266. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

139E/2020 EBAZPENA, urriaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Telekomunikazio zentroetako –TZ Zubieta– zuntz optikoko interkonexiorako proiekturako”. Sustatzailea NASERTIC da.

2020ko maiatzaren 27an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da NA-170 errepideko 24+500 KP-an kokatuta dagoen D kutxatila Zubietako telekomunikazio zentroarekin lotzea. Horretarako, ADSS motako 64 zuntzeko kable bat jarriko da mikrozangako kanalizazio batean, errepidea zeharkatuz, erreten batetik zubia zeharkatuz, herriguneko fatxada eta baoetan zehar, eta, ondoren, behe tentsioko aireko lineatik. Proiektuan aurreikusita dago pasabideko eta trazadura bukaerako kutxatilak eraikitzea, eta 18., 20. eta 31. euskarriak ordezkatzea.

Espedientean jasota daude Oihan Plangintzarako Atalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina, baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Telekomunikazio Zentroetako –Zubietako TZ– zuntz optikoko interkonexiorako proiekturako”. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasi baino 48 ordu aurretik, Bidasoa mugarteko Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatu beharko zaio (telefono zenbakia: 948450096, helbide elektronikoa: gmabidasoa@navarra.es), zutabeetan lan egiteko balizak jartzeko, eta kalean zuhaitz mozketak edo garbiketak egiteko, landaredi naturala ahalik eta gutxien ukituz.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sortu daitezkeen su-hartzeak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

–Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo material-hondarrak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu Foru Legearen 101.h artikulua aplikatuz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen hau Iturengo 1. poligonoko 52. lurzatian lehendik dagoen Telekomunikazio Zentroko konexioraino zuntz optikoa eramateko exekuzio-proiektuko azpiegituraren zati baterako baino ez da, hain zuzen Zubietako udalerriko lurzoru urbanizaezinean zehar doan azpiegitura zatirako.

–Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion Komunikazio Zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Horiei buruz, Zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Era berean, ez dago baimen honen barnean hasierako kutxatila, beste proiektu batean baitago. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Ezkurra ibaiaren zaintza eremua eta Akarriaingo Errekako ur-laster naturala ukitzen dituenez, sustatzaileak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du.

–Kontuan hartuz zuntz optikoaren lineak herri-lurrei eragiten diela, Herri-lurren Atalak 2020ko abuztuaren 4an emandako txostenean jasotakoak bete beharko dira:

  • Instalazio berrietako batzuk, euskarrietako batzuk eta Zubieta TZ zentroa herri-lurretan daude, bai Zubietan bai Iturenen, izan ere Zubieta TZ Iturengo udalerrian kokatuta baitago, eta, beraz, kontsultatu egin beharko dira bere garaian onetsitako baldintza-agirietako baldintzak, horiek eguneratzea beharrezkoa balitz ere; edo, horrelakorik ez badago, instalazioa arautzeko espedientea hasiko da.
  • Aipatu behar da bizilagun guztiei dagokien herri-lurren “aprobetxamendu eta gozamena” galarazten duten herri-lurretako kargak daudenean, eta sustatzailea toki erakundea ez den kasuetan, instalazioa egin aurretik eta obra lizentzia eman aurretik eraginpeko toki erakundeak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu behar duela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilera lagatzeko eta/edo bide zortasuna eta karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Iturengo Udalari, Zubietako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Bidasoko mugartea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012737