242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

133/2020 EBAZPENA, urriaren 7koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntza bereziak emateko oinarri arautzaileak, kalitate desbedinduko produktuak sustatzeko ekintzak egiteko. Laguntzen onuradunak kalitate figura bereiziak kudeatzen dituzten entitateak dira, 2020an jarduera murriztapenek ukitu dituztenak, COVID-19aren ondorioz. DDBN identifikazioa: 527433.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan (martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretua), osasun krisiari aurre egiteko, eta sei aldiz luzatu da alarma-egoera; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuaren bidez, zeinak COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak deklaratutako alarma-egoera luzatu baitzuen, 2020ko ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Hauek honela, elikagaiak produzitzea eta elikagaiez hornitzea bermatu beharreko jarduera oinarrizko eta funtsezkoa da, batez ere osasun-larrialdiaren egoeran, herritarrei zerbitzu oinarrizko eta ezinbestekoa eskaintzeko, eta lasaitasuna emateko, fidagarriak diren aski elikagai eskura edukiko dituztela ziurtatuz. Aurrekoa gorabehera, alabaina, egoerak sekula ez bezala ukitu ditu zenbait nekazari eta zenbait landa enpresa; batez ere, nekazaritza produktuak zirkuitu laburraren bidez merkaturatzen dituzten horiek, hau da, produktuei irtenbidea ematen dietenak hauen bidez: udal hornidurako azokak, tokiko merkatu txikiak, kontsumo taldeak, ustiategia bera, eta, azkenik, HORECA (ostalaritza, jatetxeak eta kafetegiak) kanala; izan ere, horiek dira elikakatearen katebegi ahulenak.

Estatu kideetan ezarri diren zirkulazio askatasunaren murriztapen orokorrek, batetik, eta dendak, aire zabaleko merkatuak, jatetxeak eta ostalaritzako beste zenbait establezimendu nahitaez itxi behar izateak, bestetik, kalte ekonomiko larriak eragin dituzte, eta nekazaritza produktuak merkaturatzeko zailtasunak sortu dituzte.

Nafarroan, murriztapenek are kalte handiagoa eragin dute ardoa, patxarana edo gazta bezalako produktuetan, batez ere kalitate desberdinduaren figuraren mendean daudenetan, haien kontsumoaren parte esanguratsu bat HORECAren bidez egiten baita.

COVID-19ak eragin duen krisiaren ondorioei aurre egiteko asmoz, bidezkoa da salbuespenezko neurri berri bat hartzea, denbora mugatu baterako. Neurri horren helburua da produkzio horien kontsumoa lehengoratzea, kalitate desberdinduaren produktuak sustatzeko ekintzen bidez.

Elikadurarako produktuen, edari destilatuen eta ardogintzako produktuen jatorri deituretarako eta adierazpen geografiko babestuetarako esparru juridikoa arau hauetan ezarrita dago, hurrenez hurren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/787 (EB) Erregelamendua, edari destilatuen definizioari, izendapenari, aurkezpenari eta etiketatzeari buruzkoa, beste elikagai batzuen aurkezpen eta etiketatzeetan edari destilatuen izena erabiltzeko moduari buruzkoa, edari destilatuen adierazpen geografikoen babesari buruzkoa eta alkohol etilikoaren eta nekazaritzatik ateratako destilatuen erabilerari buruzkoa dena, eta 110/2008 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duena.

Laguntzak planteatzen dira Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorriz (erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan, eta landa eremuetan barne merkatuarekin bateragarriak direnak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz); izan ere, erregelamenduaren 24. artikuluak ezartzen du nekazaritza produktuak sustatzeko neurriak bateragarriak izanen direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren c) letrarekin bat etorriz, eta 108. artikuluaren 3. apartatuak aurreikusten duen jakinarazpen-beharretik salbuetsita egonen dira, zenbait baldintza betez gero.

Laguntza hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Lehiakortasuneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateko agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako laguntza proiektua erregistratu zuen, SA.58620 laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdia eta oinarri arautzaileak laguntza bereziak emateko kalitate desberdinduko produktuak sustatzeko ekintzak egiteko. Laguntzen onuradunak kalitate figura bereiziak kudeatzen dituzten entitateak dira, 2020an jarduera murriztapenek ukitu dituztenak, COVID-19aren ondorioz, ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den bezala.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. 275.000 euroko gastua baimentzea 2020ko ekitaldirako, 720003-72220-4459-413108 aurrekontuko partidaren kontura, “COVID-19. Ukitutako kalitateko produkzioak sustatzeko laguntzak”.

