242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

81/2020 FORU AGINDUA, urriaren 6koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 31n emandako 75/2020 Foru Aginduaren eranskina aldatzen duena. Foru agindu horren bidez onetsi zen hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 31n emandako 75/2020 Foru Aginduaren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi zen 2020-2021 ikasturterako (200. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 4koa).

Aipatu foru aginduko 5. puntuak ezartzen duenez, “Protokoloa ikasturtean zehar eguneratuz joanen da, unean uneko osasun egoerak eskatzen duenean edo haren aplikazioa hezkuntza sistemaren beharretara egokitu beharra dagoenean. Eguneratze horiek foru aginduaren bidez onetsiko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, baita Hezkuntza Departamentuaren webgunean ere (www.educacion.navarra.es), eta ikastetxeei bidaliko zaizkie.”

Irailean, behin 2020-2021 ikasturtea hasita, Protokoloan jasotako zenbait konturen idazketa aldatu edo argitzeko beharra dagoela atzeman da, ikastetxeetan piztu diren zalantzak ahal den neurrian ekidite aldera.

Era berean, ikastetxeetan COVID-19aren kasuak kudeatzeko prozedurari dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezartzen duela prozedura hori, eta etengabe berrikusten dela, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak dakarren errealitate aldakorrarekin bat moldagarria izan dadin. Horregatik, egokiagoa jotzen da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako prozedura ez zehaztea Protokolo honetan, eta, aldiz, hura berehala eguneratu eta argitaratzea Hezkuntzako Departamentuaren web orrian, ikastetxeek eta familiek hobeki izan dezaten haren berri.

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da aldatzea hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa Protokoloa 2020-2021 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduaren eranskin gisa onetsia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduaren eranskin gisa onetsia; aldaketak honelakoak izanen dira:

–1. ataleko B.1.- 1. egoeraren barruan, “Lanbide Heziketa” izeneko 1.5 puntuan hauxe esaten da:

“Ikasle/ikasgela ratioa egokitu beharko da ikasle bakoitzak 2,25 m² izateko baldintza betetzeko, pertsona arteko 1,5 metroko tartea gordez. Era berean, ikasleen arteko gutxieneko segurtasun-tartea gorde beharko da tailer, laborategi eta beste espazio espezifikoetan, edo maskara erabili beharko da. Maskararen erabilera bateraezina balitz jarduera aurrera eramateko behar diren norbera babesteko ekipamenduen erabilerarekin, pertsona arteko gutxieneko segurtasun-tartea gordetzea ezinbestekoa izanen da.”

Honako hau behar du:

Ikasle/ikasgela ratioa egokitzeko ahalegina eginen da, ikasle bakoitzak 2,25 m² izateko baldintza betetzeko, pertsona arteko 1,5 metroko tartea gordez. Halaber, ahalegina egin behar da tailerretan, laborategietan eta bestelako espazio espezifikoetan ikasleen arteko gutxieneko segurtasun-tartea gordetzeko. Maskararen erabilera bateraezina balitz jarduera aurrera eramateko behar diren norbera babesteko ekipamenduen erabilerarekin, pertsona arteko gutxieneko segurtasun-tartea gordetzea ezinbestekoa izanen da. Beren autonomiaren barrenean, proposatzen ahalko dituzte pertsonen artean segurtasun-tartea gordetzeko oinarrizko printzipioa errespetatzen duten antolaketa-modu desberdinak.”

–1. ataleko B.2.- 2. egoeraren barruan “Haur eta Lehen Hezkuntza” izeneko 1.1 puntuan hauxe esaten da:

“Urritik ekainera bitarteko aldia: Hezkuntza Departamentuak onartutako ordutegia edozein dela ere, eskolaldiak, oro har, 45 minutuko sei saio eta 30 minutuko atsedenaldi bat edo 15 minutuko bi izanen ditu. Ez da hasiko 09:00ak baino lehen, eta 14:30ean edo lehenago bukatuko da. Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar da garraiatzen diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak jantokiko zerbitzua amaitu ondoren itzuliko direla.”

