269. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SANTAKARA

Udal ordenantza, autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko baldintzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Santakarako Udalak, 2020ko irailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Santakarako udal-mugartean autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko baldintzak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarki hori argitaratu zen 2020ko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 17an.

Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa). Ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua.

Santakaran, 2020ko azaroaren 2an.–Alkatea, Jesús Luis Caparroso Ruiz.

UDAL-ORDENANTZA, SANTAKARAKO UDAL-MUGARTEAN AUTOKARABANAK GELDITZEARI ETA APARKATZEARI BURUZKOA

Zioen azalpena

Autokarabana jarduera edo turismo ibiltaria haziz joan da Europa osoan, azken urteetan, eta gaur egungo araudi sektorialak ez du behar bezala erantzuten, kontuan izanik zer arazo ekartzen dizkien jarduera honek erabiltzaileei, administrazio publikoei eta, oro har, herritarrei, ukitutako arlo materialetan. Espainiako Estatua fenomeno honetaz jabetzen hasi zen Zirkulazioko Erregelamendu Orokor berria onestearekin batera; hartan, gure herrialdean lehen aldiz onartu zen autokarabana existitzen zela, etxebizitza-ibilgailu gisa, gure inguruko beste herrialde batzuetan bezala, galarazi gabe udalerri batzuk jarduera hau arautu izana ordenantzetan, hainbat modutan, interpretatzeko problema asko izanik. Senatuak 2006ko maiatzaren 9an aho batez onetsitako mozioaren harira, GT 53a sortu zen, eta han egindako lanaren emaitza gisa, Barne Arazoetako Ministerioaren Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak 08/V-74 Instrukzioa eman zuen 2008ko urtarrilaren 28an, bai eta Autokarabanan Mugitzeko Gidaliburua ere. Jarduera hau arautzean, hainbat eskumen eta esparru material ukitzen dira, eta nahitaez bateratu behar dira. Esaterako, Estatuaren eskumen esklusiboa da trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren gainekoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko udalerriek beren eskumen batzuk arau ditzakete, arlo askotakoak, esaterako trafikoa eta ibilgailu motordunen zirkulazioa, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa, eta garapen ekonomikoa, besteak beste. Eskumen horiek denek bat egiten dute autokarabana jardueraren arauketan. Horregatik guztiagatik, udal honek beharrezkotzat jo du jarduera honen arauketa berri bat, edo dauden beste batzuen osagarri bat, helburua bikoitza izanik: batetik, udalerrian jarduera honi buruz dagoen legezko hutsunea betetzea, segurtasun juridiko handiagoa lortu nahian, eta berme handiagoak ezartzea autokarabanistentzat, zerbitzuguneen eta aparkatzeko guneen sustatzaile eta kudeatzaileentzat (izan titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak), udal zerbitzuen kudeatzaileentzat (polizia, ogasuna, obrak eta lizentziak, etab.) eta, oro har, herritarrentzat, eta, bestetik, udalerriaren garapen ekonomikoa sustatzea, bereziki autokarabanentzako erabilera publikoko guneak sustatuz, turismo eta aberastasun iturri diren aldetik.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Udal ordenantza honen xedea da esparru arauemaile bat ezartzea, ahalbidetuko duena udal-mugartean zentzuz banatzea espazio publikoak eta aparkalekuak, aldi baterakoak edo ibiltariak, ibilgailuen zirkulazioa ez trabatzeko, udal-mugarteko baliabide eta espazio naturalak zaintzeko, ingurumeneko inpaktuak txikitzeko, bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoen txandaketa eta banaketa ekitatiboa erabilera publikoko bideen erabiltzaile guztien artean, eta udalerriko garapen ekonomikoa sustatzeko, bereziki turistikoa.

2. Autokarabana jarduerarekin loturik Santakarako Udalak esleiturik dituen eskumenak garatzen ditu ordenantza honek, esaterako trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa bide urbanoetan, mugikortasuna, turismoa, ingurumena, osasun publikoa, kontsumoa eta garapen ekonomikoa, baita zehatzeko ahalmena ere, aplikatzekoak diren Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako arauetan.

3. Santakarako udal-mugarte osoan dira aplikatzekoak ordenantza honetako aginduak, salbu trafikoarekin eta ibilgailuen zirkulazioarekin lotutakoak: horiek aplikatzekoak izanen dira bide urbanoetan eta urbanotzat deklaratutako hiriarteko bideetan edo zeharkaleetan bakarrik.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

–Autokarabana:

Ibilgailua, gauza dena bidaiariak garraiatzeko eta Estatuko legeriak aipatutako bide eta lurretan zirkulatzeko, hain zuzen ere Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko legerian aipatutakoetan, eta helburu bereziz egina dagoena, ostatu-etxebizitza duena, eta baita, gutxienez, ekipamendu hau ere: eserlekuak eta mahaia, ohatzeak edo literak, eserleku bihur daitezkeenak, sukaldea eta armairuak edo antzekoak. Ekipamendu hau tinko finkaturik egonen da etxebizitza konpartimentuan, nahiz eserlekuak eta mahaiak aise desmuntatu ahal izan.

