30. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Hautaprobetarako deialdiaren oinarriak, berdintasun teknikari lanpostua (berdintasun agentea) aldi baterako betetzeko
izangaien zerrenda osatzeko

Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2020ko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, onartu zituen Antsoaingo Udaleko berdintasun teknikari lanpostua (berdintasun agentea) aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda osatzeko hautaprobetarako deialdiaren oinarriak, jarraian transkribatzen direnak:

Lehena.–Arau orokorrak.

Honen bidez iragartzen da kontratazio administratibo bidez berdintasun teknikariaren lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketan hautaproben bidez eratzeko deialdia, Antsoaingo Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko.

1.1. Lanpostuak administrazioko B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onartutako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Antsoaingo Udalari aplika dakizkiokeen gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera; eta baita plantilla organikoan agertzen diren osagarriak ere.

1.2. Lanpostuan bete beharreko eginkizunak,guztiak ere ‘Nafarroako toki entitateetako berdintasun arloak planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko ibilbidea’ dokumentuarekin bat etorriz, oro har, honako hauek izanen dira:

–Berdintasun arloko urteko lan-plana eta haren ondoriozko jarduera zehatzak diseinatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

–Ekintza positiboak definitzea, bai eta horiek garatzeko eta ezartzeko aholkuak ematea eta lankidetzan aritzea.

–Berdintasun arloaren urteko plangintza ebaluatzea, hobetzeko arloak identifikatzea eta horiek konpontzeko bideak sortzea.

–Beste interes talde batzuei (udal arloetako teknikariak, politikariak, emakumeen elkarteak eta/edo feministak, erakundeak, etab.) berdintasunaren arloko eta Berdintasunaren Ordenantza betetzeko aholkuak eta prestakuntza ematea, beren erantzukizun eremutik.

–Berdintasun Arloak egiten duen lanaren berri ematea eta ikusaraztea.

–Beste erakunde, instituzio eta toki-erakunde batzuetako berdintasun arloekin koordinatzeko bideak ezartzea.

–Udalez gaindiko eta Europako berdintasun programetan Udalaren parte-hartzea koordinatzea eta erraztea, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta optimizatzeko.

–Lanpostuari dagokionez eta bere mailaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Bigarrena.–Betekizunak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, parte hartu nahi dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea izatea edo Europako Erkidegoak egindako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatu bateko nazionala izatea, betiere langileen zirkulazio askea aurreikusten badute.

Era berean, parte hartu ahal izanen dute Espainiako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalek eta aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude; bai eta haien ondorengoek ere, baldin eta zuzenbidezko banantzerik ez badago, eta hogeita bat urtetik beherakoak edo adin horretatik gorakoak badira eta beren kontura bizi badira.

B) Hamasei urte beteta izatea eta, hala badagokio, nahitaezko erretirorako gehieneko adina ez gainditzea.

C) Honako hauek edukitzea:

–Diplomatura, lizentziatura edo unibertsitate graduko titulu bat edo baliokidea, edo titulu hori lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ordaindu izanaren frogagiria. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

–Euskararen B2 mailako ezagutza, maila horri dagokion titulua edo ziurtagiri ofiziala aurkeztuz egiaztatua. Titulazio edo ziurtagiri hori ez dutenek eskatutako hizkuntza-mailaren proba bat gaindituta egiaztatu ahal izanen dute jakite-maila hori. Interesdunek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean eskatu beharko dute proban parte hartzea (II. eranskina).

D) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

E) Funtzio publikoak betetzeko desgaituta edo etenaldi egoeran ez egotea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez aldentzea.

Parte hartu nahi duten eta Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren estatuan Funtzio Publikoan sartzea eragozten duen diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

2.2. Oinarri honetako 2.1.c) atalean eskatutako titulazio-baldintzak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deialdi honetako 3.3 atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

2.3. Oinarri honetan jasotako eskakizun guztiak bete beharrekoak dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez ezik, hautaketa-prozedurak irauten duen bitartean eta kontratazio aldiak irauten duen bitartean.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Udaletxeko plaza 1), 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak arte; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabiliz. Eskabidea posta bulego batean aurkeztea erabakitzen bada, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Era berean, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkeztu ahal izanen da Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Erregistro hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri (www.antsoain.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskaera espezifikoa eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusitako edozein formatutan erantsi ahal izanen dira.