Honako hau behar du:

“Urritik ekainera bitarteko aldia: Hezkuntza Departamentuak onartutako ordutegia edozein dela ere, eskolaldiak, oro har, 45 minutuko sei saio eta 30 minutuko atsedenaldi bat edo 15 minutuko bi izanen ditu. Ez da hasiko 09:00ak baino lehen, eta 14:30ean edo lehenago bukatuko da. Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar dira jangela-zerbitzua erabiltzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle garraiatuak. Kasu oso berezietan, behar bezala justifikatutako zirkunstantziak daudenean, paragrafo honetan jasotako aurreikuspenen bat salbuetsi ahal izanen da, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak baimena emanda.”

–1. ataleko B.2.- 2. egoeraren barruan “DBHko eta Batxilergoko ikasleak” izeneko 1.2 puntuan hauxe esaten da:

“Urritik ekainera bitarteko aldia: oro har, DBHko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleen ordutegia ohikoa izanen da, 08:00etatik 15:00etara bitartekoa bada. Bestela, ordu-tarte horretara egokitu beharko da, gehienez ere 50 minutuko zazpi saio eta 40 minutuko atsedenaldia eginez; oro har, azken hori bitan banatu ohi da: atsedenaldi luzeena 30 minutukoa da gehienez eta laburrena, berriz, 10 minutukoa gutxienez.

Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar da garraiatzen diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak jantokiko zerbitzua amaitu ondoren itzuliko direla.”

Honako hau behar du:

“Urritik ekainera bitarteko aldia: oro har, DBHko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleen ordutegia ohikoa izanen da, 08:00etatik 15:00etara bitartekoa bada. Bestela, ordu-tarte horretara egokitu beharko da, gehienez ere 50 minutuko zazpi saio eta 40 minutuko atsedenaldia eginez; oro har, azken hori bitan banatu ohi da: atsedenaldi luzeena 30 minutukoa da gehienez eta laburrena, berriz, 10 minutukoa gutxienez. Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar dira jangela-zerbitzua erabiltzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle garraiatuak. Kasu oso berezietan, behar bezala justifikatutako zirkunstantziak daudenean, paragrafo honetan jasotako aurreikuspenen bat salbuetsi ahal izanen da, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak baimena emanda.”

2. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduaren eranskin gisa onetsi zen Protokoloan jasotako antolaketa eta segurtasun neurri hauek: “6.2 Ikasgelen kudeaketa”, “6.6 Garbiketa eta desinfekzioa” eta “6.12 COVID-19 kasuen kudeaketa ikastetxeetan”; foru agindu honen eranskinean jasotakoek ordeztuko dituzte neurriok.

3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Foru agindu honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau eta eranskina Hezkuntza Departamentuko eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusietara, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza, Lanbide Heziketaren eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusietara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta ikastetxeetara bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko urriaren 6an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

6.2. Ikasgelen kudeaketa.

–Oinarrizko irizpideak.

  • Pertsonen arteko tartea gordetzea.
  • Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.
  • Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.
  • Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.
  • Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

–Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak:

1.–Ahal dela, ikaspostuak paretetatik hurbil jarri behar dira. Altzarien banaketak ez du aukerarik eman behar ikasleak aurrez aurre jartzeko.

2.–Oro har, gutxieneko 1,5 metroko tartea gordeko da lehenengo lerroaren eta irakaslearen lan-eremuaren artean (arbela, pantaila, arbel elektronikoa, etab.). Mahaiak ikasgelako atetik urruntzen saiatuko da.

3.–Haur Hezkuntzako bizikidetza-talde egonkorretan izan ezik, ikasle bakoitzak, oro har, ikaspostu finko bat izanen du esleitua, bai ikasgela arruntean, bai banaketa geletan eta berariazko geletan.