–Autokarabanista:

Autokarabana gidatzeko eta erabiltzeko legez gaitua dagoen pertsona, baita autokarabanaren erabiltzaile guztiak ere, nahiz gidatzeko gaiturik ez egon.

–Aparkatzea:

Autokarabana bide publikoan gelditzea, indarrean dauden trafiko eta zirkulazio arauekin bat, jendea barnean egonik nahiz egon gabe, bai egunez bai gauez, betiere martxan denean duen perimetroa gainditu edo zabaldu gabe bere elementuak eraldatuz edo zabalduz, eta bidea okupatzen ez badu lanabes edo tresnekin, esaterako aulkiekin, mahaiekin eta antzekoekin, bere gurpil edo zirietan sostengatzen bada, hanka egonkortzaileak jaitsiak ez baditu, ezta beste gailurik ere, eta bidera fluidorik edo hondakinik botatzen ez badu.

–Autokarabanentzat gordetako aparkalekuak:

Autokarabanentzat gordetako aparkalekuak dira autokarabanak bakarrik aparkatzeko tokiak dituzten eremuak, jendea barnean egonik nahiz egon gabe, bai egunez bai gauez, leihoak irekitzeko aukera izanik, aireztatzeko bakarrik, aurreko paragrafoan agertutako baldintzetan, bestelako zerbitzurik izan gabe, hots: hustea, betetzea, bateriak kargatzea, ibilgailuak garbitzea eta antzekoak. Titulartasun publikoa nahiz pribatua izan dezakete, eta hiri lurzoruan edo lurzorutik kanpo egon daitezke.

–Birziklatzeko gunea:

Ibilgailu mota honek eragindako hondakinak birziklatzeko bakarrik prestatu den eremua, esaterako ur grisak (xaboidunak) eta beltzak (wc) botatzeko, hondakin solidoak botatzeko eta ur garbien biltontzia betetzeko.

–Zerbitzuguneak:

Zerbitzugune izanen da autokarabanak aparkatzeko edo gelditzeko prestatutako eremua, jendea barnean egonik nahiz ez egonik, bai egunez bai gauez, leihoak irekitzeko aukera izanik, aireztatzeko bakarrik, zerbitzuren bat duena (denak edo batzuk) autokarabanentzat edo erabiltzaileentzat, esaterako bateria elektrikoa kargatzekoa (generadore motorduna izanik nahiz izan gabe), ibilgailuen garbiketa, autozerbitzua, jatetxea, gaua pasatzekoa eta beste zerbitzu batzuk, eta, besteak beste, birziklatzeko guneetarako aipatutakoak ere izan daitezke. Titulartasun publikoa nahiz pribatua izan dezakete, eta hiri lurzoruan edo lurzorutik kanpo egon daitezke.

3. artikulua. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuen, birziklatzeko guneen eta zerbitzuguneen kokapena eta instalazioa.

1. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuak, birziklatzeko guneak eta zerbitzuguneak instalatzeko, izan titulartasun publikokoak edo pribatukoak, beharrezkoa izanen da ordenantza honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzea, galarazi gabe jarduera mota honetarako aplikatzekoa den legeria bete behar izatea.

2. Autokarabanentzat gordetako aparkalekuen, birziklatzeko guneen eta zerbitzuguneen kokapenak ez du trafikoa trabatuko, eta bateragarri eginen ditu aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatiboki banatzea eta errepideko zirkulazioa behar bezain arin joatea.

3. Udalak sustatuko du eremu hauek ezartzea udalerrian, eta titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan daitezke. Nolanahi ere, erabilera publikokoak izanen dira.

4. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.

1. Baimendurik dago Santakarako udal-mugarteko bide urbano guztietan gelditzea eta aparkatzea autokarabanak, camperrak eta antzeko ibilgailuak, etxebizitza-ibilgailu gisa homologatuak.

2. Bai geldialdia bai aparkatzea egoki eginen dira, trafikoko arauekin bat eta, betiere, bide publikoko ibilgailu eta erabiltzaileen zirkulaziorako arriskurik eta trabarik sorrarazi gabe.

3. Nolanahi ere, ibilgailu horiek gelditu eta aparkatu beharko dute unean-unean indarrean den trafikoko araudiarekin bat.

