30. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariak emana, 2020ko deialdia onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen, Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko, aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan garatu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Besteak beste, aipatzen du beharrezkoa dela homologaturiko prestakuntza ikastaro bat egitea, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probek honako hauei buruzko ezagutzak jasotzea: ehizaren lege arloko alderdiak, basa faunari buruzko ezagutza, ehizari eta segurtasunari buruzko metodoak, eta ehizarako arteak eta bitartekoak eta horien erabilera.

Aipatutako xedapenak betez, behar diren deialdiak eta baldintzak ezarri behar dira, ehizan lehenbizikoz aritu nahi dutenek frogatu ahal izan dezaten badituztela aldez aurretik behar diren ezagutzak, ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.

Horrenbestez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenak ematen dizkidan eskumenak erabiliz (ebazpen horren bidez, besteak beste, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen zaizkio Ingurumeneko zuzendari nagusiak zituen zenbait eskumen),

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2020ko deialdiak onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 22an.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.

ERANSKINA

2020ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko
ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko
beharrezko gaitasun probak egiteko

1.–Xedea.

Deialdi hauen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehizarako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.–Izen-ematea.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko –lehenbiziko edo bigarren deialdian– izena emateko epe bakarra izanen da, eta 2020ko martxoaren 16an bukatuko da.

2.2. Izena emateko aurkeztu behar diren agiriak.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa. Ikastarora edo azterketara ez joateak ez du tasa itzultzeko eskubiderik sortuko.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

3.–Onartuen zerrendak.

2020ko martxoaren 30etik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko, bai eta azterketa lehenbiziko deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2020ko maiatzaren 24tik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, zehaztuta hori egiteko tokia, data eta ordua, izangai bakoitzeko.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere kontsultatzen ahal dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

4.–Prestakuntza ikastaroa.

“Nafarroako ehiztarien azterketa prestatzeko eskuliburuak (2013ko bertsioa)” eta “galderen liburuak (2016ko bertsioa)” dituzten edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako, aldean eraman beharko dira NANa, papera eta boligrafoa. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer egunetan eta ordutan agertu behar duen.

2008tik aurten arte doan tartean prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa berriz egin behar.

Zer toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

–Tokia: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekitaldi Aretoa (González Tablas kalea 9, 31005, Iruña).

–Egunak eta orduak:

  • 2020ko apirilaren 17a (ostirala): 16:00etatik 21:00etara eta/edo
  • 2020ko apirilaren 18a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.
  • 2020ko maiatzaren 8a (ostirala): 16:00etatik 21:00etara eta/edo
  • 2020ko maiatzaren 9a (larunbata): 09:00etatik 14:00etara.

Izangai bakoitzak saio bakarrera joan beharko du. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balio du.

Bertaratzen diren izangaiek ikastaroan parte hartu izanaren frogagiri bat jasoko dute, azterketa egiteko beharrezkoa dena.

5.–Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketan test moduko 30 galdera izanen dira, teorikoak, epaimahai kalifikatzaileak aldez aurretik aukeratuak 500 galderaren artean.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren web-orritik (www.nafarroa.eus) deskargatzen ahal dira.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Erantzuna okerra baldin bada, zerorekin baloratuko da.

Gutxienez ere 23 puntu lortzen dituzten izangaiek gaindituko dute proba.

5.3. Azterketen egunak:

–Lehendabiziko deialdia: 2020ko maiatzaren 22a eta/edo 23a.

  • Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

–Bigarren deialdia: 2020ko ekainaren 5a eta/edo 6a.

  • Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zer tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Azterketara, aldean NANa eta boligrafoa dutela agertu beharko dute izangaiek. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.–Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2; Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Idoia Alfaro Piñero andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Ataleko burua.

Ordezkoa: Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen mahaikidea: Javier Forcada Melero jauna, Ehiza Ataleko teknikaria.

Ordezkoa: M.ª Julia Palacios Ferrer andrea, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko teknikaria.

Bigarren mahaikidea: César Martínez Eslava jauna, Ehiza Ataleko teknikaria.

Ordezkoa: Alejandro Esquíroz Tainta jauna, Ehiza Ataleko teknikaria.

Idazkaria: Tania Bernaldo de Quirós Miranda andrea. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Ana Isabel Goldáraz Arrondo andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

Eskaera, ehiztariaren azterketaren 2020ko deialdian izena emateko(PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2001110