242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko uztailaren 10ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta gero izapidetzea aldaketa, Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan.

Ordenantzaren aldaketaren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 31n, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sor ditzan.

Zizur Nagusian, 2020ko irailaren 28an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ALDAKETA, COWORKING ZIZURLAN LAN KOLABORATIBORAKO ETA EKINTZAILETZARAKO ESPAZIOAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren honako hauei eragiten die aldaketa honek: zioen azalpenari, II. tituluko 4. eta 5. klausulei, III. tituluko 7. eta 12. klausulei, IV. tituluko 17., 21. eta 23. klausulei eta xedapen iragankorrari.

Artikulu bakarra.

Zioen azalpenean, II. tituluko 4. eta 5. klausuletan, III. tituluko 7. eta 12. klausuletan, IV. tituluko 17., 21. eta 23. klausuletan eta xedapen iragankorrean, ondoren zerrendatzen diren gehikuntzak eta aldaketak sartzen dira, honela:

–Zioen azalpena. Beste idazketa bat ematen zaio:

“Zizur Nagusiko Udala udalerriko ekonomia sustatzeko politikak ezartzen ari da, 2018-2021 Enplegu eta Toki Garapenerako Plan Estrategikoaren baitan, hala nola enpresa azpiegituren arloetan jarduketak eginez, berrikuntzan babesa emanez, ETEen eta mikroenpresen lehiakortasuna sustatuz, eta ekintzaile espiritua bultzatuz.

Enpleguari eta Toki Garapenari dagokionez egindako AMIA diagnostikoak ondorioztatu zuen udalerriak jarduera ekonomikoa ahula duela, eta, gainera, Udalak hasieran dirulaguntzak eman arren, merkatuan eta lanerako espazioetan sartzen hasteko, enpresek zailtasunak izaten dituztela lehen urteetan; hori dena kontuan hartuta, Zizur Nagusiko Udalak Zizurlan lan kolabotiborako eta ekintzailetzarako espazioa sortu du.

Espazio hori jada finkatutako konponbide bat da, coworking baten filosofiari jarraikiz sortu dena: egonkortasun inguru bat ematea du helburu, eta babes berezia eskaintzen die sortu berri diren enpresei edo enpresa ideia berritzaileei, gerora beren kabuz garatzeko aukera izan dezaten. Enpresak sortzeko babes zentrotzat eta laguntzailetzat hartzen den bitarteko horrek honako helburu hau du, hain zuzen ere: euskarria izatea udalerriaren garapen ekonomikoa sustatu eta enplegu egonkorra sortzeko enpresa proiektuak martxan jartzen eta finkatzen hasten diren ekintzaile eta enpresaburuendako, kontuan hartuta ibilbide horri ekin nahi dioten emakumeen eta gizonen artean egon daitekeen abiapuntuko egoera desberdina.

Ekintzailetza erakarri nahi da, tokiko baliabideak berritu eta balioetsi, eta emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasunean profesionalak jartzen lagundu, sexuen arteko okupazio bereizketa hautsiz, udalerrian ETEak eta mikroenpresak modernizatzea eta sortzea sustatzeko, lehentasunez, lehentasunez honako eremu hauen inguruan:

1. Aholkularitzarekin, ingeniaritzarekin, alderdi legalekin, auditoretzarekin eta prestakuntzarekin zerikusia duten zerbitzu profesionalak.

2. Herritar taldeendako arretarekin (adingabeak, gazteak, adinekoak, mendekotasun egoeran daudenak, etab.) loturiko zerbitzuak, eta garraioarekin loturiko beste zerbitzu mota batzuk ere.

3. Aisia osasungarri eta irisgarria garatzeko proiektu eta ekimenak, udalerriaren inguru naturalaz eta pribilegiatuaz baliatuz.

4. Kultura eta aisialdi zerbitzuak, bai eta komunikazio, diseinu eta IKT teknologia berrien zerbitzuak ere.”

–Laugarren klausula. Beste idazketa bat ematen zaio:

“Laugarrena.–Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren antolaketa.

Udalak kudeatuko du Zizurlanen antolaketa egitura, lan kolaboratiborako eta ekintzailetzareko espazioaren funtzionamendu egokia bermatzeko, Enplegu eta Toki Garapen Zerbitzuaren bitartez, udal barneko beste agente batzuen edo kanpoko aditu profesionalen babesarekin, bete beharreko funtzioen arabera (proiektuak hautatzea, ekintzaileek espazioa erabiltzen jarraitzeko luzapena ematea ala ez erabakitzea, prestakuntza jarduerak, horiei buruzko aholkularitza eta babesa...), eta Enplegu eta Toki Garapen Zerbitzuari aldian-aldian jakinarazi beharko zaio.