3.2. Eskaera-orriak II. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta Udalaren bulego orokorretan emanen dira. Gainera, Internet bidez ere eskuratu ahal izanen dira, www.antsoain.eus helbidean. Eskabideetan, izangaiek bertan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.3. Izangaiek, eskabidearekin batera, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia aurkeztu beharko dute, bai eta titulazio baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak eta lehiaketaren baremazioan kontuan hartzea nahi dituztenak ere. Horretarako, 2.1.c) oinarrian adierazitako titulazioen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean horiek lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria eta aurkeztutako gainerako dokumentuak.

3.4. Desgaitasun aitortu bat dutenek parte hartzeko eskabidearekin batera, hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora- eta baliabide-egokitzapen posibleak eskatu ahal izanen dituzte; kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, gainera, orri bereizian adierazi beharko dute zer ezgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatu dituzten.

3.5. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea ezin izanen da luzatu.

Laugarrena.–Izangaiak onartzea.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Antsoaingo Udaleko alkateak Ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta zerrenda hori Antsoaingo Udaleko iragarki-oholean eta Antsoaingo Udalaren webgunean (www.antsoain.eus) argitaratzeko aginduko du.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onartuko dira behin betiko onartutakoen zerrendak.

Baztertutako izangaiek erreklamazioak egin eta, hala badagokio, akatsak zuzendu ahal izanen dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 5 egun balioduneko epean.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarotakoan, eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, alkateak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko ebazpena emanen du, eta zerrenda hori iragarki-taulan eta Udalaren web orrian (www.antsoain.eus) soilik argitaratzeko aginduko du. Ebazpenean bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

4.3. Onartutako pertsonen zerrendan agertzeak ez du esan nahi parte hartzen dutenei deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela aitortu behar zaienik. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalaren esku dagoena aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrendak argitaratuta, dagokion jakinarazpena egindakotzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bosgarrena.–Lehiaketa fasea.

Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu, merezimenduen baremo honen arabera: Izangaiek merezimendu guztiak alegatu eta frogatu beharko dituzte, hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean. Merezimenduen balorazioa bukatu ondoren, emaitzak Antsoaingo udaletxeko iragarki-taulan eta webgunean (www.antsoain.eus) argitaratuko dira.

Fase hau ez da baztertzailea izanen, eta gehienez puntuazio osoaren %30 izanen du. Puntuazio hori honela baloratuko da:

5.1. Prestakuntza: 13 puntu, gehienez.

Berdintasun agente izatearekin lotura duten unibertsitateko graduondoko ikasketak. 20 kredituko 3 puntu emanen dira, eta gehienez 9 puntu. Ez dira baloratuko 20 kreditu baino gutxiagoko ikasketak. Gutxieneko prestakuntza hori gaindituta, 20 kreditutik beherako zatikiei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie.

Berdintasunerako agente izateko hautagaiak bukatu dituen ikastaroak, betiere administrazio publikoek antolatutakoak badira. 10 orduko 0,1 puntu emanen dira, eta gehienez 4 puntu. Ez dira baloratuko 120 ordutik beherako ikastaroak. Gutxieneko iraupen hori gaindituta, 10 ordutik beherako zatikiei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie.

5.2. Laneko esperientzia: 15 puntu, gehienez.

–Besteren kontura administrazio publikoetan administrazio- edo lan-araubidean emandako zerbitzuengatik, berdintasun teknikari gisa B mailako eginkizunak betez, 4 puntu lan egindako urte bakoitzeko (10 puntu gehienez).

Zerbitzuak eman diren administrazioaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, kontratuaren iraupena eta betetako lanpostua zehaztuta.

–Enpresa eta/edo erakunde pribatuetan besteren kontura emandako zerbitzuengatik, baldin eta B mailako funtzioak betetzen badituzte berdintasun teknikari gisa, funtzio baliokideak edo antzeko lan-kategoriak, lan egindako urte bakoitzeko 2 puntu, gehienez 5 puntu.

Lan kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Bi kasuetan, emandako zerbitzuek urte natural osoa hartzen ez dutenean, kontratuaren hasiera- eta amaiera-daten arabera proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

5.3. Atzerriko hizkuntzak jakitea: 2 puntu, gehienez.

Ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatutako Europako Erkidegoko hizkuntza bat edo gehiago jakiteagatik, 2 puntu emanen dira gehienez, honela banatuta:

–C1 mailako titulazio bakoitzeko: puntu 1

–B2 titulazio bakoitzeko: 0,5 puntu

Ez da baloratuko B2 baino maila baxuagoko ziurtagiririk.

