256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2020 FORU LEGEA, urriaren 26koa, aparteko kreditu bat ematekoa, 100.000 eurokoa, haren bidez bizikletentzako bi bide finantzatzeko, Zuñigan eta Metautenen.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, APARTEKO KREDITU BAT EMATEKOA, 100.000 EUROKOA, HAREN BIDEZ BIZIKLETENTZAKO BI BIDE FINANTZATZEKO, ZUÑIGAN ETA METAUTENEN.

ATARIKOA

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eskatu du honako partida hau sortzea 2020ko gastu aurrekontuan, 100.000 euroko zuzkidurarekin: “Bizikletentzako azpiegituren proiektu pilotua. Metautengo eta Zuñigako udalekiko hitzarmenak” izeneko 230001 23210 7609 441100 partida.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluaren lehen paragrafoak ezartzen du ezen, aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin den gasturen bat, eta krediturik ez badago, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, aparteko kreditu bat ematekoa. Halaber, bigarren paragrafoan xedatzen du aparteko kreditua finantzatzen ahal dela edozein gastu programetan erabilgarri dagoen kredituarekin.

1. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea.

2020ko ekitaldian 100.000 euroko kreditu bat ematen da hitzarmen bat finantzatzeko, bizikletentzako bi bide egiteko, bat Zuñigan eta beste bat Metautenen, Trenbide Vasco-Navarroren bide berdearekin lotura egiteko.

Kreditu hori, 100.000 euroko zuzkidura duena, partida honetan aplikatuko da: “Bizikletentzako azpiegituren proiektu pilotua. Metautengo eta Zuñigako udalekiko hitzarmenak” izeneko 230001 23210 7609 441100 partida.

2. artikulua. Aparteko kredituaren finantzaketa.

Aparteko kreditu horren 100.000 euroko kopurua finantzatuko da indarrean dagoen gastu aurrekontuko “Modernizazio sistemaren mantentzea. INDRA” izeneko 230001 23210 7609 441100 partidan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko urriaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2012518