275. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VALTIERRA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren azaroaren 6ko 232/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen Valtierrako Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko funtzionarioen bi lanpostu, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta jarraian ematen diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Valtierrako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu, funtzionario araubidekoak.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan D mailari dagokion ordainsaria izanen dute lanpostuek, bai eta Valtierrako Udaleko plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak ere, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie.

1.3. Lanaldi osoa bete beharko da, zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostuak betetzeko, hautatuak diren izangaiek lanpostua betetzen ez ote duten; eta, bigarrenik, itxaron zerrenda eratzeko, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar ote dituen. Halakoetan, hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz eginen da kontratazioa.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen dituzte, zehatz-mehatz ez bada ere, honako hauek:

–Zerbitzu anitzak, instalazio eta obretako mantentze lan orokorren lantaldearen jarduerekin lotutakoak, eta halakoen jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak, oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.

–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Jai eta ekitaldi publikoetan, muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta gainerakoak.

–Ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea, baldin bere mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaintzeko eta mantentzeko oinarrizko lanak egitea.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Valtierrako Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Valtierrako Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Valtierrako Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta akatsen berri ematea arduradunari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Ezagutzea eta aplikatzea bere lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruz.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

1.6. Lanpostuak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte deialdi honetan, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izatea DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Gidabaimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

2.2. Hirugarren oinarrian ezarritakoa izan ezik, arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, baita hautapen prozesuan eta kontratazioa egiten den unera arte ere.

3. oinarria.–Eskabideen aurkezpena eta tasen ordainketa.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Valtierrako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztuko dira honako agiri hauek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Eskatutako ikasketen tituluaren fotokopia, egiaztatu ahal izateko jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko baita, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

d) Izangaiaren gidabaimenaren fotokopia konpultsatua; gutxienez B motakoa behar du.

e) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25,00 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideengatiko tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa hori ordaintzeko, Valtierrako Udalaren edozein kontu zenbakitan sartu beharko da dirua. Hona hemen: Nafarroako Rural Kutxa: ES27 3008 0016 1707 0103 6725; Caixabank: ES12 2100 5009 6921 0011 2750.

3.2. Minusbaliotasunen bat dutenek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, haien beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Valtierrako Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Valtierrako Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.

Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Manuel Resa Conde, Valtierrako Udaleko alkatea

Ordezkoa: Angel Felipe Sáenz, Valtierrako Udaleko lehen alkateordea

1. epaimahaikidea: Matilde Jiménez Ochoa, Valtierrako udal arkitektoa

Ordezkoa: Lourdes Porquet Ferrer

2. epaimahaikidea: Tomás Carcavilla Vázquez, industria ingeniari teknikoa

Ordezkoa: Carlo Carnevale Schianca, industria ingeniaria

3. epaimahaikidea: Blanca Esther Pérez Rodrigo, langileen ordezkaria

Ordezkoa: Carlos Chivite Espuelas, langileen ordezkaria

Idazkaria: Javier San Miguel Puig, Valtierrako Udaleko idazkaria

Ordezkoa: M.ª Carmen Chueca Murillo, Castejongo Udaleko idazkaria

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

6.3. Oposizio-lehiaketako gehieneko balorazioa 100 puntu izanen da osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.

7. oinarria.–Lehiaketaldia

7.1. Lehiaketaldian 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez ere, eta ez da baztertzailea izanen.

Epaimahaiak izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu II. eranskineko baremoari jarraikiz.

Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak. Agiri horiek jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.

7.2. Merezimenduen balorazioa burututa, eta oposizioaldia hasi aurretik, izangai bakoitzak lorturiko puntuazioa argitara emanen da, Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

8. oinarria.–Oposizioaldia

8.1. Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen test bat egin beharko da, III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen proba praktiko bat egin beharko da, III. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

–Hirugarren proba: elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketa epaimahaikoekin izanen da. Aurreko bi ariketak gainditu dituztenei elkarrizketa eginen zaie. Ez da baztertzailea izanen eta lanposturako eginkizunekin zerikusia duten aferei buruz eta izangaiek lan hori betetzeko dituzten gaitasunei buruz izanen da. Elkarrizketagatik, gehienez ere 10 puntu emanen dira.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, azterketa gainditu duten izangaien eta haien kalifikazioen zerrenda argitara emanen du epaimahaiak, Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan. Halaber, hurrengo ariketa noiz eta non eginen den zehaztuko da.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, probak gainditu dituztenen zerrenda eginen du epaimahaiak, puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duten izangaiak izendatzeko proposamen loteslea eginen dio alkateari. Proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Valtierrako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

2.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

3.–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten aipatu agiri horiek, ezin izanen da izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra.

9.5. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatuz gero, buruak hutsunea beteko du gainditu dutenen zerrendan, 9.1 oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin. Harekin ere aurreko ataletan adierazi den bezalaxe jokatuko da.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea

10.1. Hautapen prozesua bukaturik, eta izangaiak aurreko 9.3 oinarrian aipatutako agiriak aurkezturik, proposatutako izangaiak Valtierrako Udaleko zerbitzu anitzetako funtzionario izendatuko ditu Alkatetzak.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan jabetzarik hartzen ez bada, izendapenak lekarzkeen eskubide guztiak galduko dira, 9.4 atalean ezarritako moduan eta ondorio berekin. Halakorik gertatzen bada, 9.5 oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

11. oinarria.–Datuen babesa

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, izangaiei jakinarazten zaie honako hau:

–Valtierrako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez, azken horretan informazio gehiago dago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12. oinarria.–Errekurtsoak

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen kontra honako errekurtso hauetakoren bat jartzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Valtierrako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Valtierran, 2020ko azaroaren 10ean.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

I. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A.–Laneko esperientzia (10 puntu gehienez).

1. Administrazio publiko batean zerbitzu anitzetako langile gisa edo lanpostu honekin zerikusia dutenetan (D maila) aritutako urte bakoitzeko: puntu 0,5, eta gehienez ere 5 puntu.

2. Titulartasun publiko nahiz pribatuko enpresa batean zerbitzu anitzetako enplegatu edo edo lanpostuarekin zerikusia duten lanetan aritutako urte bakoitzeko: 0.5 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (gehienez ere 10 puntu).

Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duen prestakuntza, 30 ordutik gorakoa: 0,5 puntu. Gehienez ere 10 puntu.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.

Aurreko ataletako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa publiko edo pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Frogaturiko esperientzia-aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hilabete bat osorik beharko da gutxienez.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kasuan kasuko proportzioaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Valtierrako udalerria: kaleak, auzoak, alderdiak, ubideak, erretenak eta komunikazio bideak.

2.–Udalaren instalazioak, eraikinak eta zerbitzuak.

3.–Valtierrako industrialdeak eta abeltzaintza eremuak.

4.–Valtierrako Udala. Osaera. Osoko Bilkura. Alkatea. Bilkuren araubidea. Egintzak eta ebazpenak jakinaraztea.

5.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, txostena, proiektu teknikoa, memoria tekniko baloratua, akta eta bandoa. Administrazio egintzen jakinarazpena.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionarioak.

7.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

8.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...).

9.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

10.–Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

11.–Iturgintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

12.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

13.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, kolak...).

14.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

15.–Herriko argien instalazioak. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.

16.–Barruko instalazioak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

17.–Kloratzaileen funtzionamendua.

18.–Lorezaintzako eta mendiko lanetako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra...). Kaleak eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

19.–Garbiketako eta pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea (pintura eta berniz motak, brotxak eta arrabolak), baita hondakinak kudeatzea ere.

20.–Igeltserotzako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak.

21.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L2013431