257. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 25/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 3koa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Ribaforadako eta Murchanteko udalerrietan (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen agintaritza eskudun delegatuak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen da SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, metatutako intzidentzia Ribaforadako udalerrian 3.973,33 kasukoa da 100.000 biztanleko, aurreko 14 egunean, eta 2.906,67 kasukoa 100.000 biztanleko, aurreko 7 egunean. Indizea 1,37koa da, eta horrek gorako joera nabarmena erakusten du, hala azken 14 egunean nola 7 egunean.

Murchanteko udalerrian, metatutako intzidentzia aurreko 14 egunean 2.816,56 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta 1.227,73 kasukoa 100.000 biztanleko, aurreko 7 egunean. Indizea 2,29koa da, eta horrek gorako joera nabarmena erakusten du, hala azken 14 egunean nola 7 egunean.

Eredua Nafarroan orokorrean ikusten denaren oso antzekoa da, dela sintomarik gabeko kasuen portzentajeari dagokionez, dela lotura epidemiologikoari dagokionez. Kasu gehienak lotuta daude familian, esparru sozialean edo lanean gertatutako agerraldiekin. Udalerri horietako kutsapenen indizeak oso altuak dira. Uneotan, bi udalerri horietan goranzko joera ikusten da, nahiz eta Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan udalerri horietarako ezarritako neurri murriztaileak hartu ziren eta Nafarroan aurrez hartu diren prebentzio neurri guztiak hartuta ere. Horregatik guztiagatik, bidezkotzat jotzen da herri horiek perimetralki ixteko agintzea, bai eta Nafarroan uneotan indarrean dauden neurri guztiak aplikatzea ere, mugikortasuna eta kontaktu sozialak ahalik eta gehien murrizte aldera, bi udalerrietan kutsatzeak eta metatutako intzidentzia gutxitu ahal izateko.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Mugatuta egonen da Ribaforadako eta Murchanteko udalerrietan sartzea eta bertatik ateratzea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Txapelketa profesionaletan parte hartzen duten taldeetako kirolariak, teknikariak eta arbitroak, baita lehen eta bigarren kirol mailetako estatuko eta izaera ez-profesionaleko txapelketa ofizialetan parte hartzen dutenak ere.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

Udalerri horietako lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan ibiltzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa udalerri horietatik kanpo badaude.

Bigarrena.–Neurri hauek azaroaren 17ra bitarte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Estatuko segurtasun kidego eta indarrekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, Lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin.

Laugarrena.–Lehendakariaren foru dekretu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Ribaforadako Udalera eta Murchanteko Udalera.

Bosgarrena.–Lehendakariaren foru dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

Seigarrena.–Foru dekretu honek 2020ko azaroaren 4an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 3an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Victoria Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2013014