Seigarrena.–Oposizio fasea.

Oposizio fasea hasi aurretik, euskara proba eginen da eskatutako ezagutza (B2 maila) agiri bidez egiaztatzen ez duten eta proba egiteko interesa adierazi duten izangaien artean, eskabidean hala eskatu bada. Proba hori idatzizko ariketa bat eta ahozko ariketa bat egitean datza. Ariketa horietan, eskatutako hizkuntza-mailarekiko gaitasuna edo gaitasun eza zehaztuko da. Gaitzat jotzen ez diren pertsonek ezin izanen dituzte oposizio-probak egin. Proba horren emaitzak argitaratzean, proba teorikoak eta praktikoak noiz eta non eginen diren gogoraraziko da.

Oposizio fasean bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea teoriko-praktikoa, biak baztertzaileak.

6.1. Lehen proba: proba teorikoa.

Proba teorikoa: gehienez ere ordu batean, idatziz erantzuna emanen zaio test motako 40 galderako galdetegi bati, aukerako hainbat erantzunekin. Erantzun horietako batek baino ez du balioko deialdi honetako I. eranskineko gai zerrendan jasotako gaiari dagokionez.

Proba baloratzeko irizpideak eta erantzun-aukera desberdinak dituzten galderen akatsen penalizazioa proba hasi baino lehen zehaztuko dira.

Ariketan gehienez 40 puntu lor daitezke. Ariketan 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak kanporatuta geratuko dira. Ariketa gainditu eta lehenengo proban kalifikazio altuenak lortu dituzten 20 pertsonak deituko dira bigarren probara.

Deialdi honen xede den zerrenda agortzen bada, kontrataziorako hautagairik ez dagoelako, proba praktikoa egiteko deialdi osagarriak egin ahal izanen zaizkie gutxienez 20 puntu lortzean lehenengo proba gainditu eta bigarren proba egitera deitu ez diren gainerako pertsonei.

Edonola ere, deialdi gehigarri horien ondorioz gainditu diren izangaiak lehen deialdian gainditu dituzten hautagaien ondoren jarriko dira kontratazio-zerrendan.

Proba egitean, ezinen da testurik kontsultatu, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, boligrafoa, tinta urdina edo beltza izan ezik.

Epaimahaiak Udaleko iragarki oholean eta udalaren webgunean argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia adieraziko ditu, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.2. Bigarren proba: proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoa: epaimahaiak I. eranskineko gai zerrendari buruz proposatzen dituen gai eta kasu praktikoak idatziz garatu eta ebaztea.

Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba hori egiteko.

Ariketa ahoz eta publikoki azaldu eta defendatuko du izangai bakoitzak epaimahaiaren aurrean, gehienez ere 20 minutuz, zehaztutako egunean. Egun hori Udalaren webgunean argitaratuko da. Epaimahaiak izangaiak egindako ariketari buruzko galderak egin ahal izanen ditu beste 10 minutuz.

Bigarren proba honen gehienezko puntuazioa 30 puntukoa izanen da. 30 puntu horietatik 20 idatzizko zatiari dagozkio eta 10 ahozko azalpenari. Idatzizko zatian gutxienez 10 puntu eta ahozko ariketan gutxienez 5 lortzen dituztenek gaindituko dute proba.

6.3. Proba bakoitza bukatzean, epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean. Horrekin batera, 7 egun naturaleko epea irekiko du interesa duten pertsonek erreklamazioak egiteko eta, beren eskubideen arabera, balorazioei buruz komeni zaiena alegatu ahal izateko.

6.4. Bi probetarako deialdiak deialdi bakarraren bidez eginen dira, eta parte-hartzaileek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak kanporatuta geratuko dira.

6.5. Hautaketa probak egin bitartean, desgaitasun aitortua dutenentzat eta eskabidean hala eskatu dutenentzat, proba horiek egiteko behar diren denboren eta bitartekoen egokitzapenak ezarriko dira.

Zazpigarrena.–Epaimahai kalifikatzailea.

7.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:

Presidentea: Ander Andoni Oroz Casimiro, Antsoaingo Udaleko alkatea.

Ordezko presidentea: Patricia Abad Encinas, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.

Batzordekidea: Ainara Santaquiteria Etxarri, Antsoaingo Udaleko kultura eta gizarte teknikaria.

Ordezko batzordekidea: Alfredo García-Falces Larrañeta, Tokiko Agenda 21eko arduraduna.

Batzordekidea: Idoia Goikoetxea Gómez, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikaria.