Hauek dira Enplegu eta Toki Garapen Zerbitzuaren funtzioak:

  • Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren kudeaketa arrunta, funtzionamendurako jarraibide hauei eta Zizurlanen barne araubideari jarraikiz.
  • Languneak eta altzariak esleitzea.
  • Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioan postuak esleitzeko eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, eta espazioen esleipenaren proposamena egitea organo eskudunari, kontuan hartuta emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa, eta sexuen artean egon daitezkeen desberdintasunak murrizteko ekintza positiboko neurriak hartu behar diren ala ez.
  • Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren urteko memoria eta hurrengo urterako jarduketen urteko plana idaztea, hala egokituko balitz, eta haien onespena proposatzea, kontuan hartuta genero ikuspegia eta datuak sexuaren arabera bereizita, emakumeek eta gizonek espazio hori berdintasunez erabiltzen duten aztertu ahal izateko.
  • Ekintzaileei laguntza eta babesa ematea, lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioa erabiltzen duten aldi osoan, edo funtzio horiek gainbegiratzea, beste erakunde, enpresa edo instituzio batekin sinatutako akordio baten bitartez eskuordetuko balira.
  • Prestakuntza jarduerak edo ekintzak egiteko proposamenak, baita lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioko ekintzaileen garapen profesionalera bideratutako zerbitzuen programak egitekoak ere. Ekintza horien edukiek berdintasunaren arloko prestakuntza jasoko dute, ekintzailetza eta enpresa jardueran genero ikuspegia sartu ahal izateko.
  • Zizurlanen, espazioak adjudikatuak dituzten pertsonei ezarritako betebeharren ez-betetzeak aztertzea eta ikertzea, eta, behar izatekotan, udal organo eskudunari helaraztea.
  • Ordenantza honek esleitzen dizkion gainerako eginkizun guztiak.

Eskaeren onarpen eta balorazio prozesua eginen da aldizkako balorazioak egiteko sei hilabeteko deialdien bitartez, eta behar bezala jakinaraziko dira. Dena den, denbora guztian eskaerak jasotzeko epea irekita mantenduko da.”

–Bosgarren klausula. 5. apartatua gehitzen da:

Bosgarrena.–Onuradunak.

Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioa, lehentasunez, honako hauendako izanen da:

1. Zizur Nagusian erroldatutako pertsonak.

2. Helbide fiskala Zizur Nagusian edo Iruñerriko beste udalerri batean duten autonomoak, profesionalak eta mikroenpresak eta ETEak.

3. Iruñerriko beste udalerri batean erroldatutako pertsonak (bi pertsona edo gehiagoko proiektuen kasuan, nahikoa izanen da pertsona eskatzailea egotea erroldatuta Zizur Nagusian edo Iruñerrian).

4. Iruñerritik kanpoko ekintzaileak edo autonomoak, profesionalak eta mikroenpresak.

5. Salbuespenezko kasuetan, eta lekua baldin badago, beste enpresa batendako soldatapean telelan modalitatean lan egiten duten pertsonak, langile autonomoak izan beharrik gabe.”

–Zazpigarren klausula. Beste idazketa bat ematen zaio:

“Zazpigarrena.–Ordutegia.

Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioa martxan egonen da urteko hamabi hilabeteetan, lanegunetan, astelehenetik larunbatera, estatu mailako, foru komunitateko eta tokiko jaiegunak errespetatuta.

Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren ordutegia, oro har, astelehenetik larunbatera, 8:00etatik 21:00etara izanen da. Ezin izanen da espazioetara sartu ordutegi horretatik kanpo, salbu eta Zizur Nagusiko Udalak horretarako baimena ematen badu.

Zerbitzuak eta denen erabilerarako eremuak erabiltzeko, oro har, irekiera ordutegi orokorra errespetatuko da; hau da, 08:00etatik 21:00etara.

Ezarritako ordutegiak alda daitezke, baina erabiltzaileei jakinarazi beharko zaie, bereziki, uztailean eta abuztuan zehar, eta jaiegunetan.

Erabiltzaileek kontratatutako aukeran, lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioa erabil dezakete, baina ezin izanen dute gaua igaro espazioan.

Espazioaren erabilera pertsonala eta besterenezina da. Eraikinera nahiz aretoetara egindako sartu-irtenak erregistratuta geldituko dira, txartel automatikoaren bitartez edo administrazio erregistroaren bidez, eta kontratatutako espazioaren erabileraren jarraipena eginen da aldian-aldian. Zizur Nagusiko Udalak giltza bat entregatuko dio erabiltzaile bakoitzari, eta ezin izanen zaie beste pertsona batzuei eman, Udalaren berariazko baimenik gabe.