4. Dirulaguntzen oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

5. Ebazpen honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Lehiakortasuneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Iruñean, 2020ko urriaren 15ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Laguntza bereziak emateko oinarri arautzaileak, kalitate desberdinduko produktuak sustatzeko ekintzak egiteko. Laguntzen onuradunak kalitate figura bereiziak kudeatzen dituzten entitateak dira, 2020an jarduera murriztapenek ukitu dituztenak, COVID-19aren ondorioz

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da finkatzea Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei, 2020an COVID-19aren ondorioz jarduera murriztapenek ukitu dituztenei, ematen ahal zaizkien finantza-laguntzen esparrua, 2020an, barne-merkatuan, kalitate desberdinduko produktuak sustatzeko ekintzak egiteko.

2. Batasuneko esparru juridikoan aitortutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea. Hala, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna ematen zaio, ziurtatua geldi dadin ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

3. Deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren xedearen, definizioaren eta aplikazio eremuaren barnean dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, eta, zehazki, erregelamenduaren 24. artikuluak aurreikusten duenarekin bat.

4. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

5. Laguntzetarako araubide hau 2020ko irailaren 15etik 2020ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.

Bigarren oinarria.–Azken entitate onuradunak eta ekintzak gauzatzeko entitate erantzuleak.

1. Laguntza honen azken onuradunak izanen dira Nafarroako jatorri-deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen azpiko produktuei aplikatzen zaizkien baldintza-agiriak betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainak (ETEak), ardoaren eta gaztaren sektoreetan. Gauzazko laguntza jasoko dute: zer kalitate figuraren mende dauden, figura hori kudeatzen duen entitateak sustatuko dituen ekintzen bidez jasoko dute laguntza.

2. Azken onuradunek parte hartzeko bete behar duten baldintza bakarra da dagokion kalitate figurako baldintza-agiriak betetzea. Kalitate figurako erregistroetan afiliatua izatea edo izena emanda egotea ez da izanen parte hartzeko baldintza, ez eta kalitate figuraren kudeaketa gastuetan (sustapen neurrien kostuari dagozkionak bazter utzita) parte hartzea ere.

3. Azken onuradunek ezin izanen dute ordainketa zuzenik jaso ekintzak egiteagatik, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Krisi egoeran ez egotea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 14. puntuan ezarritako definizioaren arabera.

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

4. Laguntza kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei ordainduko zaie, ekintzak gauzatzeko arduradunak baitira. Entitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nortasun juridikoa izatea eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak betetzea.

5. Ardogintzako kalitate figuren ekoizpen eremua lurralde berean badago, Nafarroan azalera handiagoa duen kalitate desberdinduko figurak soilik jaso ahal izanen ditu laguntzak.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira kalitate desberdinduko figurak kudeatzen dituzten entitateek laguntza eskaera egin eta gero gauzatzen dituztenak, 2020ko azaroaren 14ra arte (egun hau barne), kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko. Ardogintzaren kalitate figuren kasuan muga izanen da 175.000 euro onuradun bakoitzeko, eta gaztaren kalitate figuren kasuan, 30.000 euro onuradun bakoitzeko. Laguntza horien xedea izanen da sustapen ekintzak egitea barne merkatuan. Sustapen ekintzak honako hauek izanen dira:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta aholkularitza enpresekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ikuskizunak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin, publikoaren artean nekazaritza-produktuekiko sentikortasuna handiagotzeko.

b) Azoka eta erakusketetan parte hartzeko eta izena emateko eskubideak.

c) Erakusketetarako lokalak eta pabiloiak alokatzea, ekipamenduen, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak barne, sustapenak egiteko azoka, erakusketa, lehiaketa edo sustapen ekitaldiak egiten direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpenetarako erakustokiak.

f) Entitatearen web-orriak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai planaren barreneko sustapen jarduerei buruz.

g) Komunikabideetan eta sare sozialetan sustapena egitea. Ekintza horiek ezin izanen dute inoiz aipatu merkataritza markarik.

h) Sustapen jardueretarako produktuak.

i) Sustapeneko materiala.

j) Lehiaketetako sariak eta babes-sariak, 1.000 eurora arte, sariko eta lehiaketa-irabazleko.

2. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza-eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpidearen arabera hautatu duela frogatu beharko du; bestela, frogatu beharko du zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Aplikatzen ahal den laguntzak gastu diruz lagungarrien %100 estaliko du, 175.000 euroko mugarekin ardogintzaren kalitate figuren kasuan, eta 30.000 euroko mugarekin, gaztaren kalitate figuren kasuan.

2. Aurreko puntuaren arabera kalkulatutako laguntza txikiagotuko da, hala badagokio, azken onuradunentzako baldintzak (bigarren oinarriaren 2. puntua) betetzen ez dituzten operadoreen proportzioan.

