta bigarren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Laugarrena.–Borondatezko epeko zorren kasuan, geroratze edo zatikatze eskaera automatikoki ezetsiko da baldin eta osotara kitatu gabe badaude tributu-zorren lau geroratze edo gehiago, edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste eskubide ekonomiko batzuen ordainketaren lau geroratze edo gehiago, salbu eta geroratzeko eskatutako zorrak bermatzen badira edo aurrekoak bermaturik badaude aipatutako Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50.1 eta 50.2.a) artikuluetan adierazitako berme motekin soil-soilik”.

Laugarren artikulua.–Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legea.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen manu batzuek, ondotik heldu direnek, honako testu hau izanen dute:

Bat.–25.1. artikulua.

“1. Kuota likidoa lortzen da kuota osoari sozietateen gaineko zergari ezarririko kenkari eta hobarien zenbatekoa kenduz. Hala ere, salbuetsitako jarduerei egotz dakizkiekeen gastu eta inbertsioek ez dute kenkarirako eskubiderik emanen.”

Bi.–31. artikulua.

“31. artikulua. Ekonomia-jardueren gaineko zerga.

Fundazioak salbuetsita daude haien helburu sozial edo berariazko xede diren jardueretan, baldin eta haien negozio-zifra 1.000.000 eurokoa edo gehiagokoa bada, arauz ezartzen diren terminoetan.

Negozio-zifraren zenbateko garbia zehaztuko da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.”

Bosgarren artikulua.–Nafarroako Kooperatiben Zerga Araubidea arautzen duen Foru Legea.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, Nafarroako Kooperatiben Zerga Araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen ondoren aipatzen diren aginduek testu hau izanen dute:

Bat.–27.3.a) artikulua.

“a) Kooperatiba babestuei dagokien ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala, kooperatiba horien negozio-zifra 1.000.000 eurokoa edo gehiagokoa bada.

Negozio-zifraren zenbateko garbia zehaztuko da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.”

Bi.–30.c) artikulua.

“c) Tokiko tributuak.

Kooperatiben batasunei, federazioei eta konfederazioei dagokien ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskalaren kuotaren 100eko 95eko hobaria, kooperatiba horien negozio-zifra 1.000.000 eurokoa edo gehiagokoa bada.

Negozio-zifraren zenbateko garbia zehaztuko da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.”

Hiru.–Bigarren xedapen gehigarria, b) letraren bigarren paragrafoa.

“Eraldaketarako nekazaritza-sozietateei dagokien kuotaren 100eko 95eko hobaria, sozietate horien negozio-zifra 1.000.000 eurokoa edo gehiagokoa bada.

Negozio-zifraren zenbateko garbia zehaztuko da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.”

Seigarren artikulua.–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen Foru Legea.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen lehen ataleko 15. multzoan aldaketa hauek egin dira (Ekonomia-jardueren gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onetsi zituen 7/1996 Foru Legeak):

Bat.–15. multzoaren izenburua aldatzen da:

“15. multzoa. Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta ur beroa ekoitzi, garraiatu, banatu eta merkaturatzea.”

Bi.–151. multzoko izenburua aldatzen da:

“151. multzoa. Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu, banatu eta merkaturatzea.”

Hiru.–151. multzoaren barnean epigrafe berri bat sortzen da:

“151.6 epigrafea. Energia elektrikoa merkaturatzea.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 62,20 euro.

Probintziako kuota:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 137,48 euro.

Kuota nazionala:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 137,48 euro”.

Lau.–152. multzoa aldatzen da:

“152. multzoa. Gasa fabrikatu, banatu eta merkaturatzea.

152.1 epigrafea. Gasaren fabrikazioa eta banaketa.

Kuota:

kW bakoitzeko: 15,86 euro.

152.2 epigrafea. Gasa merkaturatzea.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 62,20 euro.

Probintziako kuota:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 137,48 euro.

Kuota nazionala:

1.000 bazkideko edo gelditzen den zatikiko: 137,48 euro.

Oharra: multzo honen barnean sartuta dago gasa banatzeko sareen instalazioa.”

Zazpigarren artikulua.–Saltoki Handien gaineko Zerga.

Abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legeko hamaikagarren artikuluko zazpi b) apartatuaren azken paragrafoak honako testu hau izanen du:

“Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da, 2.000 metroko azaleraren eta produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren artean dagoen aldearen proportzioan. Azkenik, 0,9rekin biderkatuko da”.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Saltoki handien gaineko zerga.

2021eko zergaldian, produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren konputuaren ondorioetarako, ez da konputatuko aisialdiko, ostalaritzako eta ikuskizunetarako enpresek okupatutako azalera. Konputu hori abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legearen hamaikagarren artikuluko zazpigarren apartatuko a) letran ageri dena da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Jokoaren gaineko tributuak.

Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/216 Foru Legearen 9.2 artikuluaren arabera B motakoak diren makinak (saria duten joko-makinak) ustiatze kasuetan, 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion kuota behar den ehunekoan murriztuko da, eta horretarako aintzat hartuko da hiruhileko horretan zenbat denbora egon diren itxita makinak instalatuta dituzten establezimenduak COVID-19aren ondoriozko egoera epidemiologikoaren bilakaeragatik hartutako berariazko eta aparteko prebentzio-neurriak direla eta.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Etxebizitza babestuen gehieneko salmenta-prezioak 2021ean.

1. Etxebizitza babestuak eta haien eranskinak 2021ean saltzeko gehieneko salneurria zehazteko, ez da aplikatuko Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10.1.a) eta 10.1.d) artikuluan xedatutakoa.

2. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2021ean aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.266,06 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

3. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2021ean aplikatuko zaien modulu ponderatu gabea 1.215,42 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.

Laugarren xedapen gehigarria.–Araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko errenta 2021ean.

2021ean, errentamendu araubidearen behin betiko kalifikazioa eskuratu duten babes ofizialeko etxebizitzen urteko gehieneko errenta, baldin eta behin-behineko kalifikazioa Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea indarrean sartu aurretik eskatu bazen, errentamendu-kontratua sinatzen den unean bigarren eskualdaketako etxebizitzek eta lotutako eranskinek duten gehieneko salmenta prezioaren 100eko 6 adinakoa izanen da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan salbuestea COVID-19aren ondorioz emandako ezohiko laguntza jakin batzuk.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan salbuetsita egonen dira COVID-19aren ondorioz emandako honako ezohiko laguntza hauek:

a) Langile autonomoentzako laguntzak, Koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege Dekretuaren lehenengo tituluan araututakoak.

b) Honako honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak: Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren 6/2020 Foru Agindua, ekainaren 2koa, 2020rako dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Laguntzak emigrante nafarrei eta haien familiei, behin betiko itzul daitezen, itzuleraren arrazoia denean zailtasun ekonomikoak dituztela edo COVID-19ak eragin duen osasun krisiaren ondorioz lana galdu dutela”.

c) Honako honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak: Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 625/2020 Ebazpena, zezenketetarako aziendarendako laguntzak emateko oinarri arautzaileak xedatzen dituena, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko denbora esparruaren baitan, eta 2020ko laguntzen deialdia onesten duena.

d) Honako honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak: Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 22ko 358/2020 Foru Agindua, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena aparteko laguntzak emateko COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileei.

e) Honako honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 70/2020 Ebazpena, zeinaren bidez turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia onesten baita, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko.

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten dira 2020ko urtarrilaren 1etik hasita Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legearen lehenengo artikuluko seigarren apartatua, bosgarren artikuluko lehen apartatua eta bederatzigarren artikulua.

2. Indarrik gabe uzten da 2021eko urtarrilaren 1etik hasita 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 11. artikuluari bigarren paragrafo bat gehitzen zaio:

“Bereziki, izaera publikoko eskubideetatik eratorritako ordainketa-betebeharrei erantzukizun- eta ondorengotza-araubidea aplikatuko zaie, hurrenez hurren, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluko 2. eta 3. ataletan araututakoa.”

Azken xedapenetako bigarrena.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aldatzea, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Bat.–231.2. artikulua:

“2. Udalen lurzoru-ondarea osatzen duten ondasunak honela eskualda daitezke:

a) Lehiaketa edo enkante bidez besterenduz. Besterentzeko prozedura arruntak lehiaketa edo enkantea izanen dira. Hala ere, ondasunen erabilera merkataritza-jarduera edo etxebizitza libreak eraikitzea denean, besterentzea enkante publikoaren bidez eginen da. Ahal dela, enkante publikoaren prozedura aplikatuko da, orobat, ondasunei industria-erabilera ematen zaienean.

Enkante publikoaren bidezko besterentzeetan, hasierako prezioa gutxienez hirigintza-balioa izanen da, eta horri gehituko zaizkio plangintzaren, urbanizazioaren eta kudeaketaren ondoriozko kostu proportzionalak eta egokitzeko beharrezkoak diren jarduketa administratibo eta materialetatik eratortzen diren guztiak, eraiki zen urtetik iragandako urteen arabera dagokion balio-galera kenduta; teknikari aditu baten balorazioaren bitartez ere egiten ahalko da.

Enkante horretan ondasuna esleitzen ez bada edo lehiaketa hutsik gelditzen bada, salbuespenez, zuzenean besterentzen ahalko da, baldintza berdinetan egiten bada eta prezioa ez baldin bada lizitazioan ezarritakoa baino txikiagoa.

b) Irabazi-asmorik gabeko laguntza- edo gizarte-entitateei nahiz sindikatuei zuzenean besterenduz, lurren balioa baino txikiagokoa ez den prezioan, baldin eta babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak sustatzen badituzte eta sustapena bideragarria dela bermatzeko moduko eskarmentua eta bitartekoak dituztela frogatzen badute.

c) Beste administrazio publiko, erakunde publiko, ente instrumental edo sozietate publiko batzuei lagapenean emanez, eta are dohainik ere, babestutako etxebizitzak egiteko, ekipamendu komunitarioa edo erabilera publikoko nahiz gizarte intereseko instalazioak eraikitzeko.”

Bi.–237. artikulua:

“1. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten funtsak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko erakunde edo ente instrumentalei edo sozietate publikoei atxikitzen ahal zaizkie, beren xedea betetzeko kudeatuak izan daitezen.

b) Besterendu daitezke lehiaketaz edo enkantean edo zuzeneko besterentzeaz, 231. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Laga daitezke beste administrazio publiko, erakunde publiko, ente instrumental edo sozietate publiko batzuei, 231. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Kudea daitezke 239. artikuluan ezarritako azalera-eskubidearen formula erabiliz”.

Hiru.–239.1. artikulua:

“1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek, erakunde publikoek, ente instrumentalek eta sozietate publikoek azalera-eskubidea eratzen ahal dute beren jabetzakoak diren lurretan edo lurzoruaren ondare publikoa osatzen dutenetan, babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko edo gizarte intereseko beste erabilera batzuetarako. Eskubide hori azalera-hartzailearena izanen da”.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko abenduaren 29an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2016256