Enpresa eta proiektu ekintzaile bakoitzeko, gehienez ere, bi lanerako postu eska daitezke, eta salbuespenez baloratuko da lau espaziora arte hartzeko aukera. Postu horiek erabiltzea eskatzen duten pertsonak identifikatu egin behar dira NANarekin; hain zuzen ere, horietako bat izanen da eskatzailea.

Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren izaerari eta helburuei eusteko, funtsezkoa da erabiltzaileak espazioan bertan egotea. Horregatik, bertan egoteko eta erabiltzeko gutxieneko bat exijitzen ahalko da.”

–Hamabigarrena. Beste idazketa bat ematen zaio:

“Hamabigarrena.–Denendako eremuen erabilera.

Eraikinak denen erabilerarako dituen eremuak izanen dira aurreikusitako erabileretarako soilik, eta inongo kasutan ezin izanen dira bere egitura propioarenak ez diren materialak eta elementuak ezarri haien gainean. Hori gertatzen bada, denen erabilerarako eremuetako material edo elementu oro kentzen ahalko du Zizur Nagusiko Udalak, aipatutako materialaren edo elementuaren jabeari jakinarazita.

Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren instalazioen erabiltzaileek denendako eremuak libreki baliatzen ahalko dituzte, erabileraren arabera, baldin eta espazio bakoitzaren erabilera arau berariazkoak errespetatzen baditu, halakorik badago, eta horrekin ez badira eragozten gainerako erabiltzaileen eskubide berak eta espazio bakoitzaren funtzionamendu egokia.

Denendako eremuak erabiltzeko arau orokorretan jasotzen diren baldintzak ez badira betetzen, ezin izanen dira espazio horiek erabili. Dena den, Toki Garapenaren figurak egoera bakoitza aztertuko du banaka-banaka, eta beste konponbide batzuk artikulatzen ahalko dira espazioa erabiltzeko.

Erabilera partekatuko espazioei dagokienez, bizikidetza egoki bat bermatzeko, honako baldintza hauek errespetatu behar dira, erabili ahal izateko:

  • Aretoen erabilera: beheko solairuko bilkura aretoak banakako erabilerarako espazio bat eskaintzen die erabiltzaileei, pribatutasuna berma dadin barne bileretan, bezeroen aurkezpenetan eta instalaziora egokitzen den beste edozein egoeratan.
  • Bilkura aretoaren erreserbek, oro har, gehienez, 2 orduko iraupena izanen dute, enpresa eta ekintzaile guztiek hura erabiltzeko aukera izatea bermatu nahi baita.
  • Coworking Zizurlaneko erabiltzaileek, aurreko puntukoaz gain, lehen solairuko 44 m-ko aretoa erabiltzeko eskubidea ere izanen dute, hilean 12 ordura arte, prezio publiko beraren barnean. Aukera izanen da, halaber, 14 ordura arte luzatzeko, erabiltzaile guztien eskaerak uzten badu. Aipatu erabilera baino handiagoa egiten bada, areto horrendako ezarritako prezio publikoa ordainduko da, Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako coworking espazioa erabiltzeko zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen arauari jarraikiz.
  • 44 m-ko gela gehienez 16 lagunek erabil dezakete, honako jarduera hauek egiteko:
  • Bilerak.
  • Aurkezpenak.
  • Prestakuntza.
  • Gainerako espazioen erabilerak prezio publiko bereizia izanen du.
  • Toki Garapen Zerbitzuari eginen zaizkio espazio partekatuen erreserbak, horretarako ezarritako sistemari jarraikiz, eta koadrantea eguneratuta mantenduko da, ekintzaile guztiek jakin dezaten espazioa erabiltzeko libre dagoen ala ez, edozein momentutan.
  • Erabiltzaileek konpromisoa hartu beharko dute gizabiderako eta bizikidetzarako oinarrizko arauak errespetatzeko, espazioa modu partekatuan behar bezala erabil dadin, eta instalazioa bilkuraren hasieran zegoen bezala utzi beharko da.
  • Aretoa erabiltzen ari den unean, kanpoko atean jakinarazi beharko da dagokion bezala. Eta, modu berean, erreserba bukatzean, jakinarazpena kendu beharko da. Seinale horiek behar bezala erabiltzeak eragozpenak eta beharrik gabeko etenak saihestuko ditu.
  • Ezinbestekoa da egindako areto-erreserbak betetzea edo, bestela, erabiliko ez direnak bertan behera uztea.

Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioa erabiltzen duten enpresei eta ekintzaileei bilkura aretoen erabilerarako eskubidea kentzen ahal die Zizur Nagusiko Udalak, ez baldin badute behar bezala erabiltzen.”

–Hamazazpigarrena. 2. apartatua aldatzen da:

“Hamazazpigarrena.–Espazio/postuen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

2. Ekintzaileen eta enpresaburuen betebeharrak.

a) Espazioaren instalazioak eta altzariak baldintza egokietan erabiltzea eta mantentzea.

b) Adjudikazio akordioak zehaztutako betebehar ekonomikoak betetzea (bi kuotaren baliokidea den hasierako berme ekonomikoa, eta hileko prezio publikoa).

c) Espazioan egiten den enpresa jarduerako kargak eta zergak beren gain hartzea.

d) Zizur Nagusiko Udalak eskatzen duen informazio guztia ematea, Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioko enpresen errealitatearen irudi fidel bat izan dezan. Dena den, Udalari entregatu beharko zaizkio, sei hilean behin, langile autonomoen erregimen bereziari egindako ordainketen agiriak.

e) Bulegoaren erabilerarako baimena etetean, udal titulartasuneko elementuak itzultzea, kausa edozein delarik ere, hasieran jaso zuen baldintza beretan, erabilera arrunt eta arduratsuak eragindako kalteak salbu.

f) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatua izatea, 50.000,00 euroko gutxieneko estaldurarekin, hirugarrenei eragindako kalteak ordaintzeko, erantzukizun zibil profesionaleko estaldurarekin. Halaber, espazioetan utzitako ondasun pertsonalek eta informatika ekipoek jasandako kalteak ere bildu beharko ditu, horietako bakoitzak duen balioarengatik, lapurretarengatiko, sutearengatiko eta urak eragindako kalteengatiko estaldurarekin. Aseguruaren ordainagiria urtero aurkeztu beharko da.

g) Ekintzaileen kasuan, etxeko aseguru-poliza bat aurkeztu beharko dute Coworkingean alta emateko unean jarduera profesionalik egiten ari ez badira.

h) Gehieneko denbora bete aurretik espazioa uzteko asmoa badute, Zizur Nagusiko Udalari idatziz jakinaraztea, gutxienez ere hilabete lehenago. Ez bada jakinarazpen epea errespetatzen, hilean dagokion betebehar ekonomikoa ordaindu beharko du, nahiz eta lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren instalazioetako benetako egonaldia bukatu.

i) Zizur Nagusiko Udalak antolatzen dituen programa eta jardueren garapenean kolaboratzea, Coworking Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioarekin zuzenki lotuta badaude, eta hala eskatzen bada.

j) Espazioaren mantentze-lanei dagokienez, erabiltzaileek egoera onean kontserbatuta mantendu beharko dituzte instalazioak, ekipamendua eta altzariak, eta horiek gaizki erabiltzearen ondorioz gertatzen diren kalteak beren gain geldituko dira.

k) Garbiketari dagokionez, erabiltzaile bakoitza arduratuko da bere lanerako postua garbi mantentzeaz, eta mahaia libre utziko du, paperik edo bestelako objekturik gabe, lanaldia bukatzean. Debekatuta dago lanerako postuan jatea, eta atsedenaldiko edo kafea nahiz tea hartzeko gunea erabiliko da horretarako. Eremu hori txukun jasota utzi beharko da.

Lokalaren erabilera esklusiborako eskubidea galtzeko aukera egonen da, ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada.”

–Hogeita bigarren klausula.–1. apartatuari idazketa berria ematen zaio:

“Hogeita bigarrena.–Espazioaren erabileraren eta zerbitzuaren iraupena.

Lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren erabilera aldi baterakoa izanen da eta aldatu eginen da eskatzaile motaren arabera:

1. Garatzeko negozio ideia bat duten ekintzaileak*:

Bideragarritasun plana egiten ari diren bitartean edota enpresa martxan jartzen ari diren bitartean erabiltzen ahalko dute espazioa. Gehienez urtebetez erabiltzen ahalko dute, eta ezin izanen da luzatu. Enpresa eratzen den unean, hurrengo puntuan adierazten diren baldintzak aplikatuko dira eta, gainerako eskaeren aurrean, espazioa erabiltzen jarraitzeko lehentasuna izanen dute.

Salbuespen gisa, eta Coworkingean lekua badago eta proiektu berrien itxarote-zerrendarik ez badago, ekintzaileek egonaldia beste urtebetez luza dezakete, beren proiektua sendotzeko.