3. Lehiaketetako sarien eta babes-sarien kasuan, zerbitzua ematen duenarentzako laguntza 1.000 eurokoa izanen da, gehienez, sari bakoitzeko eta lehiaketako irabazle bakoitzeko, saria benetan ematearen baldintzarekin, eta horren froga bat aurkeztu eta gero.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

1.–Jatorri-deitura babestu baten kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak: 50 puntu.

2.–Kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak, esparru geografikoa Nafarroan bakarrik dutenak: 25 puntu.

3.–Kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak, zeinen produkzio ziurtatuaren parte batek baizik ez baitu jatorria Nafarroan, eragiketa honen ondorioz ateratzen den puntuazioa: 25 puntu bider itxi den azken kanpainan Nafarroan produzitu den ardoaren ehunekoa, edo gazta kiloen ehunekoa.

3. Aurkeztu diren eskaerak alderatu eta gero, aurreko puntuan xedatu denaren arabera ordenatuko dira, horien artean lehentasun bat ezartzeko asmoz, oinarri arautzaileetan aldez aurretik finkatu diren balorazio irizpideekin bat, eta aurrekontua banatuko da, puntuaziorik handiena lortu duten eskaerei lehentasuna emanez.

4. Berdinketarik gertatuz gero, eta aurrekontua lehentasun berdineko eskaera guztiak estaltzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, laugarren oinarrian ezarri den aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

5. Dagokion laguntza eskatutako gastua baino txikiagoa bada, onuradunak sustapen plana egokitzen ahal du, eta gastua murriztu legokiokeen laguntzaren arabera.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntzaren eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak. Modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Ekintza-plan bat kalitate desberdinduko produktuentzat, aurrekontua edukiko duena, edo sustapen ekintzetako gastuen proformako fakturak.

b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, XXX(e)k/ XXXX ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan (deialdi honen tramitazio prozeduraren barruan: laguntza bereziak kalitate desbedinduko produktuak sustatzeko ekintzak egiteko. Laguntzen onuradunak kalitate figura bereiziak kudeatzen dituzten entitateak dira, 2020an jarduera murriztapenek ukitu dituztenak, COVID-19aren ondorioz) nik edo ordezkatzen dudan entitateak egunean ditudala/dituela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak.”

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

c) Eskatzaileak idatziz edo euskarri elektronikoan egindako adierazpen bat, helburu bererako eskatutako bestelako dirulaguntza publikoei buruzkoa.

d) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

e) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, eskuragai dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

f) Hiru aurrekontu edo hiru proformako faktura aurkeztea, gastuen aurrekontua 12.000 euro baino handiagoa denean, egiaztatzeko, hiru eskaintza edukita, hornitzailea efizientzia eta ekonomiaren irizpideekin aukeratu dela, ez bada, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez dagoela merkatuan zerbitzu horiek ematen dituen entitate nahikorik.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, dagokion kalitate desberdinduko figuraren baldintza-agiria betetzen duten operadoreen zerrendarekin, eta bigarren oinarriko 2. zenbakian aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten adierazita.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar ekitaldi fiskaletan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Hamargarren oinarria.–Gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

2. Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

3. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.

4. Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek honako informazio honen berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioa.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

5. Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

6. Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

7. Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

8. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

9. Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Ordainketa eskaera 2020ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da, dokumentazio honekin batera:

a) Egindako sustapen jarduerak azaltzeko memoria.

b) Jardueren fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak.

d) Itxitako azken ekitaldiari dagozkion urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta erabakiko du ea aurkezturiko gastuak hautagarriak diren, frogagiriak baliozkoak diren eta gainerako dokumentazioa aski den. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

3. Nolanahi ere, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

4. Laguntza ordainketa bakar batean ordainduko zaio kudeaketa entitateari, onuradunak egindako egiazko kostuen itzulketa gisa. Hori baino lehen, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoia izandako xedeak bete dituela, baita gardentasun betebeharra ere.

Hamabigarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek honako hauekin metatzen ahal izanen dira: Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.

2. Ebazpen honetan araututako laguntzak ez dira metatuko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 81. artikuluko 2. apartatuan eta 82. artikuluan jasotako ordainketekin, diruz lagungarriak izan daitezkeen kostu berei dagozkienak, baldin eta metaketa horrek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

3. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

Hamalaugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamabosgarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honen laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB), Estatuko laguntzei dagokienean, argitaratuko du Europako Batzordearen 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren 2. apartatuan jasotako informazioa, laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean. Informazio hori gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri, laguntza ematen den egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2011753