269. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTIKA

Kontzejuaren ordenantza fiskala, kirol eremu irekien erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Artikako Kontzejuak, 2020ko irailaren 9an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Artikako Kontzejuaren kirol eremu irekien erabilera arautzen duen ordenantza fiskala. Iragarkia 2020ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 7an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Artikan, 2020ko azaroaren 4an.–Kontzejuko burua, Cristina Recalde Vallejo.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ARTIKAKO KONTZEJUAREN KIROL EREMU IREKIEN ERABILERA

1. artikulua. Kirol eremuak.

Artikako Kontzejuko kirol eremuak kontzejuaren ondasunak dira, erabilera eta zerbitzu publikoari lotuak, eta batez ere erabiltzen direnak kirol, kultura eta gizarte helburuetarako.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede du arau multzo bat ematea, Artikako Kontzejuaren ondasun (ondare-ondasunak eta herri-ondasunak) diren kirol eremu irekietan egiten diren kirol, kultura, gizarte eta josteta arloetako jarduerak planifikatzeko, onura hauek lortzearren:

a) Eremu horiek era egokian eta ordenatuan baliatzea, herritar guztiek haiek erabiltzeko aukera berak izan ditzaten.

b) Eskura dauden giza baliabideak zein materialak erabat aprobetxatzea.

3. artikulua. Eginen diren jarduerak.

Jarduera edonolakoa dela ere, Artikako Kontzejuak, Berriobeitiko Udalarekin koordinatuta, eginen ditu esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta bere eskumenekoak badira.

4. artikulua. Artikako Kontzejuaren eskumenak.

Kontzejuko Batzarrari honako hau dagokio:

a) Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.

b) Kontzejuan kirol jarduerak sustatzea, ikuspegi zabal batekin koordinatuz egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak, beste erakunde eta administrazio publiko batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Kirol eremuak erabiltzeko baldintzak onestea eta ezartzea ordutegiari, erabilerei eta jarduera baimengarriei dagokienez. Jarduerok indarrean dagoen araudian ezarritako erabilera arauak bete beharko dituzte, eta, batez ere, zaratari buruzko legedian ezarritakoa.

d) Kirol amateurra bideratzea eta sustatzea, eta kirola sustatzea herritarren artean.

e) Berriobeitiko Udalarekin koordinatuta, zehaztea urtero behar diren kredituak, inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta Kontzejuaren eremuetako gastu arruntei aurre egiteko.

f) Haiek erabiltzeko prezio publikoak eta tasak finkatzea.

g) Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea.

h) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

i) Legeetan berariaz adierazitako gainerako eskumenak eta Kontzejuko buruak esleituta ez dituenak.

5. artikulua. Kontzejuko buruaren eskumenak.

Kontzejuko buruak edo hark eskuordetutako pertsonak eskumen hauek izanen ditu:

a) Instalazioak zuzentzea eta zaintzea eta bertako zerbitzuak antolatzea.

b) Instalazioen erabilera koordinatzea, baita kirol eta kultura jardueren programak ere, eta instalazioak erabiltzeko baimenak ematea, bai kirol entitateei bai kultura edota eskola arlokoei eta entitate sozialei.

c) Kontzejuko Batzarrari proposatzea, onets dezan, instalazioak erabiltzeko ordutegia eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak finkatzeko erabakia, arrazoiak emanez. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

d) Gastuak xedatzea, betiere bere eskumenen eta aurrekontuetan onartu diren kredituen barrenean.

e) Legez ezartzen diren tasak eta prezio publikoak jasotzeko baimena ematea.

f) Jarduerak ikuskatzea eta ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzea; hori guztia, Kontzejuaren ondarea administratu eta zaintzearen gainean dauzkan berezko eskumenen barruan.

6. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

Erabiltzaileek eskubidea dute instalazioak erabiltzeko, kontuan izanik haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauak.

–Erabiltzaile orok eskubidea du egoki iruditzen zaizkion erreklamazio eta iradokizunak egiteko arduradunari edo, idatziz, Kontzejuko buruari.

–Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute Kontzejuaren eremuak osatzen dituzten ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko.

–Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren ordezkari legalak konponduko ditu.

