242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko uztailaren 10ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa, baita ondorengo tramitazioa ere.

Ordenantzaren aldaketaren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 31n, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sor ditzan.

Zizur Nagusian, 2020ko irailaren 28an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

TERRAZAK ETA BELADOREAK EREMU PUBLIKOAN PARATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Aldaketa honek eragiten die Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantzaren 11., 18. eta 20. artikuluei.

Artikulu bakarra.

11., 18. eta 20. artikuluetan ondoko hauek gehitzen dira:

11. artikulua. 3. apartatua berridazten da:

“11. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

3.–Oro har, eta berariaz bestelakorik adierazi ezean, ez da terrazarik paratzen ahalko 3 metrotik beheitiko zabalera duen espaloian edo oinezkoen eremuan.”

18. artikulua. Beste idazketa bat ematen zaio:

“18. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten. Kontzesiodunak argi eta zehatz markatuko du lurzoruan okupatuko duen eremua, hura erabiltzen hasi baino lehen.

Markak eskuairan eginen dira, terrazaren perimetroaren izkinak markatuz. Eremu baimendua izanen da horrela mugatzen dena; haren barnean paratuko dira bezeroek erabiltzeko mahai-aulkiak, eta ez da hortik kanpora inola ere pasatzen ahalko instalazioko inolako elementurekin.

Zoruaren erabilera esleitua duena arduratuko da terraza beladoreduna garbitzeaz, baita erabiltzaileek eta kontzesiodunak berak inguruan utzitako hondarrez ere. Bai terrazak bai mugako eremuak garbi egon beharko dute.

Espazioa okupatzeagatik ezin da lokalerako sarbidea nahiz ondoko lokaletarakoa edo atarietarakoa oztopatu, ezta espaloian barnako joan-etorria trabatu ere.

Terrazek ezin dute inoiz eremu publikoa edo ibilgailuek aparkatzeko eremuak okupatu, baimen puntuala berariaz emanda izan ezik.”

20. artikulua. 1. apartatua berridazten da:

“20. artikulua. Ordutegia.

1. Zein den ere jarduera nagusirako baimendu den ordutegia, terraza beladoredunak ordutegi honen barrenean baizik ez dira erabiliko:

–Beladoreak eta mahaiak eremu publikoan paratzeko ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 8:00etan, garbitze lanak oztopatu gabe.
  • Larunbat, igande eta jaiegunak: 9:00etan.

–Beladoreak eta mahaiak eremu publikotik kentzeko ordutegia:

  • Udako ordutegi berezia (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila):
  • Igandetik ostegunera: 24:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00a arte.
  • Ordutegia, urtearen gainerakoan:
  • Igandetik asteazkenera: 23:00ak arte.
  • Ostegunetan: 24:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00a arte.”

XEDAPEN BAKARRA

Ordenantzaren aldaketa hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2011257