[*] Ekintzailetzat hartuko da negozio/proiektu ideia bat garatzen ari dena, Coworkingean alta emanda dagoen unean, eta jarduera horrengatik diru-sarrerak lortzen dituena.”

–Hogeita hirugarren klausula.–Klausula guztia sartzen da:

“Hogeita hirugarrena.–Aretoak kanpoko langileek erabiltzea/espazioen lagapena eta alokairua.

Coworking Zizurlanek funtzio anitzeko espazioak ditu, horiek eska ditzaketen pertsona eta erakundeen beharrei aurre egin ahal izateko.

1. Beheko solairua, sarbidea. Biletarako/aurkezpenetarako aretoa.

  • Bileretarako aretoa: 10 metro karratu, mahai 1, 8 aulki.
  • Pantaila horman, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.
  • Ekipo informatikoak eta argi-puntuak konektatzeko elektrizitate-harguneak.
  • Internetera konektatzeko sare-hargunea.

2. Lehen solairua, biletarako/aurkezpenetarako gelako sarbidea, eskailerak igota:

  • 44 metro koadroko gela gardena, 4 mahai tolesgarri eta 24 aulkirekin.
  • Pantaila horman, ordenagailuak edo beste gailu batzuk konektatzeko aukerarekin.
  • Ekipo informatikoak eta argi-puntuak konektatzeko elektrizitate-harguneak.
  • Internetera konektatzeko sare-hargunea.
  • 11 metro koadroko bilera gela, mahai batekin eta 2 aulkirekin.

3. Bigarren solairua, aurkezpenetarako gelako sarbidea, eskailerak igota:

  • 44 metro koadroko gela gardena, zenbait espazio, besaulki eta bi mahai dituena.”

–Hogeita laugarren klausula.–Klausula guztia sartzen da:

“Hogeita laugarrena.–Coworking Zizurlanen jarduerak egiteko espazioak lagatzeari buruzko araudia.

Coworking Zizurlaneko espazioak Nafarroako Foru Komunitateko irabazi-asmorik gabeko enpresa, entitate, erakunde, elkarte edo fundazioei lagako zaizkie, espazioa lagatzeko tasa publiko baten pean.

1. Eskaerak jasotzea:

i. Entitateak Coworking Zizurlanen lehen aldiz espazio bat eskatzen badu, ebazpen epea 5 egun baliodunekoa izanen da, Coworking Zizurlanen espazioak lagatzeko eskabide inprimakia aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

ii. Entitateak Coworking Zizurlanen espazio bat eskatu ohi badu, ebazpen epea 3 egun baliodunekoa izanen da, Coworking Zizurlanen espazioak lagatzeko eskabide inprimakia aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

2. Eskaerak jasotzeko epea:

Coworking Zizurlanen espazioak lagatzeko eskabide inprimakia izapidetuko da espazioa lagatzeko eskatzen den data baino gutxienez 5 egun lehenago, eskaera aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

3. Dokumentazioa eta giltzak:

Erakundeak behar bezala bete beharko du Coworking Zizurlanen espazioak lagatzeko eskabide inprimakia. Inprimaki horretan zehaztuko dira data, ordutegia, eskatutako espazioa, jardueraren deskribapen laburra eta jarduera gauzatzeko behar diren behar teknikoak.

Gainera, bere NANaren fotokopia ere aurkeztu beharko du.

Eskaera onartu ondoren, giltzak entregatuko dira eskatutako denborarako. Horretarako, 50 euroko fidantza jarri beharko da, eta jarduera bukatzean itzuliko da, aretoaren erabilera aldez aurretik kontratatutakoa izan dela egiaztatu ondoren.

4. Lagatzeko baldintzak: entitate eskatzaileak araudia betetzen dela zainduko du, eta araudi horren berri izanen du Coworking Zizurlanen espazioak lagatzeko eskabide inprimakia betetzen duenean.

5. Jardueraren hedapenean (liburuxkak eta kartelak, baldin badaude) Coworking Zizurlanen logotipoa jasoko da, ekitaldiaren laguntzaile gisa.

6. Lagatako espazioetan, ezin dira Coworking Zizurlani aipua egiten dioten logotipoak edo panelak aldatu, ordezkatu edo baliogabetu. Lagapen irizpideak Coworking Zizurlanen ohiko erabileraren eta espazioen eskuragarritasunaren mende daude.

–Xedapen iragankorra. Oso-osorik sartu da:

XEDAPEN IRAGANKORRA

Jarraian adierazten diren salbuespenezko kasuei dagokienez, tasa publikoaren %100eko hobaria eman dakieke Zizurlan lan kolaboratiborako eta ekintzailetzarako espazioaren erabiltzaileei.

Iragarkiaren kodea: L2011204