Talde bakoitzeko tutoreak gainerako irakasleekin koordinatuko du ikasleen banaketa, bai erreferentziako gelan, bai gainerako geletan (banaketa gela eta berariazkoak). Kontaktu estuen bilaketa errazte aldera, ikasgeletan ikasleak identifikatzen dituzten banaketa-mapak emanen dizkiete tutoreek ukitutako irakasleei, zuzendaritza taldeari eta familiei.

4.–Erabiliko ez diren altzariak kendu edo, bestela, seinalatuko dira.

5.–Ikasgelako mugimendua mugatuko da, irakasleak ikasleengana hurbiltzea ere barnean dela.

6.–Seinalez markatuko da ikasgela barneko zirkulazioaren norabidea, ikasleak aurrez aurre topatzea saihesteko.

7.–Berariazko ikasgelak ahal den gutxien erabiliko dira, eraikinaren barneko mugimenduak ahal den gehien mugatzeko. Aukerako irakasgaiei dagokienez, banaketa gela bat erabili ondoren, garbitu eta desinfektatu beharko da, berriz erabili aurretik. Berdin jokatuko da berariazko gelen erabileran.

8.–Ikasgela aldian-aldian aireztatuko da. Aireztatze hori nahitaez egin beharko da ikasleak iritsi baino 10-15 minutu lehenago, jolasaldian eta eskola eguna amaitzean. Halaber, klase bakoitza amaitu ondoren aireztatuko da.

9.–Bizikidetza-talde egonkorren kasuan, ikasgela barneko zirkulazio librea errespetatuko da. Segurtasun-tartea gordetzea ere ez da nahitaezkoa izanen talde horietako kideen artean.

10.–Haur Hezkuntzan:

Haurrek ez dute etxeko jostailurik edo bestelako gauzarik eraman behar ikastetxera.

6.6. Garbiketa eta desinfekzioa.

–Oinarrizko irizpideak.

  • Pertsonen arteko tartea gordetzea.
  • Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.
  • Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.
  • Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.
  • Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

–Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak:

  • Ohiko garbiketa:
  • Garbiketak germen, zikinkeria eta zaborrak kentzen ditu, eta desinfekzioak, berriz, germenak hiltzen ditu gainazal eta gauza horietan. Horregatik, oso garrantzitsua da ongi garbitzea desinfektatu baino lehen.
  • Garbiketa-lanetan, arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuak eta gehien ukitzen diren gainazalak eta gauzak garbitzean, hala nola ateetako eskulekuak, mahaiak, aulkiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, jostailuak, elementu informatikoak eta antzeko ezaugarriak dituzten elementuak.
  • Ikastetxea gutxienez hamar egunez itxia egon bada, garbiketa eta desinfekzio berezia eginen da.
  • Bestela, materialak prestatzeko, familiei arreta emateko, gizarte zerbitzuetarako eta abarretarako erabili diren lokalak garbitu beharko dira, aurrerago zehazten den garbiketa sakonagoko protokoloaren arabera.
  • Garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak erabiltzeko irizpideak:
  • Garbitzeko eta desinfektatzeko sodio hipoklorito soluzioak erabiliko dira % 0,1eko kontzentrazioan, edo lixiba 1:50, etanol % 62-71ra edo hidrogeno peroxidoa % 0,5era. Eragin biruzida duten bestelako produktu biozidak ere erabiltzen ahal dira, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak baditu. Betiere, etiketan ageri diren argibideei jarraikiz erabiliko dira.

Osasun Ministerioak baimendutako biruziden zerrenda:

https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/documentos/Listado_virucidas.pdf

Estandar hori bera betetzen duten paper-zapi desinfektatzaileak erabiltzen ahal dira.

Eskuz ukitzen diren puntuak desinfektatzea, ekoizlearen jarraibideei jarraikiz (kontzentrazioa, aplikatzeko metodoa, kontaktu-denbora, etab.).

