260. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMARKOAIN

Ordenantza, kontzeju-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Imarkoaingo Kontzejuko Batzarrak, 2020ko abuztuaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Imarkoaingo kontzeju-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza berria. Erabakia 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

Imarkoainen, 2020ko urriaren 10ean.–Kontzejuko burua, Ainhoa Arriaga León.

ORDENANTZA, IMARKOAINGO KONTZEJU-MUGARTEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Imarkoaingo kontzeju-mugartean, bide publikoetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Araudi ezak eta bide publikoetan izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

2. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura ateratzeko edo bertze xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola aparkalekuetarako eta abar, landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian, hirigintzan dagokion aldaketa egiten ez den bitartean.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain, dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

c) Gainerako bideak: kontzeju-mugarteko beste bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik exekutatu ez direnak.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Imarkoaingo kontzeju-mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

4. artikulua. Erabilera onartuak.

Kontzeju-mugartean finkatutako abeltzaintzan eta nekazaritzan erabiltzen diren ibilgailuei eta jardunean dauden instituzio publikoen ibilgailuei baimentzen zaie bideak erabiltzea, betiere ordenantza honetan ezarritako mugak kontuan hartuta.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin.

Aurreko mugak aldi bakoitzean ezarriko dira, Kontzejuaren iragarki oholean argitaratuko den Kontzejuko Batzarraren ebazpenaren bidez.

Asfaltozko eta hormigoizko bideak erabiltzea baimentzen da, berariaz mugatu ezean.

5. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

Bideak erabiltzea baimentzen ahal zaie aurreko artikuluan jasotzen ez diren ibilgailu motordunei.

Imarkoaingo Kontzejuak emanen ditu baimenak, Kontzejuko Batzarraren ebazpenaren bidez, bidezkoa den kasuetan. Baimena eskatzen duenak, zertarako nahi duen zehaztu beharko du.

Baimenak denbora tarte jakin baterako edo mugagabekoak izan daitezke, eta bertan ibilgailu baimenduaren matrikula agertu beharko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da, erakutsi ahal izateko agintaritza eskudunak eskatuta.

Betiere, ebazpen arrazoituaren bidez, baimena eskatu duenari eskatzen ahalko zaio fidantza edo abal bat pausatzeko; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea lehengoratu eta kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

6. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areka eta bideak lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

m) Udal-mugarteko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak.

o) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

p) Erretenak lantzea edo hondatzea.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Kontzejuari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

7. artikulua. Mugatze eta debekuen salbuespenak.

Kontzejuak salbuespenak ezartzen ahalko ditu baimenetan, interes publikoa tartean denean.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Kontzejuari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu. Lan horiek partikularraren kontura eginen dira; hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutxienez, non ez dagoen diametro horretako hodiak jartzerik erretenaren sakoneragatik; kasu horietan, partikularrak eta Kontzejuko Batzarrak adostuko dute zein den paratu beharreko hodiaren diametroa, partikularrak pasabidea aldatu edo jartzeko eskarian ezin hori adierazi ondoren. Hodien ahoak behar den bezala bildu beharko dira, hormigoiz. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta nahikoa zabalak izan beharko dute. Jabeak, sarbidea egindakoan, Kontzejuari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta, bidea hondatu bada, bere kontura konpondu.

Kontzejuaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Kontzejuak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin.

c) Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.

Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti. Beti dute lehentasuna nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzako ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

Kontzejuak beste muga batzuk ezarri ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

9. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Kontzejuak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke.

10.1. Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatua hausten duen zerbait egitea edo ez egitea, edo, Kontzejuak bandoen eta ebazpenen bidez idatziz ematen dituen aginduen kontra doana, baita ordenantza honetan aurreikusten diren baimenak ez eskatzea ere, betiere ez badira berariaz arau-hauste astuntzat hartzen.

10.2. Arau-hauste astunak:

Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Bide baten ezaugarriak bertzelakotzea, planimetria berariazkoan islaturik gelditzen den bezala.

b) Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

c) Areka eta bideak lantzea.

d) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino.

e) Finken itxituretan zuhaitzak landatzea edo itxiturak egitea, hiru metroko zortasun eremua errespetatu gabe, kanpo ertzetik neurtuta.

f) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

h) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

i) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

j) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

k) Lehiak, lasterketak edo beste muturreko gidatze motak egitea bideetan.

l) Pertsona batek edo nekazaritzako nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

11. artikulua. Zehapenak.

11.1. Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arinak, 60 eta 900 euro bitarteko isunarekin.

–Astunak, 901 eta 1.800 euro bitarteko isunarekin.

11.2. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

11.3. Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

11.4. Espediente zehatzaileak, prozedurari dagokionez, ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

11.5. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste astunak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

11.6. Zehapenak ezartzeko ahalmena Kontzejuko Batzarrarena da. Kontzejutik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, Kontzejuko Batzarrak emanen die haien berri.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Imarkoaingo Kontzejuko Batzarraren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz. Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Kontzejuko Batzarrari igorriko dio. Kontzejuko Batzarra, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun igaro ondoan, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusi bezala, lege horren 70.2 artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326.ean xedatuak hartara igortzen baitu.

Iragarkiaren kodea: L2012079