5. artikulua. Gelditzeko debekua.

Debekaturik dago bide urbanoetan edo urbano deklaratutakoetan karabanak gelditzea:

a) Seinaleek espresuki debekatutako lekuetan.

b) Bihurguneetan eta ikusgarritasun gutxiko sestra aldaketetan eta inguruetan.

c) Erabilera publikoko pasabideetan eta oinezkoak eta ziklistak pasatzeko seinaleztatutako igarobideetan.

d) Oinezkoen eremuetan; bizikleten bidegorrietan, garraio publikoko geralekuetan, bai zerbitzu erregularrekoetan bai eskatu beharrekoetan, eta bidean erabiltzaile zehatz batzuen zirkulazio edo zerbitzurako bakarrik gordetako errei edo zatietan.

e) Bidegurutzeetan eta elkarguneetan.

f) Trafiko seinaleak ikustea galarazten denean.

g) Biratzea galarazten denean edo maniobrak egitera behartzen denean.

h) Bigarren ilaran.

i) Bide lasterretan eta lehentasunezko bide publikoetan.

j) Bideen erdiko zatian edo bazterrekoetan, eta zoruan zerrendekin seinaleztatutako tokietan, bai osoki bai partez okupatuta ere, trafikoa ez trabatzeko, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean ekitatiboki banatzea eta errepideko zirkulazioa behar bezain arin joatea.

k) Espaloietan oinezkoak igarotzeko dauden pasabideetan.

l) Zirkulazioa oztopatzen den gainerako toki guztietan, denbora-tarte oso labur baterako bada ere.

m) Desgaitasuna dutenentzat gordetako lekuetan, salbu baimena izanez gero.

6. artikulua. Aparkatzeko eta/edo kanpatzeko debeku orokorrak.

1. Debeku da udal-mugartean akanpatzea horretarako prestatutako eta behar den baimenak dituzten tokietatik kanpo. Itsas bazterreko jabari publikoan (hondartzetan, esaterako) ere debekatuta dago aparkatzea, zirkulatzea eta akanpatzea (Kosten Legearen 33.5 artikulua).

2. Debeku hauek urratzen dituztenek berehalakoan atera beharko dute okupatutako jabari publikotik, agintarien agenteek hitzez eskatzen dietenean, galarazi gabe organo eskudunaren behar den zehapen-espedientea irekitzea.

3. Aparkatzearen ondorioz inoiz ez da oztopatuko merkataritzako jarduera bat edo monumentuak ikustea, batez ere Santakarako erdialdean.

4. Saihestuko da autokarabanak edo antzekoak pilatzea toki bakarrean, eta Santakarako Udalak aparkatzeko hainbat toki ezar ditzake, eta horietan egoteko denbora mugatu.

7. artikulua. Zerbitzuguneak.

Ordenantza honen 4. artikuluko 1. apartatuko ibilgailuetarako sortu diren edo sortuko diren zerbitzugune publiko nahiz pribaturako tokiek honako erabilera arau hauek beteko dituzte:

a) Aurretik aipatu diren ibilgailuak bakarrik aparkatuko dira eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, turismoak, etab.

b) Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte aparkatzeko zoruan marraztutako espazioaren mugak.

c) Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Eremu honetan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea, salbu zerbitzuguneko instalazioetan baimendutako garbitokietan.

d) Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin.

8. artikulua. Autokarabanak eta antzeko ibilgailuak kanpatzea.

Ulertuko da autokarabana edo antzeko ibilgailu bat kanpaturik dagoela honako kasu hauetan:

a) Autokarabana edo antzeko ibilgailua zoruarekin kontaktuan dagoenean ez bakarrik gurpilen bidez, baizik zabaldu direnean nibelatzeko gailuak, egonkortzeko euskarriak edo antzeko elementuak, ahalbidetzen dutenak ibilgailua lurrean edo tokian finkatzea. Kasu batzuetan, aparkalekua malda batean badago edo inklinazio handiko leku batean baldin badago, ziriak gurpiletan jartzea justifikatuta dago, ibilgailuaren segurtasuna hobetzeko.

b) Autokarabanak edo antzeko ibilgailuak okupatzen duenean autokarabana itxiak baino leku gehiago, hau da, leihoak irekiak daudenean (zabukariak edo proiektagarriak), ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak, eta bestelako elementuak, esaterako mahaiak, eguzki-oihal zabalduak, aulkiak, etab., adierazten dutenak ez dela geldialdi edo aparkatze hutsa. Leihoak irekitzea arriskua ez denean errepideko zirkulaziorako edo bideko beste erabiltzaileentzat, baimendua egonen da irekitzea. Nolanahi ere, leihoak irekirik izate hutsa ez da nahikoa izanen ulertzeko ibilgailua kanpaturik dagoela; agenteak, salaketan (halakorik jarriz gero), zehaztu beharko ditu elementu guztiak, pentsarazi diotenak kanpatzea dela, eta ez aparkatzea bakarrik.

