303. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 30a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

64/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta zitezkeen berragertzeei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ahalko dituela eta, beharrezkoa bada, neurriak gehitu, osatu edo murrizten ahalko dituela, betiere aplikatzekoa den araudiarekin bat eta bilakaera epidemiologikoa aintzat hartuta.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesi” bat ezarri zen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko; ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eten zen; mugatu egin zen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia, bai eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena ere; mugak ezarri ziren garraio publikoaren jardueran; pertsona kopuru mugatua mantendu zen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako; mugatu egin zen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo -parkeak erabiltzeko ordutegia; eten egin zen joko- eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, 2020ko urriaren 22an emandako autoaren bidez.

Geroago, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Aipatu 57/2020 Foru Aginduan, Osasuneko kontseilariak urriaren 21ean emandako horretan, ezarri zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, mugatu egin zen pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna Nafarroako Foru Komunitatean, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz. Foru dekretu horretan ezarritako neurriak luzatu egin ziren, urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez. Geroago, abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretua onetsi zen, neurri berriak ezartzen zituena, bereziki Eguberrietarako.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta zati batean aldatu zen urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezarri zen, egun hori barne, eta ezarri zen, oro bat, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, 2020ko azaroaren 4an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 16an emandako 59/2020 Foru Aginduaren bidez, zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua eta 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu ziren aipatu foru aginduko neurriak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen luzapen hori, 2020ko azaroaren 18an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan ezarritako neurri batzuk malgutu ziren. Zehazki, ostalaritza eta jatetxeen sektorearen gaineko neurriak malgutu ziren, honela: ostalaritza itxita mantendu zen, baina, salbuespenez, terrazak ireki ziren, aipatu foru aginduan ezarritako baldintzekin.

Horrez gain, edukierak, ordutegiak eta bestelakoak malgutzeko neurriak ere sartu ziren, honako hauei dagokienez: kultura, liburutegiak, haur-parkeak edo desgaitasuna dutenen edo adinekoen zentroetako egoiliarren bisitak eta ibilaldiak.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 2ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez, abenduaren 16ra arte luzatu ziren, egun hori barne, urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitaterako hartutako berariazko neurri apartekoak eta horiei egindako aldaketak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri aparteko gehiago hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz; abenduaren 30era arteko indarraldia eman zien foru aginduak, egun hori barne. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, abenduaren 15ean emandako 189/2020 autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, abenduaren 14tik 20ra bitarteko astean 622 kasu baieztatu ziren (94 kasu 100.000 biztanleko), PCR bidez edo antigeno testen bidez; hau da, aurreko astekoaren antzeko intzidentzia. Kasu berri horien %67 sintomatikoak ziren, eta %74 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren.

Transmisio eremu ohikoena etxekoa da orain ere (%46). Horren atzetik, kutsatzearen jatorria ezagutzen ez dutenena (%24), baina portzentajea jaitsi egin da. Kontaktu sozialek eragin dituzte kasuen %15. Eskola eremuan kutsatzeen %4 gertatu dira eta lan eremuan %5.

75 urtez gorakoengan, kasu berrien kopuruak %35eko jaitsiera izan du, baina %20 handitu da 5 urtetik 14 urtera artekoengan eta %11 55 urtetik 74 urtera artekoengan.

Adin taldeen tasen arteko aldeak handitu dira pixka bat. Tasa handienak 15 urtetik 34 urtera artekoen taldean (137 kasu 100.000 biztanleko) eta 35 urtetik 54 urtera artekoen taldean (112 kasu 100.000 biztanleko) daude, eta tasa txikienak, berriz, 75 urtez gorakoengan (55 kasu 100.000 biztanleko).

Abenduaren 24an argitaratutako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen hamaikagarren autonomia erkidegoa 14 egunean (195,65 kasu 100.000 biztanleko) eta hamargarrena 7 egunean (86,82 kasu 100.000 biztanleko), eta ratioa 2,25ekoa da; horrek adierazten du joerak pixka bat beherantz egin duela. 14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatua txikiagoa da Estatu osoko batezbestekoa baino (262,79 eta 125,34 kasu 100.000 biztanleko).