Gogoratu ez direla nahasi behar garbitzeko produktuak, sor daitezkeen lurrunak kaltegarriak izan baitaitezke arnas-mukosentzat, begientzat eta azalarentzat.

Sistematikoki urez garbitu lixibaren soluzioa aplikatu ondoren.

Gainazalen garbiketa eta desinfekzioa bi produktu desberdinekin egiten bada (detergentea eta desinfektatzailea) ondorengo pausu hauek eman behar dira:

a) Garbitu detergentez bustitako zapi batekin.

b) Urez bustitako beste zapi batekin garbitu.

c) Lehortu gainazala.

d) Desinfektatzailez bustitako beste zapi batekin desinfektatu.

Ezin dira zapi berak erabili gainazal desberdinak garbitzeko.

Berrerabilgarriak diren zapiak, mopak eta abar 60º C-ra garbitu beharko dira erabili ondoren.

Botatzekoak diren zapiak zabor poltsa batean sartu, poltsa itxi eta errefusaren ontzian bota behar dira.

Zipriztingailuak eta espraiak erabiltzea saihestu behar da, produktu desinfektatzaileak arnasteak arnasbideetan narritadura eragin dezakeelako.

Ez da erabili behar xurgagailurik.

Ez da egin behar desinfektatzeko lanik ikastetxeko ikasleak edo langileak bertan daudelarik. Garbitasunaren eta espazioen erabileraren artean utzi beharreko denbora-tarteak errespetatu behar dira.

Garbitasun produktuak ez dira utzi behar ikasleen eskura.

Maiztasuna.

Ikastetxeetan, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa gutxienez egunean behin eginen dira, eta gehiagotan eginen dira, behar izanez gero, erabilera handiko espazioetan. Arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuak eta gehien ukitzen diren gainazalak garbitzean, besteak beste, ateetako eskulekuak, mahaiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, telefonoak, esekigailuak, fotokopiagailuak, ordenagailuak eta antzeko ezaugarriak dituzten elementuak.

Ikasleek erabilitako material pedagogikoak garbitzeko, erabilera bakarreko paper-zapi desinfektatzaileak erabiltzen ahalko dira.

Eguneroko tratamenduaz gain, ikastalde batek baino gehiagok erabiltzen dituzten berariazko geletan, sakoneko garbiketa egin behar da, ikasleek erabiltzen dituzten mahai, aulki, ekipo eta materialetan. Horretarako, material egokia jarriko da erabiltzaileen eskura, garbiketa beraiek egin dezaten.

Halaber, lanpostuen garbiketa eta desinfekzioa eginen da txanda-aldaketa bakoitzean, arreta berezia jarriz altzarietan eta erabil daitezkeen gainerako materialetan, batez ere langile batek baino gehiagok erabiltzen dituzten gauzetan.

Garbiketa-neurriak aplikatuko dira, orobat, langileen gune pribatuetan, hala nola aldageletan, armairuetan, komunetan, sukaldeetan eta atsedenguneetan.

Ikasle eta irakasleen lankidetza garbitzeko lanetan.

Ikasmahai bat erabili behar duen ikasleak aulkia eta mahaiaren gainazala (eta partekatuko den beste edozein altzari edo ekipo) garbituko du erabili aurretik, osasun agintariek zehazten duten moduan. Horretarako, behar beste material egonen dira egunero gainazal guztiak garbitzeko. Material horiek guztiak ikasgelan gordeko dira, ikasleen eskura ez dagoen leku batean, helduak beharrezkoa jotzen duenean erabili ahal izateko. Ikasleek behar adina denbora izanen dute, beren postua hartu aurretik, ukituko dituzten gainazal guztiak garbitzeko. Egun bakoitzaren amaieran, garbitasunaz arduratzen diren langileek berrituko dituzte hurrengo egunerako beharrezkoak diren materialak.

