260. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

929/2020 EBAZPENA, urriaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, xedatzen duena zenbateko diru-kopuruak ordaintzen ahal diren gehienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeko 2019ko abendutik 2020ko azarora bitarte.

Aurreko urteetan bezala, ekin behar zaio erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan daukaten ordezkaritzaren arabera. Horretarako, ordezkaritzaren araberako irizpide objektibo bati jarraikiko zaio, eta erakunde autonomo horretan egindako azkeneko hauteskunde sindikalei begiratuko zaie, gehieneko konpentsazio bat ezarrita onuradun bakoitzarentzat.

Funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratudunen negoziaziorako mahai orokorretako batzorde paritarioen bileretan egondako sindikatuekin 1997ko ekainaren 18an gehiengoz erabaki zenaren arabera, erakunde sindikalen funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuei dagokien aurrekontu-kontsignazioa banatzeko orduan, kontuan hartuko da azken hauteskunde sindikaletan erakunde sindikal bakoitzak eskuratutako boto kopurua.

Konpentsazio hori justifikatuta dago entitate horiek egiten duten lanagatik, zeina aitortuta baitago Konstituzioaren 7. artikuluan, lan egiten baitute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko.

Gainera, kontuan hartu behar da Administrazioak duen betebeharra abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 82.8.d) artikuluaren arabera (dekretu horrek onesten du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Arau horrek xedatzen du langileria batzordeek behar den materiala eduki beharko dutela beren eginkizunak gauzatzeko.

Hortaz, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, berariazko zuzkidura bat aurreikusten da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagozkion partiden artean, konpentsazioa emateko erakunde sindikalei, langileak defendatzeko eta haien eskubideak sustatzeko egiten duten lanarengatik. Partida hori 45.000 euroz hornitua dago, eta gastua hari egotziko zaio, hots, 2020ko Gastu Aurrekontuko “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidari.

Aurreko deialdian 2019ko azarora arte egindako gastuak konpentsatu ziren. Horregatik, aurten, 2019ko abendutik 2020ko azarora arte egindako gastuak konpentsatuko dira, bi hilabete horietakoak barne.

Horregatik guztiagatik, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 45.000 euroko gastua baimentzea eta xedatzea, 2020ko Gastu Aurrekontuan “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidaren kargura finantzatuko dena.

2. Behean zehazten diren gehieneko diru kopuruak xedatzea erakunde sindikal bakoitzarentzat, izandako funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa. Diru hori erakunde sindikal bakoitzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako azkeneko hauteskunde sindikaletan lortutako botoen arabera kalkulatu da.

SINDIKATUA

IFK

BOTOAK

GUZTIRA

AFAPNA

G31171937

482

3.786 euro

CCOO

G78433919

410

3.220,46 euro

ELA

G48090096

434

3.408,97 euro

LAB

G31137482

1141

8.962,30 euro

SATSE

G28584035

1102

8.655,96 euro

SMN

G31132384

1148

9.017,28 euro

UGT

G31077076

485

3.809,56 euro

USAE

G49105620

527

4.139,47 euro

GUZTIRA

5729

45.000 euro

3. Sindikatuek konpentsatu nahi dituzten funtzionamendu gastu guztiek lotuta egon beharko dute erakunde sindikalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatzeko eta sustatzeko egindako jarduerarekin. Hori justifikatzeko, II. eranskin gisa jaso den taula aurkeztu beharko da, eta orobat aurkeztu beharko dira gastuaren eta egindako jarduera sindikalaren arteko lotura erakusteko balio duten dokumentuak.

Taula hori formatu elektronikoan (Excel edo Open Office) bidaliko zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari. Horretarako, zuzendaritzak bidaliko die konpentsazioa jasotzen duten erakundeei taula-eredua, posta elektronikoaren bidez.

Gastu konpentsagarriak epe honetan eginak izan beharko dira: 2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitarte. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

Besteak beste, honako gastu hauek konpentsatzen ahalko dira:

a) Erakunde sindikalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak (propaganda, publizitatea, argitalpenak, etab.).

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazio gastuak (telefonia zerbitzuak, posta, eta abar), bulegoko materialaren gastuak, fotokopiak, ekipamenduen eta zenbait zerbitzuren alokairua.

f) Langileei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

g) Beste gastu batzuk, jarduera sindikalarekin zuzen-zuzenean lotuta badaude.

4. Aipatutako gastuen konpentsazioa ordaindu ahal izateko, erakunde sindikalek izandako gastuen fakturen eta haiek ordaindu izanaren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzan 2020ko azaroaren 27ra bitarte (egun hori barne), bai eta ebazpen honen eranskin gisa jaso diren agiri guztiak ere. Halaber, eta egun horretaraino, II. eranskineko taula daukan dokumentu elektronikoa bidali behar dute kalkulu-orriaren formatuan Profesionalen Zuzendaritzaren helbide elektronikora (direccion.recursos.humanos@navarra.es). Faktura bakoitzarekin dagokion ordainketa egin dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da.

Fakturak fakturazio betebeharren gaineko araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Ez da erreziborik edo tiketik onartuko. Fakturarik behar ez duten gastuen kasuan, egindako gastua frogatzeko eta ordainketa egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta horren berri eman berariaz.

Ebazpen honen babesean konpentsatzen diren gastuak ezin izanen zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza, konpentsazio edo dirulaguntza batzuei. Erakunde sindikalek horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, ebazpen honen I. eranskin gisa agertzen den ereduaren araberakoa.

Erakunde sindikalek, Administrazioak eskatuta, behar den informazioa emateko prest egon beharko dute, hala aurkeztutako dokumentazioaren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko, nola justifikatzeko gastua ebazpen honen 3. puntuan bildutako kontzepturen baten araberakoa dela.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez dezake sindikatuak, hartzailearen eremuan Osasun Departamentua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua aukeratuta, eta destinoko unitate gisa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritza.

Sindikatuak, dagokion konpentsazioa jasotzeko, eguneraturik izan behar ditu tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak. Hori egiaztatzeko, berariazko baimena eman diezaioke, III. eranskineko inprimakiaren bidez, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari, hark eska ditzan, datu-bitartekaritzarako sareen bidez, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak izatearen ziurtagiriak. Sarbidea baimendu ezean, erakunde sindikalak aurkeztu beharko ditu beharrezko agiriak gainerako agirien epe berean, ezinbesteko betebeharra baita eskaera ebazteko.

5. Behar den bezala justifikatzen diren gastuen konpentsazioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ordainduko dira, 2020ko abenduan, ezarritako gehieneko diru muga gainditu gabe. Nolanahi ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotutako gastuak baizik ez dira ordainduko, betiere ebazpen honen 2. atalean erakunde sindikal bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzara, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzara eta Aurrekontu eta Kontabilitate Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei jakinaraztea, adierazita ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta, Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetza erabiliz.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

I. ERANSKINA

Erakunde sindikalaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

II. ERANSKINA

Gastuen justifikazioa.

III. ERANSKINA

Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalentzako konpentsazioa eskatzeko inprimakia. 2020. urtea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2012200