269. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

672/2020 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez luzatzen eta zati batean aldatzen baitira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez hartutako neurriak; ebazpen horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horrek aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi zituen. Besteak beste, “osasun-hesi” bat ezartzen zen, Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko. Gainera, eta berariaz kirol arlorako, mugak ezarri ziren kirol instalazioen erabileran eta erabiltzeko ordutegian.

Neurri horiek errespetatuta, Nafarroako Kirolaren Institutuak, zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitatean garatzen ziren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Neurriok Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 659/2020 Ebazpenaren bidez luzatu dira 2020ko azaroaren 10era arte, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Horretaz guztiaz gain, adierazi behar da ezen, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu dela SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari.

Eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, salbuespenak salbuespen.

Lehendakariak hartutako neurriak 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu dira (egun hori barne), Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez.

Egun berean, Osasuneko kontseilariak azaroaren 4ko 58/2020 Foru Agindua eman zuen, zeinaren bidez luzatu eta zati batean aldatu baitzen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan ezarritako neurriek 2020ko azaroaren 18ra arte izanen dute indarra (egun hori barne).

Egun, SARS-CoV-2a dela-eta dauden kasuen eta ospitaleratzeen kopurua egonkortu da aurreko asteen aldean, eta, areago, hasi da mantsotasunez behera egiten. Nolanahi ere, eguneroko kutsatzeen kopurua handia da oraindik, eta ospitaleek duten presioak bere horretan jarraitzen du; hortaz, beharrezkotzat jotzen da beste behin luzatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenean kirol arlorako hartutako neurriak. Dena dela, bidezkoa da neurri horietako batzuk aldatzea eta argitzea, kirol jarduera irekiagoa eta malguagoa izan dadin, betiere errespetatuz Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak eta osasun-agintaritzek ezarritako esparrua.

Hartara, aurreikusten da entrenamendu osoak aire zabalean egitea, parte-hartzaileak seinaka banatzeko beharrik gabe. Orobat, gehieneko kirolarien kopurua ezartzen da Nafarroako kirol federazioek antolatutako txapelketetan parte hartzeko. Gainera, aurreikusten da Osasun Departamentuak edo Nafarroako Kirolaren Institutuak (segun aire zabalean edo leku itxietan egiten den) baimena ematea gehieneko kopuru horretatik gorako parte-hartzaileak dituzten txapelketak egiteko.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urriaren 27an eman 625/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako neurriak luzatzea, salbu eta ebazpen horren eranskineko 2.1 eta 2.3 puntuak. Ebazpen horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu dira Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2. Ondotik zehazten diren puntuak aldatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 625/2020 Ebazpenaren eranskinean. Hona hemen:

“2.1. Aire zabaleko entrenamenduak.

Talde-kiroletan aritzen diren kirolariek entrenamendu osoak egiten ahal dituzte aire zabalean 15 pertsona bitarteko taldeetan kirol instalazio bakoitzeko, futbolaren eta errugbiaren modalitateetan izan ezik. Horietan, izan ere, 25 parte-hartzaile egon daitezke gehienez entrenamendu talde eta kirol instalazio bakoitzeko”.

“2.3. Txapelketak.

Ez daude baimenduta kontaktu edo oposizioko kirolen erkidegoetako kirol txapelketak.

Kontaktu edo oposizioko kirolen Espainiako kirol txapelketen kasuan, Espainiako Kirol Federazioek eta Kirol Kontseilu Gorenak dute haiek egiteko eskumena. Nolanahi ere, Nafarroako Kirolaren Institutuak gomendatzen du kontaktu edo oposizioko kirolen Espainiako kirol txapelketa ez-profesionalak atzeratzea, egoera epidemiologikoak hala aholkatzen duen bitartean, parte hartzen duten talde guztiak Nafarroako Foru Komunitatekoak baldin badira.

Nafarroako kirol federazioek aire zabalean antolatzen dituzten txapelketak eta probak baimenduta daudenean (ez direlako kontaktu edo oposizioko kirolenak), partaidetza-indizea handia bada, esate baterako, txirrindularitza probak, atletismo lasterketak, mendi-lasterketak, irristaketa, triatloia eta abar, ezin izanen dira 50 partaide baino gehiago egon. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Osasun Departamentuari eskatu behar zaio baimena.

Nafarroako kirol federazioek leku itxietan antolatzen dituzten txapelketak eta probak baimenduta daudenean (ez direlako kontaktu edo oposizioko kirolenak), ezin izanen dira 50 partaide baino gehiago egon. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Nafarroako Kirolaren Institutuari eskatu behar zaio baimena”.

3. Eraginik gabe geldituko da Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 625/2020 Ebazpenaren eranskineko 1. puntuan (Ohar orokorrak) xedatutakoa, bateraezina denean ebazpen honetan onetsitako aldaketekin.

4. Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko azaroaren 11tik 20ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Orobat, indarrean jarraituko dute Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen hauetan ezarritako xedapenek, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean: 459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa; 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa, eta 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

6. Erabaki hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 11n.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2013582