–Kontzejuak auzibidera jo dezake kalteak eta balizko kalte-ordainak erreklamatzeko.

–Erabiltzaileek erabiltzen duten materiala jarri eta jaso beharko dute, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.

–Instalaziotik ateratzeko aginduko zaie ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan Kontzejuaren eremuan dauden pertsona edo gauzak errespetatzen ez dituztenei.

7. artikulua. Jarduerak eta erabilerak.

Eremuak kirola eta, inoiz, beste jardueraren bat egiteko erabiltzen dituzten entitateak, eskolak, elkarteak eta lagun-taldeak honela sailkatzen dira:

–Ohikoak: beren jarduna denboraldi zehatz baterako programatua dutenez, eremuak aldizka edo sarri erabiltzen dituztenak. Horretarako, 9. artikuluan xedatutako baimena eduki beharko dute.

–Noizbehinkakoak: eremuak noizean behin edo modu puntualean erabiltzen dituztenak.

Kirol instalazioak aisialdirako erabili ahal izango dira, bai kirolerako, bai jolaserako. Beraz, ezin da lehiatzeko helburuarekin jokatu. Baloiak, irristailuak, bizikletak eta bestelako kirol objektuak erabiltzea dago.

8. artikulua. Jardueretarako baimenak eta jardueren koordinazioa.

Kontzejuaren eremuek ordutegi hau daukate: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara astelehenetik igandera.

Kontzejuko Batzarrak barne araudi bat zehaztu eta onets dezake kirol eremu bakoitzerako, eta bertan beste ordutegi bat finkatu. Edonola ere, ordutegiak aipatutako tarte horien barruan egon beharko du.

Debekatuta dago eremu horiek erabiltzea berariazko araudian ezarritako ordutegitik kanpo, salbu eta zuzenbide publikoko erakunde eskudunak horretarako baimena ematen badu.

9. artikulua. Kirol eremuak erreserbatzea.

Kontzejuko buruak aldez aurretik eta idatziz emandako baimena beharko da ohiko eta noizbehinkako erreserbetarako. Baimena ezin da izan urtebete baino gehiagorako, bidezko diren berritzeak deusetan ukatu gabe.

Denboraldiaren hasieran, baimena eskatzearekin batera, kirol, kultura eta eskola arloetako entitateek edo klubek idatziz jakinaraziko diote Kontzejuari, betiere hamabost egun lehenagotik, ekitaldi, entrenamendu edo entseguen egutegia, jarduerak koordinatzeko, instalazioak modu arrazoizkoan eta ordenatuan erabiltzearren eta horiek hobeki aprobetxatu eta kontrolatzearren. Bertan zehaztuko dituzte egunak, ordutegia eta egin nahi duten kirol edo jarduera mota. Horretarako “Espazioak lagatzea” deritzon agiria erabiliko dute; www.concejodeartica.es web-orrian dago eskuragarri, “Tramiteak” aukeran.

–Elkarte izaera ez duten taldeek noizbehinkako erreserbak edo erreserba puntualak besterik ezin dituzte egin.

–Egun eta ordutegi bereko jardueren kasuetan, entitateetako arduradunei dei eginen die Kontzejuko buruak, gertatutako arazoari konponbidea emateko. Interesdunei entzun eta gero, hari dagokio, azken finean, jarduketak ebatzi eta baimentzea.

–Kontzejuak berak antolatzen dituen jarduerek lehentasuna izanen dute gainerako jardueren eta entitateen aurrean.

–Lehentasuna izanen dute, halaber, Berriobeitiko zendea osoko kirol eta kultura arloetako entitate, elkarte eta klubek.

–Kontzejuaren baimena jasotzen duten jardueren ordutegiak ezarri ondoren, gainerako orduak nahi eran erabiltzeko gelditzen dira.

–Lagun talde bakoitzak gehienez ordubetez erabil dezake, salbu eta berariazko baimen batek luzerako erabiltzen uzten badu arrazoitutako inguruabarrak direla-eta.

Halako jarduera zehatz baterako erabiltzeko aurreikusi eta baimendutako denbora iraganda, erabiltzaileek pista utzi beharko dute, ondotik beste jarduerarik bada edo beste jende talde bat zain badago.

