242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 30ean hartua, zeinaren bidez presako deklaratzen baita plan honek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko: Iruñeko “Gazteluko plazako 26. eta 27. zenbakietako eraikinen oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Sustatzailea Iruñeko Udala da.

Iruñeko Gazteluko plazako 26. eta 27.eko etxebizitzen eraikineko jabeen erkidegoak eskaturik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak hasiera batez onetsi zuen, 2017ko urriaren 10ean hartutako erabakiaren bidez, Iruñeko “Gazteluko plazako 26. eta 27. zenbakietako eraikinen oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik igogailu bat instalatzea aipatutako higiezinean. Erabaki hori 2017ko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31koan.

Hasiera batez onetsi ondoan, oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezi hori jendaurrean izan zen, eta zenbait alegazio aurkeztu ziren epe horretan.

2018ko otsailaren 7an, Iruñeko Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin zuten, non adierazi baitzen aurkeztutako alegazioak ezesten zirela.

Iruñeko Udalak 2018ko martxoaren 1eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Iruñeko “Gazteluko plazako 26. eta 27. zenbakietako eraikinen oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Erabaki hori 2018ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 23koan.

Udalak 2018ko ekainaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, Iruñeko “Gazteluko plazako 26. eta 27. zenbakietako eraikinen oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari” jarraituz. Erabaki hori 2018ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 25ean.

Iruñeko Udalak 2019ko uztailaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatu plan bereziak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren (2020ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 14koa).

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidegoen onurarako, betiere haien helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 56. artikuluan xedatu da presako okupazioak arrazoitu behar direla, prozedura hori salbuespenezkoa baita. Horregatik, Iruñeko Udalak aurkeztu ditu ukitutako atarian bizi diren pertsonei buruzko dokumentazioa eta txosten medikoak zein sozialak. Horietan justifikatzen da presakoa dela desjabetuko diren ondasunak okupatzea.

Era berean, espedientean bada Udaleko idazkari teknikoaren idazki bat, non ondorioztatzen baita ezen, espedienteko dokumentazioaren arabera, frogatuta dagoela erabil daitekeela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko beharrezkoa den kreditua.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua ordaintzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea Iruñeko “Gazteluko plazako 26. eta 27. zenbakietako eraikinen oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeko lanek ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko. Sustatzailea Iruñeko Udala da.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izateko. Aditzera ematen da ezen erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko irailaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011374