Lurraldearteko Kontseiluak, COVID-19aren transmisioa kontrolatu dadin erantzun koordinatua emateko, urriaren 22an hitzartu zuen jarduketa agirian zehazturiko adierazleei begiratuta, Nafarroak arrisku handiko balorazioa izaten jarraitzen du intzidentzia metatu orokorrari eta 64 urtez gorakoen artekoari dagokienez, eta arrisku ertaineko baloraziora jaitsi da ospitaleen okupazio mailaren adierazleei dagokienez.

Azken 3 asteetan metatutako intzidentzia (azaroaren 30etik abenduaren 20ra) egonkorra izan da: 7 egunean 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Azken aste honetan, ordea, hildakoen kopuruak gora egin du. Datu horiek guztiak kontuan harturik, eta bilakaera epidemiologikoari oso adi betiere, txostenean proposatzen da oraingo neurriak mantentzea hurrengo foru aginduan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, ospitalizazio arruntean eta etxekoan arreta behar duten gaixo kutsatuen kopuruak egonkortzera egin du, gorabehera txikiekin, baina maila altuan oraindik. Gorabehera horiek adierazten dute gure egoera ezegonkorra dela. 110 gaixo daude ospitaleetan, eta aktibo mantentzen dira 158 ohe, ospitalizazio arruntekoak eta etxekoak, COVID-19arekin lotutako osasun laguntzaren beharrei erantzuteko.

Ospitaleetako larrialdietan COVID-19arekin lotuta artatutako pertsonen kopurua jaisten joan da abenduaren 7ko astera arte, eta ordutik aurrera egonkortzeko joera ikusten da.

Zainketa intentsiboetako unitateetan sartzen diren gaixoen kopurua ere egonkortu da, eta kopuruetako gorabeherak arrazoi arruntengatik sartzen direnen araberakoak izaten hasi dira. 19 gaixo daude orain ZIUn COVIDaren ondorioz; abuztuan eta irailean 5etik 10era bitarte egon ziren, eta 2 gaixo uztailean.

Ospitalean hiltzen direnen kopurua ere egonkortzen ari da, gorabehera txikiekin; SARS-CoV-2a zuten 29 gaixo hil dira azken 2 asteetan ospitaleetan. 2 eta 3 asteko aldea dago komunitatean neurriak hartzen direnetik ondorioak izan arte, hau da, murrizten hasi arte kutsatutakoen kopurua, ospitaleetan eta ZIUan daudenena eta hildakoena. Era berean, 2 eta 4 aste geroago ikusten da neurriak malgutzeak arriskuko harreman sozialak areagotzea eta egoera epidemiologiko eta asistentziala okerragotzea ote dakarren, eta horrek bat egin dezake osasun sistemaren egoera ahulagoarekin, garai hauetako jaiegunak direla-eta jarduera murrizten denean.

Horri gehitu behar zaio arnasbideetako birusek urteko garai hauetan dutela hedapen handiena, bai eta SARS-CoV-2 birusaren mutazioak atzeman direla, gaitza zabaltzeko gaitasuna handitu dezaketenak.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da ahal den zuhurtzia handienarekin jokatzea indarrean dauden neurriak aldatzekotan, orain arte argi geratu baita eragin nabarmena eta azkarra dutela egoera epidemiologikoan eta asistentzialean. Neurrien aldaketek zuhurrak eta progresiboak izan beharko dute, eta monitorizatu beharko dira egoera epidemiologiko eta asistentzialean dituzten ondorioak. Zuhurtziaz jokatu beharko da egoera epidemiologikoa eta sistema asistentzialaren gaineko presioa behar beste jaitsi arte, bateragarriak izan daitezen COVID-19ak eragindako beharrei eta bestelakoei arreta osoa ematearekin.

Hortaz, bi txostenak ikusita, bidezkoa da luzatzea Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak, aipatutako ildotik jarraituz, alegia, neurriak zuhurtziaz malgutuz eta jarduera ekonomikoa bateragarri eginez, osasun publikoaren babesa bermatzen ahal den neurrian.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan; foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 14ra bitarte, egun biak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2020ko abenduaren 31n hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 28an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2016188