Irakasleen ardura izanen da ikasgelan ukituko dituzten erabilera partekatuko materialen garbiketa (mahaia, aulkia, ordenagailua eta osagarriak, urruneko agintea, giltzak...), eta lan hori egin ez dezaketen ikasleei dagokien garbiketa ere bai (edo bestela, beste ikasleren bati emanen diote lan hori).

Aurrekoez gain, espazio bakoitzaren sarreran (ikasgelak, laborategiak, bulegoak, komunak, etab.), ikastetxeko ikasleek eta langileek ontzi bat gel hidroalkoholiko izanen dute eskura, hara sartzean eskuak garbitzeko.

Ikasleek saiatu behar dute elementu komunak (ate-leihoetako eskulekuak, eskudelak, etab.) ahalik eta gutxien ukitzen. Horretarako, ateak irakasleak ireki behar ditu, ikasgelara sartzeko eta ateratzeko. Ikasleek ez dute leihorik ez ireki, ez itxi behar ere.

Kontrola.

Kontrolatu behar da instalazioen eguneroko garbiketa plana badagoela.

Zaindu behar da berariazko gelak (tailerrak, musika, laborategiak, teknologia, etab.) garbitzen direla erabili aurretik eta ondoren, talde bat baino gehiago igarotzen bada egunero, eta erabilera partekatuko materialak badaude.

Inplikatuta dauden langileei gogorarazi behar zaie garrantzitsua dela egoki erabiltzea garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak.

6.12. COVID-19 kasuen kudeaketa ikastetxeetan.

Gogoeta orokorrak:

–Uneoro segurtasun-tarteak gorde behar dira eta, ezinezkoa bada, Hezkuntza Departamentuak emandako norbera babesteko ekipamenduak erabili behar dira, osasun agintaritzaren irizpideei jarraikiz.

–Tenperatura hartuko zaie bakarrik berariazko gela horretara bideratu diren pertsonei. Ezin da inoiz orokortu tenperatura hartzea COVID-19a prebenitzeko neurri gisa.

–Ikusten bada sintomekin hasi den pertsona egoera larrian dagoela, edo arnas egiteko zailtasuna duela, 112ra deitu behar da.

–Gogoratu behar da pertsona bakoitzari dagokion osasun zentroa bizitokiaren araberakoa dela, eta beharbada, ez dela ikastetxeari dagokion zentro bera.

–Beharrezkoa da hesi-keinu guztiak errespetatzea.

–Pertsona hori ezin izanen da ikastetxera itzuli kasuan kasuko sendagileak alta medikoa eman arte.

Jarraibide orokorrak.

Ikasle batek eskolara joan behar du osasun egoera onean badago.

Ikasle batek ez du eskolara joan behar osasun-agintaritzak zehaztutako egoeretan.

Kasuen kudeaketa.

Ikastetxean, eta gaur egungo testuinguruan, kasuen detekzio goiztiarra eta haien bakartzea, bai eta kontaktu estuena ere, segurtasun-inguruneari eusteko eta hezkuntza- eta pedagogia-helburuak lortzeko neurririk garrantzitsuenetakoa da.

COVID-19 kasuak osasun agintariek ezartzen duten prozeduraren arabera kudeatuko dira ikastetxeetan. Prozedura hori www.educacion.navarra.es web orrian argitaratuko da.

Ikastetxeko irakasleen eta irakasle ez diren langileen kasuak kudeatzea.

Sintomak ikastetxean sumatzen dituzten langileek espazio bereizi batera erretiratu behar dute, eta harremanetan jarri Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin (helbide elektronikoa: prevencion.educacion@navarra.es; telefono zk.: 848 42 37 69/28) edo Nafarroako Foru Komunitatearen erreferentziako telefonoarekin (948 290 290), eta haien jarraibideak beteko dituzte.

Iragarkiaren kodea: F2011561