Ordezko batzordekidea: beste udal bateko berdintasun teknikaria

Batzordekidea: plantillako ordezkariek proposatuta izendatutako pertsona.

Ordezko kidea: plantillako ordezkariek proposatuta izendatutako pertsona.

Mahaikide-idazkaria: Javier Lacarra Vegas, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako eta Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Abel Álvarez Paez, Antsoaingo Udaleko kontu-hartzailea.

7.2. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak daudenean (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Halaber, epaimahaiko edozein kide errekusatu ahal izanen da zehaztutako inguruabar horiek gertatzen direnean.

Legez ezarritako abstentzio eta errekusazio arrazoiak aplikatuz epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, epaimahaia jendaurrean jarriko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia hautaketa proben aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada. Halaber, epaimahaia balio osoz eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria bertan egotea, edo, hala badagokio, haien ordezkoak.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gai guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten aholkularitza eskatu ahal izanen du. Aholkulari espezialista horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiarekin elkarlanean arituko dira espezialitate teknikoetan soilik oinarrituta.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Parte hartzen dutenen artean puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, Epaimahai Kalifikatzaileak ebatziko du, probaren lehenengo zatian lortutako nota teorikoa kontuan hartuta. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, proba praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta berdinketak jarraitzen badu, zozketa eginen du epaimahai kalifikatzaileak. Emaitzak Antsoaingo Udalaren webguneko deialdiaren berrietan eta iragarki oholean argitaratuko dira.

8.2. Proben kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Antsoaingo udaletxeko iragarki-oholean eta webgunean (www.antsoain.eus) argitaratuko du probak gainditu dituzten pertsonen zerrenda, osotara lortutako puntuazioaren arabera.

Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditu, edo, hala egiaztatuta, izangaiak uko egiten badio Administrazio deitzaileak kontratatua izateari, Udalak egin nahi duen kontratazioa formalizatu ahal izanen du, hautaketa-prozesuan lortutako azken puntuazioaren hurrenkera zorrotzaren arabera, oposizioaren ariketa teorikoa gainditu duenarekin.

8.3. Gaindituen zerrenda tokiko gobernu-batzarrari helaraziko zaio onar dezan, lortutako puntuazioaren arabera eta hautaketa prozesuaren espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako deia.

9.1. Onartutako izangaiei dei egin ahal izanen zaie Antsoaingo Udalean sortzen diren beharren arabera, deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

9.2. Deialdia egiteko, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoa, desgaitasuna duten pertsonen enplegu publikorako sarbideari dagokionez. Antsoaingo Udalak egiaztatuko du dagozkion zereginak eta funtzioak betetzeko bateragarritasuna.

9.3. Harremanetan erraz jarri ahal izateko, izangaiek gutxienez harremanetarako telefono bat (beste telefono batzuk ere jakinaraztea eragotzi gabe) eta posta elektronikoko helbide bat jakinarazi beharko dituzte, eta informazio hori etengabe eguneratuta eduki beharko dute.

9.4. Lanpostu bat aldi baterako kontratatu behar denean, une horretan eratutako zerrendako lehen tokian dagoen izangaiari deituko zaio. Telefono bidezko komunikazio bidez bi lokalizazio saiakera eginen dira ondoz ondoko bi lanegunetan, eta deialdi bakoitza jasota utziko da data, ordua eta dagozkion inguruabarrekin.

Izangaia aurkitzeko telefono bidezko lehen saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbidera. Bidalketa elektroniko horretatik egun bateko epean erantzunik jasotzen ez bada, eta telefonoz harremanetan jarri ezin bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio.

Izangairen batekin harremanetan jarri eta kontratazio eskaintzaren bat egin ondoren ez badu erantzuten edo eskaintza horri uko egiten badio, zerrendako azken lekuan geratuko da, salbu eta justifikatutako arrazoiren batengatik uko egiteko kasuren batean dagoela egiaztatzen badu, atal honetan xedatutakoaren arabera: 9.6 atala.

9.5. Pertsona bat aurkitu ezin denean, zerrendan bere lehentasunari eutsiko dio, eta zerrendako hurrengoarekin edo hurrengoekin harremanetan jarriko da eskainitako lanpostua bete arte.

Izendapen hori egin ondoren, toki-erakunde eskatzaileak proposatutako hautagaia aldi baterako kontratatuko du.

9.6. Eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatutzat hartuko dira honako hauek, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan lehentasun-ordena aldatzen ez dutenak:

A) Aldi baterako ezintasuna.