–Eremua zonaldeka banatuta baldin badago, jarduera desberdinak aldi berean egin daitezke.

–Nolanahi ere, sen onak aginduko du, denok disfrutatzeko.

–Kasu berezietan, Kontzejuko Batzarrak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabiltzeko baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Kontzejuak antolatu ekintzak gauzatu nahi badira.

Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutxienez 10 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena beste egun edo ordu batera aldatuko da.

10. artikulua. Tasak.

Eremuak erabiltzeko baimena izateko, tasa edo prezio publikoa ordainduko da aldez aurretik, Kontzejuko Batzarrak hala erabakitzen badu.

Behin baimena lortutakoan, eremuak ez erabilita ere, prezio publikoa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

Prezioak urtero argitaratuko dira Kontzejuaren web-orrian.

11. artikulua. Kirol eremuak mantendu eta zaintzea.

–Instalazioak mantendu eta zaintzea: Artikako Kontzejuak instalazioak zainduko ditu eta segurtasunari eta osasungarritasunari lotutako baldintzak bermatuko ditu.

–Kirol eremuak mantentzeaz arduratzen direnek emandako jarraibide eta arauak bete beharko dira uneoro. Kontzejuari jakinaraziko zaizkio atzematen diren anomaliak edo kalteak, baita jardueretan era normalean arituta egiten direnak ere.

12. artikulua. Publizitatea kirol-eremuetan.

Eremu horietan publizitate finkoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu eta dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko da.

Ezin da estalitako eremuen kanpoko parametroetan publizitate finkoa ezarri, ez eta edozein publizitate euskarri ere, duen forma, kolore, marrazki edo hitzengatik bertako seinaleekin nahas badaiteke, ikustea eragotz badezake edo ikusleen nahiz erabiltzaileen segurtasunari kalte egin badiezaioke.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

–Arau-hausteak eta zehapenak: Kontzejuko buruari dagokio erabiltzaileendako zehapen neurriak proposatzea, erregelamendu hau bete dadin, eta kirol eremuen barneko Kontzejuaren ondasunak begiratu beharrez. Zehapen neurriok Kontzejuko Batzarrak onetsi beharko ditu. Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea ekar dezakeen edozein egintza, eta apartatu honetan aurreikusitako zehapenak jartzea dauka berekin.

–Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

a) Arau-hauste arinak dira:

1. Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

2. Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

3. Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz hutsegite astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

  • 100dik 300 eurora bitarteko isuna.
  • 15 egunez galtzea denbora tarte horretarako izango lituzkeen erabilera eskubide guztiak.
  • Arau-hauste arintzat hartutako egintzen ondorioz kirol eremuetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da. Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

b) Arau-hauste astunak dira:

1. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

2. Beste erabiltzaile baten kontrako liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea.

3. Instalazioak hondatzen dituzten produktuak sartzea kirol eremuetan.

4. Kirol eremuak nahita zikintzea edo hondatzea.

5. Hiru arau-hauste arin egitea.

6. Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

7. Kirol eremuko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

8. Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

  • 301etik 600 eurora bitarteko isuna.
  • 6 hilabetez galtzea denbora tarte horretarako izango lituzkeen erabilera eskubide guztiak.
  • Arau-hauste astuntzat hartutako egintzen ondorioz kirol eremuetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da. Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

c) Arau-hauste oso astunak dira:

1. Kirol eremuaren barrenean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki hondatzen dituzten jarduketak.

2. Kirol eremuen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

3. Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

4. Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

  • 601etik 1000 eurora bitarteko isuna.
  • Kirol instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, erabilera eskubide guztiak galduko ditu.
  • Arau-hauste oso astunen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpen bidetik erreklamatu ere. Arau-hauste eta zehapen oso astunek 3 urtera preskribatuko dute.

Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eska dakioke bestelakotutako egoera lehengoratzeko, baita kalte-ordaina pagatzeko ere egindako kalte-galerengatik.

Kalte-ordaina ez bada pagatzen hura kitatzeko jarritako epean, zenbatekoaren arabera jarritako horretan alegia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 101. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Errekurtso horiek ebazten diren arte, kirol eremura sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 13 artikulu eta azken xedapen bat ditu, eta indarra hartuko du Artikako Kontzejuak behin betikoz onetsi ondoren, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2013103