9. artikulua. Ikuskapena.

Ikuskatze lanak, ordenantza honetan ezarritakoa betetzeari dagokionez, Santakarako Udalari egokituko zaizkio.

10. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Santakarako Udaleko alkate udalburua da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2. Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

4. Hasi eta sei hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada, kontuan izanik zenbaketan izan daitezkeen etenak, interesdunei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik edo prozeduraren etenaldiengatik, iraungitzeko eperako zenbaketa hasiko da, hain zuzen ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.4 artikuluan ezarritakoa.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Hauek dira arau-hausteen zenbatekoak: 100 euro arinetarako, 750,01 euro astunetarako eta 1.500,01 euro oso astunetarako.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Autokarabana edo antzeko ibilgailua aparkatzea merkataritzako jarduera edo monumentuak ikustea oztopatzen duen tokian. Hasiera batean, karabanaren edo antzeko ibilgailuaren titularrari eskatuko zaio aparkatzeko tokia utz dezala, ohartaraziz zehapena izan daitekeela ez-betetzeagatik.

b) Zarata gogaikarriak egitea, tresna elektrikoak piztuz, esaterako generadoreak, atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera denbora luzean.

c) Hustubidearen giltza irekia uztea, martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

d) Hondakin solido urbanoak botatzea horretarako ordutegitik kanpo.

e) Elementuak jartzea autokarabanaren perimetrotik kanpo, esaterako eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, nibelatzeko hankak, etab., baimenik gabeko tokietan.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Karabana edo antzeko ibilgailua kanpaturik egotea horretarako prestatutako tokietatik kanpo. Egoera hori dela ulertzeko, ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoari segituko zaio, baztertu gabe kanpatze horretan bestelako arau-hausteak ere egin daitezkeela (babestutako zonan sua piztea, desordena publikoa eragitea, ur publikoak, itsasoak, etab. kutsatzea). Kasu horretan, gainera, aplikatzekoak diren legeetan xedatutakoari segituko zaio.

b) Soinu ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

c) Sei hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko da:

a) Fluido kutsatzaileak botatzea martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

b) Ur grisak eta beltzak botatzea horretarako prestatutako tokietatik kanpo.

c) Errepideko ibilgailuen zirkulazioa osoki trabatzea, justifikatuko duen ezinbesteko arrazoirik gabe.

d) Urtebetean bi arau-hauste astun egitea.

4. Zehapen prozedura bati hasiera emanik, arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, prozedura ebazten ahalko da, behar den zehapena ezarrita. Proposatutako zehapena ordaintzen bada espedientea ebatzi aurretik, bukatu eginen da, eta zehapen ekonomikoa %25 murriztuko da. Hasierako erabakian xedapen hau jaso beharko da.

12. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Dagozkien legeetan xedatuaren arabera preskribatuko dira arau-hausteak eta zehapenak. Legeek preskripzio eperik ezartzen ez badute, arau-hauste oso astunak hiru urteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan. Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenak bi urteren buruan eta aratu-hauste arinengatik ezarritakoak urte baten buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

3. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du, eta berriz ere epea iraganen da, baldin prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

13. artikulua. Kautelazko neurriak

Kanpora botatako fluidoa irristakorra bada, osasunerako kaltegarria eta/edo arriskua bada bide publikoko gainerako erabiltzaileentzat eta/edo ingurune urbanorako edo paisaia ingurunerako kalte nabarmena, eragilea beharturik egonen da ukitutako bidea edo zona ezin hobeki lehengoratzera; halako moduz non, bitarteko egokiekin egiterik ez badu, Udalak hartuko dituen bere gain zereginak, eta gero arau-hausleari pagaraziko.

Ordenantza honen arau-haustea dela-eta arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko egoitza Espainian duela, egoki izanen da ibilgailua bide publikoan geldiaraztea, edo aparkaturik edo kanpaturik dagoen lekuan. Kasu horretan, agente salatzaileak ibilgailua geldiaraziko du, arau-hausleak isunaren zenbatekoa gordailutu arte, edo bermatu arte ordainduko duela, zuzenbidez onartutako edozein modutan. Geldiaraztea ondoriorik gabe geldituko da horren arrazoiak zuzendu bezain laster. Halaber, organo eskudunak behar diren neurriak har ditzake, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

14. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izango da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea. Arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 750,01 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

Azken xedapena

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onesteko erabakia eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea iraganda.

Iragarkiaren kodea: L2013028