B) Amatasun edo aitatasun baimena.

C) Hiru urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat edo hiru urte baino gutxiagoko adingabe bat zaintzea, harrera iraunkorrean edo adopzioan.

D) Odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senide bat zaintzea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatu ezin dena.

E) Ezkontza propioa edo antzeko egoera, bikote egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, baldin eta eskainitako administrazio-kontratazioaren hasiera data hura eratu aurreko edo ondorengo hamabost egun naturalen barruan badago.

F) Kontratazio bat indarrean izatea, administrazio- edo lan-araubidean.

Zerrendatutako egoeraren batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko dute, uko egiten dioten lanpostuaren kontratazioa eskaini zaienetik 7 egun naturaleko epean; kasu horretan, zerrendan duten leku berean geratuko dira.

Kontratazio-eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua egiaztatzen duen dokumentazioa epe barruan aurkezten ez bada, zerrendako azken postuan geratuko da.

Uko egite justifikatuaren kasuetan, idatziz jakinarazi beharko dute zerbitzua emateko prest daudela, uko egiteko arrazoiaren amaiera datatik aurrera. Jakinarazpen hori jasotzen ez den bitartean, ez zaio lan eskaintzarik eginen izangai horri.

9.7. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako kasu hauetan daudenak:

A) Kontratazio-eskaintza onartu ondoren, dagokion kontratua ez sinatzea hautagaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

B) Sinatutako kontratuari uko egiteagatik, beste erakunde publiko edo pribatu batekin beste kontratu bat izenpetzeagatik izan ezik. Uko egitea formalizatu eta 7 egun naturaleko epean egiaztatu beharko da hori, agiri bidez eta modu frogagarrian. Kasu horretan, izangaiak zerrendako azken lekua hartuko du.

C) Lanpostua uztea.

D) Probaldia ez gainditzea, baldin eta dagokion kontratuan aurreikusita badago.

E) Izangaiak emandako telefonoetara edo helbide elektronikoetara urtebetez behin eta berriro kontratatzeko deia izangaiak erantzun gabe egin izanaren ondorioz.

F) Behar bezala onartutako desgaitu izaera izatea eta, desgaitasunaren ezaugarriak direla-eta, kontratua eskaintzen den lanpostuaren baldintza espezifikoekin bateraezina izatea.

9.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak Alkatetzaren ebazpen bidez baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, eta dagokion deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

A) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko dagokion salan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio-egintzaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, errekurtsoa jartzeko asmoa aldez aurretik jakinarazita hura egin duen organoari; edo, bestela,

B) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den aplikazio-egintzaren jakinarazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

C) Berraztertzeko errekurtsoa organo emaileari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio deialdia egin duen udal-organoari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako.

2. 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzkoa.

3. 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

4. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

5. Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen ekintza-plana.

6. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa.

7. 260/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onartzen dituena.

8. Nafarroan emakumeen kontrako indarkeriaren aurka koordinatzeko erakunde arteko III. akordioa.

9. Nafarroako emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa. Profesionalentzako gida. Nafarroako Berdintasunerako Institutua 2018.

10. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko protokoloak egiteko gida. Nafarroako Berdintasunerako Institutua.

11. Genero berdintasuna Nafarroako toki erakundeetan. Udaletako berdintasun arloen lana planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko ibilbidea.

12. Udaletako berdintasun arloetako lanaren planifikazio, kudeaketa eta ebaluazio ibilbidea eraginkortasunez komunikatzeko plana.

13. Antsoaingo emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako plana eta Antsoaingo Udalaren emakumeekiko indarkeriaren aurkako tokiko jarduketarako I. protokoloa.

14. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Antsoaingo Udalaren Ordenantza (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 134. zk., 2019ko uztailaren 11koa).

15. Genero berdintasuna garapen iraunkorrerako 2030 Agendan.

16. Antsoaingo Udala. Udal-antolaketa. Udal-eskumenak. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzordea. Udal aurrekontua eta plantilla organikoa. Antsoaingo Udalaren euskararen Ordenantza.

17. Jai-guneetako eraso sexisten prebentziorako eta arretarako Antsoaingo Udalaren Tokiko Protokoloa.

18. Sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horren aurka jarduteko Antsoaingo Udalaren Protokoloa.

19. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

II ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Argitaratzen da orok jakin dezan.

Antsoainen, 2020ko urtarrilaren 24an.–Alkate udalburua, Ander Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L2001201